Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko uztailak 4
1 – Pandemia izan arren, Osakidetzak murrizketekin jarraitzen du
El Correo egunkariak jakitera eman duenez, Osakidetzak, aurreko urteetan bezala, zerbitzuak eta oheak itxiko ditu eta anbulatorio batzuek ordutegiak murriztuko dituzte udan. Halaber, langileek uste dute, uda igarota, Gorlizko EAG (Etengabeko Arretarako Gunea) itxi daitekeela. Murrizketa horiek aurreko urteetakoen oso antzekoak dira (aurten, 830 ohe, iaz 910 ziren bitartean), eta, orain, Orion edo Txagorritxuko eta Basurtuko ospitaleetan bizi izan ditugun bezalako Covid-19ren berragerpenak izateko aukera egonda, murrizketa horiek larriak izan daitezke, eta arriskuan jar ditzakete langileen eta herritarren segurtasuna eta osasuna.
Bestalde, azken Gobernu Kontseiluan iragarri dutenez, Osakidetzak 110 langile gehiago izango ditu, lehen mailako arreta indartzeko asmoz: 64 erizain, 18 fisioterapeuta, 5 farmaziako eta 23 administrari laguntzaile.
Ostiralean, ekainaren 26an, Osakidetzako langileek kontzentrazioak egin zituzten hainbat ospitale eta osasun-zentrotan, sektoreko sindikatu guztiek deituta, inbertsio gehiago, langile gehiago, babes-baliabide nahikoak, Lehen Mailako Arreta sendoa eta zerbitzu pribatuak kudeaketa publikora itzultzea eskatzeko. Elkarretaratze horietako askotan, Euskal Autonomia Erkidegoko pentsiodunen mugimenduko pentsiodunen taldeen presentzia eta babesa izan zuten.
Berriro, uztailaren 9an, 18:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte Bizkaian (Bilboko Kale Nagusia 85), Gasteizen (Olagibel kalea) eta Donostian (Boulevard kalea), Osakidetzari erantzun eta konponbide serioak eskatzen jarraitzeko. Herritar guztiei luzatu diete elkarretaratzeetan parte hartzeko gonbidapena.
Egoeraren larritasuna dela eta, lankidetza eta ekintza bateratuak bultzatu behar ditugu Osakidetzako langileen, adinekoen egoitzetako eta etxez etxeko arretako langileen artean, bai eta pentsiodunen mugimenduarekin ere, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoak sendotu eta indartuko dituzten politikak aktiba ditzan eskatzeko.
2 – Pentsiodunak ordaintzen ari garen “zerga”, 2011ko eta 2013ko erreformen ondorioz
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak egindako azterlan batean jasotzen dira, 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen ondoriozko murrizketak aplikatzearen ondorioz, gutxi gora behera zenbateko “zerga” ordaindu dugun edo gaur egungo pentsiodunek jasan ditugun diru-galerak – eta hurrengo belaunaldiek jasango dituztenak –. Zerga edo ordain horrek balio izan du, hein batean, 2008ko finantza eta ekonomia krisia ordaintzeko. Azterlan horretan hainbat atal agertzen dira, eta hiru astetan zehar argitaratuko ditugu. Lehen aldi honetan, 2011n pentsiodun ginenon galerak baino ez ditugu aipatuko.
Alde batetik, 2011. urtean izandako pentsioen izoztearen ondorioz, eta bestetik, 2012. eta 2017. urteen artean % 0,25eko igoera-mugen ondorioz, denetara, prestazioek KPIarekiko % 5eko galera izan dute. Murrizketa horren ondorioz, 2017tik aurrera, 2010. urtearekin alderatuta, batez besteko kotizaziopeko pentsioak, 1.000 eurokoak, hilean 50 euro inguru galdu du erosteko ahalmenari dagokionez. Hau da, urtean, 700 euro 14 ordainsaritan eta, pentsiodun moduan izango den bizialdian, batez beste 20 urteko iraupena kalkulatzen dena, 14.000 euroko galera.
Murrizketa horrekin, Pentsio Sistema Publikoak 6.790 milioi euro aurreztuko lituzke urtean, kontuan hartuta Espainiako Estatuan 9,7 milioi kotizaziopeko pentsio daudela. 2018ko eta 2019ko pentsioen igoerak KPIaren gainetik egon ziren, baina 2020an 0,9 aplikatu da KPIaren igoera hori izango zela aurreikusita. Datozen urteetan pentsioen igoera KPIaren azpitik badago, ordainduko dugun benetako zerga lehen kalkulatutakoa baino handiagoa izango da.
Espainiako Bankuak egunotan adierazi duenez, pentsioa kotizatutakora egokitu behar da eta Austriako motxila ezarri. Hala ere, ez du ezer adierazi egungo pentsioek KPIren igoera izango dutela bermatzeari buruz, are gutxiago gutxieneko pentsioak 1.080 eurora hurbildu edo igotzeari buruz. Ezin ditugu alde batera utzi eskaera horiei ere eraso egiteko arriskuak.
3. – Sozietateen gaineko Zergaren diru-bilketa jaitsi egin da 2007tik EAEn eta Nafarroan
Ez da Hego Euskal Herriko bi erkidegoen arazo esklusiboa. Sozietateen gaineko Zergaren diru-bilketak behera egin du Europa osoan duela urte batzuetatik hona, baina gure herrialdearen hegoaldean proportzio handiagoan izan da jaitsiera. Horrek atzerakada sozial handia adierazten du, Europak, batez ere enpresaburu eta korporazio handiek, etekinak mantendu eta handitzeko egindako erasoaldiaren aurrean.
2007. urtean, zerga horren bidez bilketa-tasarik handiena zuen Europako herrialdea Norvegia zen, Barne Produktu Gordinaren % 10,8. EAEn, portzentaje hori % 3a zen, eta Europako 14 herrialderen atzetik zegoen. Nafarroan, % 4koa zen.
2018an, Norvegia buru zen BPGren % 6rekin, baina EAE, % 1,9rekin, Europako 24 herrialderen atzetik zegoen, eta Nafarroa % 1,3an zegoen.
Iaz, 2007an Sozietateen gaineko Zergaren bidez biltzen zena baino % 36 gutxiago bildu zen EAEn. Hala ere, aldi horretan PFEZaren eta BEZaren bidez bildutako diru-kantitateek % 34 eta % 25 egin zuten gora, hurrenez hurren. Horren ondorioz, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Ogasunek bildutako guztiari Sozietateen gaineko Zergak egindako ekarpena 2007 urteko % 14,77tik 2019ko % 8,41era jaitsi zen. Egoera are konprometituagoa da Nafarroan, 2019an % 7ra jaitsi baitzen.
Guztiontzat jakina da PFEZren bilketaren zatirik handiena besteren konturako langileen ekarpenari zor zaiola, eta gauza bera gertatzen da herritar guztiok berdin ordaintzen dugun, baina errenta ertain eta baxuei askoz ere gehiago eragiten dien BEZarekin.
Duela bi aste jakinarazi genuen Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek 2019an irabaziak izan dituzten enpresen kuotaren % 60 barkatzea erabaki zutela, “baldintza jakin batzuk betez gero eta proiektu jakin batzuetarako”.
Eta Urkullu jaunak behin eta berriz esan du oraingoz zergak izoztuta geratuko direla, BEZaren batzuk izan ezik. Koronabirusak irekitako egoeraren ondorioz diru-bilketak behera eta gizarte-premiek gora egingo dutenean, gobernuak, enpresa-etekinei eta errenta eta aberastasun handiei – eurei dagokiena ere ordaintzen ez dutenak, elusioen eta justifikaziorik gabeko kenkari ugarien bidez – zerga-bilketa handiagoko neurriak ez aplikatzeak ondorio larriak ekarriko dizkigute. Zoritxarrez, Urkullu berriro ere Gasteizko Gobernu berriaren buru bada, Confebask eta ekonomia- eta finantza-botere handiak babesten jarraituko duenaren beldur gara, gizartearen gehiengoaren kaltetan, egoera gero eta kaskarragoan bizi baikara.
4. – Elkarrizketak eta harremanak erakundeetako ordezkariekin
Ostiralean, ekainaren 26an, EAEko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza bat Osasun Sailburuordearekin eta Arreta Soziosanitarioko koordinatzailearekin bildu zen. Pentsiodunen ordezkaritzaren ondorioa izan zen EAEko gobernuak balorazio autokonplazientea egiten duela, nahiz eta hildakoen artean emaitza negargarriak izan (ia 1.600 hildako, gehienak 60 urtetik gorakoak, eta koronabirusa izandako 600 baino gehiago, egoitzetan).
Mendekotasuna duten adineko pertsonak osasun-zerbitzu espezializatuetara sartzeari dagokionez, diskriminazioa ukatu dute, baina ez dituzte eskatutako datu zehatzak eman, foru-aldundien esku daudela argudiatuta.
Era berean, ez dute garrantzitsutzat jotzen osasunean eta zerbitzu soziosanitarioetan izandako pribatizazioen eta murrizketen eragin negatiboa.
Jarrera eta autokonplazentzia horrekin, pandemiak agerian utzi dituzten arazo larriak konpontzeko eta izan daitezkeen berragerpenei aurre egin ahal izateko beharrezkoak diren inbertsioak egiteko, zerbitzuak emateko eta osasun-langileak eta laguntzaileak gehitzeko prest egotea oso zaila da.
Ekainaren 30ean, pentsiodunen mugimenduak Urkullu lehendakariaren gutun bat jaso zuen, ekainaren 25ean bidali zitzaion idazkiari erantzunez. Bertan, EAEko pentsiodunen ordezkaritzarekin biltzeko aukera saihestu zuen berriro, eta Enplegu eta Gizarte Zerbitzuetako Sailaren eta Lan eta Justizia Sailaren esku utzi zuen aurretik bidali zigun gutunari buruzko gure argibide-eskaerari erantzutea.
Ekainaren 30ean bertan, mugimenduak Bizkaiko Ahaldun Nagusi Rementeria jaunaren erantzuna jaso zuen, bi hilabete geroago, apirilaren 21ean bidalitako idazkiaren inguruan. Pentsiodunen mugimenduak Ahaldun Nagusiaren idazkia aztertuko du. Nahiz eta balorazio zehatzagoa egin ez, adierazi behar da Rementeria jaunaren erantzunean saihestu egiten dela planteatutako oinarrizko galderei erantzutea, Osasun Saileko ordezkariekin egindako bileran gertatu zen bezala.
5. – Pentsiodunen manifestazioak eta elkarretaratzeak, ekainaren 29an
Zazpigarren astelehenez jarraian, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen mugimendua hiriburuetan eta lau herrialdeetako 55 herritan bildu zen berriro, eta 4.000 pentsiodunek baino gehiagok hartu zuten parte.
Nabarmentzekoa da Tolosako Iurreamendia egoitzaren aurrean egin zen kontzentrazioa, gero 400 pentsiodun inguruk eskualdean egindako manifestazioarekin jarraitu zuena. Gasteizen ere 300 bat lagunek manifestazioa egin zuten, Udaletik abiatuta Gobernu Zentralaren Ordezkariordetzatik, Parlamentutik eta Foru Aldunditik igaro zena. Iruñean, 200 pentsiodun abiatu ziren udaletxetik Foru Parlamentura iritsi arte. Donostian 150 pertsona bildu ziren eta ondoren manifestazioa egin zuten. Beste horrenbeste gertatu zen Portugaleten, 150 pentsiodunen parte-hartzearekin.
6. – – Mahai-ingurua alderdi politikoekin uztailaren 7an, Arrupe Etxean (Bilbo)
Joan den asteartean Gasteizen egin zen bezala, datorren asteartean, uztailaren 7an, mahai-ingurua egingo da Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin, osasunaren, egoitzen eta eguneko zentroen, pentsioen eta haien etorkizunaren inguruan dituzten jarrerak eta konpromisoak azal diezazkiguten. Mahai-ingurua egingo den lokaleko osasun-segurtasuneko baldintzak direla-eta, 60 pentsiodun inguru baino ezin dira egon.







