ADINEKOEN EGOITZAK: COVID-19ak BULTZATURIKO HAUSNARKETA

Covid-19ak gure zerbitzu publikoen ahuldadea agerian utzi duela askotan entzun eta esan dugu, bai osasungintzan bai gizarte-zerbitzuen kasuan, eta bereziki, adineko egoitzen egoera larria azaleratu du pandemiak.
Feminismotik zaintzak erdigunean kokatzeko aldarrikapena ez da berria, baina, nire ustez, pandemia honek balio izan dugu zaintzen garrantzia jendartean zabaltzeko, zaintza-sistema gai politikotzat hartua izateko.
Covid-19ak adinekoen egoitzak gogor kolpatu dituela ezin ukatu. Lehen olatuan, ekaina arte, Hego Euskal Herrian 1.042 hildako izan ziren adinekoen egoitzetan; bigarren olatuan, urtarrilaren 27 arte, 457 hildako. Covid-19aren ondorioz hildako guztien heren bat gutxienez egoitzetako adinekoak izan dira.
Datu horiek argi uzten dute Covid-19ren lehen olatutik bigarren olatura egoitzen ardura duten erakundeek ez dutela asko ikasi, edo hobeto esanda, hartutako neurriak (batzuk hartu baitira) ez dira eraginkorrak izan, hain zuzen, egiturazko arazo baten aurren gaudelako, kolokan dagoena egoitzen eredua bera baita.
Artikulu hau, atzera begira baino, aurrera begirako hausnarketarako baliagarria izatea nahi dut. Bizkaian kokatuko dut hausnarketa, hoberen ezagutzen dudan sistema delako, baina elementu nagusiak balio beharko digute era orokorrean aplikatu ahal izateko.
Nola nahi dugu zainduak izatea?
Hau izan da pandemia honek sortarazi didan lehenengo hausnarketa. Gaur egun etxean edo egoitza batean egotea dira bi alternatiba nagusiak.
Ahalik eta denbora gehien etxean egotea omen da pertsona gehienen asmoa. Horrela bada, ezin da izan orain bezala, zaintzailea emakume bat izanda, edo senide bat, edo hartutako (askotan kontratu gabe) emakume migrante bat. Eta dena, 180 €-ren edo gehienez 520 €-ren truke (Familia Barruko Zainketarako Prestazio Ekonomikoa). Hori da Aldundiak bultzatzen duena (Bizkaian, menpekotasuna onartuta duten ia 57 mila pertsona daude eta % 37,4k prestazio hori jasotzen du), merkeena baita. Baina etxean era egokian zainduak izateko zaintzale profesionalak behar dira, emakume=zaintzaile agindu hori apurtu behar dugu. Eta horretarako, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzu sendo bat (udalen eskumena dena) behar da, laguntza teknikoak, etxean dagoen zaintzailea prestakuntza izatea eta lan-baldintza duinak, noski. Eta hau dena, inbertsio handia eskatzen du.
Egoitzetan, zein motatako zaintza dago? Pandemia honetan ikusi dugu egoitzak adinekoentzako kartzela bihurtu direla. Bisitarik gabe, irteerarik gabe, askotan logelatik atera gabe,… Birusak ez kutsatzeko neurriak hartu behar ziren ezinbeste, baina hartu diren neurriak, nolabait esateko “errazenak” izan dira, isolamendua, baina kontuan hartu gabe adinekoak zaurgarriak direla ez bakarrik birusaren aurrean, baizik eta arreta emozionala ezinbestekoa dela. Gauzak egin diren moduan, adineko batzuk ez dira Covid-19ak jota hilko, baina bakardadeak jota hil daitezke. Isolamendu-neurririk aparte, ez ziren posible bestelako neurriak? Bai, baina horretarako langile gehiago behar dira. Adierazgarria izan da bisitak eta irteerekin Bizkaian gertatu dena. Lehen eta bigarren olatu tartean, Osakidetzak aukera ematen zuen irteerak egiteko, asteburu batekoak, edo familiarekin bazkaltzeko, baina Aldundiak ordubeteko paseo terapeutikoak besterik ez ditu baimendu. Horretarako arrazoi bakarra dago: egoitzak kudeatzen dituzten enpresek langile gehiago kontratatu behar zituzten irteerak eta bisitak era zabalago batean egiteko. Eta ez zuten nahi.
Enpresek baldintzatu dezakete horrelako erabakiak? Nire ustez ez, baina Bizkaiko egoitzetan beraiek agintzen dute, Aldundiak uko egiten baitio bere erantzukizuna hartzeari.

Bizkaiko egoitzetan, pribatizazioa nagusi
Bizkaian, 154 egoitza daude baimenduta, denetara 10.748 plaza. Lau motatako egoitzak ditugu Bizkaiko egoitzen foru-sarean: Aldundiak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) bidez kudeatzen dituenak, udalen menpe daudenak, Azpiegiturak Foru Merkataritza Enpresaren menpe daudenak eta plaza kontzertatuak.
GUFEkoak publikoak dira, bai titularitateari zein kudeaketari dagokienez, 340 plaza daude. Udal egoitza gehienak ere publikoak dira, 874 plaza. Baina Azpiegiturak-en menpekoak, 1.865 plazak, titularitate publikokoak dira, baina kudeaketa pribatuen esku daude. Eta plaza kontzertatuak, 7.037 plazak, egoitza pribatuetan daude. Denetara, 10.116 plaza. Horietaz gain, 632 plaza daude guztiz pribatuak (plaza kontzertaturik gabe).
Beraz, Aldundiak kudeaturiko plaza publikoak bakarrik 340 plaza dira (%.3,16). Eta gehitzen baditugu udal egoitzetan dauden plazak, %12ra ailegatuko ginateke gehienez.
Besteetan, Azpiegiturak eta plaza kontzertatuen kasuan, Aldundiak egoitzak kudeatzen dituzten enpresei ordaintzen die 93,3 € okupaturiko plaza bakoitzeko eta eguneko. Diru horrekin zer egiten den ez dago inolako kontrolik, txosten ekonomikoa aurkeztu behar dute, baina besterik ez. Eta hemen dago arazo nagusi bat. Arazo bikoitza: alde batetik, egoitzen kudeaketa pribatua da, eta bestetik, Aldundiak ez du bere erantzukizuna hartzen, hau da, dirua ematen du baina gero ez dago inolako kontrolik, edo oso txikia, diruaren erabilpenaz, eta bereziki, egoitzetan ematen den arretaz.
Eta arretaren kalitateaz ari garela, langileez hitz egin behar dugu. Ratioak 1998ko dekretu batek ezarritakoak dira oraindik. Hor ezartzen dira gutxienekoak. Bizkaiko Aldundiak aukera zuen (eta du) ratio horiek handitzeko, Gipuzkoako Aldundiak, EAJren eskutik, egin zuen 2010ean, baina ez du hori egin nahi. Eusko Jaurlaritzak 2019ko uztailaren 31an dekretu berri bat atera zuen, baina ratio berriak aplikatzeko bi urteko epea zegoen. Eta jadanik Legebiltzarrak dekretua aldatzeko eskatu duguztiz eznahikoa zelako. Hain zuzen, ratioak ezin direlako zenbaki hutsak izan, ratioak kalkulatu behar dira arreta duina emateko behar den denbora abiapuntutzat hartuta, gutxienez, bi orduko arreta zuzena. Eta horren arabera kalkulatu langile-mota ezberdinen beharrak.
Baita egoitzaren egituraz hausnartu beharko genuke. Zaintza komunitarioa landu nahi badugu ezin dira izan egun dauden makroegoitzak, inolako erlaziorik gabe inguruko komunitatearekin,….
Etorkizunari begira
Egungo egoitza-sistemak porrot egin duela irailean izaten diren Politika Orokorreko Plenoetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusiek beraiek onartu zituzten. Ez esplizituki, baina bai hirurek hitz egiten zutela egoitza txikiagoak behar zirela, 25 pertsonako moduluez hitz egin zuten, Osakidetzarekin koordinazioaren beharraz,… Noski, ez zuten publifikazioaz hitz egin, ezta langile gehiago izatearen beharraz,… Beraiek neurri gutxi batzuk hartu nahi dituzte, eredua bera kolokan jarri gabe. Baina uste dut pandemiak agerian utzi dituen egoitza-sistemaren hutsunez baliatu behar garela egoitza-ereduaren inguruko eztabaida sakona egiteko eta zabaltzeko. Eta harago joateko ere: zaintza-sistemaz, bere osotasunean, hausnartzeko.
Egoitza-sistema publikoa izatea aldarrikatzen dugu, eta ados nago, baina hori ez dugu lortuko egun batetik bestera, prozesu bat izan behar du. Eta bitartean, zer? Publifikazioa helmuga da, baina ezin gara horretara mugatu.
Alde batetik, pribatizazioak eten egin behar ditugu, hau da, sortzen diren egoitza-plaza berriak publikoak izatea exijitu behar dugu. Are gehiago, Bizkaian, berehalako erronka dugu GUFEkoa den adinekoentzako Gallarta egoitza deuseztatu ez dezaten. Aldundiak egoitza hori aniztasun funtzionala dutenentzako egoitza bihurtu nahi du eta horrek ondorioztatuko luke adinekoentzako 64 plaza publiko gutxiago izatea Bizkaian, guztiz onartezina dena.
Bestetik, epe motz eta ertaineko neurriak exijitu behar ditugu, menpekotasuna duten adinekoen arretaren kalitatea bermatzeko. Aldundiak kontrol publikoa egin behar du, bai diru publikoaren erabilpenaz bai emandako arretaren kalitateaz.
Aldundiak behartu behar ditu egoitzak kudeatzen dituzten enpresak hainbat neurri hartzera: langile gehiago kontratatzera, modulu txikiagoak egitera, langileen formakuntza bermatzera, arreta integrala ematea,… Premiazko neurriak hartu behar dira egoitzetan eta horretarako Aldundiak ikuskapenak zorroztu eta biderkatu behar ditu, esku-hartzeko aukera baztertu gabe. Foru Sarean dauden egoitza guztiak, berdin du Azpiegiturak-en menpekoak izan edo egoitza pribatuko plaza kontzertatuak izan, guztiak erantzukizun publikokoak dira, EAEko Gizarte Zerbitzuen 12/2008 Legeak aginduta. Beraz, Aldundiak ezin du adinekoen arreta enpresen esku utzi, dagozkion ardurak hartu behar ditu eta enpresak behartu behar ditu adinekoei kalitatezko arreta eman diezaieten.
Ez da bidea erraza izango, baina Covid-19ren pandemiak eragindako mina eta kaltea, zaintza-sistema berri bat sortzeko aukera bihurtu behar dugu.
Arantza Urkaregi Etxepare
Steilaseko Idazkartza Feministak argitaratutako ” Covid 19 Pandemiaren inguruko gogoeta feministak ” liburuko artikulua
