Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko ekainak 27

1– Mobilizazio bateratua Gasteizko Gobernuak osasun arloan egindako murrizketen aurka
Basurtu (Bilbo), Txagorritxu (Gasteiz) eta Aita Menni (Arrasate) ospitaleetan eta egoitza batzuetan pandemia berpiztu egin da azken asteetan, eta horrek agerian uzten du Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan eta zentro sozio-sanitarioetan pandemiak gora egiteko arriskua. Gasteizko gobernuak dio kontrolatuta daudela eta hainbat PCR proba egin direla. Baina pazienteei arreta emateko funtsezko arazoak eta sektoreko langileen osasun-prebentzioko baldintzak oso larriak dira oraindik ere.
Atzo, ostirala, Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek (Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK) deituta, elkarretaratzeak egin ziren Basurtuko, Donostiako eta Txagorritxuko ospitaleetan eta lehen mailako arretako osasun-zentroetan. Horien arrazoiak ospitaleetako salaketak eta eskakizunak izan ziren, pentsiodunen mugimenduak aspalditik planteatzen dituenen antzekoak. Aldi berean, Gasteizko gobernuak azken urteetan osasun arloan egindako murrizketak azpimarratu zituzten.
EAEko pentsiodunen mugimenduak ekimenari babesa eta elkartasuna adierazi zion prentsa-ohar baten bidez, eta pentsiodunen talde batek elkarretaratzeetan parte hartu zuen.
2– Toledoko Itunaren negoziazioak berriz hasita
Joan den astelehenean, ekainaren 22an, Toledoko Itunaren ebaluazio eta jarraipenerako batzordea bildu zen lehen aldiz Covid-19ren pandemiaren ostean. Helburua zen, Gizarte Segurantzaren Legearen erreforma dela eta, Gobernua orientatuko duten gomendioak adosteko jarduerari ekitea.
Bileran, 2019an hautsita geratu zen akordio-esparruari berrekitea planteatu zen, eta, horretarako, Jose Luis Escrivá Gizarte Segurantzako ministroak behin eta berriz adierazi izan dituen neurriak proposatu zituen: benetako erretiro-adina, legezkoarekin berdintzeko beharra –erretiro aurreratuei mota guztietako oztopoak jarriz–, sistema pribatu osagarriak (Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak –BGAE–) garatzea, pentsioa kalkulatzeko behar diren urteak handitzea, etab.
Neurri horiek justifikatzeko, Europako Batzordeak krisia gainditzeko beharrezkotzat jotzen dituzten kredituak eta transferentziak emateko jarriko dituen eskakizunetara jotzen dute, eta pentsio publikoak hondatzen ari diren 2011ko eta 2013ko erreformak indarrean mantentzeko aitzakia dira.
Erretiro-adina handitzeak ez du kotizazio berririk sortzen, eta gazteak enpleguan sartzeko oztopo argia da; erretiro aurreratua hartzeko baldintzak gogortzeak ondorioztatuko duena da gaur egun jubilazio-egoeran egon litezkeen pertsona asko langabezia-prestazioen mende egotea, nahiz eta kotizazio peko pentsioaren % 100erako eskubidea sortu.

Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren gehiengoaren ustez, bileraren abiapuntua eta Toledoko Ituna bera erabat okerrak dira. Kontua ez da sistemaren kostuak murrizteko neurriak hartzea; aitzitik, irizpide demokratikoen eta justizia sozialeko irizpideen arabera, pertsonei bizi-baldintza duinak bermatzea da kontua, bai lan-garaian, bai haren ondoren.
Eta, horretarako, Pentsio Sistema Publikoa bermatu behar da, kalitatezko enplegua sortzeko politiken bidez eta, behar izanez gero, aurrekontu publikoen transferentzien bidez.
Toledoko Ituna eta Elkarrizketa Soziala deitzea, lan- eta pentsio-erreformak indargabetu gabe, soldatetan eta gutxieneko pentsioan hobera egiteko, genero-arrakala kentzeko eta Pentsioen Sistema Publikoa bermatzeko beharrezkoa dena, gure eskariak atzeratu eta itxaropen faltsuak zabaldu nahi dituen iruzurra da.
Argi dugu pentsiodunen mugimendua gogor aritu beharko dela gure eskaerak entzunda izan daitezen, eta langileekin eta beste herri-sektore batzuekin elkarlana eta babesa bilatu beharko dugula mobilizazioak bultzatzeko eta, horrela, Toledoko Itunaren gomendioek edo Elkarrizketa Sozialeko akordioek are gehiago erasoko dituztenen interes komunak defendatzeko.
3– Maila ezberdinekin, pentsioen mugimenduak gora egiten jarraitzen du astelehenetako kontzentrazioetan
Joan den astelehenean, ekainaren 22an, elkarretaratzeak egin ziren berriro Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan (Gasteizen 340 parte-hartzaile, Donostian 160, Iruñean 160, Bilbon 1.000) eta 55 herritan. Kontzentrazio gehienetan, aurreko asteleheneko asistentzia-maila errepikatu zen, Gasteizen eta Bilbon izan ezik, Gasteizen 60 pentsiodun gehiago izan baitziren, eta Bilbon, berriz, hazkunde handia izan zuen Babestu egoiliarren senitartekoen elkartearekin batera egindako manifestazioan, udaletxetik Aldundira. Hego Euskal Herri osoan 4.250 pentsiodun mobilizatu ginen.
Hiriburuetan eta herri gehienetan elkarretaratzeak egiten jarraituko ditugu datozen astelehenetan, hauteskundeak igaro arte behintzat. Nahiz eta zati handi batek uztailaren amaierara arte jarraituko duen eta hiribururen batean eta zenbait herritan uda osoan zehar egiten jarraitu. Kontzentrazioez gain, eskualde eta herri batzuetan manifestazioak egingo dira datorren astelehenean (Tolosaldean, Gasteizen, Portugaleten…).
4– Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduaren bilera
Osasun alarma altxatu zenetik, lehen aldiz, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako pentsiodunen mugimenduko ordezkariak aurrez aurre bildu ahal izan ziren iragan ostegunean Gasteizen.

Pandemiaren eta berragerpen berrien ondorioz oraindik ere ditugun zailtasunak kontuan hartuta, balorazio positiboa egin zen izandako kontzentrazio eta mobilizazioei buruz, bai eta hilabete hauetan osasun-arazoei, egoitzetan eta adinekoen arretan izandako arazoei gure arreta jarri izanari buruz ere.
Pentsiodunen arazoak jorratzen dituzten eta datozen hilabeteetan gure aldarrikapenak argudiatzeko oinarria izango diren hainbat dokumenturi buruzko eztabaida egin zen.
Era berean, hainbat erakunderekin eta komunikabiderekin izandako elkarrizketen berri eman zen, eta oraindik egiteke dauden elkarrizketa batzuetan izan beharreko parte-hartzea zehaztu zen. Atzo bertan, aurrez aurreko beste bilera bat izan zen Osasun Saileko ordezkaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkarien artean.
Nafarroan antzeko elkarrizketak eta harremanak egiteko gestioak egiten ari dira, pandemian zehar herrialde horretan izan diren kutsatze eta heriotzen larritasuna kontuan hartuta, batez ere egoitzetan eta adinekoen artean. Egoitzetan eta horietatik kanpo, koronabirusak eragindako adinekoen heriotzen ehunekoa heriotza guztien % 80koa izan dela estimatzen da.
Bileran, mugimenduak hauteskunde-kanpainan garatuko dituen zenbait ekimen ere jorratu ziren. Bi mahai-inguru aurreikusi dira, eusko legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariekin, ekainaren 30ean Arabako hiriburuan eta uztailaren 7an Bizkaiko hiriburuan, pentsiodunen mugimenduko ordezkariek gidatuta. Mahai inguru horien helburua da alderdiek azaltzea zeintzuk diren pentsiodunen eskaerei buruz dituzten jarrerak eta, batez ere, zein konpromiso hartzeko prest dauden horiek betetzeko. Bi ekitaldietan, bertaratutakoek galderak egin edo iritzi eman ahal izango dituzte landutako gaiei buruz.
Ekimen horiekin batera, mugimenduaren aldarrikapenak biltzen dituen orri bat argitaratuko eta banatuko da. Nolanahi ere, hauteskunde-kanpainan zehar gure eskariak ikusarazi nahi baditugu ere, EAEko eta Nafarroako pentsiodunen mugimendua erabat autonomoa eta anitza da, eta gure lanak eta ekimenek hauteskundeen ondoren jarraituko dute, aldarrikapen horiek betetzea lortu arte.
Bilera amaitzean, EAEko hiru herrialdeetako ordezkaritza bat Lehendakaritzara joan zen, Urkullu lehendakariari dokumentu zabal bat entregatzeko, aurretik helarazi zigun gutun bati erantzunez. Gutun horretan ez zen jaso gure eskaerei erantzuten zien ezer zehatzik, besteak beste, gai horiek aztertzeko berarekin bilera formal bat izateko eskaera egin zen, eta berak hiru aldiz ezetsi du bilera egitea. Beti bezala, kanpoan zen, eta bere idazkariak bakarrik onartu zuen gure agiria erregistratzea. Lehendakaritzaren atarian prentsaurreko bat eman zen Urkullu jaunari egindako bisitaren – beste behin ere mespretxatua izan dena – arrazoia azaltzeko.
5– Elkarrizketa Bilboko alkatearekin eta segurtasuneko zinegotziarekin
Bileraren arrazoia udaletxera sartzeko eskailerak nola erabiltzen diren argitzea eta adostea zen; izan ere, orain dela bi urte eta erditik hona Bilboko pentsiodunen mugimenduak astelehenetan ordu erdiz egiten dituen kontzentrazioetan inolako eragozpenik gabe erabiltzen ari gara. Eskailera horietatik udaletxera sartzea guztiz salbuespenezkoa da, eta sarrerako ateak ez du zerikusirik inolako ebakuazio-neurriekin, ez eta udalaren bestelako neurriekin ere.
Bilerak ez zuen akordio zehatzik lortu, mugimenduko ordezkariekin bilera berri bat hurrengo egunetan egiteko geratu zen, baina arazoak bere horretan jarraitzen du, azken astelehenetan bezala.
