Albiste eta informazio interesgariak 2021eko irailak 18

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Bankuek berdin jarraitzen dute. Astelehenean, irailak 20, Euskal Herriko pentsiodunak berriro kalean

Bankuek gero eta etekin gehiago pilatzen dituzte, eskaintzen dituzten zerbitzuak hondatzen ari diren bitartean. Kredituekin eta hipotekekin gehiegikeriaz jokatzea, komisioen kobrantza handitzea, sukurtsalak ixtea, aurrez aurreko arreta-zerbitzuak murriztea… eta milaka eta milaka lanpostu suntsitzea eguneroko ogia dira, etekinak biderkatzeko helburu bakarra dutenak.

Neurri horiek gizarte osoari eragiten diote, baina bereziki adineko pertsonei eta pentsiodunei, hain zuzen, pentsio edo diru-sarrera baxuak dituzten pertsonentzako komisioen kostu handiagatik, Internet bidezko eragiketetarako zailtasunengatik eta aurrez aurreko arreta jasotzeko beharragatik. Arazo horiek areagotu egin dira Covid-19 pairatzen ari garen 18 hilabete hauetan.

Eta landa-eremuari dagokionez, arazoak are gehiago areagotzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoan 250 udalerritatik 60k ez dute banketxerik, eta herri batzuetan ez dago kutxazainik ere. 30.000 pertsona inguruk, horietako asko autorik gabe edo garraiobide publiko gutxi izanda, etxetik 5 kilometro edo gehiagora joan behar izaten dute dirua eskuratu ahal izateko.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ohar publiko batean adierazi duenez: “Ezin dugu egoera hau onartu. Berehalako neurriak eskatzen ditugu, behin baino gehiagotan salatutako arazoak konpontzeko eta Herritarren Zerbitzurako Banku Publiko baterantz aurrera egiteko. Hori dela eta, astelehenean, hilak 20, kalera aterako gara berriro Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 70 herritan, eta Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, Batzar Nagusietan eta Udaletan ere jakinaraziko dugu”.

2.- Pentsiodunen martxa Bruselara

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta COESPEko kideak diren Gaztela eta Leongo eta Andaluziako Pentsiodunen Plataformek elkarlanean antolatuta, irailaren 27an, arratsalde erdian, autobusez abiatuko da Bilbotik Bruselarako Martxa, non Europako Parlamentua eta Europako Batzordea dauden.

Arrazoia, Europako Pentsio Sistema Publikoak ahultzeko eta Pentsio Plan Pribatuak indartzeko estrategia salatzea, horretarako Europako Funtsak erabiltzen ari direlarik. Ez da ezagutzen eta sufritzen ez dugun zerbaiten salaketa orokorra. Espainiako Estatuan, Gobernuaren jarrerak eta CEOE-CEPYME-rekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin pentsioen erreformaren lehen zatiari buruz lortutako akordioak zerikusi handia dute Europako Funtsen lehen zatia emateko Europako Batzordeak ezarritako baldintzekin.

Gauza bera gertatzen da Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, azaroan amaitzeko asmoz, negoziatzen ari diren neurriekin, belaunaldien arteko ekitatearen faktoreari buruzkoak –etorkizuneko pentsioen aurkako eraso handia izango dena, zalantzarik gabe– eta enpresentzako eta hainbat sektoreentzako pentsio-plan pribatuen Plan Publikoari buruzkoak –kudeaketa pribatua izango duena–. Pakete beraren parte dira, halaber, lan-erreformari buruz abian diren negoziazioak, onartu berri den Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoera mugatzea eta beste murrizketa sozial batzuk. Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko eragile berberek negoziatzen dituzte gai horiek guztiak, baina modu paraleloan.

Baina ez da alde batera utzi behar, nahiz eta Europaren baldintzapen handi horiek egon, erabakitzen denaren erantzukizun nagusia, lehenik eta behin, Gobernuari dagokiola; izan ere, nolabaiteko ahalmena du, lege-dekretuen bidez, LGSren igoera bezalako neurriak hartzeko… eta, bigarrenik, Kongresuan eta hura osatzen duten alderdi politikoei.

Estatuko gainontzeko pentsiodunak igandean, hilak 26, iritsiko dira Bilbora, arratsaldeko azken orduan ziurrenik. Astelehenean, hilak 27, 12:00etan udaletxearen aurrean egiten den elkarretaratzean parte hartuko dute. Ekitaldian zehar prentsaurreko masibo bat egingo da martxaren helburuak eta nondik norakoak ezagutzera emateko. Bruselatik itzulera 28an izango da, eta hilaren 29ko lehen orduetan Bilbora iristea aurreikusten da.

Bruselan aukera egongo da –ziurtatuta dago– martxako kideen ordezkaritza batek, Europako Parlamentuaren barruan, alderdi ezberdinetako europarlamentari talde batekin eta Enplegu eta Gizarte Politikako Batzordearekin elkarrizketak egiteko. Eta kalean, Legebiltzarraren atarian, legebiltzarkideekin bilerak amaitzean, prentsaurreko bat emango da, martxako kide guztien presentzia eta babesa izango duena.

Ekimen gogorra da pentsiodunen adineko jendearentzat, eta garestia bidaiaren eta mantenuaren gastuengatik. Asmoa da bi autobus eramatea. Oraindik ere leku nahikoak daude pentsiodun gehiagok izena eman dezaten. Hori egin nahi duenak bide arruntetatik eman dezake izena, zuzenean edo telefonoz Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzean ardura hartu duten bi lagunengana joz.

3.- Argindarraren eta tarifa elektrikoen igoeraren aurkako protestak

Pasa den astelehenean, 4.000 pentsiodun baino gehiago atera ginen kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 70 bat herritan, argindarraren eta tarifa elektrikoen etengabeko igoera salatzeko, hain zuzen, igoerak eragin handia baitu, batez ere, diru-sarrera gutxiko pertsona eta familiengan eta pentsiodunengan, pobrezia energetikoan ozta-ozta bizitzera eramanda.

Elkarretaratze eta manifestazio jendetsuena Bilbokoa izan zen, 800 pertsona inguru bildu zituena. Euskadi Plazan, Iberdrolako Dorrearen aurrean, kontzentratu eta manifestazioa hasi zen, Moyua Plazan gobernu zentralaren ordezkariordetzaren aurrean amaitzeko. Iberdrolaren aurrean egindako kontzentrazioa eta salaketa, euskal enpresa elektriko handi honek argindarraren prezioen eta etxeko faktura elektrikoen igoeran betetzen duen papera sinbolizatzen zuen eta paper hori salatzeari zegokion. Horren ondorioz, enpresa horren mozkinen igoera eskandalagarria da, energia elektrikoaren ekoizpen prozesu osoa monopolizatzen duten beste enpresa elektriko handienena bezala, prezioak bere nahierara eta interesen arabera ezarriz. Ekologistak Martxan taldeak ere parte hartu zuen manifestazioan.

Ostegunean beste elkarretaratze bat egin zen Iberdrolako Dorrearen aurrean, kasu honetan Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta Ekologistak Martxan taldeak deituta eta pentsiodunen mugimenduak eta hainbat sindikatuk lagunduta. 1.000 pertsona inguru bildu ziren.

Pentsiodunen mugimenduak Hego Euskal Herri osoan egindako mobilizazioek oihartzun esanguratsua izan zuten idatzizko hainbat hedabidetan eta telebistatan, argindarraren eta tarifa elektrikoen igoerarekiko kezka sozialaren isla.

Pedro Sanchezen Gobernua arazo honen dimentsio sozialaz jabetu da. Eta asteartean Ministroen Kontseiluak neurri sorta bat onartu zuen, Lege Dekretu batean jasota, argindarraren fakturan islaturiko eragina arintzeko. Horietako batek hautsak harrotu ditu elektrizitate-enpresa handietan, helburua baita “zerutik eroritako etekinen” %90 arte itzultzea, orain arte, enpresak, arrazoirik gabe, beren etekinak handitzeko baliatu direnak. Nolanahi ere, proposatutako neurriak aldi baterako izango dira, tarifa elektrikoen prezioa 2018koen antzekoa izango delakoan.

Zaila da hori guztia zertan geratuko den iragartzea, ezta Gobernua noraino iritsiko den ere; are gutxiago, neurri horiek argindarraren eta tarifen prezioan izan ditzaketen ondorio zehatzak eta berehalakoak jakitea. Jakina, prezioen igoera eskandalagarri hori berehala geldiarazten ez bada, gure ustez, premiaz prestatu beharko litzateke mobilizazio masibo eta bateratu bat, bertan parte hartzeko prest dauden sektore edo kolektibo sozial guztiei irekia.

4.- Osakidetzak murrizketak egiten jarraitzen du 

Osakidetzak premiaz behar ditu inbertsio gehiago eta langile gehiago. Premia horiek urrunetik datoz, eta Covid-19ren pandemiak areagotu egin ditu. 2008ko krisi ekonomikoaz geroztik Gasteizko Gobernuak aplikatu duen politikaren eta pribatizazioaren aldeko apustu irmoaren emaitzak dira.

Pandemiak agerian utzi du Osakidetzak ohe defizit handia duela, batez ere gaixo kritikoen unitateetan, suspertze-unitateetan eta ZIUetan. Alemaniak, adibidez, 30 ohe ditu 100.000 biztanleko, Osakidetzak 9 ohe baino ez ditu.

Europako inguruko herrialdeekin alderatuz egindako ikerketek azpimarratzen dute Osakidetzak medikuen defizit handia duela Lehen Mailako Arretan, eta 3.000 erizain inguru behar direla. Gauza bera gertatzen da erizaintzako laguntzaileen, administrari laguntzaileen, zaindarien eta abarren kategorietan, eta okerrago daude garbiketa-zerbitzuak eta Osakidetzak azpikontratatutako beste batzuk, plantilla murriztuak eta lan-baldintza txarrak dituztenak.

Pandemiaren etorrerak herritarren eta, bereziki, adinekoen osasun-premiak areagotzea ekarri du, baina ez du murrizketa-politika geldiarazi. Hor dago Deustuko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) itxi berria gaueko ordutegian, zerrenda luze baten azkena: San Martin Gasteizen, Altza Donostian, Zumarraga Gipuzkoan, Algorta Bizkaian… Itxieren ondorioz, EAEko biztanleen %31,80k, 690.000 pertsonak, ez dute ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuetarako sarbide osoa.

Bestalde, udan arreta murriztu egin da anbulatorio gehienak arratsaldeko 17:00etatik aurrera itxiz, eta ez 20:00etatik aurrera, orain arte bezala. Horri, diagnostiko ona egiteko funtsezkoa den aurrez aurreko arreta eskuratzeko zailtasunak gehitu behar zaizkio, eta baita, Covid-19arekin zerikusirik ez zuten larrialdiko ebakuntza kirurgikoak egiteko atzerapen handia ere.

Ez dute balio, pandemiaren ondorioz, osasun-premia guztiei behar bezala erantzutea eragozten zuen ezohiko egoera batean bizi izanaren aitzakiek. Ezta koronabirusa kontrolatu ondoren, arazoak konponduko zireneko promesek ere. Herritar gehienentzat, zalantzarik gabe, ezinbestekoak eta premiazkoak dira sakoneko hobekuntzak, hala nola: aurrez aurreko arreta berreskuratzea, adinekoentzat funtsezkoa dena. Inbertsio gehiago zerbitzu publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatekoa eta behar beste plantilla duena bermatzeko, bai osasun-zerbitzuentzat, bai zerbitzu soziosanitarioentzat. Lehen Mailako Arretaren aurrekontua %14tik %25era igotzea, Europako estandarrekin parekatzeko eta, horrela, sortu zenean zituen sustapen- eta prebentzio-printzipioak bete ahal izateko. Kutsatzeen kontrol eta jarraipen handiagoa ahalbidetuko duten arakatzaileen kopurua handitzea, Osakidetzak berak aitortzen baitu horien gainean dagoen ezagutza urria. Eta azkenik, Europako funtsak pertsonak erdigunean jarriko dituzten eta, besteak beste, osasun-sistema publiko eta soziosanitario indartsuak eta kalitatekoak ahalbidetuko dituzten gizarte-politiketara bideratzea.

Hobekuntza horiek Gasteizko Gobernuak defendatzen eta bultzatzen duen azpikontratazio eta pribatizazio politikaren guztiz kontrakoak dira. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak etenik gabe jarraituko du mobilizatzen, arazo horiei irtenbidea eman diezaieten eskatzeko. Ahal dugun guztietan, sektoreko sindikatuen protestak eta aldarrikapenak babestuko ditugu, bai eta egoitzetako erabiltzaileen senideen elkarteenak ere.

5.- Gobernuaren eta CCOO eta UGT sindikatuen arteko akordioa, LGSren (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) igoerari buruz

Ostegunean itxi zuten Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek LGSren igoerari buruzko akordioa, baina CEOE-CEPYME patronalek ez dute sinatu. Pentsatzekoa da datozen egunetan gobernuak igoera hori ofizialduko duela, lege dekretu bidez. Gobernuarentzat akordio hori arnasbidea da, CCOO eta UGT sindikatuek onartu izanak nolabaiteko babes soziala ematen baitio, hain igoera eskasaren aurrean.

Adostutako igoera hilean 15 eurokoa da, beraz, LGS 965 eurokoa izango da 14 ordainsaritan. Baina irailaren 1etik aurrera soilik aplikatuko da, eta, beraz, ez da atzeraeraginik izango aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera. Bestalde, akordioaren arabera, 2023an LGS 1.049 eurokoa izango da, eta, beraien kalkuluen arabera, estatu mailako batez besteko soldataren %60 izango da.

Aurreko asteetan salatu izan dugu gutxienez urte honetarako LGSren aurreikusitako igoerak –orain 15 eurokoa da– ez lukeela Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) ere berreskuratzea ondorioztatuko. Izan ere, hipotesirik onenean, gobernuko “adituek” uste dute urtearen amaieran %2,50ekoa izango dela. Horrek 23,75 euroko igoera ekarriko luke. Horri gehitzen badiogu ez dela atzeraeraginez aplikatuko urtarrilaren 1etik aurrera, erraza da ondorioztatzea LGS horrek –oso txikia jada– ez duela KPIren ehunekoa berreskuratuko. Egia esan, CCOO eta UGT sindikatuek akordio hori onartzea tristea eta kezkagarria da.

Urretxu Zumarraga Urgentziak Irekitzeko

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak 1.200 euroko LGS defendatzen eta eskatzen jarraitzen du. Are arrazoi gehiagorekin, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi-kostua Estatuko batez bestekoa baino nabarmen handiagoa denean, eta LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) kalkulatzeko batez besteko soldataren % 60, Europako Gutun Sozialak ezarria, 1.200 eurotik gorakoa denean. Gasteizko eta Iruñeko gobernuei dagokie, dituzten arduragatik eta aukerengatik, LGSren zenbateko hori ezartzea. Pedro Sánchez buru duen koalizio-gobernuari erantzukizun nagusia kendu gabe, ez dezatela koartadatzat edo aitzakiatzat hartu beren eskumenen parte ez izana, zeren eta, hasteko, ondo baitakite beren administrazioetako zerbitzu publiko guztietan aplika dezaketela, haientzat lan egiten duten kontratetan barne. Aspalditik ari da eskaera hori egiten euskal gehiengo sindikala.

Spread the love

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *