Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko uztailak 25


1. – Koronabirusaren pandemiak bizirik dirau munduaren zati handi batean eta bere berragerpenak ez dira gainontzekoetatik desagertu, adibidez, Euskal Herriatik

AEBetan, Hegoafrikan, Brasilen, Mexikon, Txilen eta Hego Amerikako beste herrialde batzuetan pandemia oso larri mantentzen da, eta oraindik ez du gailurra garaitzea lortu. Baina Europan, Estatu espainiarrean eta Hego Euskal Herrian indar handiko berragerpenak izatea oso garrantzitsua eta kezkagarria da.

Azken asteotan, epidemiaren berragerpenak hedatu egin dira euskal geografian, bereziki Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Kutsatutakoak, hein handi batean, gazteak dira, baina hainbat egoitzatan ere nabaritu dira ondorioak, eta horrek arriskua dakar sektore zaurgarria osatzen duten adinekoentzat.

Erakundeak gaiari larritasuna kentzen saiatzen dira, eta agerraldiak kontrolatuta daudela eta gaindi daitezkeela jakinarazten digute. Baina herritarrei informazio serio eta zorrotza emateko mugak eta berragerpenei erabateko galga jartzeko neurri erabakigarririk eta gardentasunik eza kezkagarriak dira oso.

Euskal erakundeen artean, Bizkaiko Foru Aldundia, Rementeria jauna buru dela, informazioari eta gardentasunari dagokienez, ez da batere irekia. Hori dela eta, Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak beste idazki bat helaraziko dio. Bertan, gure informazioari, gardentasunari eta arreta soziosanitarioko neurriei buruzko eskaerak, sektoreko langileen lan-baldintzei buruzkoak barne, azalduko dizkiogu. Aldi berean, pentsiodunek eskaera horiei ematen dieten gizarte-babesa nabarmentzeko, astelehenean, hilak 27an, egingo dugun manifestazioa Foru Aldundiaren aurrean amaituko dugu.

Azpimarratu behar dugu, beste behin ere, kutsatuta egon daitezkeen pertsonak arakatzeko langile gehiago behar direla, PCRak oro har erabili behar direla eta maskarak doan izan behar direla, are gehiago etengabe eta nahitaez erabili behar direnean, batez ere pentsiodunentzat eta diru-sarrera txikiak dituztenentzat.

2. – Manifestazioak Bilbon, uztailaren 27an eta abuztuaren 24an

Pandemiaren deseskalatzea hasi eta azken bederatzi astelehenetan Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak egin dituen kontzentrazioei eta beste ekimen batzuei –Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan beste hainbeste izan dira– amaiera emateko, manifestazioa egingo dugu datorren astelehenean, uztailaren 27an, eguerdiko 12:00etan, Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian, 85 zenbakian duen Ordezkaritzaren egoitzatik Foru Aldundiraino. Bertan, geldialdi sinbolikoak egingo dira bi erakundeen aurrean, bai eta Moyua Plazaren inguruan dauden banketxeen aurrean ere.

Gasteizko Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean –aurrekoaren antzeko aliantza baten inguruan osatuko dela aurreikusten da–, osasunaren eta zerbitzu soziosanitarioen inguruan ditugun eskaerak gogoraraziko ditugu, bai eta 1.080 eurora arteko gutxieneko pentsioen osagarriaren premia larria ere. Aldarrikapen horiek lehenbailehen bete eta konpondu behar dira.

Bankuen aurrean, agiri publiko bat helaraziko diegu, eta, bertan, banketxeen aurrean dauden itxarote- ilara luzeak izan ez daitezen giza-baliabide gehiago eta bestelako neurriak har ditzatela eskatuko diegu, justifikaziorik gabeko denbora-galerak sortarazi, eta, batez ere, zailtasun fisikoak dituzten eta itxaronaldi luzeetan zutik egon ezin duten adinekoei arazoak eragiten dizkietelako.

Azkenik, manifestazioa Foru Aldundiaren aurrean amaituko dugu, Rementeria Ahaldun Nagusiari ozen adierazteko goian aipatu duguna.

Abuztuaren 24an, pandemiaren berragertze arriskuak direla eta, egingo ez den Aste Nagusiko lehen astelehenean Bilbon egingo den manifestazioan, Bilboko Pentsiodunen Mugimenduak, herrialdeko beste herri batzuetakoekin batera, egun horretan bertan gogorarazi nahi du osasunak, bizitzak eta gure pentsioen aldarrikapenek berehalako erantzunak eskatzen dituztela. Gizartearen gehiengoari eragiten dioten eta interesatzen zaizkion eskaerak dira; eta beraz, manifestazioa herritar guztiei irekita dago, bereziki parte hartu nahi duten jai-, gizarte- eta herri-kolektiboei.

12:00etan abiatuko da Moyua Plazatik eta Areatzako kioskoaren aurrean amaituko da. Amaiera- ekitaldian, bertsolariak, txistulariak eta kantari edo musika-talderen batek parte hartzea nahi dugu, bertaratuak alaitzeko eta animatzeko.

3. – Ekonomia Berreraikitzeko Batzordeekin eta Toledoko Itunarekin bueltaka

Batzorde gehienek bi gaietarako egindako gomendioek norabide bera dute. Adierazpen huts askok eta jasotzen edo planteatzen diren zehaztapen urriek aurrerapenik ez ekartzeaz gain, azken hamarkadako arazo eta murrizketa sozialei eusten diete.

Inork ezin du aitortu gabe utzi PSOEren birzentralizaziorako eta eskuinerako joera, duela egun batzuk Berreraikuntza Ekonomikorako Batzordearen ondorioetan eman ziren bozketa eta lerrokatze politikoetan adierazia. Adibide bat jartzearren: Unidas Podemos-ek eta EH Bilduk pentsioak bizitzaren kostuarekin errebalorizatzeko, gutxieneko pentsioak handitzeko eta iraunkortasun faktorea indargabetzeko konpromisoa hartu zuten. PSOEk berak baztertu egin zuen adostutako zuzenketa hori.

Bestalde, Toledoko Itunaren batzorde teknikoa egunotan bildu da batzordearen osoko bilkura prestatzeko. Planteatzen ari diren gomendio guztiak aztertuta, esan dezakegu bere literaturan jasotzen diren asmo onetatik harago, gomendio horiek betetzeko neurri zehatz eta koherenteak ez planteatzeaz gain, hamarkada bat baino gehiagoko atzeraldian ezagutu dugun neurri negatibo guztiei eusten dietela.

2011ko eta 2013ko pentsio erreformei eutsi diete. 1.200 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ekarriko lituzkeen Europako Gutun Sozialaren eskaerak ez dira betetzen. Erretiro-adina 67 urtera arte luzatzen da, eta, pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko, 25 urtera arte luzatzen da, baina ez da baztertzen lan-bizitza osorako luzatzea.

Ez dute 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuen koefiziente murriztaileak ezabatzeko konpromisorik hartzen. Eta, gainera, pentsio-plan pribatu kolektiboen alde egiten dute eta Austriako motxila ospetsuaren aukerak kontuan hartu nahi dituzte.

Azken batean, ez diete jaramonik egiten pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapen eta proposamenei; izan ere, 2018ko urtarriletik ari gara aldarrikapen horiek defendatzen eta babesten, kontzentrazio eta manifestazioekin, horietako batzuk jendetsuak. Urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herrian izandako mobilizazio eta greba orokorraren bidez izugarrizko garrantzia izan zuten mobilizazioek.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak egunotan jakitera eman duen oharrean adierazi du Toledoko Ituneko batzordeetan, Ekonomia Berreraikitzeko Batzordean, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, Kongresuan, Estatuko, EAEko eta Nafarroako gobernuetan eta parlamentuetan parte hartzen dutenek entzun, kasu egin eta erantzun egin behar dietela gure eskari zuzenei. Eta, horregatik, berriro eskatu dugu, Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean, Pablo Iglesias Estatuko Gobernuko bigarren presidenteordearekin eta José Luis Escrivá Gizarte Segurantzako ministroarekin bilera egitea, pandemiaren ondorioz egin gabe geratu zena.

4. – Bruselako akordioak, norentzat dira onuragarriak?

Europako Estatuburu guztiak, bankuak, enpresaburu handiak eta Europako burtsak pozik agertu dira akordio horiekin. Baina, egiazta daitekeenez, bankuen egonkortasuna bermatzea da horien lehentasuna, bai eta Covid-19 krisiaren ondorengo irteeraren diseinuan beraiek protagonista izatea ere. Espainiako Estatuak 140.000 milioi euro inguru izango ditu eta horien arteko 72.000 transferentziak izango dira.

Osasun-krisiak gehien kaltetu dituen Europar Batasuneko herrialdeen egungo zorpetzea eta herrialde horiek finantza-ezegonkortasunaren eta zorra ez ordaintzearen arriskua arintzeko beharrak eragin du Bruselan adostutako plana. Finantza-merkatuak lasaitzeko eta gero eta handiagoa den zorpetzearen ordainketa bermatzeko modu bat da.

Baina mailegatutako diru kopuru hori, nahiz eta zati bat itzuli beharrik gabekoa dela esan, modu batera edo bestera itzuli behar da. Gai horri aurre egiteko ezinbestekoa den neurri bat Europa mailako zerga-erreforma eta harmonizazioa da, baina atzeratu egin da. Finantza-erakundeek eta enpresa-talde handiek ez dute inolako interesik zerga-paradisuak, bitarteko sozietateak eta zergak saihesteko kontabilitate- eta zerga-estrategiak deuseztatzeko. Zerga-ekitateak eta iruzurraren aurkako borrokak izan beharko lukete gizarte-desberdintasunak desagerrarazteko eta inbertsio produktiboa sustatzeko diru-iturri nagusia.

Akordio horien ontasuna saltzeko, esaten digute pentsioek eta beste lan- eta gizarte-eskubide batzuek ez dutela murrizketarik jasango. Baina, zoritxarrez, erabat sinetsita gaude Europa osoan, Estatu espainiarrean eta Hego Euskal Herrian horiek sufri arazten saiatuko direla. Mobilizazio eta erresistentzia sozial oso gogor batek bakarrik eragotziko ditu.

5. – Fiskaltzaren aurreko salaketa eta Arartekoarekin biltzeko eskaera

Arabako pentsiodunen mugimenduko kideek hasita, salaketa Fiskaltzara eramatea proposatu zen, pandemiaren garaian hainbat egoitzatan ikusitako arazo eta irregulartasunak azter ditzan. Orain salaketa hori prestatzen ari dira EAEko mailan. Bestalde, Arartekoarekin elkarrizketa bat izateko aukera kudeatzen ari gara, gai hori bera salatzeko eta baloratzeko.

6. – Gasteizko Gobernu berriaren eraketa

Ohituta gauzkaten su artifizialetatik haratago, EAJ eta PSEren arteko aliantza-gobernu bat, lehenengoaren hegemonia pean. errepikatuko dute ia ziur.

EAJren asmoa da irailaren hasieran martxan jartzea. Hego Euskal Herri osoko Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 7an hasiko ditu berriro elkarretaratzeak eta mobilizazioak lau hiriburuetan eta 70 baino gehiago herri handi, ertain eta txikietan. Gobernu berriari gogorarazi beharko zaio planteatu dizkiogun eskaerei erantzun egokiak emateko konpromisoa hartu behar duela eta ezin duela erantzunen ematea luzatu.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude