2023ko ekainaren 15eko Manifestua, zahartzaroko abusu eta tratu txarrez kontzientzia hartzeko mundu-eguna

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 2011n izendatu zuen ekainaren 15a ZAHARTZAROKO ABUSUEZ ETA TRATU TXARREZ KONTZIENTZIATZEKO MUNDUKO EGUNA. Konpondu gabeko arazo bat dagoela adierazi zuen horrekin.

Osasunaren Munduko Erakundeak dio adinekoen aurkako tratu txarrak indarkeria-modu ezkutu eta ezezagunetako bat dela.
Definizioz, adinekoen tratu txarra ekintza bakarra edo errepikatua da, adineko pertsona bati kaltea edo sufrimendua eragiten diona, baita hori saihesteko neurri egokirik ez hartzea ere. Indarkeria mota hori giza eskubideen urraketa da, eta honako jokaera hauek biltzen ditu bere barnean: tratu txar fisiko, sexual, psikologiko eta emozionalak; arrazoi ekonomiko edo materialei lotutako indarkeria; utzikeria, zabarkeria eta duintasun edo errespetu falta larriak.

Gizarte zahartua gara. Kalkuluen arabera, 2050ean Bizkai osoan biztanleen % 37,4 65 urtetik gorakoak izango dira, eta horietatik % 42k 80 urte baino gehiago izango dituzte. Horrek esan nahi du pertsona asko zaintzeko beharra egongo dela, ez bakarrik beraien etxeetan, baita egoitzetan ere, non tratu txar instituzionala jasan dezaketen.

Osasunaren eta gizartearen ikuspegitik, lehen mailako osasun- eta gizarte-zerbitzuak arazoa detektatzeko eta konpontzeko ondo prestatuta egon ezean, erdi ezkutuan jarraituko dute adinekoen tratu txarrek. Eta zoritxarrez, borondate politiko gutxi edo batere ez dugu ikusten oinarrizko giza eskubideak urratzen dituen gaitz hau amaitzeko. Zeren eskubideak bizitza osorako baitira; ez dira adinarekin iraungitzen, nahiz eta maizegi hala dirudien, ondorio tragikoak izan dituen COVID-19aren pandemian egiaztatu denez.

Pandemian, oinarrizko eskubideak urratuta ikusi zituzten Euskal Herriko adinekoek. Ez dugu ahazten Euskadin hildako egoiliarren % 62,5 ez zirela ospitaleratuak izan. Konfinamendu orokorrean, mendekotasuna zuten egoiliarrei ukatu egin zitzaizkien senitartekoen bisitak. Halaber, konfinamendu orokorraren ondoren, espetxe- erregimeneko protokoloak jasan zituzten; bizitza sozial eta kulturalean parte hartzeko eskubidea ukatu zitzaien, adibidez, Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunean jasotakoaren kontra.

Fiskaltza eskudunek ikerketa sakonak egin behar zituzten, haien betebeharretako bat baita adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen defentsa. Fiskaltzak dio tratu txarren prebentziorik onena salaketa dela, baina ez du horren alde egiten, eta erakunde eta egoitzekin bat egiten du.

Zibilizatua eta aurreratua izan nahi duen edozein gizartek ezin du hondamendi hau onartu, gertatutakoa argitzeko ikerketa sakonik gabe. Azaldu beharra daukate zergatik artxibatu zituzten Babestuk pandemiaren lehen agerraldian Bizkaiko Fiskaltzan aurkeztu zituen 18 kasuak (ondo dokumentatuak), familiei eta haien ordezkariei entzun ere egin gabe, estatu osoan egin zutenari jarraituta.

Ikasteko aukera bat zela uste dugu, BERRIRO ERREPIKA EZ DADIN.

Pandemiaz haratago, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, adinekoen aurkako tratu txarren kopuruak altuak dira zaharren egoitzetan nahiz iraupen luzeko arreta- zentroetan. Era berean, jakinarazi dute zentro instituzionaletan (egoitzetan) tratu txarrak gertatzeko probabilitate handiagoa dagoela, honako egoera hauek gertatzen badira:

adinekoentzako osasun-arreta, gizarte-zerbitzuak eta asistentzia-zentroak ez dira egokiak. Koordinazio falta eskandalagarria dago egoitzen eta osasun-zerbitzuen artean. Osasun-arreta publikoa herritar guztien eskubidea izan arren, haren ordez osasun-asistentzia pribatua baino ez zaie eskaintzen egoitzetako adindunei. Horrek arretaren kalitatea okerragotzen du, egoitzetan baliabide materialen eta giza baliabideen gabezia nabarmena dagoelako eta lan-baldintzak prekarizatzen doazelako. Edozelan ere, egoitzetako zerbitzu mediko murritzek zerbitzu publikoen osagarri izan behar dute beti. Era berean, osasun-arretari ez dio laguntzen egoitza askoren tamaina neurrigabeak, ezta logela berean bi egoiliar edo gehiago egoteak ere.

langileek gehiegizko lan-karga izaten dute. Egoitzetan, langileen ratioak ez dira ezartzen egoiliarren arretari begira, baizik eta enpresen onura ekonomikoari eta administrazioen aurrezkiei begira. Ez dago nahiko langile adinekoei arreta modu duinean emateko.

arauek gehiago laguntzen diete zentro instituzionalaren interesei egoiliarrei baino. Estatu osoko egoitzen % 89 inguru esku pribatuetan daude. Arauak ez daude ezarrita zerbitzua egotea justifikatzen duten pertsonen beharrizanetan pentsatuz, zerbitzua ematen duten enpresen interesetan baizik.

Hau da, egoitzetan, oro har, baldintza guztiak betetzen dira tratu txarrak egon daitezen. Egoiliarrei arreta emateko nahiko langile ez dagoenean, eta, hori dela-eta, behar fisikoak pixoihalean egin ditzatela eskatzen dutenean, tratu txarrak ematen zaizkie.


Janari hotza jan behar dutenean, laguntzeko langile nahikorik ez dagoelako, tratu txarrak ematen zaizkie.

Entzuten ez duten telebista baten aurrean orduak eta orduak ematen dituztenean, eurek aukeratzen ez dituzten programak ikusten, gurpil-aulkietan immobilizatuta, paseatzera edo lorategira eramateko langile nahikorik ez dagoelako, tratu txarrak ematen zaizkie.

Langile kualifikaturik ez dagoenez, agindutako medikazioa hartzea eta behar bezala gainbegiratzea bermatzen ez denean, tratu txarrak ematen zaizkie.

Menuak zerbitzua ematen duen enpresaren aurrezpenetan pentsatuz egiten direnean, ez egoiliarren nutrizio-beharrizanetan, tratu txarrak ematen zaizkie.
Adinekoak izateagatik haur txikiak balira bezala tratatzen dituztenean, nagusitasunez, tratu txarrak ematen zaizkie.

Jan gabe uztea bezalako zigorrekin mehatxatzen dituztenean, mugitzeko zailtasunak dituztenei jarrera aldatzen ez zaienean, bazkaltzeko eta atseden hartzeko ordutegiak ezartzen zaizkienean, beren bizitza eta jarduerak arautzeko kontsultarik egiten ez zaienean edo iritzirik eskatzen ez zaienean, tratu txarrak ematen zaizkie.

Parte hartzeko eta nork bere gauzak antolatzeko eskubidea ukatzen zaienean edo ordezkaritza- eta partaidetza-organorik sustatzen ez denean, tratu txarrak ematen zaizkie.

Horregatik, ez dugu ulertzen erabiltzaileei tratu txarrak prebenitzeko, detektatzeko eta salatzeko protokoloa ezarri nahi ez izatea, edo tratu ona sustatzeko neurriak egoitza guztietan ezarri nahi ez izatea, erabiltzaileek, haien familiek eta zaintzetako profesionalek ezagutu ditzaten.

Protokolo hauek ez dira asmoen adierazpen bat. Horregatik, ez egiteak agerian uzten du euskal administrazioen erruduntasuna eta konplizitatea.

Pertsona bat egoitza batean sartzen denean herritar izaten jarraitzen du, eskubide guztiekin. Egoiliarren oinarrizko eskubideak bermatu behar dira: mugitzeko askatasuna, osasuna, familia-bizitza, intimitatea, norberaren irudia, adierazpen-askatasuna, biltzeko eta elkartzeko eskubidea, egoitzan etxebizitza partikular batean bezala egoteko eskubidea.

Datorren ekainaren 15ean, ZAHARTZAROKO ABUSUEZ ETA TRATU TXARREZ KONTZIENTZIATZEKO MUNDUKO EGUNEAN, estatu osoan mobilizatzera deitzen dugu, egoera hau amaitu behar delako eta egoitzetan bizi diren adinekoen bizitza duindu behar delako, beharrezko arreta bermatuz, kantitate eta kalitateko janariak emanez, beren bizimodua, zaletasunak eta gustuak nola antolatu nahi dituzten errespetatuz, merezi duten begirunearekin, herrikideengatik dena eman duten gizakiak dira eta.

ASKI DA!! TRATU TXARRIK ETA GEHIEGIKERIARIK EZ ZAHARTZAROAN!

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude