Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko urriak 17


Interesgarriak iruditzen zaizkigulako zabaltzen ditugu Pentsiodunen Mugimenduko berriak

1– Gripearen aurkako kanpaina eta PCR probak zabaltzeko eta orokortzeko beharra

Aurreko astean Nafarroan eta asteartean Euskal Autonomia Erkidegoan gripearen aurkako txertaketa kanpaina hasi zen. EAEn, arrisku handiena duen biztanleria-sektoretik hasi da, 65 urtetik gorako pertsona guztiak barne hartuta. Biztanleria-sektore horrentzat ez da beharrezkoa txertoa hartzeko hitzordua eskatzea. Osakidetza arduratuko da pertsona bakoitzarekin harremanetan jartzeaz, hitzorduaren data eta tokia zehaztuz.

Zalantzarik gabe, gomendagarria da jende gehienak txerto hori jasotzea; izan ere, gripeak, Covid-19ak kutsatzearekin batera, horren ondoriozko arriskuak eta arazoak areagotzen ditu. Baina ohartarazi behar da gripearen aurkako txertoak ez duela immunitatea ondorioztatzen pandemiaren aurrean. Eta hori kontrolatzeko modurik seguruena PCR probak ahalik eta gehien erabiltzean datza.

EAEko eta Nafarroako hainbat herri eta eskualdetan, herritar guztiak, edo izaera selektibo baina zabalarekin, gonbidatu dituzte PCR probak egitera, pandemia kontrolatzeko. Baina ez dirudi nahikoa denik positibo-maila jakin bat duten herri edo eskualdeetara mugatzea, baizik eta PCR probak gehiago zabaldu behar direla, arakatzaileek ezin dituztelako kutsatutako guztiak aurkitu, are gutxiago kutsatzailea izateko arriskua duten sintomarik gabeko pertsonen kopurua oso altua denean, eta, beraz, guztiak aurkitzea eta identifikatzea oso zaila denean.

Egunotan jakitera eman dutenez, Txinan, kutsadurarik gabeko bi hilabete izan ondoren, herri batean 12 kutsatze agertu ziren berriro, eta Txinako agintariek, hedapen aukerak kontrolatzeko, PCR proba, herri horretako 9 milioi biztanleri, hiru astetan egitea erabaki zuten. Badirudi, pandemia hasi zenetik komunitate-konfinamenduak eta horrelako neurriak erabiltzeak, emaitza arrakastatsuak eman dituela herrialde horretan.

  1. – Bilboko Pentsiodunen Mugimenduaren elkartasuna, Saharar Herriarekin

Hilaren 12an pentsiodunen elkarretaratzeak egin ziren Hego Euskal Herriko 35 bat herritan. Bilbon, gainerakoetan bezala, lehenik eta behin, egoitzei eta adineko pertsonen arretari buruzko gaietan jarri zen arreta, baita Toledoko Itunaren negoziazioen jarraipenean ere. Baina, ondoren, egun horretan bertan Saharako Batasun Nazionalaren Eguna ospatzen zenez, elkartasunerako eta babeserako gune bat ahalbidetu zen.

MPBko kide batek eta Sahararen aldeko mugimenduko ekintzaile batek olerki bat irakurri zuten euskaraz eta gaztelaniaz –beherago duzue olerkia–. Jarraian, saharar gazteen Euskal Herriko arduradunak hitz egin zuen. Saharako herriak, basamortuko inguru batean bizi dituen pobrezia eta osasun faltako baldintzak nabarmendu zituen, eta, une honetan, batez ere, pandemiaren aurreko prebentzio eta babeserako botikak eta baliabideak biltzen laguntzeko gonbita egin zuen.

Amaieran, txalo zaparrada beroa jaso zuten, eta beraiek eskerrak eman zizkieten Bilboko pentsiodunei ez ezik, Euskal Herriko herri osoari ere, azken urteotan saharar herriari emandako elkartasunagatik.

Ez zaigu falta

Ez zaigu berdintasunik falta, soberan dugu nagusitasuna.

Ez zaigu tolerantziarik falta, xenofobia soberan dugu.

Ez zaigu talenturik falta, ezjakinak soberan ditugu.

Politikariak ez zaizkigu falta, ustelak soberan ditugu.

Lanik ez zaigu falta, baina langabetuak soberan.

Ez zaigu osasuna falta, agente kutsatzaileak soberan ditugu.

Ez zaigu botikarik falta, armak soberan ditugu.

Ez zaigu bakerik falta, gerrak soberan ditugu,

Ez zaigu dirurik falta, lapurrak soberan ditugu.

Ez zaigu janaririk falta, diruzalekeria soberan dugu.

Ez zaigu aterpea falta, babesgabetasuna soberan dugu.

Ez zaigu justiziarik falta, bidegabekeriak soberan ditugu.

Ez zaigu falta altruistarik, soberan ditugu egoistak.

Ez zaigu errukirik falta, indarkeria soberan dugu.

Gauza asko ditugu soberan eta gehiago falta zaizkigu.

Askatasuna falta zaigu, duintasuna,

Elkartasuna falta zaigu, batasuna behar dugu.

Immunitatea falta zaigu.

  1. – Euskal Herriko egoiliarren senideen elkarteek eta Pentsiodunen Mugimenduak hilaren amaieran bultzatutako mobilizazio bateratuak prestatzen

“SOS Egoitzak! Adinean aurrera egin ahala, adineko pertsonek ditugun eskubideak ez dira amaitzen” izenburua duen manifestuan, horrelakoa adierazi dute: “Egoitzetako erabiltzaileen senideek, Arabako eta Bizkaiko Babestuk, Gipuzkoako Senideak elkarteak, Irauli Zaintza elkarteak eta Arabako egoitza eta eguneko zentroetako erabiltzaileen senideek, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, larrialdi-deia egiten diegu erakunde sozial eta sindikalei, gurekin bat egin dezaten, hilaren amaieran, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo ditugun manifestazioetan”. 

Dokumentuan zehar, “adineko pertsona ahulenek –horietako asko egoitzetako, eguneko zentroetako eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuetako erabiltzaileak direnak– bizi duten egoerarekiko eta baita haien senideekiko ere duten kezka handia” adierazi dute.

“Administrazio eskudunek bultzaturiko aurrekontuen murrizketak, zerbitzuen pribatizazioa, langileen falta, lan-baldintzen prekarietatea eta ikuskaritza-lanekiko utzikeria, zerbitzuen kalitatea hondatu duten guzti horiek” salatu dituzte.

“Administrazio ezberdinen asmo pribatizatzaile eta ekonomizistek, errentagarritasun ekonomikoa bilatzen duen negozio eta irabazi eredua, merkataritza irizpideetan oinarritzen dena ekarri dute. Eta Osakidetzak bere betebeharrak alde batera utzi dituela eta indarrean dagoen legedia ez dela bete eta ezta Eusko Jaurlaritzak hiru Aldundiekin eta Eudelekin batera onartutako 2017-2020 Plan Estrategikoa ere” kritikatu dute.

“Unitate sozio-geriatrikoen derrigortasuna eta etxeetan egindako lana, neurri handi batean, lan-baldintza onartezinak dituzten emakume etorkinek egindakoa aitortzea” eskatzen dute.

Gogorarazi dutenez, “horrela exijitzen ari gara dozenaka mobilizaziotan, eta Foru Aldundien eta EAEko Gobernuaren erantzunik gabe jarraitzen dugu, egoitzetan gertatzen denari buruzko azalpen bakar bat ere eman gabe”. Eta gaineratzen dutenez, “ez dugu ulertzen, 700 heriotza izan ondoren, erakunde horietako bakar batek ere bere jardunaren hausnarketa autokritikorik egin ez izana; aitzitik, pozik daude gauzak ondo egin izanaz”. Eta, amaitzeko, honako hau esaten dute: “Pandemiari aurre egiteko hartzen diren neurri eta protokoloen ebaluazioan parte hartu nahi dugu, bai eta bisiten eta irteeren kudeaketan ere”.

Mobilizazioak egiteko data bat aurreikusita dagoen arren, oraindik ez dute behin betiko zehaztu, erakunde sozial eta sindikalekin izandako harremanen eta proposamenen emaitzen zain. Baina mobilizazioek arrakasta izan dezaten aurretiko prestaketa-lanak etenik gabe jarraitzen du. Datorren asteartean prentsaurrekoa emango da Bilbon, eta bertan, dokumentu osoaren berri, eta jasotako babesen, antolakuntzaren eta mobilizazioen data zehatzaren inguruko xehetasunak emango dira.

  1. – Toledoko Itunaren negoziazioak azkartu nahi dituzte

Pedro Sanchezen Gobernuak pentsioen inguruko negoziazioak azkartu eta neurriak onartu nahi ditu, Europari aurkezteko eta hurrengo aurrekontuak prestatzeko. Aste honetan, zenbait bozeramailek Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza batek, duela aste batzuk,  Magdalena Valerio Toledoko Itunaren batzorde parlamentarioko presidenteari aurkeztutakoekin bat datozen hainbat proposamen egin dituzte. Baina asmo oneko adierazpenekin emandako erantzunez gain, ez dira zehaztu, ezta horiek aztertzeko eta gauzatzeko datarik ezarri ere.

Pentsioei aplikaturiko KPIaren igoeraz harago, ez da inolako urratsik egin –adibidez– pentsio baxuenak 1.080 eurora igotzeko, ezta egungo 950 euroko LGSra arte ere. Pentsio-erreformak indargabetzea, kasurik onenean, 2013koaren alderdi batzuetara mugatuko litzateke, eta murrizketa eta muga garrantzitsuak ekarri zituen 2011koak bere horretan jarraituko luke.

Berrogei urte baino gehiagoko kotizazioak izanda hartutako erretiroek dituzten murrizketa-koefizienteak ezabatuko zituztelako ilusioak ere ez daude bermatuta.

Bestalde, hainbat hedabidetatik argitaratu da funtzionarioek 60 urterekin erretiroa hartzeko duten adina, jada eskuratutako eskubideekin batera, Gizarte Segurantzaren sistema orokorraren barruan blindatuko dela.

Funtzionarioak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartzea, mutualisten araubidearen pean, 2011n onartu zen, eta, beraz, ez du benetako aldaketarik eragingo Toledoko Itunaren gomendioetan hala jasotzen bada eta gero Kongresuan berresten bada.

Gogoan izan behar da funtzionarioek erretiro- eta prestazio-eskubideei eutsi behar badiete ere, ez dagoela justifikatuta langileek 2027an legezko erretiro-adina 67 urtera luzatuta izatea, gainera kontuan hartuta horietako gehienak fisikoki lan gogorrak egin dituztela, era guztietako gaitzak izan dituztela lan-erritmo handiengatik, edota goizeko, arratsaldeko eta gaueko etenik gabeko txandengatik… Ez da bidezkoa 40 urte igaro ondoren, kotizatutako pentsioak oso murriztuta izatea eta 65 urterekin legezko erretirora itzultzea ere ez onartzea.

Hainbat iturriren arabera, gomendioak berriro irakurri ostean, hilaren 27an Toledoko Itunaren batzordea bilduko da osoko bilkuran, eta beste bi asteko epean bukatutzat emango du bere lana. Behin betiko onarpena Kongresuan amaituko litzateke.

Toledoko Itunaren gomendioen murrizketei eta mugei aurre egiteak erantzun eta mobilizazio sozial oso indartsua eskatuko du. Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak ahal dugun neurrian egingo du. Baina erantzuna eta mobilizazioa ezin dira pentsiodunen mugimendura mugatu, ezinbestekoa da mugimendu sindikalarekin eta beste sektore sozial eta herrikoi batzuekin indarrak batzea. Eta ezin dugu gogoratu gabe utzi, gehiengo parlamentarioa duten alderdi ezkertiar eta aurrerakoi guztiak horretarako prest badaude, eskuindarren eta ekonomia- eta finantza-botere handien presioen aurrean, pentsio publiko eta duinak bermatuko dituen gizarte-segurantzako sistema publiko sendoa lor daitekeela.

Views: 3
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude