Albiste eta informazio interesgarriak 2021eko uztailak 24


Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduaren berri hauek

1.- Pentsiodunen mugimenduak Pedro Sanchezekin trukatutako gutunak 

Ekainaren 28an, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen plataformekin batera idatzitako gutun batean, aurrez aurreko bilera edo elkarrizketa bat eskatu zitzaion Pedro Sanchez Gobernuko presidenteari, Pentsioen Sistema Publikoan iragarritako erreformek sortzen diguten kezkaren harira.

Uztailaren 5eko data duen gutun batean, baina pentsiodunen mugimenduari 8 egun geroago bidalita, Iván Redondok, data horretan oraindik Sanchez presidentearen kabineteburua zenak, presidentearen izenean honako erantzuna bidali zigun:

Lehenik eta behin, sentitzen dut jakinaraztea presidenteak, agenda arrazoiak direla eta, ezin izango zaituztela hartu, eskatzen duzuen bezala. Nolanahi ere, zure aldarrikapenak Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioari bidali dizkiot, arlo horretako eskumena duen administrazioa baita”.

Era berean, jakinarazi nahi dizuet Gobernuak pentsioak erreformatzeko akordio garrantzitsu bat lortu duela gizarte-eragileekin Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, gure pentsiodun guztien mesedetan, pentsioen erosahalmena eta sistemaren finantza-iraunkortasuna bermatzea helburutzat duena”.

Euskal Herriko eta Estatuko gaineratiko pentsiodunen mugimenduek Pedro Sanchezi emandako erantzuna

“Berandu eta etsipenez jaso dugu uztailaren 13an zure kabineteburuak datatu eta sinatutako idazkia, eta honen bidez erantzun egingo diogu.

Lehenik eta behin, eskerrik asko zuen erantzunagatik. Esan behar dizugu ezagutzen ditugula zure gobernuak eta gizarte-eragile batzuek sinaturiko azken akordioak. Estatuko pentsiodunek hiru urte baino gehiago daramatzagu kaleetan, gobernu ezberdinen lan-erreformekin (2010 eta 2012) eta pentsio-erreformekin (2011 eta 2013) dugun desadostasuna adieraziz.

Bereziki salatzen ari gara erabat gaitzesten ditugula Toledoko Itunaren gomendioak, sinatutako Akordioa eta Gizarte Segurantzako Ministerioak datorren legegintza-ikasturterako iragarri dituen neurriak. Hain zuzen, neurri horien aurka borrokatuko dugu, zalantza barik, eskura ditugun baliabide guztiekin.

Ez dugu uste zurekin biltzeko eskaerari emandako ezezkoa merezi dugunik, hori justifikatzeko erabilitako argudioak eutsiezinak baitira. Zurekin biltzeko egin genuen eskaera berresten dizugu eta zuri eta zure gobernuari elkarrizketa zuzena eskatzen dizuegu, pentsiodunak eta adinekoak garen aldetik eragiten dizkiguten arazoei ekiteko eta gure aldarrikapenei erantzun eraginkorra emateko. Elkarrizketa Sozialerako Mahaian pentsioak erreformatzeko akordioa sinatu duten gizarte-eragileek, Patronalek eta Sindikatuek, ez gaituzte ordezkatzen.

Pentsiodunok, duela hiru urte baino gehiagotik Pentsioen Sistema Publikoaren alde etengabe manifestatzen ari garenok, ez dugu inoren bitartekaritzarik behar. Herri eta hirietako kale eta plazak okupatzen jarraituko dugu, gure eskaerei erantzun arte.

Berresten dizugu elkarrizketarako borondateari eusten diogula, eta espero dugu zuk bat etortzea borondate horrekin”. Erantzun-gutun hau uztailaren 16an bidali dizugu.

2.- Pentsiodunen manifestazioa, Bilbon, abuztuaren 23an

Abuztuko lehen hiru astelehenetan ez dira egingo pentsiodunen ohiko elkarretaratzeak Bilboko Udalaren aurrean. Eta gauza bera gertatuko da Bizkaiko gainerako herriekin, Balmaseda, Portugalete eta beste herriren bat izan ezik. Antzeko egoera gertatuko da Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan. Hala ere, pentsiodunen mugimenduko informazio- eta komunikazio-sare guztiak mantenduko dira, ematen diren albiste interesgarrien berri izan dezazuen, eta, batez ere, udako oporraldia aprobetxatuz gobernuak har dezakeen edozein ekimen garrantzitsu eta atzerakoiren aurrean premiazko erantzuna eman behar izanez gero.

Nolanahi ere, pentsiodunen mugimenduak manifestazio bat egingo du Bilbon, abuztuaren 23an, Bizkaiko hiriburuko Festarik Gabeko lehen astelehenean. Pentsioak murrizteko neurri berriren bat hartu badute, hori salatuko dugu, Pedro Sanchezekin bilera eskatzen jarraituko dugu –oraindik egin ez bada edo haren eskaerari erantzun positiborik eman ez badio–, eta berriz ere errepikatuko dugu, hiriburuko erdiguneko kaleetan egongo diren herritar guztien aurrean, mobilizatzen jarraitzeko garrantzia, ahalik eta parte-hartze sozial zabalenarekin, gaurko eta etorkizuneko pentsio publiko eta duinak lortzeko, pentsio-sistema publiko sendoak bermatuko dituenak.

3.- 60 eta 69 urte bitarteko pertsonen txertaketaren atzerapenak kezka handia sortarazi du EAEn

Txertaketa-prozesuaren hasieran, EAE azken Autonomia Erkidegoen artean kokatu zen txertaketa-erritmoari dagokionez, hartutako txertoen proportzioaren arabera neurtuta. Kritika eta protesta ugarien ondorioz, bai banakoenak, bai askotariko erakunde eta elkarteenak –pentsiodunen mugimenduarenak, besteak beste–, Gasteizko Gobernuak eta Osasun Sailak erritmoa bizkortu zuten, eta goialdean kokatu. Hala ere, azken asteetan egoera aldatu egin da berriro: uztailaren 21ean, EAE 14. postuan zegoen 17 Autonomia Erkidegoen artean.

Desazelerazio hori, 60-69 urteko taldeak txertaketaren bigarren dosia berandu hartzeagatik gertatu da batez ere; izan ere, EAEn % 67,8ak baino ez zuen lehen txertoa hartu data horretan, eta Estatuan, berriz, % 80,7ak, 17 erkidegoen arteko 15. postuan kokatuz.

AstraZeneca farmazia-enpresak, txertaketaren eraginkortasunik handiena bigarren dosia lehenengotik 12 astera ematean lortzen dela azpimarratu duela argudiatuz, epe hori mantendu egin dute 8 astera aurreratu duten beste erkidego batzuen aurrean. Erkidego horiek kontuan hartu dute “delta” edo “indiar” aldaeretatik eratorritako “bosgarren olatuaren” garapena; izan ere, positiboen kopurua izugarri handitu da, baita 60-69 urtekoen taldean ere, eta, adituen arabera, txertoaren lehen dosiak % 30eko immunitatea baino ez du bermatzen.

Adin-talde hori nahiko motel txertatzen ari da, adin-talde gazteagoak eta ez hain ahulak txertatzen ari diren bitartean. Adin txikiagoko sektoreei ere txertoa jartzeko beharrari eta presari inolako garrantzirik kendu gabe, ez dute entzun medikuen eta adituen iritzi ia ahobatezkoa; izan ere, egungo egoeran dauden 60 eta 69 urte bitarteko pertsonen taldearen premiazko txertaketa aholkatzen zuten, kutsatzeak larriki handitzeaz gain, ospitaleetan eta ZIUn ospitaleratzen diren pertsonen kopuruak ere gora egiten baitu, heriotzen ondorioekin. Ezin da justifikazio gisa erabili kopuru horiek pandemiaren aldi zorrotzenak baino askoz txikiagoak direnik.

Ekainaren 30etik, lehen aldiz, uztailaren 12tik 18ra bitartean, lau pertsona hil dira Covid-19ren ondorioz, 70 urtetik gorakoak guztiak. Premiazkoa da Osasun Sailak adituen iritzia eta kolektibo ahulenen aldarrikapenak entzutea eta horiei kasu egitea.

4.- Pandemian, aberatsak aberatsago bihurtu dira eta pobrezia sektore gehiagotara iritsi da

Multinazional handiek -bereziki farmaziakoek- irabaziak izugarri handitzen dituzten bitartean eta milioidunen kopuruak gora egiten duen bitartean, pobrezia-tasak handitu egin dira pandemiaren garaian.

INE Estatuko Estatistika Institutuaren arabera, 2019an biztanleen % 4,7a gabezia material larrian zeuden. 2020an % 7raino igo zen (3,2 milioi pertsona inguru). 2019an, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan zeuden biztanleen ehunekoa % 25,3 zen. 2020an % 26,4ra igo zen, 12 milioi pertsonatik gora.

Datu horiek ez datoz bat Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburua den Beatriz Artolazabal andreak, duela hilabete, EAEko Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko 2020ko Inkestaren emaitzen aurkezpenean azaldutakoarekin: “Ongizateari eta pobreziari buruzko adierazleak nabarmen hobetu dira Euskadin azken 2 urteetan”.

“Euskal oasi” batean bizi garela sinestarazi nahi digute, baina errealitateak kontrakoa erakusten du. Inkestan bertan, 65 urtetik gorako pertsona batentzako pobrezia-muga zehazten da, hilean 817 €; horrek esan nahi du EAEko emakume pentsiodunen % 39 eta gizon pentsiodunen % 12 pobrezia-mugaren azpitik daudela.

Halaber, Artolazabal andreak aitortu behar izan zuen haur-pobrezia hazi egin dela, 14 urtetik beherakoen % 11,7ri eragiten baitie orain, 2008tik izandako tasarik altuena. Egun hauetan, Euskadiko Save The Children elkarteak ere egoera hori salatu du: “Pandemiak 41.515 haur eta nerabe utzi ditu pobrezia larrian EAEn, aurreko urtean baino ia 6.000 gehiago”. Inkesta guztiek, bai Estatu mailan, bai Hego Euskal Herrian, agerian uzten dute pobrezia-tasarik handienak emakumeen eta nesken artean ematen direla.

5.- Asteartean Tubacex-eko langileek beste garaipen txiki bat lortu zuten

Astelehenean, sindikatuek beren afiliatuekin hainbat egunez eztabaidatu eta kontsultak egin ondoren, Enpresa Batzordeak gehiengoz erabaki zuen greba bertan behera ez uztea Enplegu Erregulazioko Espedienteko (EEE) langileak lanera itzuli arte, eta zuzendaritzak Auzitegi Gorenean jarritako errekurtsoa kendu arte.

Erabaki arriskutsua izan zen, baina aldi berean ausarta eta kaleratuekiko elkartasun-adibidea, egun horretan 159 greba egun bete ondoren, greba hain luzeak sortzen dituen mota guztietako higadurak kontuan hartuz. ELAren eta LABen aldeko 5 boto, CCOOren aurkako 3 boto eta 5 abstentzio (STATeko 4 eta Independente 1) izan ziren. Ordu batzuk geroago, Lakuako Industria Saileko ordezkaritza batekin egindako bilera batean, Enpresa Batzordeak enpresaren proposamena jaso zuen, hau da, kaleratutakoak berriro onartzeko prest zegoela.

Ordura arte, zuzendaritzak modu probokatzaile eta mendekuzkoan jokatu zuen, hain greba luzearen nekeak eta kostu ekonomikoak, langileen eta sindikatuen arteko banaketak greba bertan behera uztea ekar zezakeela kalkulatuz. Hala ere, Enpresa Batzordearen gehiengoak greba bertan behera ez uzteko asmoak eta erabakiak, badirudi enpresa-zuzendaritzan, Urkulluren Gobernuan eta Arantza Tapia Industria Sailburuan eragina izan zutela, eta kaleratuak berriro hartzeko erabakia hartzera bultzatu zituztela. Orain, Gobernuak eta Sailburuak dominak jartzen dituzte gatazka nolabait desblokeatu dutenak balira bezala.

Bigarren urrats positiboa izan da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak EEEa baliogabetu ondoren. Baina Gorenean jarritako errekurtsoa erretiratzen ez den bitartean, Damoklesen ezpata bezala egongo da langileen gainean eta ezin da kanpainak jo. Enpresa Batzordeak eta langileek orain duten erronka zaila da enpresarekin negoziatzea Gorenean jarritako errekurtsoa kentzeko eta helburu hori lortzen ez duten bitartean zer motatako presio edo mobilizazio-ekimen bultzatzen jarraitu dezaketen aztertzea.

6.- Busturialdeak eta Lea Artibaik murrizketak izan dituzte Lehen Mailako Arreta Zerbitzuetan

Udaren etorrerak berriro ere kalte diskriminatzailea eragiten die Busturialdeko eta Lea Artibaiko eskualdeetako herri txikiei, Osasun Sailak egindako murrizketen ondorioz. Hain zuzen, Osasun Saila ez da ordezkatzen ari oporrak hartzeko legezko eskubidea baliatzen duten medikuak eta erizainak. Murrizketa horiek herritar guztiei eragiten diete, eta bereziki kaltegarriak dira mugikortasun-arazoak dituzten adinekoentzat.

Busturialdeko 15 udalek gutun bat bidali diote Jon Guajardo Remacha Barrualde- Galdakaoko ESIko zuzendari-gerenteari, pandemiaren garaian Lehen Mailako Arretako osasun zerbitzuek herritarren osasuna bermatzeko egiten duten lana aitortzeko. Bestalde, kontsultategiak udan ixteko erabakia berraztertzeko eta osasun arloko profesionalen aurrez aurreko arreta bermatzeko eskatu diote.

Bi eskualdeetako pentsiodunen mugimenduak hainbat aldarrikapen-ekitaldi prestatu ditu, gaur, uztailak 24, Lekeitioko Plazan 12:00etan egingo den festaz gain. Ekitaldi horiekin batera, kartelak jarriko dira bi eskualdeetako herrietan, oinarrizko zerbitzu horiek berrezartzeko. Halaber, duela 15 urtetik hona eskatzen ari direna berriro aldarrikatuko dute: Gernika Lumo Ospitaleko 3. solairuan oheak jartzea inguruko herri eta herrietako pazienteak artatzeko.

7.- “Pentsioen (enegarren) erreforma: hobekuntza gutxi eta erabateko murrizketak”

Izenburu horrekin, Viento Sur aldizkariaren webgunean artikulu interesgarri bat argitaratu da uztailaren 17an. Mikel de la Fuente EHUko Lan eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle ohia da egilea, eta erretiroa hartu zuenetik Gernikan dagoen Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kide aktiboa da.

Bere bizitzan zehar hainbat artikulu argitaratu ditu Europako herrialde askotako eta, nola ez, Espainiako estatuko pentsio-sistemei buruz. Orain aipatzen ari garenak oso balorazio zorrotza eta landua egiten du pentsioen lehen zatiari buruzko akordio berriaz. Akordio hori, lehenik eta behin, “Gizarte Elkarrizketaren Mahaiak” sinatu zuen, eta, gero, Ministroen Kontseiluak, Pedro Sánchez buru zela, bere egin zuen. Artikulu luze samarra da. Baina interegarria ikusten dugunez, irakurtzea gomendatzen dizugu, astiro eta lasai.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *