Albiste eta infomazio interegarriak    2021eko urriak 23

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodunen mugimenduaren berriak

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunen diru-bilketa nabarmen handituko dela aurreikusten da

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) foru-ogasunek, aurten, 15.578 milioi euro biltzea aurreikusten dute, 2021eko aurrekontu autonomikoan aurreikusitakoa baino % 9,3 gehiago. Aurreikuspen hori, orain arte bildutakoaren hazkundea urte amaierara arte proiektatzean oinarritzen da, espero baitute diru-bilketak handitzen jarraituko duela zenbateko hori lortzeraino.

Igoera hori Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) bidez bildutakoaren gehikuntzari zor zaio; izan ere, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak egindako aurreikuspenen arabera, Sozietateen gaineko Zergaren bidez lortutako diru-sarrerak, aurtengo aurrekontuetan jasotako 1.042 milioiak 1.031 milioi eurora murriztuko direla aurreikusten baita. 

Azken urteotan, diru-kutxa publikoetara egindako ekarpenak erakusten du PFEZaren eta BEZaren bidez bildutakoa dela ogasunei egindako diru-sarreren zatirik handiena, eta Sozietateen gaineko Zergaren, fortuna handien eta ondareen ondoriozko diru-sarrerek, berriz, ehuneko txikiagoa hartzen dutela. Eta gauza jakina da PFEZ soldatapeko gehiengo sozialetik eta pentsiodunetatik datorrela, BEZ bezalaxe, hau ere denontzat “berdina” baita, nahiz eta pobrea edo aberatsa izan.

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak aurreikusten dituen datuek desberdintasun horiek areagotu baino ez dituzte egiten, eta hori guztia langileak eta gizartearen gehiengoa birrindu dituen pandemiaren testuinguruan ematen da. Eta beti bezala, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak esan du “ez dela zerga-erreformak egiteko unea”; hau da, zerga-bilketa gizartearen gehiengoaren bizkarrean utzi behar dela eta enpresaburuak, fortunak eta ondareak ez direla ukitu behar.

Gainera, orain funtzioaren bigarren zatia dator. Nori zuzenduko zaio diru-sarreren gehikuntza horren banaketa, eta horiei gehitu behar zaien Europako Funtsetatik datorren dirua? Laster aurkeztuko ditu Lakuako gobernuak 2022rako aurrekontuak. Urkulluren, Azpiazuren eta Jaurlaritzako gainerako kideen adierazpenek ez dute erakusten gizarte-premiak estaltzera zuzenduko direnik, hala nola: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak osagarritzera, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eskuratu eta hobetzera, edota, osasun-zerbitzuetako, zerbitzu soziosanitarioetako, hezkuntzako edo premia handiko beste eremu sozial batzuetako baliabideetan eta plantilletan egin behar diren ezinbesteko inbertsioetara.

Arrazoi horiengatik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak kontzentrazioa eta manifestazioa egingo ditu urriaren 28an Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, eta urriaren 25ean Iruñeko Parlamentuaren aurrean, Nafarroan ematen diren arazoak EAEkoen antzekoak baitira.

2.- Lan-erreformaren inguruko negoziazioak

Yolanda Díaz, Lan ministroak, Europar Batasuneko Enplegu ministroek urriaren 15ean Luxenburgon egindako bilerara iritsi zenean adierazi zuenez, “azarorako aurreikusita dago lan-erreformaren lanak amaitzea, urtea amaitu baino lehen Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzeko”, Bruselara bidalitako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean jasotzen den bezala.

Lan-erreforma hori CEOE-CEPYME patronalekin eta CCOO eta UGTko zuzendaritza sindikalekin negoziatzen ari da Gobernua. Eta pentsioen erreformaren lehen zatiaren negoziazioekin gertatu zen bezala, “zuhurtzia”-ren eta “diskrezioa”-ren izenean, ez da planteatzen eta negoziatzen ari denari buruzko ia ezer publikorik egiten, eta komunikabideetara egindako filtrazio batzuen bidez baino ezin dugu zerbait jakin.

Antza denez, Lan Ministerioak patronalari eta CCOOko eta UGTko zuzendaritzei planteatu die enpresek ezin dituztela behin-behineko langileen % 15 baino gehiagok egiturazko lanpostuak betetzen izan. Baina Yolanda Diazek berak proposamen horri buruz galdetu diotenean adierazi du “zuhur jokatu behar dela, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian eztabaidatzen ari dela eta ondo eta erritmo onean egiten ari dela aurrera”.

Gardentasunik gabe, eta lantzen eta negoziatzen ari diren sakoneko proposamenak jendaurrean ezagutarazi gabe, langile guztiek eta gainerako sindikatuek –Hego Euskal Herrian gehiengoa dutenak– ezin dute jakin, erreforma sinatu aurretik, zeintzuk izango diren beren lan-baldintzak. Hori ez da, noski, patronalei negoziazioetan funtsezko aurrerapenak onartzeko presioa egiteko, exijitzeko eta behartzeko modurik onena. Beldur gara ez direla  aurrerapauso esanguratsurik emango, eta erreferentzia negatibo gisa hor ditugu Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoeraren “kaka” eta “miseria”, UGTko idazkari nagusiak berak hitzez hitz egindako adierazpenak.

Egunetik egunera gero eta nabarmenagoa da pentsio publiko duinak, kalitatezko eta zuzen ordaindutako enpleguak eta kalitatezko gizarte-zerbitzuak defendatzeko, gizarte-mobilizazio indartsu, zabal, bateratu eta anitza landu behar dela, datozen hilabeteetan, pentsiodunen mugimenduaren, langileen eskubideen alde borrokatzeko prest dauden sindikatuen eta pobretutako eta baztertutako beste gizarte-sektore batzuen artean.

3.- Erretiro-adina luzatzeko matraka

Ez da egunik igaro eskuineko komunikabideren batean, edo beren burua zentrokotzat duten komunikabideren batean, editorialak eta adituen iritzi-artikulu zorrotzak agertu gabe, lan-adina luzatzea, erretiroa atzeratzea, baita muga barregarrietaraino ere, gogor defendatuz, Gizarte Segurantzaren kutxaren jasangarritasuna bermatzeko.

Escrivá-k izandako “jenialtasuna”, erretiro-adina pixkanaka 75 urtera arte luzatzeko proposamena egitean, “arrazoizko”-tzat jotzen dute. Nahiz eta, handik gutxira, Escrivá hautsak baretzen saiatu, gaizki interpretatu zutela adieraziz, eta, “besterik gabe, Europako gainerako herrialdeetan dagoen joerari jarraitzea ahalbidetuko zuen kultura-aldaketa bultzatzearen alde egin zuela, Europan 55 eta 70 edo 75 urte bitartean gero eta gehiago lan egiten baita”.

Azken egunotan, Zigor Aldama El Correo egunkariko kazetariaren eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) txanda izan da. Lehenengoak, urriaren 18an, “Erretiro-adina 4 urte luzatuz gero, 2050era arteko egonkortasuna lortuko zela” izenburuko kronika batean, honako hau adierazten zuen: “Berdin du politikariek zer dioten. Beranduago hartu beharko dugu erretiroa, bai ala bai”. Eta pisuzko argudio gisa, Diego Valerok, Pentsio Programaren zuzendariak, esandakoa hartzen zuen: “Bilakaera demografikoa eta Gizarte Segurantzaren sistemarako aurreikusitako defizita kontuan hartzen baditugu, erretiro-adina lau urtez luzatuz gero, 2050era arteko egonkortasuna lortuko litzateke”. Eta gehitzen zuen erretiroaren luzapen horri, aurrezki osagarriaren, hau da, pentsio-plan pribatuen sustapena gehitu behar zaiola.

Eta egunkari horretan bertan, urriaren 20an, iragarri zen “bezperan ELGAk Mariano Rajoy-ren gobernuak 2013ko erreforman onarturiko jasangarritasun-faktorearen alde egin zuela”, eta, aldi berean, erretiro-adina luzatzearen alde agertu zela, Portugalek ezarri duen ereduari jarraituz: erretiro-adina luzatzea, bizi-itxaropenaren etorkizuneko igoeren bi heren; hau da, bizi-itxaropenaren hiru urteko hobekuntza bakoitzeko, erretiroa bi urtez atzeratzea.

Botere ekonomiko handien ofentsiba horrek, beren zerbitzura dauden erakunde eta instituzioen, eta kontrolatzen dituzten komunikabide handien laguntza duenak, helburu bakarra du: langileen, pentsiodunen eta beste gizarte-sektore batzuen buruan sartzea “ezinbestekoa” dela, Gizarte Segurantzaren sistema bermatzeko, erretiro-adina mugarik gabe luzatzea (67 urtetik gora, eta adin hori jadanik oso handia da), eta horretarako aitzakiatzat hartzen dute bizi-itxaropenaren handitzea; pentsio publikoak murrizteko eta pentsio-funts pribatuak, bai indibidualak, bai enpresakoak edo hitzarmen bidezkoak, sustatzeko beharra, funts horien kudeaketaren bidez, espekulatzeko eta etekin handiak lortzeko. Bost axola zaie langileen osasuna, ez 65 urtetik aurrera, 67 urtetik aurrera baizik    –gero, gainera, absentismo-maila handia dagoelako kexatuko dira–, berdin zaie 40 edo 50 urteko lana bizkarreratu izana, erretiroa hartu ondoren atseden eta lasaitasuneko urte batzuk ere ezin izatea, … Aseezinak dira.

4.- Pentsiodunen mobilizazio arrakastatsua Madrilen, urriaren 16an

Madrilen larunbatean egindako manifestazioan 15.000 pentsiodun baino gehiago izatea arrakastatsutzat jo behar da. COESPEk deitu zuen, baina Andaluziako Pentsiodunen Mugimenduaren plataformaren, Galiziako Modepen plataformaren eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren ordezkaritza zabal baten babesa izan zuen.

Pentsioen Sistema Publikoa, Pentsio publiko duin eta behar bestekoak, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, auditoria soziala eskatzea… izan ziren pankartetan eta beste adierazpide koloretsu batzuetan erakutsitako aldarrikapen eta eskaera ugarietako batzuk.

Aspaldi ez zen pentsiodunen tamaina horretako manifestaziorik ikusten, izan dugun pandemia-garai luzea eta Estatuko gainerako Herri eta Erkidegoetako pentsiodunen plataformen arteko desadostasunak eta desberdintasunak kontuan hartuta. Datorren azaroaren 13an Hego Euskal Herrian eta Estatuko gainerako Herri eta Erkidegoetan bat etorriko den mobilizazioa bezalako topaguneei begirako urratsak emateko eta aurrera egiteko balio behar duen mobilizazioa.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduan pozik gaude mobilizazio positibo honekin eta konpromiso sendoa hartzen dugu azaroaren 13ak gure herrian benetako arrakasta izan dezan. Hori guztia gure autonomia eta subiranotasun osoari kalterik egin gabe, bai Estatuko erakundeei begira, bai berezkoak ditugun Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko erakundeen aurrean gure aldarrikapenak erabakitzeko. Era berean, gure lan-orriarekin jarraitzeko, gure ekimenak bultzatuz, batez ere pentsiodun gisa, baina, batzuetan, beste gizarte-kolektibo edo -sektore batzuekin batera, beraiek lagunduz, edo egokitzat jotzen dugun bezala, nolabaiteko erregulartasunez egiten ari garen moduan. Babes, osagarritasun edo konbergentzia horiek gero eta behar eta premia handiagoa dute, pentsioen erreformen, lan-erreformaren eta beste murrizketa sozial batzuen bidez ezagutzen ari garena kontuan hartuta.

5.- Iruñean urriaren 25ean eta Gasteizen urriaren 28an izango diren pentsiodunen mobilizazioak prestatzen jarraitzen dute 

Astelehen honetan, Iruñean, mobilizazioarekin bat eginez, eta gainerako hiriburu eta herrietan, ohiko elkarretaratzeetan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren komunikatua zabalduko da, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentuen aurreko mobilizazio horien arrazoiak eta helburuak azalduz. Era berean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian komunikabideei dei egingo zaie eguerdiko 12:00etako elkarretaratzeetara joan daitezen, urriaren 28an, Gasteizen egingo den mobilizazioaren berri izateko.

Pentsiodunen artean giro ona dago eta Euskal Herriko lau herrialdeetako mobilizazioak esanguratsuak eta koloretsuak izango direla sumatzen da. Iruñean gogoz eta ilusioz ari dira lanean. Gasteizen beste horrenbeste. Gipuzkoan, Donostiatik eta dozenaka herritatik (pankartak eramango dituzte) autoz bidaiatuko dute, eta Bizkaitik 8 autobus aterako dira (Ezkerraldea-Meatzaldeko 2; Hego Uribeko 1; Durangaldeko 1; Busturialdeko 1; Bilboko 2 eta Uribe Kostako 1).

Aurreko astean aurreratu genuen moduan, Iruñeko manifestazioa 12:00etan hasiko da Udaletxe Plazatik, Foru Gobernuaren egoitzaren aurretik igaroko da eta Parlamentuaren aurrean amaituko da. Bi erakundeetan dokumentu xume bat entregatuko dute, planteatzen zaizkien eskaerak eta mobilizazioaren arrazoia jasoko dituena. Gasteizen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunek elkarretaratzea egingo dute 11:00etan Plaza Berrian (udaletxetik gertu), eta handik, ibilbide laburreko manifestazioan, Legebiltzarrera joango dira. Bertan Iruñekoaren antzeko dokumentua entregatuko dute.

6.- Astelehenean, Meatzaldeko eta Ezkerraldeko pentsiodunek manifestazioa egingo dute Abanto-Zierbenan

Lehenengo aldiz, Bizkaiko Meatzaldea eta Ezkerraldea eskualdeetako pentsiodunen mugimendua Abanto-Zierbena udalerrian kontzentratu eta manifestatuko da. Eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Ekoetxea biribilgunetik eta udaletxearen aurrean amaituko da manifestazioa. Bi eskualdeetan pentsiodunen mugimendua sendotu izanaren beste adibide bat izango da.

7.- Pentsiodunen mugimenduak San Severino jaietako pregoia irakurriko du Balmasedan

Balmasedako Udalak eskatuta, herriko pentsiodunen mugimenduak irakurriko du aurtengo San Severino Jaien Pregoia. Ia bi urtez Viacrucis, Erdi Aroko Merkatua, Kolitzako Igoera, Inauteriak, Karmenak, Putxerak, Olentzero eta beste jai batzuk ospatu gabe egon ondoren, herriko herritar guztiak jaiez gozatzera animatuko dituzte. Era berean, duela ia lau urtetik hona astelehenero udaletxeko eskaileretan egon direla eta Bizkaiko eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak pentsio publiko eta duinak, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsiodunentzako eta adinekoentzako funtsezko beste aldarrikapen batzuk defendatzeko bultzatu dituen mobilizazio guztietan parte hartu dutela azpimarratuko dute.

8.- Adi! Erretiratuentzako iruzur-gutuna

Duela egun batzuk erretiratu batzuek gutun bat jaso dute, “Banku Datuen Aldaketa Gizarte Segurantza” izenekoa. Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako sistemetan eraso informatiko bat egon dela eta galdu diren herritarren datuak asko direla argudiatuta, e-mail faltsu batera datu pertsonal batzuk bidaltzea proposatzen dute, besteak beste, “banku-erakunde batean, erretiratua titular edo baimendu gisa agertzen den banku-laburpenaren argazki bat”. Estortsio saiakera bat da, eta ez zaio erantzun behar, baina salatu bai

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *