Albiste eta informazio interesgarriak- 2020ko uztailak 11

  1. – Horrela irabazten dute botikek pandemiekin: “2.000 dolarren truke saltzen dituzte sei dolar balio dituzten botikak”

Izenburu horrekin, Público egunkariak enpresa farmazeutikoen irabazi justifika ezinari buruzko artikulu bat zabaldu zuen – orrialde hauetan behin baino gehiagotan salatu dugu hori –, eta adierazi zuen koronabirusak munduan milioi erdi bizitza baino gehiago kobratu dituen bitartean, botiken industriako enpresek gehiegizko prezioak ezartzen dizkietela hildakoen igoera geldiaraz dezaketen medikamentuei.

Konronabirusaren ondorioak arintzeko lehen sendagaia den Remdesivir antibirusaren agerpenak, gatazka handia sortu du Trumpek datozen hiru hilabeteetako ekoizpen osoa erosi ostean, ekimen horrek mundu erdia hornitu gabe utzi baitu. Eta AEBetan, paziente bakoitzak 2.000 dolar ordaindu behar ditu tratamendu bakoitzeko, nahiz eta botikak 6 dolar inguruko kostua izan. 

Jatorrian, eta beste izen batekin, 2013an ebolaren aurka egindako ikerketa baten ondorioz sortu zen Remdesivir antibirusa. Beste medikamentu batzuk baino eraginkortasun txikiagoa zuela frogatzean, alboratuta geratu zen, baina covild-19aren pandemiarekin, bera sortu zuen Gilead farmazeutikoak, berriro frogak egin zituen zein emaitza lortzen zuen ikusteko. Ustekabean, Europar Batasunak birusari aurre egiteko onartu duen lehen sendagaia izan da. Eta orain multinazional hori aberastu egingo da.

Farmakoen industriak askatasun osoa du salmenta-prezioak ezartzeko, eta prezio horiek patenteen bidez monopolizatzen ditu. 1975etik aurrera egin ahal izan zen hori, Munduko Merkataritza Erakundeak berak sendagaiak patenteen mende egotea planteatu zuenean, eta horren ondorioz, sendagai berritzaile bat ekoiztea lortzen duen nazioarteko edozein enpresa farmazeutikok, gutxienez 20 urteko esklusibotasuna izango du bere ustiapenerako eta nahi duen prezioa ezarri ahal izango du.

Estatu espainiarrean, 1985ean aplikatu zen araudi hori, eta 1989an bete-betean sartu zen dinamika horretan. Baina beste gobernu batzuek bezala, Espainiar Estatuko gobernuak sendagai baten esklusibotasuna duen farmazia-patentea eska dezake hura ekoizteko eta haren kostua jaisteko, baldin eta justifikatzen bada “ustiapenik eza edo egindako ustiapenaren kalitatea edo kantitatea nahikoa ez izateak kalte larria ondorioztatuko duela herrialdearen garapen ekonomiko edo teknologikorako“.

Arazoa da gobernu gehienak ez direla ausartzen aukera hori planteatzera, multinazionalei aurre eginez; izan ere, orain ezagutzen ari garen pandemia bezalako egoeretan, mundu osoan zabalduta dagoen pandemia batean, zenbait herrialdek ezin izango dute horren aurka egin, farmako horiek dakartzaten kostuengatik. Gobernu guztiek eta Osasunaren Mundu Erakundeak berak amaitu beharko lukete multinazional farmazeutikoen pribilegioekin, pertsonen osasunaren kontura etekin handiak lortzea baino ez baitute helburu.

2– Erretiro-adina luzatzea eta pentsioak murriztea, 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen ondorioz

Joan den astean, 2011ko hasieran erretiratutakoen erosteko ahalmenaren galera aipatu genuen. Gaur, 2013ko erreformatik eratorritako beste arazo batzuez arituko gara.

Erretiroa hartzeko legezko adina 65 urtetik 67 urtera atzeratzea. Aurten, 2020an, 65 urte eta 10 hilabeteekin har daiteke. 2027an, 67 urterekin izango da. Urte horiekin erretiroa hartzen duenak 65ekin egin izan balu baino bi urte gehiago kotizatuko ditu, eta erretiro-prestazioak jasotzeari utziko dio beste bi urtez. 1.000 euroko pentsioa duen pentsiodun batek 28.000 euro galduko ditu bi urte horietan. Eta 1.300 euro inguru kotizatzen jarraituko du 1.000 euroko pentsioa lortzeko.

Soldata erregulatzailea kalkulatzeko aldia 15 urtetik 25 urtera luzatzea. 2020an, azken 23 urteak hartzen dira kontuan. Oro har, azken urteetako soldatak eta kotizazioak aurreko urtekoak baino handiagoak izaten dira –antzinakotasunaren, hobekuntzen eta abarren emaitza–, eta, ondorioz, kalkulu-urteak luzatzean, oinarri arautzailea txikiagoa da. Batez besteko pentsio batentzat hilean 50 euro eta urtean 700 euro inguruko galera kalkulatzen da.

Enpresaburuek eta PPren gobernuak neurri hori justifikatzeko honako aitzakia erabiltzen zuten: azken urteetan langabezian edo aldi baterako lanetan egon diren langile asko zeudela, eta kalkulua egiteko urte kopurua luzatzea positiboa zela. Eta aitzakia bera mantenduko dute kalkulu-aldia lan-bizitza osora hedatu behar dela justifikatzen saiatzen direnek. Ondo dakite neurri horiekin diru asko aurrezten dela pentsioen kaltetan.

% 100eko prestazioa jasotzeko eskubidea izateko, 37 urte kotizatuta izatea, 35 izan beharrean. Neurri horrek % 2 inguruko galera ekarriko du, hau da, 1.000 euroko pentsioa hileko 20 euro inguru edo 280 euro urtean.

Argi dago neurri horiek guztiak aplikatu zaizkien pentsiodunek, galera handia izan dutela pentsioetan. Eta horiei aurre egiteko, 2011ko eta 2013ko erreformak indargabetzeko eskatzen ez badugu, aurrera egin baino, pentsio-sistema gehiago hondatzeko arriskuak are handiagoak izango dira. Datozen asteetan erreforma horiek ekarri dizkiguten atzerapausoen berri ematen jarraituko dugu.

3– Ilara luzeak banketxeetan edozein kudeaketa egiteko

Osasun-segurtasuna dela eta, koronabirusaren pandemiaren aurrean, banketxeek –batez ere Kutxabankek– bezeroari arreta emateko orduak murriztu dituzte, arreta jaso ahal izateko ilara luzeak eraginez, eta horrek ez du soilik mundu guztiarengan denbora galtzea eragiten, baizik eta, bereziki, nekea eta beste arazo larri batzuk adineko pertsonentzat.

Pentsiodunen mugimenduak, kide gehienak adinekoak izanik, egoera hori salatzeko ohar publiko bat egitea erabaki du, egoera konpontzeko berehalako neurriak har ditzaten eskatuz. Era berean, arazo hori premiaz konpontzeko gestio zuzen batzuk egiten saiatuko gara.

4. – Euskal pentsiodunen mugimenduak mobilizatzen jarraitzen du


Zortzigarren astelehenez jarraian, uztailaren 6an (119 dira jada, 2018ko urtarrilaren 15ean kontzentrazioak hasi zirenetik), Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta berrogeita hamar bat herritan berriz ere elkarretaratzeak egin ziren, eta horietako batzuetan manifestazioak.


Datozen asteetan herri batzuek irailera arte ez dute elkarretaratzerik egingo. Beste batzuek uztailaren 12ko hauteskundeak igaro arte jarraituko dute, baina zati handi batek hilaren amaierara arte iraungo du. Iruñean eta Nafarroako hainbat herritan ere egingo dute, bi aste hauetan izan ezik, uda osoan etenik gabe. Eta mugimenduak, oro har, lau hiriburuetan eta horietan parte hartu ohi duten Hego Euskal Herriko herri guztietan, irailaren 7an, mobilizazioak berrabiarazteko akordioa lortu du, dugun egoera zaila kontuan hartuta.


Euskal pentsiodunen mugimenduak egindako balorazioaren arabera, azken 8 astelehenetako elkarretaratzeak eta manifestazioak arrakastatsuak izan dira, koronabirusaren pandemiaren ondorioz osasun-segurtasuneko neurriekin deialdi mugatuak egitera behartu gaituztelako.


Azken bolada honetan, pentsiodunen mugimenduak, pentsioen inguruan dituzten eskaerak ahaztu gabe, arreta jarri du osasun eta zerbitzu soziosanitarioen arloan ikusitako arazo eta gabezia larrietan – ospitaleak, lehen mailako arretako zentroak, egoitzak, etxez etxeko laguntza… –, eta egoera hori salatu du, baita premiazko neurri sakonak hartzeko beharra ere, agerraldi berriak prebenitzeko eta azken urteetan ikusitako gabezia larriak gainditzeko, Osasun sailean, pertsonen arretan eta zaintzan izandako murrizketen ondoriok gainditzeko. 

Pilatu diren arazoei aurre egiteko, osasun arloko langileekin eta egoiliarren senitartekoen elkarteekin indarrak batu behar direla jakinik, aste hauetan hainbat ekimen bateratuetan parte hartu dugu, besteak beste, Osakidetzako sindikatuek deitutako elkarretaratzeei babesa eta elkartasuna adieraziz, azkeneko ekitaldiak joan den ostegunean, hilak 9, hiru hiriburuetan egin ditugu.

5. – Pentsiodunen mugimenduaren eta alderdi politikoen arteko mahai-inguruak


Ekainaren 30ean, Gasteizen, eta uztailaren 7an, Bilbon, mahai-inguru bana egin zen Gasteizko Legebiltzarrean orain ordezkaritza izan duten alderdi politikoekin -eta hauteskunde ondoren ere seguraski izango duten- (EAJ-PNV, Eh-Bildu, Elkarrekin- Podemos, PSE-EE eta PP-Ciudadanos), pentsiodunen mugimenduak sustatuta eta gidatuta. Espazioari eta osasun-segurtasunari lotutako arrazoiengatik, Gasteizko ekitaldian 90 pentsiodunek baino ezin izan zuten parte hartu, eta Bilbokoan 65ek.


Mahai-inguru horien helburua alderdi eta koalizio horiei pentsionisten mugimenduen eskaerak eta haien justifikazioa zeintzuk diren planteatzea, eta haien erantzunak eta konpromisoak zeintzuk izango diren eskatzea zen, ez bakarrik EAEko erakundeei dagokienez, baita Madrilgoei dagokienez ere, non alderdi eta kolazio horiek guztiek ordezkaritza duten.


Osasun arloan eta adinekoentzako arretan ingurukoak izan ziren egindako eskaerak, baita pentsioei buruzko gaiak ere.


Alderdien erantzunak begirunez egindakoak eta errespetuzkoak izan ziren, baina orokorrak. Gure aldarrikapenetara gehien hurbildu zirenak, aldi berean gure mobilizazioei babesa adieraziz, Eh Bildu (Gasteizko hitzorduan ezin izan zuen parte hartu, hainbat arazorengatik) eta Elkarrekin Podemos izan ziren.


Bilboko ekitaldia bideo batean grabatu zuten, eta sare batzuetan jarriko dute, eta nahi duen guztiarentzat egongo da prest; bereziki, herri desberdinetako pentsiodunen plataformentzat. Halaber beste bideo laburrago, minutu batzuetako bat, egiteko ahaleginetan gabiltza.

Views: 1
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude