Albiste eta informazio interesgarriak  2021eko ekainak 19

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen berri hau

1.- Ekimen ezberdinak Zahartzaroari egindako Abusu eta Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunean

Ekainaren 15a, zahartzaroari egindako abusuak eta tratu txarrak salatzeko eta desagerrarazteko nazioarteko data bihurtu da. Hori dela eta, asteartean ekimen bana egin zen Donostian eta Bilbon, eta ostiralean Gasteizen. Egoitzen erabiltzaileen senideen elkarteek deitu zituzten, pentsiodunen mugimenduaren babesarekin.

Donostian elkarretaratzea egin zen goizean Diputazioaren aurrean, Gipuzkoa Plazan. 85 lagunek parte hartu zuten eta egoitzen egoerari buruzko kartelak erakutsi zituzten. Bilbon, 200 pertsonako giza kate ikusgarri bat abiatu zen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzatik, senideek eta pentsiodunek osatua,  eta Diputazioaren aurrean amaitu zen, Bilboko Kale Nagusian. Gasteizen, Matxete plaza aukeratu zuten kontzentrazioa egiteko.

Arabako Babestu, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza eta Bizkaiko Babestu senideen elkarteek manifestu bat argitaratu zuten. Bertan honako salaketa egiten zuten: “Gaur egun gure adinekoak tratu txar instituzionalak jasaten ari dira. Pribatizazioa, diseinatuta dagoen eran, tratu txarra da, langileen baldintzen prekarietatea, plantilla eskasak, osasun-arreta txarra, bakardadea eta abar tratu txarrak diren moduan”.

Beste agiri batean, EAEko Pentsiodunen Mugimenduak bere egiten zituen senideen elkarteen eskaera guztiak, eta gaineratzen zuen tratu txarrak direla, halaber, adinekoek jasotzen dituzten pentsio miserableak, batez ere emakumeek jasotzen dituztenak, osasun-zerbitzu publikoetan eta adinekoen arretarako zerbitzuetan ematen ari diren murrizketak, mugikortasun eta bizigarritasun-arazoak…

2.- Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak EITBrekin izandako elkarrizketa

Joan den asteko ostiralean bilera bat egin zuten EITB komunikazio talde publikoko ordezkaritza kualifikatu batek eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko beste ordezkaritza batek, biak hiru pertsonak osatutakoak. Pentsiodunen ordezkaritzak EITB taldeak Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren eskaeren eta mobilizazioen inguruan duen jarrera informatiboarekin ados ez dagoela adierazi zuen. Hainbat datu azpimarratu zituzten, hala nola, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak astelehenero Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 70 bat herritan elkarretaratzeak egiten dituela, eta batez beste 5.000 pentsiodunek baino gehiagok hartzen dutela parte. Hiru urte baino gehiagotan, elkarretaratze horiekin batera, manifestazio jendetsuak egin direla nabarmendu zuten, esate baterako, maiatzaren 29an, beste gizarte-sektore batzuekin batera, 16.000 pertsona baino gehiago atera ziren kalera, gehienak pentsiodunak.

Era berean, agerian geratu zen pentsiodunen mugimenduak, egoitzetako erabiltzaileen senideen elkarteekin eta beste gizarte-sektore batzuekin aliantzan, gizarte-oihartzun handiko ekimenak egin dituela egoiliarren eskubideen alde, adineko pertsonen txertaketak bizkortzeko eskakizunari dagokionez, edo osasun-sektoreko eta sektore soziosanitarioko sindikatuen mobilizazioei babesa emanez edo Aiaraldea, Ezkerraldea eta Meatzaldea eskualdeetan izandako kaleratzeen eta enpresa itxieren aurkako langile borrokak babestuz.

EITB taldeko ordezkaritzaren erantzuna izan zen, alde batetik, “ez dela egon intentzionalitate politikorik” Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren eskaera eta mobilizazioei informazio-babesik ez emateko eta mugimendu horrek gizartean duen protagonismoa aitortzen diotela, bai pentsioei dagokienez, bai adinekoek dituzten arreta eta zaintza jasotzeko eskubideak eskatzeari dagokionez, batez ere pandemiak irekitako egoeraren aurrean; bestetik, adierazi zuten gure mobilizazioek informazio-gaurkotasuna galdu eta “errutinazko izaera” hartu zutela, eta erabaki zutela

pandemiarekin zerikusia zuen guztiari lehentasuna ematea edo foku informatiboa horretan jartzea.

Aurrerantzean arreta gehiago jartzen saiatuko direla adierazi zuten, baina joan den asteartean, egoiliarren senideek eta pentsiodunen mugimenduak batera, zahartzaroari egindako abusu eta tratu txarren aurkako nazioarteko eguna zela eta, Bilbon egindako giza katearen berri emateko ez ziren agertu, nahiz eta komunikabide talde esanguratsu bat bertan egon. EITB taldearen jardunak bere horretan jarraituz gero, pentsiodunen mugimenduak ekimen berriak hartzea aurreikusi du, komunikazio-talde publiko horrek, euskal herritar guztien zerbitzura omen dagoena, arreta handiagoa eman diezaien pentsiodunen mugimenduaren eskaera eta mobilizazioei, horietako asko haien eskubideen alde borrokan daudenen beste gizarte-sektore batzuekin batera bultzatzen direnak eta jendetsuak, bateratuak eta anitzak direnak.

3.- Gutxiago gastatzeko, lehen mailako arretan, udako zerbitzuen murrizketa

Duela egun batzuk publiko egin zen Bilboko Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) anbulatorioen arreta-zerbitzua arratsaldeko 17:00ak arte murriztea erabaki zuela. Ordutegi hori uztailaren 15etik abuztuaren 31ra arte ezarriko da, baina irailaren 17ra arte luzatu ahal izango da. Arratsaldeko 20:00ak arte bakarrik utziko dira zabalik 4 anbulatorio, Etengabeko Arreta Gunearekin: Deustu, Begoña, Errekalde eta Indautxu.

Handik egun gutxira, halaber, jakitera eman da Bizkaiko beste ESI batzuetan –edo osasun-eskualdeetan– modu berean jokatuko dela antzeko denbora-tarteetan, eta, kasu batzuetan, arreta-ordutegia are gehiago murriztuko dela, hau da, arratsaldeko hirurak arte. Ordutegi murrizketa horiek justifikatzen saiatzeko, Osakidetzak, oso era demagokioan; honako hau azpimarratu du: “Osasun langileak akituta eta oso nekatuta daude, atsedena behar dute, langileen defizita dago lan-poltsetan eta horregatik hartu behar izan ditugu neurri horiek”.

Zalantzarik gabe, osasun-langile guztien atsedena, are gehiago pandemian zehar egin behar izan duten gehiegizko ahaleginaren ondoren, guztiz bidezkoa eta beharrezkoa da. Baina, mesedez, osasun-estamentu guztietatik eta gizarte-eragile ugaritatik, bai pandemiaren aurretik, bai pandemian zehar, Gasteizko gobernuari eta Osakidetzari eskatzen ari zitzaienean baliabide gehiago, plantilla gehiago eta lan-baldintzen hobekuntza eman ziezazkiela osasun-sektoreari eta sektore soziosanitario osoari, ez daitezela etorri orain “petatxu” horiekin; izan ere, herritarrei arreta arazo gehiago sortzen baitizkiete, “gutxiago gastatzea” eta osasun zerbitzu pribatuei ateak irekitzea baino ez baitituzte ezkutatzen.

4.- Nadia Calviño eta Escrivá, dena emanda, Pentsioen Funts Publiko Osagarriaren alde

Duela gutxi “elEconom15ta.es” egunkari digitalak argitaratu berri duenez, Ekonomia eta Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako teknikariek, Nadia Calviño eta Escrivá ministroen zuzendaritza pean, aspalditik ari dira lanean Pentsioen Funts Publikoa martxan jartzeko, enpresa planen bidezko “aurrezki pribatua bultzatzea” xedea duena. Plan hori, bestalde, Bruselan aurkezten ari dira, pentsioen eta zor publikoaren gastua murrizteko berme gisa eta, era berean, pentsio-sistema ahalik eta gehien pribatizatzeko.

Lantzen ari diren eredua “eredu britainiar” gisa ezagutzen denaren antzekoa da, enpresa eta langileentzat derrigorrezkoa izango litzatekeena. Pentsio osagarrien funts baten forma hartuko luke, titulartasun publikokoa, baina haren kudeaketa pribatua izango litzateke, hau da, sektore pribatuko enpresa aseguratzaile eta kudeatzaileen kontura izango litzateke. Horiek sustatzeko, funtsean murriztuko lirateke gaur egun kudeaketa-gastuengatik kobratzen diren komisioak, batez ere negoziazio kolektibotik eratorritako pentsio-funts osagarrietan. Era berean, zerga-neurrien bidez, PFEZren aitorpenean urtean 4.000 euro aurrezteko aukera izango lukete funts horiek dituzten pertsona batzuek.

Gobernuaren plana da CEOE eta CEPYME patronalekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin gai horri buruzko akordioa lortzen saiatzea, eta, ondoren, Ministroen Kontseilura eta Diputatuen Kongresura eramatea, onar dezaten. Helburua da lege baten bidez aurten onartzea, eta, ondoren, 2022ko amaieran aplikatzea.

Unespak eta Invercok abaguneaz baliatu nahi dute beren asmoetan aurrera egiteko

Unespak, aseguru-sektoreko patronalak, eta Invercok, inbertsio kolektiboko erakundeen eta pentsio-funtsen elkarteak, zeinak Estatuko banku handietako pentsio-funtsen kudeatzaileak biltzen dituen, urteak daramatzate nahitaez edo “ia nahitaez” atxiki beharreko pentsio-funtsen ereduen ezarpena defendatzen.

Gobernuaren planak ezagutzen dituztenez eta horien zeharkako partaideak direnez, ekimen horretaz baliatu nahi izan dute bere aplikazioa azkartzeko, haiek jarduten duten sektoreetan behintzat. Helburu horrekin, aurreikusten zituzten lege-hutsune nabarmenak kontuan hartuta, Maria Emilia Casas Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohiari nahitaezko atxikipen eredua aplikatzeko aukeraren inguruko irizpen juridikoa eskatu zioten.

Maria Emilia Casas Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohiaren erantzuna

Espainiako Konstituzioaren 41. artikuluak, Gizarte Segurantzaren araubide publikoa arautzen duenak, besteak beste, honako hau jasotzen du: “Laguntza eta prestazio osagarriak libreak dira”, eta badirudi hori ez dela juridikoki bateragarria nahitaezko atxikipen-sistema bat ezartzearekin. Sistema horretan, enpresek enpleguko pentsio-plan batean alta emateko eta hari ekarpenak egiteko betebeharra izango lukete, “eredu britainiarra” delakoan gertatzen denaren antzera.

Baina ez dio ateak ixten negoziazio kolektiboaren bidez horrelako eskema bat garatzeari, Pentsio Plan eta Funtsen Legearen gomendio orokor bat ezarriz, eta hori “derrigortasun leun” baten baliokidea litzateke. Planteatzen den beste aukera bat Langileen Estatutuaren aldaketa bultzatzea izango litzateke, 85.3 artikuluaren erreforma bultzatuz, hitzarmenen negoziazio kolektiboaren gutxieneko edukien artean enpleguko pentsio-plan osagarriak sartzeko betebeharra ezarriz.

Pentsio publikoak murriztea, diru-funts mamitsu baten kudeaketa esku pribatuetan utzita

Gobernuaren argudioa da pentsio-sistema publikoaren kostuak murriztea eta “herritarren aurrezpena” “nahitaez” ahalbidetzea, pentsio publiko baxua osatu ahal izateko. Argudio horrek atzerapen soziala ondorioztatzen du soldatapeko klase gehienentzat eta oso kezkagarria da. Gogor borrokatu beharko dugu horrela izan ez dadin, bereziki hurrengo eta etorkizuneko belaunaldientzat.

5.- Eskualdeko manifestazio berriak Bizkaian

Ezkerraldea eta Meatzaldea. Gaur, hilak 19, prekarietatearen aurkako martxa bat egingo dute 12:00etan Sestaoko Kasko plazatik abiatu eta Santurtziko Gernika plazan amaituko dena. Hainbat sindikatuk, emakume eta gazte-taldek eta pentsiodunen mugimenduak babesten dute. Prekarietatea eta mota guztietako murrizketa sozialak salatuko dituzte, multinazional handiek eta merkataritza-gune handiek bultzatutako desindustrializazioaren ondorioz. Era berean, ez dute ahaztuko Gasteizko gobernuari eta Bizkaiko Foru Aldundiari egin beharreko kritika, egoera larri honen aurrean beste alde batera begiratzeagatik eta hondatze hori arinduko luketen benetako neurriak ez hartzeagatik.

Durangaldea eta inguruko eskualdeak. Larunbatean, hilak 26, eskualde horien txanda izango da. Hainbat herritako pentsiodunek Zornotzako Zelaieta Plazan elkartuko dira goizeko 11:00etan, eta herriko kaleetan zehar manifestazioa egin ondoren, plazan bertan amaituko dute mobilizazioa. Pentsiodunen mugimenduak bultzatu du, eta beste gizarte-talde batzuen babesa izango du. Galdakaotik eta beste herriren batetik martxa bat egin nahi dute Zornotzara oinez, baina Ertzantza trabak jartzen ari zaie, justifikaziorik gabeko argudioak erabiliz.

Uribe Kosta. Eskualde honetan ere, hilaren 28an, pentsiodunen eskualdeko mobilizazio bat egingo da Erandioko Udaletxe plazatik abiatuta, herriko kaleak zeharkatuz eta plazan bertan amaituz. Eskualdeko beste mobilizazioetan bezala, hainbat gizarte talderen babesa izango dute.

6.- Astelehenean, Gipuzkoako egoitzetako grebak 250 egun bete zituen

Gipuzkoako egoitzetako langileek manifestazioa egin zuten astelehenean Donostian. ELA sindikatuak deituta, 250 egun bete baitziren egun horretan greba hasi zutenetik, amaiera omen ez duen greba. Hainbat aldiz, LABek deitutako greba egunekin bat egin dute.

Herrialdeko hitzarmen justu baten aldeko greba da, langileen lan-baldintzak hobetzea, plantillak handitzea eta beste eskubide sozial batzuk jasotzen dituena. Gipuzkoako Foru Aldundia, Olano buru dela, %100eko gutxieneko zerbitzuen ezarpenaz baliatzen da grebaren presioa indargabetzeko eta ahultzeko, eta, horrela, sektoreko patronalekin kontzesiorik eta bitartekaritza-lanik egin gabe eusten ahalegintzeko. Badirudi akordio sindikal zabal eta bateratuagorik eta babes sozial handiagorik gabe gatazkak blokeatuta jarrai dezakeela.

7.- Tarifa elektrikoen igoera eskandalagarriak

Batez besteko erabiltzaile baten argiaren fakturak %45,4 egin du gora ekaineko lehen hamabostaldian, iazko aldi berarekin alderatuta. Iazko ekainean, batez besteko hileko faktura 60,58 eurokoa izan zen. Aurtengo maiatzekoa, aldiz, 82,13 eurokoa.

Ez dago elektrizitate-enpresa handien oligopolioak ezarritako gehiegizko prezioei aurre egiteko borondate politikorik. Gobernuak proposatzen duen gauza bakarra zerga murriztea da, kontsumitzaileok hainbeste sufritu ez dezagun. Ez legoke soberan Iberdrolaren aurrean ekimen bateratu batzuk hemen bultzatzea, kontuan har dezaten zer-nolako haserre soziala dagoen igoera eskandalagarri eta geldiezin horien aurrean, eta tentu handiagoz ibili daitezen behartzeko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *