Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko abenduak 12


Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu Pentsiodunen Mugimenduaren berriak
  1. – Abenduaren 5ean, pentsiodunen manifestazioek arrakasta handia izan dute EAEn

Igaro den larunbatean, abenduak 5, 9.000 pertsonak, gehienak pentsiodunak, parte hartu genuen Euskal Autonomia Erkidegoko Pentsiodunen Mugimenduak deituta manifestazioetan. Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 39 herri handi, ertain eta txikitan egin genituen. Aurretik, astelehenean, Iruñeko lagunek egin zuten. Eta astelehenean, berriz ere, Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Hego Euskal Herriko hainbat herritan bildu ginen ohiko kontzentrazioetan.

Protesta egitera atera gara Estatuko Kongresuak onartu dituen Toledoko Itunaren gomendioak salatzera eta pentsio publiko duin eta behar bestekoak defendatzera eta exijitzera. Bertaratzeak zalantzarik gabeko arrakasta izan zuen, kontuan hartuta bai pandemiak kutsatzeko beldurra zein euri eta hotz pean, eta Gasteizen elurpean, egin zirela.

Herri gehienetan, manifestazioetan izandako parte hartzea bikoiztu egin zen, baita kasuren batean hirukoiztu ere, azken hilabeteetako astelehenetako kontzentrazioetan izandakoarekiko, pandemiaren beldurrak baldintzatu eta mugatu duen asistentzia. Ezin dugu azpimarratu gabe utzi gazteen parte-hartzea herri batzuetan, adibidez, Gasteizen eta Agurainen. Era berean, hainbat herritan tokiko gizarte-talde guztiekin harremanetan jartzen eta manifestazioetara batera parte hartzeko animatzen egindako lan apartak, manifestazioak oso arrakastatsuak izaten lagundu zuen.

Era berean, Estatuko gainerako herrietako hainbat pentsiodunen plataformek egindakoak poztu gaitu eta beraiek zoriondu behar ditugu; izan ere, prestatzeko denbora gutxi egon arren, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak gonbidatuta, hainbat ekimen eta mobilizazio egin baitzituzten abenduaren 5ean, gure manifestazioekin bat eginez.

2.– Aseezinak dira

Botere ekonomiko handiei, enpresaburuei eta haien babesle politiko eta instituzionalei ez zaie axola, ezta kezkatzen ere, pandemiaren kontura enpleguak galtzea, eta Estatu osoan zein Hego Euskal Herrian bizi den miseria eta pobrezia sozialaren krisia.

Azken asteetan ostalaritzan, zerbitzuen sektorean eta baita azken urteotan etekin handiak izan dituzten industria-enpresa handietan ere izandako lanpostuen galeraren berri eman dugu,.

Baina aseezinak dira, ez zaie axola pentsiodunak, langileak eta beste gizarte-talde zabal batzuk oso egoera larrian egotea, baita muturreko pobrezian ere. Iñaki Garcinuño Bizkaiko enpresaburuen presidenteak, aurpegi osoarekin eta bekainak zimurtu gabe, publikoki adierazi du interesa duela, ERTEak amaitu ondoren, langileek gutxienez sei hilabetez lanpostua bermatuta izateko konpromisoaren ostean, “patronalak konpromiso hori apurtu ahal izatea eta, beraz, jendea kaleratzeko aukera izatea, lana bermatzeko 6 hilabeteko gutxieneko hori ere errespetatu gabe“. 

ERTEek ekarri dituzten eta ekartzen ari diren onurak goraipatu zituen eta, horrekin batera, adierazi zuen ideia txarra dela enpresak sei hilabetez lanpostuei eustera behartzea, lanpostuen jarraipena arriskuan jar baitaiteke. Hau beren zinismoaren beste adibide bat besterik ez da, gauzak gaizki datozenean Estatuaren laguntzak oso ondo iruditzen zaizkiela, baina interesatzen zaienean, “askatasuna” eskatzen dute nahi dutena egin ahal izateko, beren etekinak babestu eta, ahal izanez gero, handitzeko eta akziodunei dibidenduak banatzeko.

Nahikoa da! Hauek, zerbaitetan amore ematen dute, soilik, protesta eta mobilizazio sozial indartsu baten aurrez aurre daudenean. Bien bitartean, ez dago negoziaziorik, ezta akordiorik ere. Ez gaitzatela engainatu, plantillaren zati bat kitatuz gainerakoei lanpostua bermatzen zaiela esaten dutenean!

3.– Bi seme-alaba edo gehiago izan eta 2016ko urtarriletik aurrera erretiroa hartu duten gizonezko jubilatuek, beren pentsioan, amatasun-osagarria eskatzeko aukera dute

2019ko abenduan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak (EBJAN) epai batean zehaztu zuen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 60. artikuluan “zuzeneko diskriminazioa” zegoela –gizonei begira–, eta uste zuela “ez dagoela justifikatuta amatasun-osagarria emakumeentzat bakarrik izatea”.

Orain arte, Estatuko Gobernuak uko egin dio epai hori aplikatzeari, edo ez dio jaramonik egin. Baina lehenik Katalunian eta gero Madrilen, Murtzian, Kanarietan, Extremaduran, Aragoin… lehen auzialdiko hainbat epaitegik, 8 epaietan –orain arte ezagutzen ditugunak–, erretiro-pentsioko amatasun-osagarria jasotzeko eskubidea aitortzen hasi zaizkie gizonei, EBJANaren epai hori erreferentziatzat hartuta.

Amatasun-osagarri hori 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotzen hasi ziren gutxienez bi seme-alaba izan dituzten emakume erretiratuak. Pentsioaren zenbatekoa % 5 igoko da bi seme-alaba izanez gero, % 10, hiru izanez gero eta % 15, lau seme-alaba edo gehiago izanez gero.

Epaitegien onarpenaren ondoren, orain bi seme-alaba edo gehiago izan dituzten eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera erretiroa hartu duten gizonek Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari erreklamatu diezaiokete osagarria. Erretiroko, alarguntzako edo ezintasun iraunkorreko pentsioa kobratzen ari direnentzat balio du. Hala ere, erreklamazioa ezin da egin erretiro aurreratuko kasuetan.

Osagarri hori erreklamatzeko, gizon erretiratuek eskaera bat aurkeztu behar dute Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean. Eskaerarekin batera, erretiro-pentsioaren ebazpenaren kopia eta aitatasuna egiaztatzen duen familia-liburuaren kopia aurkeztu behar dira. Funtzionarioen kasuan, eskaera Langileen Kostuen Zuzendaritza Nagusian aurkeztu behar da.

4.– Osakidetzak, Deustuko (Bilbo) Etengabeko Arreta Gunea (EAG) itxi nahi du otsailetik aurrera, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Gallartan dagoen  GUFEko egoitza publikoak duen adinekoentzako zerbitzua itxiko du

Osakidetzak otsailean itxiko du Deustuko (Bilbo) EAGa, gaueko 24:00etatik goizeko 8:00etara. Horrela, Bilboko biztanle guztiak aurrez aurreko lehen mailako arretarik gabe geratuko lirateke ordu tarte horretan.

Etxeko jarduerak orain arte bezala jarraituko du –indartu gabe–, baina aurrez aurreko larrialdiek Basurtuko Ospitalera joan beharko dute, eta horrek saturazio handiagoa, itxaronaldi luzeagoa eta kutsatzeko arrisku handiagoa dakartza. Erabaki hori geldiarazteko, sinadurak biltzeko kanpaina indartsu bat hasi da.

Eta Bizkaiko Foru Aldundiak Gallartako egoitza publikoak Meatzaldeko, Enkarterriko, Ezkerraldeko… 60 adinekoei ematen dion zerbitzua itxi egingo du, zerbitzu publikoak murriztuz. Ondorioz, oinarrizko langileen plazak deuseztatuko ditu (garbitzaileak, sukaldeko laguntzaileak, osasun-laguntzaileak, atezaina, fisioterapeuta, ikuskatzailea, …). Era berean, nahitaezko lekualdaketak egingo dira, atezaintzako gaueko zerbitzua pribatizatuko da eta erizaintzako gaueko txanda kenduko da. Atzo protesta-mobilizazio garrantzitsua egin zen Gallartako Udalaren aurrean. Bertan herriko eta inguruko pentsiodunek parte hartu zuten.

Hori da Osakidetzaren zuzendaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen duten osasun sistemaren eta adinekoen arretaren “hobekuntzaren” eredua, EAEko gainerako herrialdeetan bezala. “Gardentasunaren” eredua dela diote, Osakidetzak erakutsi ez duen gardentasunarena, “akats” baten ondorioz, bi astez gutxienez ospitaleratu zituzten antigenoen test bakoitzeko positibo kopurua zenbatu ez baitu. Azkenean, azaroaren 24an, plantan ziren Covid-19z ospitaleratutakoak 552 zirela adierazi zuten, aurretik esandako 412ren ordez.

5.– Panorama zaila dugu. Aurre egingo diegu!

Toledoko Itunaren gomendioak aplikatu eta zehaztu behar ditu Estatuko Gobernuak. Horiek zehazteko moduaren menpe egongo dira, oso era garrantzitsuan, bai gure egungo pentsioak, bai etorkizunekoak.

Nafarroan, aurrekontuak eta negoziazioa nahiko aurreratuta daude, baina Euskal Autonomia Erkidegoan, Gasteizko Gobernuak datozen asteetan aurkeztuko du bere aurrekontu proiektua, eta litekeena da urtarrilaren 11tik aurrera oposizioko alderdiekin negoziatzen hastea.

Besteak beste, 1.080 eurorainoko pentsioen osagarria; Errenta  Bermatua Nafarroan edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta EAEn, egun ezartzen dituen baldintza mugatzailerik gabe eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatuta; eta horrelako gaiek, beste gizarte-sektore batzuen artean, pentsio baxuenak dituztenen alde egingo lukete, batez ere emakume pentsiodunen alde. Horietaz gain, osasuna, mendekotasunaren arreta… bezalako gaiak daude, eta horiek guztiak oso garrantzitsuak dira pentsiodunentzat eta adineko guztientzat.

Aurrean ditugun erronka horien guztien ondorioz, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak, askotan autonomiaz eta beste batzuetan beste gizarte-sektore batzuekin lankidetzan, gizarte-erantzun irmoak emateko prestatu behar gara, gure eskari eta lehentasun zuzenak argi eta garbi ezarriz eta gero eta gehiago sozializatuz.

Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako pentsiodunen mugimenduak, premiaz zehaztu beharko ditu egoera horri erantzuteko lan-plangintza eta mobilizazioak, ditugun erronka zail eta korapilatsuak kontuan hartuz.

6.– Datorren urtarrila, oso hilabete sinbolikoa euskal pentsiodunen mugimenduarentzat

Urtarrilaren 15ean hiru urte beteko dira Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua etenik gabeko mobilizazioak egiten hasi zela. Mugimendu hori erreferente sozial bihurtu da gure herrian eta hemendik kanpo; era berean, pentsiodunen duintasunaren eta aitortzaren adibidea da, batez ere adinekoena. Eta urtarrilaren 30ean, egun horretan egin genuen mobilizazio eta greba orokor arrakastatsuaren lehen urteurrena beteko da. Bertan, pentsiodunek, langile, emakume, gazte eta beste herri-sektore batzuekin batera hartu genuen parte.

Une egokia da, egin duguna gogoratzeko eta aldarrikatzeko ez ezik, gizarte-eskubide duinen defentsan eta eskakizunean are indar handiagoz jarraitzeko, gizartearen gehiengo handiari duintasunez bizitzeko aukera emango diona, besteen esplotazio eta zapalkuntzari esker bizi den gutxiengo baten aurrean.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude