Albiste eta informazio interesgarriak  2021eko azaroak 27

Interesgarriak iruditzen zaizkigulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduaren berri hauek

1.- Emakumeen mobilizazio jendetsuak ostegunean Euskal Herrian

Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna zela eta, hiriburuetako kaleak eta euskal geografia osoko herri ugari emakumeen mobilizazioz josi ziren, eta manifestazio jendetsuak egin ziren, euria egin arren, bereziki arratsaldean, hiriburuetan. Estatuko beste herri eta erkidego batzuetan egindakoak ere oso garrantzitsuak izan ziren, baita mundu mailako herrialde askotan egindakoak ere. Nahiz eta gutxiengoa izan, eta herrialdeen arabera, mobilizazioetan ere parte hartu zuten, zegokien protagonismo gutxiarekin edo batere protagonismorik gabe, hainbat gizon-taldek.

Hego Euskal Herrian, mobilizazio gehienak egin ziren “Indarkeria Matxistarik gabeko BIZITZAK ORAIN!” lelo pean. Horietako askotan agerian geratu zen pentsiodunen mugimenduko emakumeen presentzia. Mobilizazio horien prestaketan eta antolaketan ere parte hartu zuten eta manifestazio batzuetan harro erakutsi zituzten pentsiodunen mugimenduaren zapiak; izan ere, mugimendu horren kide baitira eta egunez egun gero eta parte-hartze handiagoarekin.

Baina mugimendu feministak ondo adierazten duen bezala, indarkeria matxistaren aurkako borroka eta mobilizazioa ez dira egun bateko zeregina, emakumeen eta gizonen etengabeko borroka baizik.

2.- Pentsioen lege-proiektua Kongresura bidaliko da orain eta bertan bozkatuko da 

Astelehenean egin zen Kongresuko Batzordearen azken bilera, azken zuzenketak eztabaidatzeko eta pentsioen lehen zatiaren lege-proiektuari buruzko erabakia hartzeko. Zenbait ekarpen edo zuzenketa onartu ondoren, lege-proiektuak PSOE, Unidas Podemos, Esquerra Republicana, EAJ eta Compromis-en babesa izan zuen. EH Bildu abstenitu egin zen bere zuzenketa batzuk onartu ondoren. PPk, Vox-ek, Ciudadanos-ek eta CUPek aurka bozkatu zuten.

Kongresuko Batzorde horretan onartutako zuzenketak gehituta, Lege Proiektuaren irakurketa lasaia eta balorazio zehatza egin ondoren, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak uste du ez dela aldatzen erreformaren izaera atzerakoia. Izan ere, pentsio-sistema publikoa eta pentsio publiko eta duinak bermatzeko aukera galdua da, indarrean dauden murrizketak berresten ditu, pentsioen sistema publikoaren pribatizazioa sustatzen du eta beste murrizketa berri batzuei atea irekitzen dira.

Batzordeak egindako ukitu kosmetikoez haratago, Kongresura eramango den Lege Proiektuak, bozketa egiteko, 2011n onartutako murrizketak finkatzen ditu, erretiro-adina 67 urtera arte luzatuz, soldata arautzailea kalkulatzeko epea 15 urtetik 25era pasatuz, pentsio osoa kobratzeko kotizazio-urteak 37ra igoz eta murrizketa berrietarako prestatuz.

Gutxieneko pentsio miserableak, eskatzen ditugun hileko 1.080 € baino askoz gutxiagokoak direnak betikotzen ditu. Ez du genero-arrakalaren aurkako neurririk hartzen. 40 urtetik gorako kotizazio-karrerekin ezarritako zigorrei eusten die, erretiro aurreratua hartzera behartuak izan arren. Erretiro aurreratua zigortzeaz gain, ohiko erretiro-adinetik haratago (67 urte, 2027an) lan egiten jarraitzea sustatzen du, hamar gaztetik lauk lanposturik lortu ezin duten bitartean.

Pentsioen erosteko ahalmena ere ez du bermatzen, ez baitu kontuan hartzen aurreko urteko abenduarekin alderatuta urte arteko KPIa (% 5,4, 2021eko urrian), eta orain urteko inflazioaren batez bestekoa aplikatu nahi zaigu, hau da, dagokigun “ordainsaritxoa” erdira baino gutxiagora murriztu nahi digute eta aurtengo abenduaren 31n pentsioa erregularizatu ere, % 3 galduz.

Azken batean, pentsio-sistema publikoaren hondatzea finkatzen duen lege-proiektua da, laguntza-pentsio bat bihurtzeko eta, horrela, pentsioen funts pribatuak bultzatzeko. Hilaren 22an, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak gutun bat bidali zien Kongresuko talde politiko guztiei, Vox-i izan ezik, pentsioen erreformen lehen zatiko lege-proiektuan ikusten ditugun arazo larriak adieraziz eta aldeko botorik ez emateko eskatuz. Jasotako azken zuzenketek ez dute ezer funtsezkorik aldatu proiektu horretan, eta, beraz, berriro eskatzen dugu, ziurrenik abenduaren 22an egingo den Kongresuko Osoko Bilkuran ezezko horri eusteko.

Pentsioen erreformaren lehen zati honi bidea emateak are gehiago larriagotuko du bigarren zatiari eman beharreko erantzuna, seguruenik gogorragoa izango dena. Zailtasunak zailtasun, inork ez dezala zalantzarik izan Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak lehen zatia ez aplikatzeko eta bigarrena irmo baztertzeko egin beharreko ahaleginak areagotuko dituela. Jakina, erreforma hori onartzen bada, alderdi politiko aurrerakoi eta ezkertiar guztiek ahulduta ikusiko dute pentsiodunen mugimenduak beraiengan jarritako konfiantza.

3.- Mobilizazioak, azaroaren 29an eta abenduaren 1ean

Datorren astelehenean, hilak 29, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak elkarretaratzeak eta manifestazioak egingo ditu lau hiriburuetan, Leioan (Bizkaiko Uribe Kostako eskualde guztientzat) eta Hego Euskal Herriko beste 65 herritan, beste behin ere aintzat hartu ez diren gure eskaerak aldarrikatzeko eta pentsioen lehen zatiaren lege-proiektua gaitzesteko. Lau hiriburuetan manifestazioak egingo dira Estatuko gobernuaren ordezkaritzetaraino, eta bertan, modu sinbolikoan, proiektu horren aurkako jarrera azalduko dugu. Salaketa eta erantzun sinbolikoa egingo dira, era berean, Leioako eskualdeko manifestazioan eta herri guztietan, egoki deritzoten lekuan.

Abenduaren 1ean, asteazkena, azaroaren 13ko gure mobilizazioari babesa eman zioten sindikatuek eta kolektiboek deituta, elkarretaratzeak eta manifestazioak egingo dira, goizean hiriburuetan eta arratsaldean baita Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta lau herrialdeetako beste 20 eskualde eta herritan ere.

Egun horretako mobilizazioetan nagusi izango diren aldarrikapenak honako hauek izango dira: kalitatezko enpleguak eta soldata duinak; pentsio publiko duinak, bereziki 1.080 €-ko gutxienekoa; eta pertsonen bizitza duintzen duten zerbitzu publikoak. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak mobilizazio horiek erabat babesten ditu, planteatzen diren aldarrikapenak borroka hasi genuenetik, hots, ia 4 urtetik hona, eskatzen ari baitara. Goizeko mobilizazioen protagonista nagusiak deialdia egin duten sindikatuak eta gizarte taldeak izango dira. Pentsiodunen mugimenduak, arratsaldeko protestei babesa ematea eta bertan parte-hartzea lehenestea erabaki du, eta, beraz, ahaleginak egin behar ditugu mobilizazio horiek ahalik eta handienak izan daitezen.

4.- Pentsio publikoak murrizteko beldurrak azkartu egin du Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen hazkundea

Aurtengo irailean, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (BGAE) ondarea 27.674 milioira iritsi zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko urteko hil beraren aldean % 10,5eko hazkundea izanda. BGAEk egiten dituzten inbertsioen balioa % 8,5 baino pixka bat gehiago handitu da, batez beste. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasunen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) gehieneko kenkariak 5.000 €-koak dira banakako planetarako, 8.000 €-koak enpleguko planetarako eta 12.000 €-koak bi planei atxikita daudenentzat. Ondarearen zenbatekoaren hazkundea ez da izan horiek baliatu dituen pertsona-kopuruagatik, ekarpen-kuoten zenbatekoen igoeragatik baizik.

Datu horiei buruz egin daitekeen irakurketa nahiko adierazgarria da. Lehenik eta behin, plan horiei heltzen dietenak –edo horiei helduta daudenak– diru-sarrera handiak dituzten pertsonak dira, Eusko Jaurlaritzako administrazioetako funtzionarioak eta langileak eta batez besteko orokorra baino soldata handiagoak dituzten produkzio-sektore pribatu batzuetako langileak ere. Bigarrenik, BGAEen inbertsioen hain errentagarritasun handia lortzea, espekulaziotik edo talde ekonomiko handiek eta langileak lotsagabe esplotatzen dituzten enpresek lortutako etekinen ondorioa izan behar da. Hirugarrenik, zerga-desgrabazioa dute, kutxa publikoentzako diru-sarrera fiskal handiagoak izatearen kaltetan, gizarte osoak, batez ere soldatapekoek, pentsiodunek eta gainerakoek, ematen ditugunak.

Gure kezkak

Soldata altuenak edo nahiko altuak dituzten eta funts pribatu horiek babesten dituzten sektoreei, oro har, ez zaie axola pentsio publikoak duinak eta behar bestekoak ez izatea, nahiz eta langile gehienei eragiten dieten, soldata baxuagoak baitituzte eta puntakoak ez diren edo oso produktiboak ez diren sektoreetan lan egiten baitute.

Horrek langileen arteko banaketa soziala eragiten du. Izaera unibertsaleko pentsio duinak eta behar bestekoak lortzeko, pentsiodun guztien eta langile guztien gizarte-mobilizazio bateratua behar da.

Era kontziente eta planifikatuan, botere ekonomiko handiek eta gobernatzen gaituzten erakunde gehienek –EAEn bezala– ez dute ezer edo oso gutxi egiten Gizarte Segurantzari diru-sarrerak errazteko neurriak hartzeko, pentsio publiko duinak bermatu ahal izateko. Aitzitik, pentsio publikoen etorkizunaren gaineko beldurra elikatzen dute, jendea, banakako edo enpleguko pentsio-funts pribatuetan izena ematera bultzatuz, askok bere egin ezin duten sakrifizio baten kontura.

Azkenik, erabateko lotsagabekeria da ogasunek urteko zerga-pizgarriak bultzatzea, batez ere soldatapekoek ordaindutako zergen kontura, nahiz eta funts pribatuen likidazioaren amaieran aurreikusita ez zituzten zerga batzuk ordaindu behar izan.

Gure oraina eta etorkizuna baldintzatuko dituzten pentsio-erreformei eta lan-erreformei aurre egin behar diegunean, ezin gara funts pribatuekin despistatu, baizik eta pentsio publiko duinak bermatuko dituen pentsio-sistema publiko baten alde modu bateratu eta masiboan borrokatu behar dugu, bereziki bizitza duina bermatzeko beharrezkoa den 1.080 €-ko gutxieneko pentsioaren alde, izan ere, “euskal paradisua” omen den honetan horren azpitik dauden pentsiodun asko baitaude, batez ere emakume pentsiodunak, alargunak izan ala ez, eta miseriazko pentsioekin oso gaizki bizi baitira.

5.- 2022 urtean, Nafarroako gutxieneko pentsio osatuaren eta EAEn aurreikusitako gutxieneko pentsioaren alderaketa

Duela bi aste jakinarazi genuen Chivite buru duen Nafarroako gobernuak EH Bildurekin akordioa lortu ondoren, alderdi politiko horren abstentzioaz aurrekontuak onartzea ahalbidetzeko, gutxieneko pentsioen osagarri bat ezarri zela, 800 €-koa, 14 ordainsaritan (11.200 € urtean) iristeko, PFEZaren aitorpen bidezko konpentsazio sistema baten bidez.

EAEn, 2022rako aurrekontu-proiektuan jasotzen da % 3ko igoera Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) prestazioarentzat, eta hura jasotzen duen pentsiodun baten kasuan, 834 €-koa izango da, 12 ordainsaritan, hau da, 10.008 € urtean, beraz, Nafarroan baino 1.192 € gutxiago. Nafarroako gutxieneko pentsioa hamabi ordainsaritara eramaten badugu, hilean 933,33 €-koa izango litzateke, hau da, EAEn baino 99,33 € gehiago hilean.

Bi administrazioek beraien aldeko aldaketak izan dituzte gastuen bi partidetan, hala nola, EAEko DSBErena eta Nafarroako Errenta Bermatuarena (EB), ez bakarrik Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreratik (BGDS) eratorritako diru-sarreren transferentziaren ondorioz. EAEn, gastu-partida horren aurrezkiak gora egin du, halaber, DSBE jasotzen duen pertsona kopuruak behera egin duelako, baina ez beharra duten eskatzaileen kopuruak behera egin duelako, eskaera asko atzera bota direlako baizik. 2020an 18.424 eskaera izan ziren, 2019an baino 4.708 gehiago. Baina 2020ko eskarien % 41 ukatu, ezetsi edo artxibatu egin ziren. Aurtengo urrian, 55.825 pertsonak jaso dute DSBE, eta horietatik 12.894 pentsiodunak dira (4.875 gizon eta 8.018 emakume).

BGDSren transferentziaren eta hartzaileen murrizketaren ondorioz, EAEko aurrekontuetan 35 milioi € murriztu da DSBEren gastu-partida. Nafarroako gutxieneko pentsioaren osagarria nahiko eskasa iruditzen zaigu, eta eskatzen dugun 1.080 €-ko gutxieneko pentsiotik urrun dago. Baina are eskasagoa da ziurrenik EAEn onartuko dena. Azpiazu Ogasun sailburuak “aurrekontu hedakorrak eta, hein handi batean, gastu sozialera bideratutakoei” buruz hitz egiten duenean, mesedez, ez hartu lelotzat herritarrak, esaldi hori iraina baita herritarren, eta, gure kasuan, pentsiodunen adimenarentzat.

Eta Urkulluren Gobernuari eta Azpiazu sailburuari gogorarazi behar diegu, Gasteizko Legebiltzarrak onartutako Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 20. artikuluan jasotakoa errespetatuko balute (hor aurreikusten da pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei, DSBE jasotzen duten pentsiodunei barne, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 100 dagokiela) hilean 1.123,25 € jaso beharko lituzketela, 12 ordainsaritan, hau da, jasoko dutena baino 289,25 € gehiago hilean.

6.- LARES patronalak Burlatako Kultur Etxean antolatutako jardunaldiak

Asteartean, hilak 23, LARESek (egoitza pribatuen patronalak) antolatutako jardunaldiak egin ziren Burlatako Kultur Etxean (Nafarroa), egoitza-zerbitzuetan pertsonei arreta emateko eredu berriari buruz hitz egiteko. Nafarroako Gobernuko ordezkariak izan ziren bertan: Maria Chivite presidentea, Inés Francés Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendaria eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilaria.


Iruñeko pentsiodunen mugimenduko talde batek eta LABeko beste talde zabal batek elkarretaratzea egin zuten atarian, salatzeko egoitzetako enpresen eredua diruan zentratuta dagoela eta ez pertsonengan. Egoitzetako langile batzuek ekitaldian parte hartzea eta haien egoera salatzea lortu zuten, eta gobernuko ordezkariei eskatu zieten egoitza horietara joateko, errealitatea ezagutzeko. Haien hitzaldiaren ondoren, bertatik erretiratu ziren, “eredu berri faltsu” gisa kalifikatu zuten diskurtsoaren aurkako jarrera adierazteko, eta, handik irtetean, foruzainek identifikatu egin zituzten.

Gaur egun, enpresako hitzarmen propiorik ez duten egoitzetako langileek urtean hiru txandatan 1.762 orduz lan egitera behartzen dituen Estatuko hitzarmen baten menpe daude, hilean asteburu bat bakarrik libratzeko eskubidea dute, gaueko lanaren plusa 1,97 € gordinekoa da eta gerokultore baten oinarrizko soldata 997,16 € gordinekoa da. EAEn bezala, Nafarroan ere egoitza pribatuetako langileen lan-baldintzak oso deitoragarriak dira, eta horrek eragina du adineko egoiliarrei ematen zaien arretaren kalitatean. Baina Hego Euskal Herriko bi erkidegoetako Gobernuek arazo horren inguruko kezka gutxi edo batere ez dute, ez baitute inolako asmorik, lan, baliabide eta kalitate baldintza onak bermatuko dituzten egoitza publikoak sustatzeko.

Spread the love

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.