|

Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko maiatzak 30

1.– Ekainaren 1ean, astelehena, berriro udaletxeetan eta plazetan

Maiatzaren 18an (astelehena) hasi, eta hilaren 25ean Hego Euskal Herriko dozenaka herritan pentsiodunen protesta edo kontzentrazio sinbolikoak errepikatu ziren. Beste behin ere, mendekotasuna duten adineko pertsonen egoera (egoitzetan eta etxeetan) salatu dugu, eta elkartasuna adierazi diegu koronabirusak hildako guztien senideei eta hurbilekoei, bai eta arreta handiz eta maitasunez artatu dituzten langile guztiei ere. Era berean, erakunde publikoek antzemandako arazo eta gabezia larriak premiaz konpontzeko eta gizarte osoarentzako sistema soziosanitario publiko, unibertsal, doako eta kalitateko baterantz aurrera egiteko beharra azpimarratu zen.

Azken astelehen honetan, pentsiodunen presentzia bikoiztu egin da Bizkaian. Bereziki adierazgarriak izan ziren Barakaldon 110 pertsonak parte hartu zutela, 200k Ondarroan eta beste 200k Bilbon.

Datorren astelehenean, ekainak 1, euskal pentsiodunen mugimendua berriro bilduko da udaletxeen aurrean edo herrietako plazetan, ziurrenik herri gehiagotan eta partaidetza handiagoarekin. Koronabirusaren ondorioak geldiarazteko gure salaketa eta eskaerekin jarraituko dugu, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren eskakizuna alde batera utzi gabe. Eta aurreko astelehenetan bezala egingo dugu, osasun-prebentzio eta segurtasuneko neurriak errespetatuz.

2.- Europako Batzordeak pentsioen gastuak murriztea gomendatu dio Espainiako Estatuari, gazteei “lehentasuna emateko”

Duela bi aste, Estatu espainiarreko zor publikoaren egoera ikusita, koronabirusaren ondorioek areagotuta, Europako Batzordeak pentsioen gastuak murriztea gomendatu zion Estatu espainiarrari, arreta eta laguntza handiagoa emateko gazteen gizarteratzeari eta enpleguari.

Krisi-egoeretan, ekonomia- eta finantza-botere handiek eta haien zerbitzura dauden erakunde publiko edo entitateek – kasu honetan, Europako Batzordeak – beti bilatzen dituzte paganoak, banaketa eta liskarrak gizarteko sektore behartsuenen artean, haien erantzukizunak saihestuz eta haien interesen alde eginez.

Askotan, “migranteei” edo gutxiengo jakin batzuei begira jarrita, errudun bihurtzen dituzte, bertakoei “lana kentzen” eta “gure prestazio edo laguntza sozialez baliatzen” direla adieraziz. Oraingo honetan, apur bat urrunago doaz, eta orain, bertakoak izan arren, edo ez izan arren, “produktiboak ez diren” adineko pertsonak bagara, are gehiago sakrifikatu behar dugu, gazteen gizarteratzean eta enpleguan zerbait inbertitu ahal izateko, haiek baitira “produzitu dezaketenak”.

Berdin dio pentsiodunok zer ekarpen egin genuen “aktibo” egon ginen bitartean, aurreko belaunaldiko pentsioen ordainketari eutsiz, aurreko belaunaldikoek ere kotizatu baitzuten. Ordaintzen jarraitzen dugun zerga guztiak ere bost axola. Ezta langabezian edo zabor-kontratuekin dauden gure seme-alaba askorentzat dugun koltxoia ere. Ez eta, kasu askotan, bilobei egin behar diegun zaintza ere, are gehiago gaur egun eskolara joan ezin diren garaietan. Ahaztu egiten dute, halaber, gure behar materialak eta mota guztietakoak kontsumitzeari esker, ondasun horien ekoizpenak milioika lanpostu ez ezik, etekin handiak ere ematen dizkiela ekoizpen horiek kontrolatzen eta monopolizatzen dituzten enpresei eta multinazionalei.

Gazteena “lehenestea”, hain zuzen ere, ez da aitzakia makala, gazteei ezartzen dieten egoera latzaz baliatzen baitira pentsiodunen eskubideen kontra jotzeko, zalantzan jartzeko edo legitimotzat ez hartzeko.

3.- Pentsiodun batzuk, kontzienteki edo inkontzienteki, nahaste eta aitzakia horretara makurtzen dira

Duela hilabete dezente, eta baita duela gutxi, EITBren eta beste komunikabideren baten aurrean, pentsiodun batzuk – mugimenduan ez ordezkaritza handienekoak, gainera – ikusi eta entzun ditugu, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzea, 8 ordu eta gehiago lan egiten duten eta 1.080 eurotik beherako soldatak jasotzen dituzten gazte askoren aurrean, bidegabea eta insolidarioa izan litekeela esanez. Eta horrek pentsiodunen mugimendua deslegitimatu lezakeela.

Eta orain aldarrikapen hori “izozkailuan” edo “garai hobeen zain” jarri behar dugula, osasunak lehentasuna baitu eta aurrean dugun panorama soziala guztientzako oso gogorra baita.

Zalantzarik gabe, oso garrantzitsua eta lehentasunezkoa da gizarte osoaren osasuna eta bizitza zaintzea eta pandemia eta balizko berragertze berriak gainditzeko ahaleginak biderkatzea. Baina milioika langile langabezian ditugunean, beren oraina eta etorkizuna larritasun eta kezka handiz bizi dituztenak; era berean, ehunka mila pentsiodun ditugunean Hego Euskal Herrian, eta milioika Estatu osoan, erabateko miseriazko pentsioekin, … gauzek bere horretan jarrai dezaten uztea eta horrelako iritziak oso kezkagarriak dira.

4.– Soldaten igoera eskandalagarriak guardia zibilari eta polizia armatuari

Perez de los Cobos, eskuin muturretik oso gertu dagoen eta errepresio-ibilbide luzea, bereziki Euskal Herrian eta Katalunian, duen guardia zibileko koronela, kargutik kentzen zuten aldi berean, gobernuak guardia zibilaren eta polizia armatuaren soldatak % 20 inguru igoko zituela iragarri zuen, 240 milioi euroko kostuarekin.

Militarren edo polizien kidego horiek hain igoera eskandaluzkoekin neutralizatu edo “pozik” jarri nahi izateak, milioika langile, pentsiodun, gazte eta beste herri-sektore batzuk muturreko arazo- egoerak bizitzen ari direnean, epe labur edo ertainean gainditzeko aukerarik gabe, ez du inolako justifikaziorik.

Gauza bera gertatzen da gastu militarrekin; izan ere, gastu horiek mantendu ez ezik, handitu egiten dira, baita egoera honetan ere, bai Estatu espainiarrean, bai nazioartean, industria militarreko korporazio pribatu eta publikoen asebetetze eta mugarik gabeko mozkinetarako. Gaur egun inoiz baino zentzu handiagoa du “Gastu militarrak, gastu sozialetarako” eskariak.

5.– Osasun-koordainketari ez, maskarak doan.

Osasuna eta bizitza bermatzeko hartu beharreko premiazko beste neurri askoren artean, badira bi jende askori modu garrantzitsuan eragiten dietenak, batez ere diru-sarrera oso txikiak dituzten adineko pertsonei eta pentsiodunei. Adinagatik, arriskuengatik eta beharrengatik sendagaien kontsumo handiagoa duten pertsonak, eta orain maskarekin babestu beharra dutenak.

Horietako askok, 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak izanik, askotariko arrazoi ulergarriengatik ez dute eskatzen dagokien sendagaien gastuaren murrizketa txikia. Eta Gasteizko gobernuaren administrazioak, dagokion mundu guztiari aplikatu beharrean, eta egoera hori erraz kontrola dezake, uko egiten dio horri, eta onartzen du beharra duen jende askok ezin duela salbuespen txiki horretaz baliatu. Orain gehitzen zaie beste arazo bat, hain zuzen, mundu guztiak nahitaez erabili behar duen maskaren kostua.

Edozein osasun-koordainketa ezabatzeko exijitzen jarraitzeaz gain, gizartearen gehiengoarentzat behintzat, Gasteizko administrazioak koordainketatik salbuetsita dauden pertsona guztiei aplikatu behar die aipatutako salbuespena eta maskara guztiak doakoak izatea, Osakidetzari dagozkion osasun-neurrien barruko beste bat moduan.

6.– Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren kudeaketa

Kronika hau ixtean, ezin dugu zehatz-mehatz adierazi gaur Espainiako Gobernuak zer ebatzi duen gutxieneko diru-sarreraren inguruan. Duela egun batzuk, ordea, gai horren kudeaketa EAEn eta Nafarroan egingo dutela jakinarazi dute. Espero dezagun gutxieneko diru-sarrera hori bi erkidegoetako diru-sarreren gutxieneko errentek ez xurgatzea, administrazioek aurrezkiaz baliatu nahi izatea beste gai batzuetara bideratzeko, are gutxiago gizartekoak eta pertsona eta familia ahulenak babestekoak ez badira. Logikoena eta bidezkoena da, aurrezki hori mugatua izan arren, diru- sarreren gutxieneko errentak hobetzeko balio izatea, horiek eskuratzeko eskubideak zabaltzea eta gutxieneko pentsioek osagarri handiagoa izatea. Hori guztia, behin betiko, 1.080 eurora arte osatzeko berehalako neurriak hartzeari uko egin gabe.

7.– PPren 2012ko lan-erreforma indargabetzea

2010eko lan-erreformak, Rodriguez Zapateroren gobernupean, lan-eskubideen atzerakada handia ekarri zuen. Eta 2012koak, PPren gobernupean, are gehiago zabaldu zituen lan-eskubideen murrizketak. Erreforma horrek murriztu egin zituen kaleratzeengatiko kalte-ordainak, mugatu egin zuen negoziazio kolektiborako gaitasuna, eta, batez ere, are gehiago ahalbidetzen zuen prekarietatea, aldi baterako kontratuak, lanaldi partzialekoak, … modu esponentzialean areagotuz.

PSOEren, Unidas-Podemosen eta EH Bilduren arteko akordioak, besteak beste, 2012ko PPren lan- erreforma erabat indargabetzea eta beste gai batzuen menpe jarri gabe lehenbailehen aplikatzea jasotzen zuen.

Era guztietako argudio katastrofikoak erabiliz, CEOEk eta botere ekonomiko eta finantzarioek berehala hasi ziren oihuka, indargabetzearen aurka errotik eginez. Eta beraiekin bat egin zuten Nadia Calviño Gobernuko presidenteordeak eta eskuineko eta eskuin muturreko alderdi guztiek. EAJk ere kritika horiekin bat egin zuen, baina egun batzuk geroago aurpegia garbitu nahi izan du, eta adierazi du bere haserrea ez zela akordioaren edukiagatik eta legitimitateagatik, baizik eta ez zelako kontsultatua izan eta erabilitako formengatik.

Zaila da jakitea PSOEk benetan zer konpromiso duen sinatutakoarekin. Aurreikuspenen arabera, edukia deskafeinatzen eta gauzapena atzeratzen saiatuko da, patronalaren eta botere faktikoen presiopean, edo gobernuaren, patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen arteko elkarrizketa sozialaren esparruan akordioa lortzeko beharraren aitzakia erabiliz.

Adi egon beharko da, bereziki hori euskal sindikatuei dagokie, gai hau nola garatzen den baloratzeko, eta oso gogoan izan behar da presio sozial handia ez badago, hain garrantzitsua den erreforma hori indargabetzea ezerezean edo oso mugatutako zerbaitetan gera daitekeela.

Views: 3
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude