Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko maiatzak 9

1. –Farmazia-enpresa handiak txertoen eta sendagaien bidez aberasten ari dira. Espero dezagun koronabirusaren aurkako txertoaren kostuak ez dezan erabilera orokortua eragotzi

Koronabirusaren aurkako txerto eraginkorra bilatzeko premiaren ondorioz, farmazia-enpresa handien eta Estatu askotako laborategiak lasterketan dabiltza, txerto hori lortzen eta patentatzen lehenak izateko. Eta horrela goratua izatea eta prestigio hartzea ere bai.

Oro har, munduan dagoen sendagai-patenteen egungo sistemak aukera ematen die farmako berriren bat aurkitu duten farmazia-enpresei hura –nahi duen prezioan– saltzeko esklusibitatea izateko hogei urtez. Eta beren monopolio handien bidez, lehiari tarterik utzi gabe, gehiegizko prezioak ezartzen dituzte, eskandaluzko etekinak lortzeko aukera ematen dietenak.

Ikerketa gastuek diru inbertsio oso altuak –kasu askotan diru publikoz lagunduta– eskatzen dituztela argudiatuz, ezarritako prezio altuak justifikatu nahi dituzte, baina prezio horiek gastuak oso denbora laburrean amortizatzeko eta urte luzeetan etekin garbiak biderkatzeko aukera ematen diete. Horren adibide ugari daude.

Liverpooleko unibertsitatearen azterlan baten arabera, Gilead farmazia-enpresak ekoitzitako C hepatitiserako tratamendu berrienetako batek 101 dolarreko kostua zuen. Hala ere, Espainian, 28.000 dolarretan saltzen zen, hau da, bere kostua baino 277 aldiz garestiago.

Beste horrenbeste gertatu zen duela bi urte, minbiziaren aurkako hamar sendagai lortzearen kostuak aztertu zirenean: 7,3 urteko ikerketa izan zen eta 7.000 milioi dolarreko inbertsioa egin zen, baina jada 67.000 milioi dolarrak eskuratuta zituzten, oraindik irabazi garbi handiak sortzen jarraitzeko 8 urte baino gehiagoko ustiapena geratzen zitzaienean. Eta egoera bera errepikatu da intsulinaren prezio altuekin.

Prezio oso altu horien ondorioz, sendagai horietako asko eskuraezinak dira aseguru medikorik ez duten Amerikako Estatu Batuetako eta beste herrialde askotako milioika pertsonentzat, eta gauza bera gertatzen da herrialde askotako osasun-sistema publikoekin, arrazoi hori argudiatzen baitute farmako eta sendagai horien erosketa eta erabilera murrizteko.

Osakidetzan, adibidez, duela gutxira arte behintzat, biriketako minbizia duten paziente gutxi batzuei bakarrik aplikatu zaie inmunoterapia-tratamendua. Justifikazioa: oso kostu handia duela eta pazientearen bizi-itxaropenerako aukerak kontuan hartu behar direla.

Espero dezagun koronabirusaren aurkako txerto eraginkorra lortzeak ez duela ekarriko hura, beharrezkoa bada, oro har erabiltzea eragotziko duen prezio alturik. Estatuek eta Osasun Munduko Erakundeak gehiegizko prezioak kontrolatu eta saihestu beharko lituzkete, eta ikerketa publikoko laborategiak sustatu, beharrezko inbertsioak eginez. Zalantzarik gabe, oso adibide txarra eman digu Gasteizko Gobernuak, inolako azalpen sinesgarririk eman gabe, Euskal Unibertsitate Publikoko 55 ikertzailek prestaturiko testa bultzatu eta bere ekoizpena EAEko ikerketa-zentroetan egitea sustatu eta babestu gabe.

2. – Galdakao-Usansolo Ospitalea: “Osakidetzak kanporatu eta, gainera, gezurti deitu”

Koronabirusaren pandemia zabaltzen hasi zen bezain laster, Espainiako Estatu osoan dozenaka mila –Hego Euskal Herrian ere hainbat mila izan ziren–, mediku, erizain, erizain laguntzaile, zeladore… birusak kutsatutako pertsonak zaintzeko eta artatzeko lanean hasi ziren. Berehala laneko jantziak jarri

ziren, zalantzarik gabe, nahiz eta babes-baliabide egokirik ez izateak arriskuak izan; are gehiago, horietako batzuk adinekoen egoitzetan geratu ziren, hobeto artatzeko eta haien familien kutsatzeak saihesteko. Ordaindu duten prezioa handia izan da: dozenaka hildako, 43.000 kutsatu, eta horietatik 10.000 baino gehiagok bajan jarraitzen dute, horietatik 800 Euskal Autonomia Erkidegoan.

Guztiak ia heroitzat hartuak izan ziren, eta ospitaleetan eta egoitzetan aitortu eta txalotu zituzten, arratsaldero bezala, 20:00etan, leiho eta balkoi ugaritatik.

Pandemiaren puntu gorena gainditu den arren, oraindik osasun-alerta egoeran gaude, eta ez da finkatu koronabirusaren behin betiko atzerakada; beraz, kontrol eta arreta mantentzeak garrantzi handia izaten jarraitzen du. Hala ere, milaka osasun-langileren kaleratzeak edo aldi baterako kontratuen amaierak duela egun batzuk hasi ziren. Lehenik eta behin, Ifema kanpaina-ospitalea izan zen, eta hura desegiteak 1.000 osasun-langile kaleratzea edo aldi baterako kontratua amaitzea ekarri zuen. Nahiz eta, astearte honetan, PPko eta Madrilgo Erkidegoko presidentea den Ayusok, pandemia dela eta, bere gobernuak maiatzera arte kontratatutako 8.400 langileei kontratuak urte amaierara arte luzatuko zaizkiela “hitza eman”.

Osakidetzan ere hasi dira kaleratzeak eta aldi baterako kontratuen amaierak. Horren adibide da Galdakao-Usansolo Ospitalea. Duela egun batzuk 50 zeladore kaleratu zituzten. Eta hurrengoetan beste osasun-langile batzuekin hasiko dira, kontratuak maiatzaren 15ean amaitzen baitira.

Uda amaitu arte kontratatuta egongo zirela agindu zieten. Baina orain emandako hitza haizeak eraman omen du, eta gainera, gezurti deitzen diete promesa horren aplikazioa eskatzeagatik. Eta beldur handia dugu gauza bera ez ote den gertatuko elikatutako ilusioekin, hots, soldatak osa zitezkeela, edo plantilletako lan-baldintzak –egoitzetan lan egiten dutenenak barne– hobetuko zirela, pandemiaren zatirik gogorrenak eta zailenak iraun duen denbora guztian egindako ahaleginaren eta sakrifizioaren ondoren.

Horren ondorioz, Galdakao-Usansolo Ospitaleko aldi baterako osasun-langile batek baino gehiagok adierazi du Osakidetza erakunde ke-saltzailea dela eta engainatuta, iruzurtuta eta atsekabetuta sentitzen direla.

Baliabide eta langile eskasiak ordezteak, pandemia-agerraldi berrien arriskuaren aurrean prestatuta egoteak, zorigaiztoko pandemia honetan parte hartu duten langileak are gehiago kualifikatzeak, Osakidetzako kudeatzaileek beren promesak betetzera, inbertsioak handitzera eta plantillak lan- baldintza duinekin egonkortzera ekarri beharko lituzkete. Kudeatzaile horien arduradun nagusia Gasteizko gobernua da. Beldur gara bere kezka bakarra ez ote den gastuak murriztea izango.

3. – Adineko eta mendekoen heriotza-katea handia da oraindik, egoitzetan edo haien etxeetan

Duela zenbait egun, hedabide publiko eta pribatuetan ia ez da menpekoak diren adineko pertsonen heriotzen daturik agertzen. Ez dakigu informazio hori ezkutatu nahi den adinekoengan beharrezkoak ez diren beldurrak ez sortzeko, edo, besterik gabe, konpontzetik urrun dagoen arazo baten larritasuna publiko egin ez dadin.

Hego Euskal Herriko datuek kezkagarriak izaten jarraitzen dute. Apirilaren 30 arte, COVID-19ren ondoriozko heriotzak, egoitzetan bakarrik, honako hauek ziren: Araban, 136; Bizkaian, 247; Gipuzkoan, 160; eta Nafarroan, 239. Guztira, 782 pertsona.

Erakunde publikoei, Aldundiei zein Gobernuei, dagokie egiturazko neurriak eta berehalakoak hartzea, tragedia horri amaiera emateko eta mendekotasuna duten adineko pertsona guztien arretan dauden gabezia larriei erantzuteko. Beraien ardura da eta ezin dute ihes egin. Pentsiodunen

mugimenduak, sektoreko sindikatuekin edo senideen elkarteekin batera, ez diogu uko egingo informazioa eta erantzukizunak eskatzeari, eta, aldi berean, hautemandako arazo eta hutsune anitzen aurrean irtenbideak eta alternatibak proposatuko ditugu.

4. – Maiatzaren 18an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren kontzentrazio sinbolikoak

Apirilaren 21ean, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak gutun bereziak bidali zizkien Euskal Autonomia Erkidegoko hiru ahaldun nagusiei eta Gasteiz eta Iruñeko gobernuetako dagozkien sailburuei, egoitzetan koronabirusaren pandemiaren eta, oro har, mendekotasuna duten adineko guztiei arreta ematearen ondorioz hautemandako arazo larriak planteatuz. Aldez aurreko datu eta informazio batzuk eskatzen ziren, ondoren bilera espezifikoak egin ahal izateko, gure diagnostikoa, alternatibak eta irtenbideak proposatzeko.

Orain arte ez dugu erantzunik izan. Eta arazoaren larritasuna ikusita, maiatzaren 18an protesta sinbolikoak egingo ditugu, aldundi batzuen aurrean, eta baita herri batzuetan nolabaiteko garrantzia duten egoitzen edo udaletxeen aurrean ere.

Protesta sinbolikoak, baimendutako pertsona-kopurua errespetatuko dutenak eta osasun- segurtasuneko ordu-tarteari eta distantziari buruzko arauak zorrotz beteko dituztenak. Espero dugu protesta sinboliko horiek egin ahal izatea, eta ez izatea diskriminatuak, adinekoak izateagatik.

5. –Patronalakestutuegitendubereinteresakdefendatzeko

CEOE delakoak, lotsatu barik, susperraldian, kaleratzeko eta soldatak murrizteko malgutasun gehiago eskatu du. Euskal Enpresaburuen Zirkuluak uste du ez dela “ezinbestekoa” osasun-alertaren egoera berriro luzatzea. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aldundiak Sozietateen gaineko Zergaren zati bat 2021eko uztailera arte atzeratzea proposatzen eta onartzen hasi dira. Bizkaiko Foru Aldundia, kontserbadoreena –EAJk erabat hegemonizatua–, beti bezala, aitzindaria izan da enpresarientzako zerga-pizgarri horiek onartzean.

Guztiei bost axola zaie ehunka mila langile kaleratzea, horietako asko inolako diru-sarrerarik gabe geratzea eta diru-kutxa publikoek diru-sarrerak murriztea. Jakina, ahaztu dute bankuei, berauen erreskaterako, maileguan utzitako 60.000 milioi euroak itzuli beharko lituzketela. Gauza bera gertatzen da osasun-alerta mantentzeko eta osasuna eta bizitza babesteko duten interesik ezarekin. Bakarrik axola zaie jendea lanera joatea, enpresen fakturazioa handitzea eta etekin handiak lortzea.

Bestalde, pentsioei buruzko zenbait informazio kezkagarri agertzen ari dira. Horien arabera, Gobernuak apirilaren 30ean bidali zuen bere Egonkortasun Plana Bruselara, planari argi berdea eman dezan. Plan horretan –informazio-iturri horien arabera– murrizketa-plan zorrotz bat aztertuko litzateke, besteak beste, pentsioen kapituluan, honako neurri hauekin: kotizazio peko pentsioak izoztea, pentsioak eskuratzeko baldintzak gogortzea, pentsio-zenbatekoa lan-bizitza osoa kontuan hartuta kalkulatzea eta alarguntza-pentsioak errenta-mailaren arabera mugatzea.

Erne egon beharko dugu eta gure mobilizazioekin jarraitu, are gehiago murrizketa horiek aurrera eraman nahi badituzte. Mobilizazio horiek, beste gizarte-sektore batzuekin (sindikatuekin, emakumeen kolektiboekin, gazteekin eta herri-izaerako beste batzuekin) batera sustatzea eta koordinatzea are premiazkoagoa izango da.

Spread the love

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *