Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko maiatzak 23

1.– Maiatzaren 18ko protesta sinbolikoen arrakasta. Berehalako erronkak, aurrera begira
Adierazi genuen moduan, Gasteiz, Bilbao eta Iruñeko Aldundien aurrean eta Hego Euskal Herriko hamarnaka herrietako udalen zein egoitzen aurrean arrakastatsuak izan ziren. Gasteizko lagunak zoriondu behar ditugu, 180 pertsonek parte haurtu baitzuten antolatutako protestan, ondo antolatuta eta isilpeko minutu bat eginez, musika zirraragarria jarrita. Bizkaian ere 500 pentsiodun inguru bildu ziren 32 elkarretaratzetan banatuta, 5 Bilbon eta beste 27ak herrialdeko beste hainbeste herrietan. Arabako eta Gipuzkoako hainbat herritan ere egin ziren elkarretaratzeak. Barakaldon, pentsiodunek Miranda egoitzaren aurrean egindako protestaren aldi berean, Babestuko senide-talde batek protesta egin zuen Sanitas egoitzaren aurrean.
Elkarretaratze guztietan, elkartasuna adierazi zitzaien koronabirasuaren ondorioz hildako pertsonen senide eta hurbileko guztiei, bai eta kaltetutako pertsona guztiak artatuz hainbeste sufritu eta egindako ahaleginetan beren larrua utzi duten langileei ere.
Datorren astelehenean berriro errepikatuko dira protesta sinboliko horiek, ziurrenik herri gehiagotan eta pentsiodun gehiagoren parte-hartzearekin. Kontzentrazio horiek, nolanahi ere, osasun-agintariek ezarritako osasun-segurtasuneko baldintzak beteko dituzte.
Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, Aldundiek eta beste erakunde batzuek ezin diete entzungor egin mendekotasuna duten adinekoen egoitzetan (publikoak, itunduak eta pribatuak) eta etxez etxeko arretan hautemandako mota guztietako gabeziak zuzentzeko eta gainditzeko eskaerei. Guztiz arduragabea litzateke horrela jokatzea, are gehiago pandemiaren kontrola ez dagoenean guztiz ziurtatuta ezta koronabirusaren agerraldi berrien arriskua desagertuta ez dagoenean.
2.– EAEko hauteskunde autonomikoak, uztailaren 12an
Urkulluk eta bere gobernuak hauteskundeak konbokatzea erabaki dute, nahiz eta, aste gutxi barru, pandemiaren erabateko kontrolari buruzko zalantzak izan. Era berean, oposizioan dauden bi indar politiko nagusien iritziei eta proposamenei ez diete jaramonik egin.
Hauteskundeen data gustatu edo ez, pentsiodunen mugimenduak ezin du kanpaina horretatik kanpo geratu. Interesa dugu, eta behartuta gaude, alderdi politiko guztien aurrean gure kezkak eta eskaerak berriro ere entzunarazi eta planteatzera. Batez ere ondoko bi gairen inguruko eskaerak: a) mendekotasuna duten adinekoei egoitzetan eta etxeetan arreta emateko dauden arazoak konpontzeko beharra, sistema soziosanitario publiko, unibertsal eta kalitateko baten bidez; b) gutxieneko pentsioak 1.080 euroan osatzeko eskakizuna, hori baita gutxieneko duintasunarekin bizi ahal izateko modu bakarra.
Aldarrikapen horiek azpimarratu eta adierazi ditugu konfinamenduko bi hilabeteetan, astelehenero leiho eta balkoietan, eta azken aste honetan Aldundietan eta hamarnaka herritan protesta sinbolikoak eginez.
Datozen egunotan pentsiodunen mugimenduak baloratu eta zehaztu beharko du zer-nolako ekimenak antolatuko ditugun datozen asteetan eta hauteskunde-kanpainan alderdi politiko guztiek gure eskaera eta proposamenak entzun, eta horien aurrean definitu eta konpromisoa har dezaten.
3. – Mercedes Benz: garrantzitsuena ekoizpena da, gainontzekoak ez du axola
Mercedes Benz behin baino gehiagotan txalotu eta eredutzat hartu dute Arantza Tapiak, Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak. Baina ekoizpena gelditu behar izan zuen, pandemiak Arabako hiriburuan izandako ondorioen larritasuna nabarmendu baitzen, langileen presioagatik eta plantoagatik.
Bere ekoizpen ahalmena ahalik eta gehien berreskuratzeko asmoz, astelehen honetan hasi dira berriro hiru txandak. Eta, aldi berean, aurreko astean, enpresak aldi baterako langile kopuru bat kontratatu zuen, azkar “prestatzeko”, hamabi orduz lan eginaraziz. Sindikatuen salaketaren ostean, orain “bakarrik” 10 orduz lan egiten dute. Eta enpresa batzordeak egoera horren salaketa Lan Ikuskaritzaren aurrera eramatea erabaki du. Bestalde, jendea pilatzea eta kutsatzeko arriskuak saihesteko aurreikusita ziren enpresarako sarrera eta irteera mailakatuak alde batera utzi dira,.
Ez litzateke harritzekoa izango horrelako jarduerak errepikatzea lan-karga handia duten eta edozein preziotan irteera azkar eman nahi dioten beste enpresa batzuetan. Ekoizpena plantillen eskubideen eta osasunaren gainetik jartzearen aurka eta aldi baterako kontratatuek are ustiapen handiagoa jasan behar izatearen aurka egin behar dugu. Ziur gaude Arantza Tapiak eta bere lagunek ez dutela protestarik egingo langileen eskubideen aurkako eraso horiek salatzeko.
Osasun-alarma 15 egunez luzatzea onartu aurretik – EH Bilduko abstentzioarekin –, PSOEk, Unidas- Podemosek eta EH Bilduk 2012an PPk onartutako lan-erreforma “erabat indargabetzea” adostu zuten, besteak beste, koronabirusaren “ezohiko neurriak amaitu aurretik”. Sinatutako baldintzetan gauzatzen bada, urrats positiboa izango litzateke, euskal pentsiodunen mugimenduak bere errebindikazio-taulan jasotzen duen eskaera baita.
5. – Komunikabide batzuen objektibotasun eta errespetu demokratiko falta
Pentsiodunen mugimenduak behin baino gehiagotan salatu du komunikabide batzuen objektibotasun falta – eta batzuetan manipulazioa ere –, mugimenduak dituen pentsioen inguruko eskaeren, jardueren eta ekimenen inguruan, horietako batzuk dimentsio sozial handikoak direnak. Komunikabide pribatu batzuek, eliteen interes ekonomiko eta politiko jakin batzuen zerbitzura daudenek, eta dena menderatu nahi dutenek, horrela jardutea ulergarria da, baina ez justifikagarria.
Baina penagarriena da EITB, teorian komunikazio-talde publikoa dena, hain eskuraezina izatea euskal pentsiodunen mugimendu bateratuarentzat, eta hain era diskriminatzailean jokatzea mugimenduak egiten duenari buruzko informazioetan. Horren adibide dira urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herrian egin zen kanpainaren eta mobilizazio orokorraren inguruko tratamendua, edo astelehen honetan bertan, M-18an, mugimenduak egindako protesta sinbolikoei buruz izandakoa. Aitzitik, mugimendua kritikatzen eta iraintzen dutenei itzelezko audientzia ematen die. Aniztasuna eta demokrazia aitortzea eta praktikatzea, pentsiodunen mundua bezalako gizarte-sektore handi eta garrantzitsu baten ordezkari den mugimendua errespetatzea, horixe da komunikazio-erakunde publiko bati eska dakiokeen gutxienekoa.
Duela hilabete batzuk, Bizkaiko El Correo egunkariaren zuzendaritzari elkarrizketa bat eskatu genion, hedabide horren informazio okerrak edo aldebakarrekoak zuzentzeko asmoz. Elkarrizketa hori ezin izan zen egin, pandemiaren gaineko neurriak zirela eta. Ez da soberan egongo El Correorekin eta EITBrekin elkarrizketa horren beharra berriro planteatzea.
4.– PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk Rajoy-ren lan-erreforma indargabetzea adostu dute
6. – “Ekonomia eta Gizarte Berreraikuntza”, Moncloako Itun eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrerarekin bueltaka
Koronabirusaren pandemiaren larritasunari galga jartzeaz gain, nahiz eta pandemia hori moteldu egin den eta kontrolatzeko aukera izan daitekeen, inor ez da ausartzen gure gizartean izango duen arrasto eta zer jarraitutasun- eta iraupen-maila izango duen zehaztera; eta, orain, badira arreta berezia jarri beharreko alderdi sozial eta politiko batzuk.
“Berreraikuntza ekonomiko eta soziala” hizpide izango duen Kongresuko batzordeak, orain arte bere lan-egutegia baino ez du ezarri, eta ostegunean aztertu beharreko gai-zerrenda zehazteko zen. Toledoko Itunaren bilerak geldirik daude oraingoz, eta ez dago jakiterik noiz ekingo dioten berriro biltzeari, ea berreraikuntza ekonomikoari eta sozialari buruzko eztabaiden aldi berean, edo horien ondoren. Bizkaiko pentsiodunen mugimenduaren baitan, Toledoko Itunak jokatu duen papera, bertatik zer espero dezakegun eta pentsiodunon ustez defendatu behar diren eskari eta neurriei buruzko dokumentu interesgarri bat egina dago.
Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrerari dagokionez, hainbat informazioren arabera, ekainean onar daiteke. Dirudienez, 462 eurora irits daiteke eta premia larrian dauden 1.000.000 familia edo bizikidetza-unitateri aplika dakieke.
Horrelako neurri batek familia askoren larritasun-egoera arindu dezake. Baina, dituen dimentsioagatik eta mugengatik, ez die erantzungo langabezian dauden milioika pertsonen premiei – datozen hilabeteetan handitu daitezkeenak –, horietako asko langabezia-prestaziorik gabe baitaude; eta horien ondorio larrienak batez ere emakumeengan eta migratzaileengan ematen dira, haietako asko etxeko langileak, kaleratuak, paperik gabeak direnak eta jatekorik ez dutenak.
Hala balitz, ezaugarri horiek eta muga horiek dituen gutxieneko diru-sarrera bat, gaur egungo egoeraren aurka jotzeko funtsezkoena konponduko ez lukeen neurri bat baino ez litzateke izango.
Espero dezagun Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera hori “neurri historiko aurrerakoitzat” ez jotzea, Madrilgo gobernuak, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek ERTEak ekainaren 30era arte luzatzeko egindako akordioaren egin den bezala, nahiz eta uztaila arte luzatu. Ezin gara konformatu eta geldirik geratu; aitzitik, mobilizatu egin beharko gara eta irmotasunez eta indarrez presionatu, aurre egin behar diegun gizarte-arazo larriek konponbide bidezkoak eta duinak izan ditzaten.
7.- Paradisuak eta nitxo fiskalak, Ibex 35eko enpresen helmuga
Estatu espainiarrean kalkulatzen da aberatsenen aberastasunaren %30 eta %40 artean paradisu fiskaletan ezkutatuta dagoela. Ogasun Ministerioko Teknikarien sindikatuaren arabera, urtean 75.000 milioi euro baino gehiago ordaindu beharko lukete, baina zenbateko hori ez da diru-kutxa publikoan amaitzen, zerga-sistemarekiko ezkutatuta dagoelako.
Gizarte Erantzukizun Korporatiboaren Behatokiak, duela egun batzuk Ibex 35eko urteko memorien inguruan aurkeztutako azterlan batean, adierazi zuen, besteak beste, Ibex 35eko 35 enpresetatik 30ek presentzia dutela nitxo fiskaletan. Eta horietako 4k soilik aitortzen dutela beren presentzia nitxo fiskaltzat hartzen diren lurraldeetan. Ez gobernu zentralak, ez eta gure kasuan Gasteiz eta Iruñekoek ere, ezin dituzte begiak itxi, edo beste alde batera begiratu; aitzitik, enpresa-etekinetan, ondareetan eta errenta altuetan orokortu samar den jokaera horri eta iruzur fiskalari aurre egin behar diete. Eta, jakina, ezin dira mugatu gastu sozialak murriztera, zerga-bilketa murriztuak mundu guztiari, baita gutxi edo ezer ez dutenei ere, sakrifizioak eskatzen dizkiola argudiatuz.
