16000 pertsona manifestatu dira Euskal Herrian Pentsio Sistema Publiko baten alde

Albiste eta informazio interesgarriak.   2021eko maiatzak 29

Eibar

1.- Mobilizazio arrakastatsuak eta jendetsuak atzo Hego Euskal Herria

Atzo lau hiriburuetan (Bilbon 10.000, Donostian 2.000, Gasteizen 1.800, Iruñean 800), eta Altsasun 250, Eibarren 450, Irunen 350, Ondarroan 450, Lekeitio 100…, guztira 16.000 pertsona bildu ginen. Mobilizazio horietan, pentsiodunekin batera, langileek parte hartu zuten, euskal gehiengo sindikalak, emakume feministek, gazteek, egoiliarren senideen elkarteek eta beste gizarte-sektore batzuek deituta, bizkaiko tabernariek ere euren atxikimendua eman zuten.

Mobilizazioen helburu nagusia pentsio-sistema publiko bat eskatzea izan zen, estatu edo euskal izaera definitu gabe, pentsio publiko eta duinak bermatzeko eta gizonen eta emakumeen arteko pentsio-arrakala gainditzeko. Baina manifestazioetan parte hartu zuten sektore eta kolektibo guztiek adierazi ahal izan zituzten -eta hala egin zuten- beren eskaera espezifikoak.

Mobilizazio-egun arrakastatsua eta garrantzitsua izan zen, eta agerian utzi zuen bere izaera bateratua, plurala eta transbertsala, bai eta Pedro Sanchezen Gobernuak, CEOE eta Cepyme patronalek eta CCOO eta UGT sindikatuek iragarritako pentsio-murrizketen eta lan eta gizarte-eskubideen aurrean gizarte-protestarekin jarraitzeko aukera eta beharra ere.

Irun

Hego Euskal Herrian baino dimentsio apalagoa izan, Estatuko gainerako herrietan bultzatutako mobilizazio eta manifestazioek ere oihartzun positiboa izan zuten.

2.- Astebeteko ekimenak Hego Euskal Herrian

Aste osoan zehar, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan ekimen ugari garatu dira, eta akuilu garrantzitsua izan dira atzoko mobilizazioetan izan zen parte-hartze sozial zabala babesteko eta bultzatzeko.

Aurrekaririk gabeko arrakasta Gipuzkoako Pentsiodunen Txirrindularitza Martxan

Oreretan hasi zen astelehenean eta sei egunez Gipuzkoa osoan zehar ibili ondoren, atzo 16:30etan Alderdi Ederren (Donostia) amaitu zen. Ibilbide osoan zehar, elkartasuna eta babesa jaso zuten zeharkatu edo gaua igaro zuten herrietako pentsiodunen, gazteen, emakumeen, sindikatuen eta abarren aldetik. Suhiltzaileen babesa ere jaso zuten, 80ko hamarkadako sirenak joz; halaber, txistulariek, bertsolariek, gaiteroek, koruek eta rockero zaharrek parte hartu zuten ongi-etorrietan.

Bilbo Bideoaren esteka https://youtu.be/EbFXt13vLtU

68 eta 73 urteko bi emakume pentsiodunek txirrindularien tropelean parte hartu zuten, emakumeek era guztietako ekimenetan parte hartzeko duten gaitasuna argi utziz, gizarte patriarkal honetan inposatutako menpekotasunari aurre eginez. Oraingoan, pedalei eragin diete, besteak beste, pentsioen genero arrakala salatzeko eta horren kontra jotzeko, atzoko Donostiako manifestazioan parte hartzeko interesa eta beharra nabarmenduz.

Sindikatuen elkarretaratzeak eta prentsaurrekoak pentsiodunen mugimenduarekin batera

Astelehenean, Estatuko Gobernuak Bilbon duen Ordezkariordetzaren aurrean, 130 pertsona bildu ziren, sindikatuetako ordezkariak eta Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kideak zirelarik. Beste horrenbeste gertatu zen Iruñeko Gobernu Zentralaren Ordezkaritzaren aurrean, 70 pertsona inguru bertan zirela.

Gasteiz Bideoaren esteka https://youtu.be/SWY3OgdBOyM

Bi elkarretaratzeetan, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CNT eta CGT sindikatuetako ordezkariek (azken biak ez ziren Iruñean egon), komunikabideen aurrean adierazi zuten maiatzaren 29ko mobilizazioekiko babesa eta konpromisoa dutela. 

“Bizitza duinaren aldeko borroka gure lan-baldintzak hobetzean eta etorkizunean erretiroa hartzean pentsio duinak izango ditugula bermatzean datza. Gaur egun indarrean jarraitzen dute 2011ko eta 2013ko pentsio erreformek. Horien ondorioz, erretiratzeko adina handitu zen, iraunkortasun adierazle ospetsua ezarri zen eta gizon eta emakumeen arteko arrakala handitu egin zen. 2021ean gaude, baina Madrilgo gobernuak ez du norabidea aldatzeko asmorik. Toledoko Itunaren gomendioek eta, ondoren, Kongresuko bozketak erreforma berrien atarian jartzen gaituzte. Gainera, inork ez du zalantzan jartzen pentsio-sistema jomugan dagoela Next Generation planaren barruan Europatik datozen funtsak eskuratzeko baldintza gisa. Hego Euskal Herriko langile guztiei dei egiten diegu pentsiodunen mugimenduak maiatzaren 29rako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzera”.

Altsasu

Ezkerraldeko eta Meatzaldeko manifestazio bateratua Santurtzin

Astelehenean, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko 600 bat lagunek Santurtziko kaleak zeharkatu zituzten. Gehienak pentsiodunak ziren, baina beraiekin batera, ordezkari sindikalak, borrokan ari ziren langile-kolektiboak, emakumeak eta egoitzetako erabiltzaileen senideen elkarteko kideak egon ziren.

Beste behin ere, pentsiodunen mugimendua bi eskualdeetan finkatuta eta errotuta dagoela erakutsi zuten, bi eskualdeetako 7 herritan egiten dituzten hileroko manifestazioek eta asteleheneroko elkarretaratzeek, oro har 700/750 pentsiodun inguru biltzen dituztenek, adierazten duten moduan.

Gazteen kolektiboek ezin zuten hitzorduan huts egin

Gazte talde eta erakunde ezberdinek (Gu ere Bilbo Gara, Eragin, Ernai, Ikama, Ikasle Abertzaleak eta Ikasleen Sindikatua), horietako batzuk Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan kokatuta daudenak, pentsiodunen mugimenduarekin batera, prentsaurrekoa eman zuten Bilboko Areatzako Estalpeetan. Enplegu, eta bereziki enplegu duinen faltak, etxebizitzarik ezak eta erakunde publiko gehienek, batez ere botere gehien dutenek, beren eskubideak eta beharrak ahazteak eragindako arazoak nabarmendu zituzten,. Eta azpimarratu zuten garrantzitsua dela sektore guztien ahaleginak batzea beren aldarrikapenen alde, eta, horregatik, gazte guztiei dei egin zieten M-29ko mobilizazioetan parte hartzera.

Mugimendu feministaren bideo polita eta ikusgarria.

Asteazkenean, mugimendu feministak Euskal Herriko emakume gehien-gehienek bizi duten marjinazio eta sufrimenduaren oso adierazgarri den bideo bat zabaldu zuen sareetan, ahulenen arazoak azpimarratuz, besteak beste, emakume migratzaileenak. Bideo hori oso ondo landuta zegoen, eta M-29rekin duten konpromisoa ere jasotzen zuen.

Egoitzen erabiltzaileen senideen elkarteak, pentsiodunen mugimenduarekin batera

Egoiliarren senideen elkarteetako (Babestu Bizkaia eta Araba, Gipuzkoako Senideak, Irauli Zaintza, azken biak Gipuzkoakoak) ordezkaritza batek eta pentsiodunen mugimenduko kide-talde batek elkarretaratze sinbolikoa egin zuten ostegunean, prentsaurreko batekin batera, eta 50 lagun bildu ziren Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean. Beste behin ere, egoitzetan dituzten eta gurasoen edo aitona-amonen sufrimenduagatik haiei zuzenean eragiten dieten arazoak salatu eta konpontzeko eskatu dute. Eta pentsiodunen mugimenduarekin batera aldizka egiten dituzten ekimenak interes eta babes solidario handikotzat jotzen jarraitzen duten bezala, atzoko mobilizazioetan parte hartzea garrantzitsua zela adierazi zuten.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ere bat egin du mobilizazioekin

Ostiralean argitaratutako agiri batean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak adierazi zuen bere egiten zituela euskal pentsiodunen aldarrikapenak eta eskaerak, bai eta larunbateko mobilizazioak ere. “Pentsioen sistema publiko bat defendatzeko, eredua eraldatu behar da, eta, bere iritziz, hori posible izango da soilik baldin eta sistema propioa badugu”, gaineratu du.

3.- Kontzentrazio sinbolikoa, Madrilgo Diputatuen Kongresuaren aurrean 

Estatu osoko bederatzi plataforma eta mugimenduk deituta, besteak beste, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak, elkarretaratze sinbolikoa egin zuten ostegunean Madrilgo Diputatuen Kongresuaren aurrean.

Elkarretaratzeari ezarritako 80 laguneko mugaren ondorioz, plataforma eta mugimendu deitzaileen ordezkaritzek euren presentzia murriztu behar izan zuten. Hala ere, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko 30 kide, Galiziako dozena bat, Andaluziako hamarren bat eta gainerakoak Madrilgo hiriburuko eta Mostoles-ekoak eta Kataluniako kideren bat bertaratu ziren.

Elkarretaratzean eta prentsaurrekoan, EH Bilduko legebiltzarkideen ordezkaritza zabala izan zen, baita Bloque Nacionalista Galego, Más Pais-Equo eta Junts per Cat taldeetako legebiltzarkideak ere. ERCk eta Unidas Podemos-ek ezin bertaratzea adierazi zuten, baina deialdiaren eta prentsaurrekoaren arrazoiak babestu zituzten.

Diputatuen Kongresuaren aurrean deitu zuten oihartzuna izateko, manifestu bateratu bat irakurriz. Manifestu horretan pentsio publiko duin eta nahikoak bermatuko dituen pentsio-sistema publiko baten oinarrizko eskaerak jasotzen ziren, are gehiago aurre egin beharreko murrizketa-arriskuen aurrean, eta Estatuko Herri guztietan martxoaren 29ko mobilizaziorako deia egin zen. Era berean, legebiltzar-talde guztiei, bereziki Pedro Sanchez buru duen koalizio-gobernua sostengatzen dutenei, eskatu zitzaien pentsioen murrizketarik egon ez dadin, ez gaur egungo, ez hurrengo belaunaldien pentsioetan, baizik eta horiek hobetuko dituzten neurriak planteatu eta onartu behar dituztela.

4.- Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren lege-aurreproiektua, Idoia Mendiak aurkeztua

Neurri sorta zabalago baten barruan, duela bi aste Idoia Mendia Gasteizko Gobernuko presidenteordeak diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistemaren lege-aurreproiektua aurkeztu zuen. Aurreproiektua Legebiltzarrak eztabaidatu behar du, eta 2022ko laugarren hiruhilekoan onartua izatea aurreikusi dute.

Ekimen positibo gisa aurkeztu zuen. Baina lehenik eta behin esan behar da ez dela nahikoa Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari (DSBE) buruzko 18/2008 Legea ezarri zenetik galdu den guztia berreskuratzeko. Gainera, 2011ko azaroan, orduko PSE-EEren gobernuak (gutxiengoan eta Patxi Lopez buru zela) PPrekin batera onarturiko erreformak okerrera egin zuen. Atzerapen hori areagotu egin zen Eusko Jaurlaritzaren 2012ko aurrekontuan, DSBE “koiunturalki” murrizteko sartutako neurrien bidez, orain arte iraun dutenak: DSBE Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) lotzen zuen erreferentzia kentzea eta DSBEren % 7ko murrizketa.

Bigarrenik, Estatu osoan, EAEn barne, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera (BGDS) ezartzeak –nahiz eta orain bueltaka dabiltzan transferentzia hori egiteko moduari buruz, zeina Escrivák mugatu nahi baitu– 100 milioi euro baino gehiagoren aurrezpena ekarriko dio Eusko Jaurlaritzaren diru-kutxari (DSBEk 2020an izan zuen aurrekontuaren bostena), kontuan hartuta aurtengo martxoan DSBE jaso duten 55.000 bizikidetza-unitateen heren bat, gutxi gorabehera, BGDSren hartzailea izango dela, eta BGDS horiek Gizarte Segurantzak ordainduko dituela.

Aurreproiektu horrek jasotzen dituen hobekuntza txiki eta apalak, gaurko egoerarekin alderatuz

  • Etxebizitza batean egon daitezkeen DSBEen kopuruaren muga oro ezabatzen du (orain bi dira), nahiz eta bigarren bizikidearen DSBE % 85era murrizten duen, % 80ra hirugarrenera, eta horrela hurrenez hurren etxebizitzan bizi den eta DSBE eskatzen duen eta onartzen zaion pertsona bakoitzari.
  • Kendu egiten ditu Laneko Diru-sarrerak Osatzeko DSBE gehienez jaso zezakeen hiru urteak.
  • Hobetu egin ditu hiru kide baino gehiago dituzten familiek jasoko dituzten DSBEren zenbatekoak, batez ere seme-alabak dituztenen, guraso bakarrekoen eta pentsiodunen kasuetan. Baina DSBEri buruzko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 20. artikulua, pentsiodunen DSBE ezartzen zuena, ezabatu ez balitz, gaur egun horrela litzateke: pentsiodun bakar batentzat, LGSren % 100 (1.108,33 euro); bi pertsonarentzat, LGSren % 125 (1.382,42 euro); eta hiru pertsona edo gehiagorentzat, % 135 (1.496,25 euro), kopuru horiek guztiak hamabi ordainsaritan.

Aurreproiektuan, 2022aren amaierarako planteatzen den erreformarekin, hamabi ordainsaritan honako hauek jasoko dira: 893 euro pentsiodun batentzat; 1.034 euro bi pertsonarentzat, horietako bat, gutxienez, pentsioduna bada; eta 1.175 euro hiru pertsonarentzat, bi pentsiodun eta pentsiodun ez den bat badira.

  • Erroldako 3 urtetik 2 urtera jaisten da adingabeak dituzten familientzat. Baina PSE-EEk PPren proposamena onartuta aurrera atera zuen 2011ko erreformaren aurretik, erroldako epea urtebetekoa baino ez zen.

Baldintzak eta mugak, kontrol larriak eta informaziorik eza

DSBE eskuratzeko ezarritako baldintzek eragindako mugekin batera, aurreproiektu honetan kontrol-elementu gogorrak sartu nahi dira, % 2ra ere iristen ez den “iruzurra” saihesteko. Hiru hilean behingo kontrolak ezartzen ditu, eta, batez ere, ikuskaritza-kidego bat sortzen du Lanbide barruan, hartzaileak zelatatzeko. Ikuskatzaile horiek gobernu-agintea izango dute (polizia-kidegoenak bezala, ulertzen da) ikuskapen-lanak egiten dituztenean.

Hori bai, ez ditu kezkatzen eskubidea duen jende asko ez sartzeak. EAEko pentsiodunen sektore barruan, 700 eurotik beherako pentsioak dituztenen (edo oso azpitik, batez ere emakumeen) arteko gutxiengo txiki batek soilik jasotzen du DSBEn aurreikusitako pentsio-osagarria, aipatutako arrazoiak direla medio. Hala ere, Ogasunak guztiok kontrolatzen gaitu errenta aitorpenerako. Aitzitik, gobernuak nahiko balu eta gutxieneko sentsibilitate soziala izango balu, eskubide hori dutela jakinarazi beharko lieke pertsona guztiei –batez ere adinekoei eta pentsiodunei–. Eta gauza bera egin beharko luke beren diru-sarreren arabera koordainketa sanitarioa ez egiteko eskubidea duten guztiekin. Baina ez zaie interesatzen, horrela gutxiago gastatzen dutelako, eskubide horiek dituzten pertsona ahulenen beharrak ez asetzearen truke.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude