ADINEKO EMAKUMEOK (eta gizonek) GAIXOTASUNAK PREBENITZEKO ESKUBIDEA DUGU

Pasa den urtean, Osakidetzako eskutitza bat jaso nuen egindako mamografiaren ostean.
Bertan “ez zela ezer anormalik ikusi” adierazi ondoren, horrelako paragrafoa gehitu zuten: “Bularreko minbiziaren programa 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago, horregatik baja eman dizugu adinagatik, eta ez zaitugu berriro gonbidatuko. Aurrerantzean zure bularretan anomaliaren bat nabaritzen baduzu, hitz egin zure medikuarekin”.
Argi dago bularreko minbizia izateko arriskua ez dela adinarekin desagertzen, baina Osakidetzak ez dizu neurri prebentiborik egingo, anomaliak nabaritzea zure ardura da 70 urtetik aurrera. Eta ez dira lotsatzen!
Aurretik jasota nuen antzeko eskutitza Kolon eta Ondesteko Minbizia Goiz Prebenitzeko Programari zegokionez, programa 50 eta 69 urte bitarteko emakumezko eta gizonezkoentzat baita. Horretan ere anomaliaren bat detektatzeko ardura zuregan kokatzen zuten.
Kontuan hartu behar da. Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa 1995 urtean ezarri zela; garai horretan, emakumeen bizi-itxaropena 82,4 urtekoa zen, eta 2022an, ia lau urtetan handitu da, 86,1 urtetan kokatuz. Baina Bularreko minbizia goiz detektatzeko Programaren adina ez dute aldatzen.
Are gehiago, Osakidetzak ez du kontuan hartzen Europar Batasunak 2022ko abenduaren 9an onarturiko “Detekzio goiztiarraren bidez prebentzioa hobetzeari buruzko gomendioa: Europar Batasunaren ikuspegi berri bat minbiziaren baheketarako”.

Bertan, mamografiaren bidezko bularreko minbiziaren baheketa 50-69 urteko emakume guztientzat, eta hori gomendatzen du 45-74 urteko emakumeentzat, hau da, 10 urte gazteago eta 5 urte nagusiagoak direnentzat.
Eta kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-proben kasuan, Europaren gomendioa da 50 eta 74 urte bitarteko pertsonentzat izatea, hau da, 5 urte gehiago. Ez dakit Osakidetzak urte-epea luzatuko den, web orrian bi informazio ezberdin eta kontrajarriak baitaude. Hasieran aipatzen dute 74 urte arte, baina programaren aurkezpenean, 69 urte artekoa dela diote. Urte amaieran jakingo dut ea berriro deitzen didaten parte-hartzera. Gizonek emakumeek baino arrisku handiagoa dute minbizi-mota hau pairatzeko (gizonen kasuan, 10etatik, 5; emakumeen kasuan, 10etatik, 3).
Badaude bestelako minbiziak prebentzio-programarik ez dutenak, esate baterako, obarioko minbizia. Egia da oraindik ez dagoela detektatzeko proba eraginkorrik, baina jakina da 55 urtetik gorako emakumeek, seme-alabarik ez badute izan, arrisku handiagoa dutela. Zergatik ez du Osakidetzak gomendatzen emakume horiei pelbiseko analisia edota ekografia aldizka egitea?
Eta antzekoa gertatzen da prostatako minbiziarekin. Adineko gizonengan oso ohikoa, baina prebentzio-programarik ez. Eta Europar Batasunaren aipatu dokumentuan, “prostatako minbiziaren baheketa antolatuaren bideragarritasuna eta eraginkortasuna ebaluatzea gizonentzat” gomendatzen dute.
Nire ustez, egoera hauek adierazten dute, alde batetik, adinkeria; eta, bestetik, emakumeen osasuneko arazo espezifikoak kontuan ez hartzea.
Adinkeria, 70 urte gorako pertsonak gaixotzeak, gaixotasun larriak barne, garrantzia ez duela ematen duelako. Prebentzio-programak amaitzen dira eta norberaren ardura da osasuna zaintzea.
Emakumeen osasun-arazo espezifikoak kontuan ez hartzea aspaldian salatu dituzte bereziki genero ikuspegia landu duten emakumezko osasun-profesionalek, tartean, Carme Valls Llobet, 75 urteko endokrinologoa eta 90eko hamarkadatik, azterketa eta entsegu klinikoetan parte-hartzetik lehen mailako arretara arte, emakumeok kontuan hartzen gaituen medikuntzaren alde lan egiten duena.
Berak idatzitako “Mujeres invisibles para la medicina” liburuan, horrela dio: “… azken hamarkadetan osasun zientziek aurrerapen handiak egin dituzten arren, astiroago doa emakumearen beharretara egokitutako medikuntza, ikuspegi biopsikosozialetik. Hala eta guztiz ere, gero eta datu zientifiko gehiagok adierazten dute alde handiak daudela gizonen eta emakumeen gaixotzeko moduan, gaixotasunen bilakaeran eta sendagaien eraginkortasunean.”
Behar dugu osasun-sistema unibertsal bat, adinekoak baztertzen ez dituena eta emakumeon egoera espezifikoak kontuan hartuko dituena, Medikuntzak ohiko izan den eredu maskulino unibertsaltzat hartzearen kontra joz.
Halaber, kontuan hartu behar dugu osasuna gaixotasun-eza baina askoz gehiago dela, baina horretaz beste artikulu batean arituko naiz.
Arantza Urkaregi Etxepare
