Albiste eta informazio interesgarriak 2020-09-19

Iruña

Joan den asteko ostiralean, hilak 11, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren izenean, bi kidek osaturiko ordezkaritza bi orduz elkarrizketatu zen Magdalena Valeriorekin. Bera, Gizarte Segurantzako ministroa izan zen Pedro Sanchezen aurreko gobernuan eta gaur egun Toledoko Itunaren Batzordeko presidentea da.

Gure ordezkaritzaren helburua zen Magdalena Valeriori gure aldarrikapen eta mobilizazioen zergatia azaltzea eta baita Toledoko Itunaren negoziazioak lehen eskutik ezagutzea ere. Gure bi kideek egindako balorazio-txostenaren laburpen gisa, honako hauek azpimarratu nahi ditugu:

Magdalena Valeriok, lehenik eta behin, jakinarazi zuen oinarrizko akordio bat dagoela, boto partikularrak egon arren, bozeramaileen bileran eta Batzordean berretsiko dena, eta epe laburrean akordio hori Kongresura bidaliko dela. Eta alderdi guztiekin akordio bat bilatu eta lortu dutela, gomendioak hurrengo aurrekontuetan sartu ahal izateko.

Gomendio zehatzak zeintzuk ziren galdetuta, honako erantzun hauek eman zituen:

Gure ordezkaritzak era partzialean positibotzat jotzen dutenak:

Ez dago alderdi politikorik 2013ko erreforma defendatzeko prest.

Pentsioen diru kopurua handitzea. Valerio andreak ziurtatu du pentsioak eguneratzeko gomendioetan KPIa beste adierazlerik ez dela egongo.

Iraunkortasun-faktorea. Ez da gomendioen artean sartuko. Baina ez zuen zehaztu 2013ko erreforman jasotako baldintzetan mantenduko den.

Austriako motxila. Eredu hori gomendioen artean ere ez dela sartuko ziurtatu du.

Pentsioen Sistema Publikoak (PSP), berari ez zegozkion arren, egindako gastuak 2025ean kanpora ateratzea. Adierazi zuen, PSP jasangarria ez dela gezurtatzeko, onartzeko moduko neurria izan daitekeela.

Argitu gabeko gaiak:

Autonomoen tarifa lauak kentzea eta kotizazio-tarteak ezartzea, diru-sarreren arabera. Badirudi argi dagoen gauza bakarra dela gai horri buruzko akordioak eragin zuzena duen kolektiboaren iritzia kontuan hartu behar dela.

40 urte kotizatuta dituztenentzako koefiziente murriztaileak indargabetzea. Oraindik ez dago gai honi buruzko proposamen zehatzik.

Pentsioen soldata arautzailea kalkulatzeko urteak zabaltzea. 2022an azken 25 urteak hartuko dira kontuan. Oraindik ere ez dakigu zer egingo edo erabakiko duten, baina batzuen asmoa bada lan-bizitza osora zabaltzea.

Gure ordezkaritzak desadostasuna adierazi zuen ondoko gaiekiko:

Erretiratzeko benetako adina legezko adinarekin berdintzea, beste gogoeta batzuk kontuan hartu gabe, eta are gutxiago horretara behartu nahi bada koefiziente edo zigor oso larrien bidez.
Erretiro-adina 67 urtera arte luzatzea, 2027an amaituko dena.

Pentsio-plan pribatuak sustatzea, nahiz eta izaera kolektiboko planei lehentasuna eman.

Gainera, gure premiazko eta funtsezko aldarrikapen gehienak Toledoko Itunaren egungo akordiotik kanpo geratzen dira.

2011ko pentsioen erreformaren alderdi atzerakoiak indargabetzea. PSOEk eta Unidas Podemosek adostutako 2019ko aurrekontu-proiektuan jada jasota zegoen gai bat alde batera utzi da, hain zuzen, gutxieneko pentsioa batez besteko soldataren %60arekin parekatzea. Horregatik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko LGS eskatzen ditugu. Ez da ezer esaten lana eta enplegua banatzeari buruz, ezta, gure gazteek enplegu eta soldata duinak izan ditzaten, erretiro-adina murrizteari buruz; aitzitik, 67 urtera luzatzen ari da. Adierazpen hutsak alde batera utzita, ez da ezer egiten genero-arrakala gainditzeko, eta ez da aipatzen alarguntasun-pentsioa, batez ere emakumeei eragiten diena, ezkontidearen oinarri arautzailearen %100era handitzea.

Pentsiodunen mugimenduak egindako mobilizazio masiboei esker, eta bereziki Euskal Herrian egindakoei esker, jasotako babes sozial eta sindikalarekin batera, zerbait lortu genuen, nahiz eta oso apala izan. Estatuko Gobernuak eta erakundeek, Euskal Autonomia Erkidegokoek eta Nafarroako Foru Erkidegokoek bezala, gure aldarrikapenei erantzun zuzena eta duina emateko modu bakarra da mobilizazio horiekin jarraitzea eta, ahal bada, modu biziagoan.

7– Madrilgo bisitaren kronika

Magdalena Valeriorekin elkarrizketatu ziren bi kideekin batera, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko beste 14 kide joan ginen Madrilera.

Kongresuaren atarian, Madrilgo pentsiodun talde batek hartu gintuen, eta haiekin batera kontzentrazio sinboliko bat egin genuen. Baina espainiar polizia bi agentek esan ziguten ezin genuela 20 pertsona baino gehiago bildu, eta 30 baino gehiago ez izan arren, eta gainera bananduta, poliziak nortasun-agiria eskatu zien han geunden pertsona askori. Espero dezagun kontu hau haratago ez joatea.

Hala ere, Kongresuaren atarian egon ginen bi ordu eta erdiz, Magdalena Valeriorekin elkarrizketatu ziren bi lagunek, eta euskaraz parte hartu zuen beste euskal lagun batek, zergatik geunden han azaltzeko prentsaurrekoa egin arte

Madrilgo pentsiodunen taldearekin egindako iritzi-trukaketa positiboa izan zen, defendatzen ditugun aldarrikapen komunak erakutsiz, mobilizatzen jarraitzeko beharra nabarmenduz eta pentsiodunen mugimendu ezberdinen, bai Hego Euskal Herrikoen, bai Estatu espainiarreko herri guztien, autonomia edo subiranotasunarekiko elkarrekiko errespetua nabarmenduz.

8– EAEko Egoiliarren Senideen Elkarteen eta Pentsiodunen Mugimenduaren baterako mobilizazioak eta ekimenak

Gaur bertan, irailaren 19an, mobilizazio bateratua egingo da Bilbon, Babestu (Bizkaiko Egoiliarren Senideen Elkartea) eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren eskutik. Bi elkarretaratze egingo dira, eguerdiko 12etan, bata Plaza Eliptikoan eta bestea Plaza Biribilean. Ondoren, lau ilaratan, Bizkaiko Foru Aldundiraino joango dira.

Ekimen hori sartzen da kaleko mobilizazio eta ekimen batzuek eta baita Urkullu lehendakariari eta beste erakunde batzuei eskaturiko elkarrizketek osaturiko dinamikan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoiliarren senideen bost elkartek eta Euskal Autonomia Erkidegoko pentsiodunen mugimenduak adostuta. Gaur egun, topaketa-esparru hori ezin izan da Nafarroara hedatu.

Herrialde bakoitzean modu autonomoan egingo dira ekimenak, mobilizatzeko data eta modurik egokiena iruditzen zaizkienak hautatuz. Gipuzkoan, duela gutxi, Gipuzkoako Senideak elkarteak, egoitzetako langileen eta pentsiodunen taldeen laguntzarekin, hainbat ekimen bultzatzen hasi da herrialdeko hainbat herritan. Ekimen horiek babes eta oihartzun sozial handia dute.

Ostegun honetan, halaber, EAEko egoiliarren senideen elkarteetako eta pentsiodunen mugimenduko ordezkaritza zabal batek elkarretaratzea egin zuen Lehendakaritzaren aurrean, eta prentsaurrekoa eman zuen. Beste behin ere, Urkullu jaunari eskatu zion harrera egiteko egoitzen arazo larriari aurre egiteko, non heriotzak eta kutsatzeak berriro ere dimentsio kezkagarria hartu duen, pandemiaren bigarren olatuaren ondorioz.

Eta datozen egunetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoiliarren senitartekoen elkarteek bilera bat egingo dute EAEko pentsiodunen mugimenduarekin, hiru herrialdeetako egoitzetan komunak diren arazoak baloratzeko eta Gasteizko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari zein hiru Foru Aldundiei egin beharreko eskaera premiazkoenak adosten saiatzeko. Askotariko ekimenak bultzatzeak, erakunde eta alderdi politikoekin EAE mailan egindako elkarrizketak sustatzeak, zalantzarik gabe, asko indartuko luke egoitzetan hartu beharreko premiazko neurrien aldeko gizarte-eskaera eta oihartzuna.

9– Balorazio positiboa eta animoa Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduan

Ostegunean Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen plataformak bildu ginen Gasteizen. Bileraren hasieran, Osakidetzako sindikatuen mahai bateratuko ordezkari batek datozen egunetan bultzatzeko asmoa duten ekimenen berri eman zuen, eta gure babesa emateko interesa nabarmendu zuen. Aho batez onartu zen laguntza-eskaera hori, baina gogorarazi zitzaion zein garrantzitsuak diren mendekotasuna duten adinekoentzat egoitzetan edo etxean haiek zaintzen dituzten langileen lan- eta arreta-baldintzak. Hori dela eta, sektoreko sindikatuek konpromiso sakona hartu behar dute arazo horiek konpontzeko.

Era berean, aho batez – ohikoak diren ñabardurekin – baloratu zen pentsiodunen mugimenduak Hego Euskal Herri osoan bizi duen egoera positiboa eta adoretsua. Mugimendu horrek indarra berreskuratu du astelehenetan hiriburuetan – Gasteizen, astelehenean – eta lau herrialdeetako 70 bat herritan egindako elkarretaratzeetan eta bestelako ekimenetan parte hartuz.

Toledoko Itunaren negoziazioei eta horri buruz dugun jarrerari buruzko diagnostikoak, bai eta datozen asteetan eta urriaren 1aren inguruan (Adinekoen Nazioarteko Eguna) bultzatu beharreko mobilizazio-ekimenek ere, jende guztiaren adostasuna eta borrokarekin jarraitzeko prestasuna eta gogoa jaso zituzten, nahiz eta 2018ko urtarrilaren 15etik aurrera atsedenik gabe egin.

10– Elkarrizketak eta harremanak EAJrekin eta EH Bildurekin

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko ordezkaritza bat bildu zen, asteazkenean, EAJren ordezkaritza batekin modu telematikoan, eta ostiralean, Toledoko Itunaren batzordeko eztabaidetan parte hartu duen EH Bilduren ordezkari batekin. Toledoko Itunaren inguruko eztabaida eta negoziazio horien inguruan gure kezkak azaldu nahi genizkien, eta horien inguruan zer jarrera, proposamen eta konpromiso dituzten jakin nahi genuen. Hurrengo bi asteetan Kongresuko talde politiko guztiekin bilerak egiten saiatuko gara. Batzorde horren gomendioei buruzko negoziazioak urrian itxi eta Kongresura pasa daitezke. Premiazkoa da mobilizatzea onarpen horren arrisku negatiboen aurrean.

Views: 1
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude