Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko azaroak 14

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu Pentsiodunen Mugimenduko berriak
1.- Kutsatutako, ospitaleratutako eta hildakoen kopuruak dimentsio kezkagarria izaten jarraitzen du Hego Euskal Herrian
Nafarroan, duela hiru aste mugikortasunean eta harreman sozialetan neurri murriztaileagoak ezarri ondoren, kutsatutako pertsonen kopurua arintzen ari da, baina horrek ez du esan nahi ospitaleratuta daudenen – ZIUetan daudenak barne – eta hildakoen kopuruek behera egin dutenik.
Euskal Autonomia Erkidegoan, neurri murriztaileago horiek joan den astean hartu ziren, eta, oraingoz, ia ezin da ikusi murrizketek duten eragina, batez ere ospitaleratutako edo hildako pertsonen kopuruetan, nahiz eta Gasteizko Gobernuak duela egun batzuk iragarri digun asteburu honetarako hobekuntza bat jasoko dela. Hego Euskal Herrian, joan den astean bakarrik, 132 hildako izan ziren Covid-en ondorioz.

Bien bitartean, Osakidetzako sindikatuek eta azpikontratetako langileek Gasteizko Gobernuari egiten dizkioten salaketak eta kritikak arindu baino, areagotzen ari dira. Ostegunean amaitu zen hiru greba eguneko zikloa, hurrenez hurren, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Greba horiekin batera, elkarretaratzeak egin zituzten ospitaleetan eta anbulatorioetan, eta hiru herrialdeetako pentsiodun taldeek ere parte hartu zuten.
Ez dakigu noiz arte egongo den Gasteizko Gobernua kontuan hartu gabe sektore sanitarioan eta soziosanitarioan, egoitzetan barne, planteatzen diren premiak eta eskariak. Gero eta argiago dugu bi sektoreetako sindikatuek, egoitzen erabiltzaileen senideen elkarteek eta pentsiodunen mugimenduak mobilizazioekin jarraitu beharko dugula, eskatzen ari diren hobekuntzen alde, osasun- eta zainketa-sistema publiko eta kalitatekoaren bidean aurrera egiteko. Asteazkenean, hilak 18, EAEko egoiliarren senideen elkarteek agerraldia egingo dute Gasteizko Legebiltzarrean, senide eta pentsiodunen elkarretaratzearekin batera.
2.- Doako musukoak, gutxienez behar handienak dituzten gizarte-sektoreentzat

Europako hainbat herrialdetan musukoak doakoak dira. Hemen aurrerapauso gisa saltzen digute beren kostua txikiagoa izango dela, BEZa % 21etik % 4ra jaitsiko baita. Nafarroako gobernuak, Farmazialarien Elkargoarekin bat etorriz, onartu egin du 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten guraso bakarreko familiek eta 45 urtetik gorakoek doako maskarak eduki ahal izango dituztela pandemiak irauten duen bitartean, farmazietan osasun-txartela aurkeztuta. Gasteizko gobernuak, gutxienez, antzeko neurri bat hartu beharko luke EAEn. Era berean, 18.000 eurotik beherako diru-sarreretarako ezarritako koordainketa sanitarioa ezabatu beharko luke, farmazietan osasun-txartela aurkeztuta. Administrazioak ezarritako burokrazia eta paper ugar bete beharraren ondorioz, horretarako eskubidea duen jende gehienak ez du eskubide horren aplikazioa eskuratzen.
3.- Astelehenetako pentsiodunen kontzentrazioak parte-hartze maila onarekin mantentzen dira
Asteleheneko elkarretaratzeetan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 60 bat herritan 4.000 pentsiodunek baino gehiagok parte hartu zuten berriro, nahiz eta neurriak hartu eta pandemiaren beldur izan. Donostian manifestazioa egin zen eta Bizkaian elkarretaratzeak hiriburuan eta 30 herritan egin ziren, 2.300 pentsiodunen parte-hartzearekin.

Pandemiaren zabalpenaren eta larritasunaren ondorioz, herri batzuetan kontzentraziorik ez egitea erabaki zuten, eta astelehenen batean kontzentrazioak atzeratzea. Baina gehienak, osasun segurtasun eta prebentzio neurri guztiak hartuta, hurrengo astelehenetan mantenduko ditugu, egoerak okerrera egiten ez badu. Nahiz eta egoera delikatua izan, zerbitzu sanitario eta soziosanitarioetan premiazko neurriak hartzeko exijentzia, bai eta Toledoko Itunaren gomendioek ezartzen dizkiguten murrizketa edo mugen aurrean pentsio publiko eta duinen defentsa ere, bultzatzeko ezinbestekoa da protesta soziala kalean mantentzea – eta zenbat eta zabalagoa hobe –.
4.- Bideragarria al da Espainiako Estatuan Gizarte Segurantza publikoa eta nahikoa izatea? Bai, baina borondatea bada
Ekonomia- eta enpresa-botere handiek eta haien bozeramaile politiko eta mediatikoek, Gizarte Segurantzaren eta egungo eta etorkizuneko pentsioei eustearen bideraezintasunari buruz egindako adierazpen beldurgarri eta interesatuak azken asteetan arindu egin direla dirudi.

Gizarte Segurantzari bidegabeko gastuengatik azken urteetan eragindako zorrak, dozenaka mila eurokoak, aitortua izan da, Herri Kontuen Epaitegiak argitara emandako txostenean. Zor horiei gehitu behar zaizkie Estatuaren zor historikoaren 500.000 milioi euro baino gehiago – langileek hainbat alditan egindako kotizazioek sortutakoak –, Gizarte Segurantzari egotzi ezin zaizkion gastuak estaltzeko erabili direnak, horrela Estatuaren zor publikoa mozorrotuz. Aitortza honek agerian utzi du milioi horiek Gizarte Segurantzaren kutxatik kendu izan ez balira edo itzuli izan balira, kutxaren erreserba-funtsek kutxa bideragarri eta nahikoa izatea ahalbidetuko zuketen, egozten zaion defizita ez jasateaz gain, pentsioak hobetzeko ere.
Oraingo arazoa da Toledoko Itunaren gomendioek zor horien zati bat aitortzen dutela – batzuek aurrerapen garrantzitsu gisa azaltzen dute hori –, baina ez dute haiek itzultzeko konpromiso zehatzik ezartzen – ezta eperik ere –; beraz, ikusiko dugu zer gertatzen den gai horrekin.

Bestalde, Gizarte Segurantzaren kutxa langileen gizarte-kotizazioetan oinarritzen eta elikatzen da, eta egiturazko neurriak, diru-sarrerak handitzeko neurri sakonak, hartzen ez badira, Gizarte Segurantzaren kutxa husteko edo ahultzeko arriskuak garrantzitsuak izan daitezke epe labur edo ertainean.
Euskal pentsiodunen mugimenduak behin eta berriz azpimarratu du zer-nolako neurriak hartu behar diren arrisku zail horri erantzun eraginkorra emateko. Duela urte eta erdi baino gehiago argitaratutako dokumentu batean jaso, eta baita alderdi politiko guztiekin zein Magdalena Valerio andrearekin, ministroa izan zenean, eta orain Toledoko Itunaren Batzorde parlamentarioko presidentea izanda, izan ditugun elkarrizketa eta harreman ugarietan, jarraian aipatzen ditugun neurriak azaldu eta arrazoitu dizkiegu:

- Soldaten erosahalmena berreskuratzea. 1.200 euroko LGS ezartzea. Langabezia nabarmen murriztea. Prekarietatea ezarri duten lan-erreformak indargabetzea.
- Enpresen kotizazioak igotzea, 1982an % 27,28 izatetik gaur egun % 23,60 izatera igaro baitira; aldi berean, langileen kotizazioak % 0,75 hazi dira.
- Gutxieneko kotizazio-oinarria handitzea, 1.200 euroko LGS batetik abiatuta. Eta gehieneko kotizazio-oinarriaren muga kentzea.
- Kotizazioen murrizketak, hobariak edota tarifa lauak kentzea.
- Langile autonomoen araubide berezian, diru-sarrera errealen araberako kotizazioa ezartzea, bai eta araubide orokorreko eskubideak parekatzea ere.
- Ezkutuko lana azaleratzea eta erregimen orokorrean integratzea bere eskubide guztiekin.
- Ikuskatzea eta enpresa-iruzurra jazartzea.
- Gizarte Segurantzaren auditoretza egitea eta Gizarte Segurantzari ez dagozkion edo beste inbertsio edo gastu batzuetarako hortik desbideratutako gastuekin hartutako zor guztien itzulketa.
- Diru-sarrera publikoak hobetuko dituen zerga-politikaren aldaketa sakona.
Neurri horiek guztiak hartuko balira, Estatuko Gizarte Segurantzaren kutxa bideragarria eta nahikoa izango litzateke. Baina nahia eta borondate politikoa izatea eta horretarako prestasuna izatea beharrezkoa da. Eta aipatzekoa da euskal gizarte-segurantzako kutxa bat, ziurrenik, are bideragarriagoa eta nahikoagoa izango litzatekeela, pentsio hobeak bermatuz, kontuan hartuta Euskal Herriaren ahalmen ekonomikoak eta horiek eskatzeko eta lortzeko mobilizatzeko eta presio sozialerako gaitasun handia dagoela.
5.- Toledoko Itunaren gomendioak eta zuzenketak
Astelehenean, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak dokumentu bat argitaratuko du, Toledoko Itunaren Batzorde parlamentarioak gehiengoz onartu zituen gomendioen inguruan ditugun kritikak eta alternatibak jasoko dituena.
Bestalde, hainbat zuzenketa aurkeztu dituzte, eta, gomendioekin batera, Estatuko Kongresuak eztabaidatu eta bozkatuko ditu datorren asteko ostegunean, hilaren 19an. Hauek izan dira aurkeztutako zuzenketak: Compromis-eko 1, Ciudadanos-eko 2, ERCko eta EH Bilduko 13 – batera aurkeztuak –, PPko 1, BNGko 1 eta Más Pais-eko beste bat.
Edukiari dagokionez, pentsiodunen mugimenduaren proposamenetara gehien hurbiltzen diren zuzenketak ERC-EH Bildu eta BNGrenak dira. Compromis eta Más Pais-eko bakarrak – aurreko taldeek aurkeztukoen artean ere sartuta – 40 urte edo gehiagoko kotizazioa duten erretiratuei pentsioetan aplikatzen zaizkien koefiziente murriztaileak kentzeari buruzkoak dira.

Aurreikus zitekeen bezala, Ciudadanosen zuzenketa nagusiak eta PPrenak, pentsioen funts pribatuei eta kolektiboei zerga-hobariak ezartzean – hau da, diru publikoarekin sustatzea – eta izaera orokorreko lege-arauketa ematean datzate. “Euskal pentsiodunen mugimenduak ez du bat egiten zerga-hobari horiekin, soldata handienei mesede egiten dielako eta enpresei aitzakia eskaintzen dielako enpresa-kuotak murrizteko edo kotizazioak handitzeari uko egiteko. Bestalde, bankuei eta aseguru-etxeei mesede handia egiten diete, komisio handiekin kudeatzen baitituzte, eta, gainera, funts horietako asko finantza-espekulaziora bideratzen dituzte”. Bi alderdiak bat datoz funts pribatu indibidual eta kolektibo horiek bultzatzean, EAJrekin eta, gutxienez, Escrivá ministroarekin.
Azkenik, azpimarratu behar dugu Gobernuko bi alderdiek, PSOEk eta Unidas Podemos-ek, ez dutela gomendioak zehaztu eta hobetuko dituen zuzenketarik aurkeztu. Horrek ez du baztertzen, biek edo bakoitzak bere aldetik, aurkeztutako zuzenketa aurrerakoi batzuen alde bozkatzea.
6. – Toledoko Itunaren gomendioen aurrean mobilizazio-kanpaina prestatzen
Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak mobilizazio kanpaina bat egitea erabaki du, eta hiriburuetan eta herrietan manifestazioak egingo dira. Astelehenetako ohiko elkarretaratzeetan azalpenak emango dira, elkarretaratzearen garrantzia azpimarratuz. Etzi, hilak 16, astelehena, kontzentrazioetara bertaratzen diren komunikabideei emango zaie dokumentu bat, non gomendioei buruz egiten dugun balorazio kritikoa azaltzen den, eta manifestazioen datak zehaztuko dira. Era berean, sindikatu eta gainerako gizarte-talde guztiei gure balorazioa helaraziko diegu, eta pentsiodunen mugimenduarekin batera manifestazio horietan parte hartzera gonbidatuko ditugu.
