Albiste eta informazio interesgarriak 2021eko ekainak 19

1.- Eskualdeko mobilizazio garrantzitsuak Bizkaian

Ekainaren 19an, larunbata, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko martxa egin zen Sestao eta Santurtzi artean. Bi eskualdeetako langileen, emakume taldeen, gazte kolektiboen eta pentsiodunen mugimenduaren ekimen bateratu eta anitza izan zen. Helburu nagusia industria deuseztatu, eta, horren ordez, azalera handiko merkataritza-guneak ezarri izana salatzea izan zen, bi eskualdeetan gizarte-hondatze larria eragin duena. Aldi berean, gizarte-mobilizazio etengabe eta indartsu baten beharra nabarmendu zuten, duela urte batzuetatik jasaten ari diren egoera zailari buelta emateko. Era berean, manifestazioan hainbat sektoreren aldarrikapenak izan ziren, eta oihartzun handia izan zuen pentsio publiko eta duinen defentsak. 1.000 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta martxaren dimentsioak poztu egin zituen.

Ekainaren 21ean, astelehenean, Uribe Kostako pentsiodunen mugimendua mobilizatu zen Erandion. 170 parte-hartzaile baino gehixeago –gehienak Erandiokoak–herriko kaleetan zehar ibili ziren, oso giro alaian elkar ikusteagatik eta oso positibotzat jo zuten parte-hartze maila.

Hurrengo erronka Durangaldea eta inguruko eskualdeetako mobilizazioan datza. Asteartean prentsaurreko bat eman zuten, hiru emakumek eta gizon batek, beste 60 pentsiodunek lagunduta. Mobilizazioa gaur, ekainak 26 larunbata, egingo da Zornotzan, eta inguruko herrietatik pentsiodunak joango dira oinez. Martxa nagusia Galdakaotik abiatuko da goizeko 9:00etan, inguruko beste herri batzuetako jendea ibilbidean zehar batuko da eta herri guztiak Zornotzako sarreran elkartuko dira. Manifestazioa eguerdiko 12:00etan hasiko da eta, herriko kaleak zeharkatu ondoren, Zelaieta Parkean amaituko da.

2.- Europako funtsen onuradun nagusia IBEX-35 izango da

“Euskal Herriak Kapitalari Planto!” plataformak duela egun batzuk aurkeztutako txostenean, Europako funtsak ez direla “aurkezten dizkiguten bezain berde, sozial eta koherenteak” salatu zuten. Europako funts gehienak enpresa handiei eta multinazionalei zuzenduta egongo direla uste dute, eta IBEX-35 osatzen duten enpresak onuradun nagusiak izango direla azpimarratu dute. IBEX-35 osatzen duten enpresek 200.000 milioi euro eskatu dituzte euren negozioak laguntzeko. Espainiako Estatuari dagozkion 140.000 milioiak baino askoz gehiago.

Eta, hala ere, ez da aurreikusten osasunerako, hezkuntzarako eta zaintzetarako inbertsio edo diru-laguntza esanguratsurik. Gainera, funts horiekiko menpekotasunak eta eurobonuen erabilerak ondorioztatuko dituzten arazoak nabarmendu zituzten. Administrazio Publikoak 120.000 milioi euro finantza merkatuari itzuli beharko dizkiola aurreratu zuten, eta, ondorioz, Espainiako Estatuan zein beste Estatu batzuetan, erreformak egin beharko direla pentsioetan eta fiskalitatean, gizartearen gehiengoa zigortuz.

Ohartarazi zuten beharrezkoa dela funts horiek nora zuzenduko diren kontrolatzea eta salatzea, eta ahalik eta ekimen eta mobilizazio sozial zabalenekin erantzutea, pandemiak irekitako krisiaren ondoren premiazkoagoak diren behar sozialak asetzera lehentasunez bideratu daitezen eskatzeko.

3.-Salaketak Iberdrola, Osakidetza eta bankaren aurrean

Datorren astelehenean, ekainaren 28an, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak (BPM) argindar fakturaren igoera, Lehen Mailako Arretako zerbitzuen murrizketak eta baita bankuetako komisioak eta aurrez aurreko arretaren gabeziak ere salatuko ditu. Euskadi Plazatik, Iberdrolaren dorrearen paretik, eguerdiko 12.00etan abiatuko den manifestazioak Bilbo erdiko kaleak zeharkatuko ditu eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Ordezkaritzara (Errekalde Zumarkalea 39) joango da, Espainiako Bankuaren aurrean (Kale Nagusia 10) amaitzeko. Bilboko eta beste herriren bateko pentsiodunek parte hartuko dute, Bizkaiko herri gehienetan astelehenetako ohiko elkarretaratzeak mantenduko baitira.

Murrizketak osasunean

Joan den astean, jakitera eman zen Osakidetzak, Bilbon ez ezik, Bizkaiko beste herri eta eskualde batzuetan ere erabaki zuela anbulatorioen arreta-zerbitzua mugatzea, udako bi hilabetez, arratsaldeko 17:00etan. Baita eskualderen batean ere, arratsaldeko 15:00etan. Arratsaldeko 20:00ak arte, Etengabeko Arreta Guneak (EAG) dituzten anbulatorio batzuek bakarrik jarraituko lukete zabalik.

Ordutegi murrizketa horiek justifikatzen saiatzeko, Osakidetzak oso era demagogikoan honako hau azpimarratu zuen: “Osasun langileak akituta daude, oso nekatuta, atseden hartu behar dute eta lan-poltsan ez dugu horiek ordezkatzeko langilerik; hori dela eta, zerbitzu hori murriztu behar izan dugu”.

Osasun-zerbitzu publikoak murrizten dituzten erabakien aurka gaude, eta beste behin eskatzen dugu lan-baldintzak hobetzea eta giza-baliabideak (plantillak prestatzea eta gehitzea) zein baliabide materialak ezartzea, kalitatezko zerbitzu publiko sanitarioak eta soziosanitarioak bermatzeko.

Tarifa elektrikoen igoera eskandalagarria

Batez besteko erabiltzaile baten argiaren fakturak % 45,4 egin du gora ekaineko lehen hamabostaldian, iazko epe berarekin alderatuta. Iazko ekaineko hileko batez besteko faktura 60,58 eurokoa izan zen. Aurtengo maiatzean 82,13 eurokoa.

Igoera horiek ezartzen dituzten bitartean, enpresa elektrikoek 2020an irabazi handiak lortu dituzte: Endesak 1.394 milioi euro, Iberdrolak 3.610 milioi euro eta Naturgyk 490 milioi euro. Elektrizitate-enpresek oligopolio bat osatzen dute eta herritarrentzako oinarrizko ondasuna denaren prezioak finkatzen dituzte, akziodunen interes esklusiboen arabera.

Gobernuak, praktika monopolista horiek eragozteko esku hartu beharrean, tarifa elektrikoen BEZa murriztu besterik ez du egiten, hain “garestiak” izan ez daitezen (hilean batez beste 5 euroko aurrezpena ondorioztatuko da). Gobernuak esku hartu behar du prezioak murrizteko, pobrezia energetikoa desagerrarazteko eta energiaren ekoizpenaren eta banaketaren izaera publiko eta soziala arautzeko.

Bankuak eta pentsioak

Justifikaezina da bankuek pentsio-sistema publikoaren aurka duten jarrera, sistema ahuldu eta pentsio-plan pribatuak sustatzeko helburua duena. Finantza sistema, Espainiako Bankua buru dela, pentsio publiko duin eta nahikoen aurkako lobby bat da. Beste behin eskatzen dugu komisioen kopurua eta kostua murriztea, herri eta auzoetako sukurtsalak mantentzea eta aurrez aurreko arreta egokia eta nahikoa ematea, bezeroei gastuak murrizteko, ilarak kentzeko eta adineko pertsonei arreta egokia emateko, horiek baitira arazo horiek gehien jasaten dituztenak, bankuek hartutako kostuak murrizteko erabakiaren ondorioak besterik ez diren arazoak.

4.- Tubacexen Enplegu Erregulazioko Espedienteen ebazpenaren zain

Gaur egun, Tubacexeko langileek 135 egun daramatzate greba mugagabean kaleratzeen aurka eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Enplegu Erregulazioko Espedienteei (EEE) buruz emango dituen ebazpenek baliogabetzat jo ditzaten eta beren lanpostuei itzul daitezen.

Asteartean ehunka langile bildu ziren berriro EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitzaren aurrean, non egun hauetan enpresak aurkeztutako Enplegu Erregulazioko Espedienteak (EEE) epaitzen aritu diren. Aurretik, 50 langilek 20 kilometroko ibilaldia egin zuten oinez Laudiotik Bilboraino. Bere lankideek txaloen artean hartu zituzten, energiaz eta deskribatzeko zaila den elkartasunez beteak.

Epaiak edozein unetan eman daitezke argitara. Langileak itxaropentsu daude ebazpenek espedienteak baliogabetuko dituztelakoan. Ebazpenak kontrakoak badira ere, mobilizatzen jarraitzeko eta Auzitegi Gorenera jotzeko prest daude.

Hain enblematikoa den enpresa bati buruzko ebazpen horiek aurrekoa eta ondorengoa bereizi ditzakete. Azken hilabeteetan, emaitza negatiboak izan dituzten espedienteak ezagutu ditugu, baina baita ITPren espedienteak ere (Barakaldoko eta Sestaoko zentroetan), baliogabetuak izan direnak, baina enpresak errekurtsoa jarri du, eta mendeku moduan jokatzen ari da, batez ere grebaren buruan egon ziren langile borrokalarien aurka. Tubacexen irabaztea oso garrantzitsua izango litzateke antzeko egoerak jasaten ari diren enpresentzat –Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak (ABEEE) amaitu ondoren handitu daitezkeenak–. Tubacexen eta ebatzi gabeko EEEak dituzten beste enpresa batzuen azken ebazpena galdu edo luzatzen bada, sindikatuek, pentsiodunek eta beste gizarte-sektore batzuek hausnartu eta mobilizazio bateratuak eta masiboak prestatu beharko ditugu berehala, gehien kaltetutako eskualdeetan baino harago joan beharko direnak, egoera hori geldiarazteko eta elkarrekin borrokatzeko kaleratzeen aurka, enplegu eta soldata duinen alde, pentsio publiko eta duinen alde, eta osasungintzako, hezkuntzako eta gizartearen gehiengoarentzako ezinbestekoak diren ( zerbitzu soziosanitarioak) kalitatezko zerbitzu publikoen alde.

5.- Gobernuak pentsioen puntu eztabaidagarrienak “alde batera utzi” ditu

Egunotan, pentsioen inguruko lehen neurri sorta baten inguruko berehalako akordioa iragarri dute Espainiako Gobernuaren, CEOE-CEPYME patronalen eta CCOO eta UGT sindikatuen artekoa. Eragile guztiek azaldu dutenez, oraindik badaude negoziatzeko eta adosteko xehetasunak, baina horien inguruko oztopoak gainditu eta astelehenean akordioa ixteko itxaropena dute.

Hainbat filtrazioren bidez ezagutu dugunaren arabera, honako hauek dira adostu nahi dituzten puntu nagusiak: pentsioei KPIa igotzea; erretiro aurreratuen sistema berria; legezko mugetatik harago, erretiroa luzatzeko pizgarriak; eta iraunkortasun-faktorea ordeztea. Baina gai horiei buruzko zehaztapenak ez dira agertzen, edo agertzekotan modu nahasi samarrean egiten dituzte, ezin egiaztatu eta, hala badagokio, salatu ahal izateko, murrizketak dakartzatelako.

Adibidez, dokumentuaren zirriborroan (oraindik ere alda dezakete) jasotzen denez, pertsona batek 38 urte eta sei hilabete baino gutxiago kotizatuta baditu eta erretiroa bi urte aurreratzen badu, pentsioa %21 murriztuko zaio, eta murrizketa hori handituz joango da erretiroa aurreratzen den hilabete bakoitzeko. Era berean, titular handietan iragartzen ari dira iraunkortasun-faktorea indargabetuko dela, baina, zenbait hedabideren arabera, “belaunaldien arteko ekitate-adierazle” batek ordezkatuko du, nola funtzionatuko duen zehaztu gabe, 2027tik aurrera ezarriko dela besterik ez dute zehaztu.

Enpleguko pentsio-plan pribatuak bultzatzeko eta horiei eusteko Funts Publikoa sortzeari dagokionez, badirudi denbora luzea beharko dela.

El Correo egunkariak urriaren 24an argitaratutako berriaren izenburuak hauxe azpimarratzen zuen: “Gobernuak pentsioen puntu eztabaidagarrienak alde batera utzi ditu”. Badirudi gobernuak negoziazioetan kontzesio batzuk egin dituela, batez ere sindikatuek akordioa justifika dezaten.

6.- Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren bilera Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen plataformekin

Astelehenean, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bilera telematikoa egin zuen Estatuko gainerako Autonomia Erkidegoetako eta Herrietako pentsiodunen plataformekin. Horren arrazoia Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eskutitz bat bidaltzea zen, lehenbailehen elkarrizketa edo lotura zuzen bat eskatuz, Gobernuak pentsioen inguruan dituen planak ezagutzeko.

Presa hori Gobernuko hainbat esparrutatik zabaltzen ari diren albiste kezkagarriek, bankuek eta Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko informazioek eragin dute.

Herenegun itxi zuten Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eta Estatuko pentsiodunen plataformek Pedro Sanchezi bidali beharreko gutunaren inguruko akordioa, eta datozen egunetan helaraziko diote. Dokumentu bateratu eta zabalago bat ere egin da, Pedro Sanchezekin hitz egiteko eskaera argudiatuz eta pentsio publiko eta duinak bermatuko dituen Pentsio Sistema Publikoari eusteko duela hiru urte baino gehiagotik egiten ditugun eskaerak jasoz. Halaber, udazkenean mobilizazio garrantzitsu batean bat egiten saiatzeko ororen borondatea dago.

7.- Gora egin dute desberdintasunek Euskal Autonomia Erkidegoan

Gasteizko Gobernuak berak egindako inkestaren arabera, pandemian gora egin du “pobreen eta dirudunen” arteko soldata-arrakalak. Pobreziaren ehunekoa %5,6koa da, eta handitu egin da haurren sektorean, hau da, 14 urtetik beherako biztanleen artean, %11,7raino. Eta onartzen du errenta handienak dituzten biztanleen %10ek, azken bi urteetan, diru-sarreren ehunekoa bikoiztu egin zuela gainerako biztanleen, hau da, % 90ekoaren diru-sarreren batez bestekoaren aldean.

Views: 8
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude