Albiste eta informazio interesgarriak 2021eko azaroak 20

1.- Azaroak 25: Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Eguna

Egun hauetan, Bilbon, senegaldar emakume baten hilketaren epaiketa egiten ari da. Hilketa Bizkaiko hiriburuan izan zen 2018an, eta gizartean ikusmina eta kezka handia sortu zituen, besteak beste, bere senarrak egindako erasoen aurrean, epaitegi batek emakumeari babesa aitortzeari uko egin ziolako, senarra absolbitu baitzuen. Baina ez da kasu isolatu bat; izan ere, orduz geroztik senarrek edo lagunek hildako dozenaka emakume izan dira Espainiako Estatuan –Hego Euskal Herria barne–, eta ez kasu gutxitan hil egin dituzte babesik jaso ez dutelako, edo, behintzat, babes egokirik izan ez dutelako.

Hilketen eta emakumeen aurkako bestelako erasoen aurreko erantzunak etengabea eta egunerokoa izan behar duen arren, azaroaren 25a munduko erreferentzia da emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko mobilizazioei dagokienez. Azaroaren 22an argitaratuko den agiri batean, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko emakumeek honako hau adierazi dute: “Emakume pentsiodunak eta adinekoak ez gaude genero-indarkeriatik salbu. Askotan, familian eta gizartean, baita asistentzia-guneetan ere, tratu txar psikologikoak jasaten ditugu, hala nola, umiliazioak, sinesgarritasun falta, irainak, diruaren kontrola, abandonua, isolamendua, etab.

Era berean, ez gaude tratu txar fisikoetatik libre, hala nola, jipoiak, medikalizazio jarraitua, sexu-abusuak eta baita hilketa ere. Askotan, duela urte askotatik jasaten dugu indarkeria, isilean, hitz egiteko edo salatzeko beldurrez.” 

Gainera, adineko emakume askok indarkeria ekonomikoa jasaten dugu diru-sarrera propiorik ez dugulako edo baliabide gutxi ditugulako. Emakumeen aurkako indarkeria da bikotekidearen diru-sarreren mende egon behar izatea, edo hilabete amaierara beren diru-sarrerekin iritsi ezin izatea. Hego Euskal Herriko emakume askok kotizazio gabeko 400 €-ko pentsioak dituzte; 63.000 alargunek 1.080 € baino gutxiago kobratzen dute eta horietatik laurdenek 700 € baino gutxiago.

“Pentsioak erreformatzeko bidean dagoen proiektuak emakumeok ahaztu egiten gaitu. Ez da alarguntza-pentsioa aipatzen, ezta emakume asko miseriatik ateratzeko behar den 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ere.

Emakume pentsiodunok, etxean eta etxetik kanpo gogor lan egin dugunok, baliotsuak garaeta ez dugu gehiago isilik jarraitu nahi, indarkeria mota guztiak jasaten. Horregatik guztiagatik, datorren ostegunean, azaroaren 25ean, Euskal Herriko herri eta hiriburuetan egingo diren manifestazio feministetan masiboki parte hartzera gonbidatzen ditugu adineko emakume eta emakume pentsiodun guztiak.

Agiria amaitzen dute gizon pentsiodunei bertaratzeko gonbidapena eginez, “jakin badakigulako gure aldarrikapenak babesten dituzuela, emakumeek eta gizonek berdintasunean eta askatasunean elkarrekin bizi ahal izateko gizarte baten alde.”

Manifestazioak hiriburuetan: Baiona: 18:00etan, Moracin plazatik; Iruña: 20:00etan, Baluarteko plazan; Gasteiz: 19:00etan, Iparralde Gizarte Etxean; Donostia: 19:30etan, Boulevarden; Bilbo: 19:30etan, Jesusen Bihotzean.

2.- Pentsioen galeraren adibidea, lege-proiektuan jasotako errebalorizazio-indizea aplikatuz gero

Oraindik hilabete falta da aurtengo behin betiko Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) ezagutzeko, eta, beraz, hemen aurkeztutako adibideak aldakuntza batzuk izan ditzake. KPIa %5,5era iristen bada eta aurreikusitako %2,5eko errebalorizazio-indizea aplikatzen bazaigu, egindako kalkulua da. Horrela bada, aurtengo urtarrilaren 1ean hileko 1.000 euroko pentsioa duen pentsiodun batengan honako ondorio hauek izango lituzke:

Pentsiodun horri legokiokeen atzeraeragina –“ordainsaritxoa”– 644 eurokoa izango litzateke, hau da, %5,5i kendu behar zaio aurreratu ziguten % 0,9a, hots, %4,6 aplikatzetik dator. %2,5 aplikatuz gero, atzeraeragina 224 eurokoa izango litzateke, hau da, %2,5 ken %0,9, hau da, %1,6. Beraz, % 4,6 ordez, %1,6, hau da, 3 puntuko galera. Baina arazoa are larriagoa da; izan ere, pentsiodun horri 1.055 euroko hileko pentsioa egokituko litzaioke aurtengo abenduaren 31n, eta %2,5 aplikatuz gero, 1.025 eurokoa izango litzateke, hau da, 30 euro gutxiago hilean.

Eta ez da hor amaitzen kontua. 2022tik aurrera aplikatzen zaizkigun igoerak, KPI positiboa bada –% 0tik gorakoa–, aurtengo abenduaren 31ko pentsioaren gainean egingo dira lehenik, eta aurreko urteko abenduaren 31ko pentsioaren gainean hurrengo urteetan. Horrek 30 eurotik gorako galera progresiboa eragingo du gure bizitza osoan.

Neurri horren larritasunak, 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformetatik jasotako murrizketekin eta lege-proiektuan jasotako beste gehigarri batzuekin batera, proiektu hori erretiratzea eskatzen dute.

3.- Pentsioak arautzen dituen soldata kalkulatzeko 25 urtetik 35era luzatzeak beste kolpe latz bat ondorioztatuko du erretiratuen belaunaldi berrientzat

Jakitera eman da pentsioak arautzen dituen soldata kalkulatzeko 25 urtetik 35era bitarteko luzapena Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari bidalitako dokumentuan jasota dagoela. Era horretan erantzun nahi diote Bruselak egindako eskaerari, urte honen amaieran amaitzen diren 25 urteko luzapena zabaltzeko, eta, horrela, pentsioen kostuaren gastuak murrizteko. Baina Escrivá-k azken egunotan esan du ez dagoela aurreikusita hura aplikatzea.

Neurri hori onartzeak eta aplikatzeak kolpe latza emango lieke erretiratu berrien pentsioei. Escrivá-k eta gobernuak oso ondo dakite kalkulua 8 urtetik 15era eta ondoren 15etik 25era pasatzeak ekarri zuen atzerakada. Eta, jakina, ondo kalkulatuta daukate 25 urtetik 35 urtera zabaltzeak, pixkanaka bada ere, pentsioen penalizazioan eta Gizarte Segurantzaren gastuen murrizketan izango duen eragina.

Escrivá-k kezko hesi bat eraiki nahi du, neurri horrek ekarriko duen murrizketa estaltzeko, horrela langabezian edo erretiroa hartu aurreko urteetan aldi baterako kontratuak eta soldata txikiak izan dituzten pertsonek beren pentsioa hobetu ahal izango dutela argudiatuz. Horren bidez, langile gehienek izango duten pentsioen murrizketa ezkutatu nahi du. Pertsona horiei kalterik egin nahi ez badie ere, eta hori guztiz bidezkoa bada ere, kotizazioko 25 urterik onenak hartzeko aukera eman beharko litzaieke, eta are bidezkoagoa litzateke mundu guztiarentzako 15 urtera itzultzea eta lan-bizitzako 15 urte onenak ere aukeratu ahal izatea.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua arduraz informatzen ari da neurri horrek erretiroa hartuko duten hurrengo belaunaldiei ekarriko dien ondorioari buruz. Eta hori egiten dugu dagoeneko pentsiodun garenon pentsio publikoek ez ezik hurrengo belaunaldien pentsio publikoek ere kezkatzen gaituztelako. Ez legoke batere gaizki sindikatu guztiek langile guztiei –batez ere datozen urteetan erretiroa hartuko dutenei– beren pentsioek izango duten egoeraren berri ematea eta azaltzea. Horrek ulergarriago egingo luke pentsiodunen mugimendua, langile-mugimendua eta sindikatuak bateratzeko beharra, erantzun sendoagoak eta premiazkoagoak emateko balizko neurri horri, abian den lege-proiektuari eta pentsioen erreformaren bigarren zatian planteatuko diren murrizketa-neurri berriei berehala geldiarazteko.

4.- Aurrerapauso historikoa gaur egun Belaunaldien arteko Ekitate Mekanismoa deritzonari buruzko akordioaren bidez?

Hala aurkezten ari dira CCOO eta UGTko buruzagiak, CEOE–CEPYME-ren jarrerak lagunduta, negoziazio mahaitik altxatu baitziren eta ez baitzuten akordioa babestu. Akordio horren bidez, PPren 2013ko pentsioen erreforma eta jasangarritasun-faktorea amaitu omen direla baieztatzen dute.

Langileen eta enpresaburuen kotizazioen igoerari nolabaiteko balioa kendu gabe, %0,5eko igoera enpresaburuentzat eta %0,1ekoa soldatapekoentzat, egia esan, gaur egun enpresaburuek eta langileek kotizatzen duten proportzioa bera mantenduz, ezin dugu alde batera utzi enpresaburuek egiten duten ekarpena enpresen lan-kostuen parte eta soldataren zati geroratua dela. Bestalde, alde batera uzten da, Estatuko gobernu ezberdinek Gizarte Segurantzaren kutxaren kontura egindako gastu bidegabeak itzultzeaz gain, pentsio publiko duinak bermatuko dituen kutxa publiko kaudimenduna izateko bermeek eskatzen dutela enplegua eta soldatak hobetzea, gazteei lanpostuak ahalbidetzea, adibidez, 65 urterekin erretiratutako pertsonak ordezkatuz, soldata altuen gehienezko kotizazioaren muga ezabatzea, …

Neurri horiek hartu beharrean, Escrivá-k eta Gobernuak, Gizarte Segurantzaren “defizita” murrizteko duten benetako helburua ez da kotizazio horiek igotzea, baizik eta gaurko eta etorkizuneko pentsioen murrizketa oso handia egitea, pentsioen guztizko gastua nabarmen gutxitzeko.

Hori guztia kontuan hartzea funtsezkoa da pentsiodun guztiek eta langileek argi eta garbi jakin dezaten zer inposatu nahi diguten, eta sistema publikoa eta pentsio duinak defendatzen dituzten alderdi guztiek lege-proiektuaren eta egiteko dauden beste murrizketa-proposamenen aurka egin eta bozkatu dezaten.

5.- Dirudienez, EITBko informazio-zerbitzuetako zuzendaritzara bidalitako gutunek eta egindako beste protesta batzuek eragina izan dute

Duela aste batzuk, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak gutun bat bidali zion EITBko informazio-zerbitzuetako zuzendariari, eta protesta bat egin zuen Gasteizen zuen ordezkaritzaren aurrean, hainbat hilabetez ekimen ezberdinen aurrean izandako informazio-ezaz kexatuz, horietako askok gizarte-dimentsio esanguratsua izan arren. Handik gutxira, zuzendari horrek idatziz erantzun zuen EITBren jarrera eta borondatea ez zela pentsiodunen mugimendua baztertzea edo itzalaldi informatiboa aplikatzea, baina ia lau urtez mobilizazio “errepikakor samarrak” egin ondoren, horiei buruzko albisteak ez zirela EITBren eguneroko interes informatiboaren parte.

Egiaztatu eta onartzen dugu azken asteotan EITB komunikazio-taldeak presentzia eta jarrera positiboagoa izan duela prentsaurrekoetan, manifestazioetan eta pentsiodunen mugimenduak deitutako beste ekimen batzuetan. Baina oraindik badaude “Teleberriak” non errealitatearekin bat ez datozen eta atsekabea eragiten duten albisteak dauden. Azaroaren 13ko gaueko 21:00etako albistegian, Bilboko manifestazioan 2.500 pertsonak parte hartu zutela adierazi zuten, nahiz eta mundu guztiak, udaltzainek barne, egiaztatu ahal izan zuen gutxienez 7.000 pertsonak parte hartu zutela.

Hurrengo eguneko El Correo egunkariak, pentsiodunen mugimenduari babesa emateko susmorik ez duen egunkariak, Espainiako manifestaziorik jendetsuena, Madrilgoa eta Bartzelonakoa baino askoz ere handiagoa izan zela nabarmendu zuen.

6.- Arabako egoitza pribatuen lurralde-hitzarmena

Arabako adinekoen egoitza pribatuetarako lurralde-hitzarmenaren negoziazioa oso urrun dauden jarrerekin hasi da. ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek oinarrizko eskaintza bat aurkeztu dute PRECO delakoan, patronalaren erakundeei oinarrizko soldata batez beste %46,4 igotzea eta urteko lanaldia %11,1 murriztea eskatzen diena. Horrela, beren lan-baldintzak Gipuzkoan eta Bizkaian dituztenekin parekatzea lortu nahi dute.

Eratu berri den ACRA geriatrikoen patronalak, beti bezala, adierazi du “elkartea osatzen dugun zentro gehienek ezin diela eutsi soldata-igoera handiei eta ordutegi-murrizketa garrantzitsuari”.

Inbertsio-talde pribatu jakin batzuek egoitza pribatuak jabetu eta sustatu nahi dituzte, soldata baxuak eta plantilla txikiak izanda, etekin handiak lortzeko. Sindikatuak indarrez eta erabakitasunez mobilizatu beharko dira hitzarmen duin bat lortzeko. Kezkagarria dena da, oraindik ere, Gasteizko Gobernua eta EAEko hiru foru-aldundiak, egunetik egunera ugaritzen ari den egoitza pribatuen arazo hori alde batera uzteaz gain, ez direla egoitza publikoak bultzatzeaz arduratzen, lan-baldintza justuak eta kalitatezko arreta bermatuko dituzten egoitzak, egoiliarrek duintasunez bizi ahal izan dezaten.

7.- Klima larrialdiari buruzko Glasgowko goi-bilera: akordio ahula eta oso eskasa

Azaroaren 13an amaitu zen COP26 goi-bilera Glasgow hirian (Eskozia). Amaierako dokumentua, oso ahula zen, berotze globala gehienez 1,5 graduraino mugatzea bermatzeko neurri zehatzik gabe. Lehen aldiz hitz egin da erregai fosilen diru-laguntzez. Baina akordioa mugatzen da proposatzera Estatu kideek, 2022ko amaieran, Egipton egingo den hurrengo goi-bileran, berotegi-efektuko emisioak murrizteko konpromiso berriak aurkeztu ditzaten. Gauza bera gertatzen da metanoa isurtzeari, deforestazioa eteteari eta herrialde pobretuentzako edo garapen bidean daudenentzako funts bat sortzeari buruzko herrialdeen artean lorturiko akordio partzialekin, ez baitira argi eta garbi lotesleak, ezta oso zehatzak ere.

Klima Aldaketari buruzko Adituen Nazioarteko Taldearen txostenak azaldu duenez, urterik urte premiazkoa da tenperatura 1,5 gradutik behera mantentzea, eta hori ez egitearen ondorio larriez ohartarazi du. Energiaren Nazioarteko Agentziak ere 2021ean txosten bat argitaratu du, eta bertan argi eta garbi adierazten du  “karbonoaren neutraltasunak” 2050ean lortzeak neurri zorrotzak eskatzen dituela oso epe laburrean. Baina ohartarazpen horiek guztiak ez dira aintzat hartu Glasgow-en.

Tapia sailburuak, Arabako fracking-aren defendatzaile sutsua denak, Under 2 Aliantzan defendatu zuen klima-aldaketaren kontrako planak gauzatzean Estatuek tokiko edo eskualdeko erakundeen parte-hartzea kontuan hartzeko beharra, eta, Nazio Batuen ekitaldi ofizial batean eta Munduko Foro Ekonomikoan, Super cluster industriala aurkeztu zuen. Baina Euskadira iristean, “Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko 2020-2024 Plana” aurkeztu zuen, sor ditzakeen ingurugiro-eraginen eta –arriskuen inguruko inolako aipamenik egin gabe.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *