Albiste eta informazio interesgarriak 2021eko irailak 11

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Tarifazo elektrikorik ez!

Lelo horrekin kalera aterako da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) lau hiriburuetan eta 70 bat herritan, argindarraren eta tarifa elektrikoen igoera eskandalagarria salatzeko.

Argitaraturiko komunikatuan adierazten den bezala, “astero-astero argindarraren eta tarifa elektrikoen igoera berri bat pairatzen ari gara, eta aipatu tarifak inoiz ezagutu ez ditugun maila historikoetan kokatu dira. Horrek, gasaren eta erregaien igoerekin batera, inflazioaren eta bizi-kostuaren gorakada % 3,30eko urte arteko mailara iristea eragin du abuztuan. Igoera horiek bereziki eragiten diete diru-sarrera txikiak dituzten pertsonei eta pentsiodunei, pobrezia energetikoan ozta-ozta bizitzera eramanez”.

“Bitartean, enpresa elektriko handien monopolioaren mozkinek gora egin dute modu eskandalagarrian. Hala, 2020an, Iberdrolak 3.610,7 milioi euro irabazi zituen; Endesak, 1.394 milioi euro; Naturgyk, 490 milioi euro; eta EDPk, 556 milioi euro. 2021 urtean, beraien aurreikuspenen arabera, lortuko dituzten irabaziak iazkoak baino handiagoak izango dira.”

“Faktura elektrikoa murrizteko Gobernuak hartutako neurri aringarri bakarra BEZa % 21etik % 10era jaistea izan da. Baina horrek 8 eta 12 euro arteko aurrezpen txiki bat baino ez du ekarri, iazko uztailetik aurtengora fakturaren igoera batez beste 28 eurokoa izan den bitartean. Neurri horretatik haratago, gobernuak oinarri gutxiko promesak besterik ez ditu egin.”

“Estatuan, energiaren oligopolio horiek lortu dute elektrizitatearen ekoizpena eta merkatua erabat pribatizatzea eta kontsumitzaileei aplikatu beharreko prezioak erabakitzea. Horretarako, PP eta PSOE alderdi handien onespena izan dute; izan ere, alderdi horietako agintari asko elektrizitate handi horietan birkokatuak izan eta izaten dira, urtean ehunka mila euroko soldatak izanda.”

“Energiaren prezioen arazoak egiturazko neurriak eskatzen ditu monopolio elektrikoa deuseztatzeko: zerbitzu elektrikoaren publifikazioa bultzatzea, ekoizpena eta merkaturatzea deszentralizatuz; energiaren gehieneko prezioak finkatzea eta akziodunei etekinen banaketa eskandalagarria murriztea, energiaren kostua merkatzearen mesedetan.”

Azkenik, datorren astelehenean, irailaren 13an, pentsiodun guztiei, hiriburuetan eta 70 herritan, kalera ateratzeko deia egiten diete, protesta egiteko. Aldi berean, protesta eta mobilizazioa ahalik eta gizarte-eragile gehienekin batera zabaltzeko beharra azpimarratzen dute. Bilbon, 12:00etan, elkarretaratzea egingo da Iberdrolaren dorrearen aurrean, eta ondoren manifestazioa egingo da Moyua plazan dagoen Gobernu zentralaren ordezkariordetzaraino.

2.- Urtearen amaieran, atzeraeraginezko ordainsaria pentsiodunentzat

Egunotan zenbait hedabidek emandako informazioaren arabera, aurreikusita dago pentsiodunek datorren urtarrilean batez beste 200 euroko aparteko ordainsaria izango dutela; beraz, “pozik egon beharko genuke”. Jakina, ez diote erreferentziarik egiten urtarrilaz geroztik izaten ari garen erosahalmenaren galerari.

“Ordainsaritxo” horrek ez du aparteko ezer. Kontua da Kontsumo Prezioen Indizea (KPI), urte amaieran, urtarrilaren 1ean igo ziguten %0,90aren gainetik baldin badago, dagokion atzeraeraginezkoa ordaindu behar digutela, pentsioa benetako KPIaren arabera eguneratzeko.

Abuztuan, urte arteko KPIa %3,30ean zegoen. Adituek %2,50eko KPIa aurreikusten dute urte amaieran. Hala bada, pentsiodun guztiei ordaindu behar digute atzeraeraginezkoa, eta pentsioak eguneratu behar dizkigute % 1,60 gehiago ordainduz, hau da, %0,90 eta %2,50 arteko aldea. 1.000 euroko pentsio batentzat 16 euro izango dira 14 ordainsari bakoitzean, hau da, denetara, 224 euro. 750 euroko pentsio baten kasuan, 12 euro gehiago jaso beharko ditu 14 ordainsaritan, hau da, 168 euro. Jakina, amaierako KPIa %2,50 baino handiagoa bada, atzeraeraginezko KPIaren ordainketa handiagoa izango da. Eta txikiagoa bada, jasoko den zenbatekoa ere txikiagoa izango da.

3.- Oraingoz ez dago LGSren igoera murritzari buruzko akordiorik

Gobernuak, CEOE-CEPYMEk eta CCOO eta UGT sindikatuek, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoera murritza adosteko astelehenean egindako bilera akordiorik gabe itxi zen. Antza denez, aldebiko negoziazioak egiten jarraituko dute orain. Horrela, Yolanda Diaz Lan ministroak agindutakoa, hau da, azken bilera izango zela eta, adostuta edo akordiorik gabe, Gobernuak LGSren igoera lege-dekretu bidez berehala erabakiko zuela, atzeratu egiten da eta ez da zehazten noiz arte.

Argitaratutako azken informazioen arabera, Gobernuak LGS 12 eta 19 euro artean igotzeko proposamenari eutsi zion. Urtarriletik 950 euroan dago eta 2023an 1.011 eta 1.049 euro arteko LGSra iristea du helburu. CCOOk eta UGTk hilean 25/30 euroko igoera proposatu dute, eta 2022an LGS 1.000 eurokoa izatea. Patronalak, aurreikusi bezala, LGSa dagoen bezala uzteko esan du.

Bestalde, gobernuak segitzen du planteatzen adosten den edo gobernuak agintzen duen igoera ez dela atzeraeraginezkoa izango urte hasieratik; are gehiago, dirudienez, eztabaida bat dago Nadia Calviño Ekonomia ministroaren eta Yolanda Diaz Lan ministroaren artean; lehenengoak dio igoera urrian aplikatzeko, eta bigarrena irailaren 1etik aurrera egiteko. Igoera oso murritza eta atzeraeraginik gabea izango dela kontuan hartuta, bi ministroen arteko eztabaida barregarria eta lotsagarria da.

Ez dakigu azkenean zer nolako igoera izango den. Pentsatzekoa da gobernuak eskainitakoaren eta sindikatuek planteaturikoaren arteko erdibidean egongo den zenbatekoa izango dela. Baina, nolanahi ere, oso txikia izango da, eta agian urte amaieran izango den inflazioa baino txikiagoa. Abuztuan bezala (%3,30) mantenduz gero, hilean 31,3 euro izango lirateke. %2,50ekoa bada, 23,7 euro izango dira. Nolanahi ere, zenbateko bat edo bestea izan, LGSren erosahalmenaren galera handia izango da aurten, atzeraeraginik ez izatea mantentzen bada.

Gainera, beste kontu bat dago. Orain, Europako Gutun Sozialak ezarritako batez besteko soldataren %60 aplikatzeko  irizpideari jarraituz, 1.049 euroko zenbatekoa dela kalkulatzen badute, litekeena da zenbateko hori handiagoa izatea 2023an, baldin eta bi urte hauetan inflazioa %0tik gorakoa bada, eta hori gobernuko “adituek” ere aurreikusten dute.

Beste arazo garrantzitsu bat da nola ezartzen den batez besteko soldata gero %60 kalkulatzeko. Estatu osoa hartzen dute erreferentziatzat, baina Hego Euskal Herriko batez besteko soldata Estatuko batez besteko soldata baino handiagoa da. Era berean, bizitzaren kostua ere handiagoa da. LGS kalkulatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko soldata hartzen badugu erreferentziatzat, %60 aplikatuta, emaitza 1.200 euro baino gehixeago da. Bistakoa da, orain adostu edo dekretatu daitekeen 970/980 euroko LGS batek ez duela benetako balio bera Euskal Herriko bizitzaren kostuari dagokionez, Estatuko beste autonomia batzuek dutenarekin alderatuz. Eta horrela jarraituz gero, arazoak bere horretan jarraituko du hurrengo urteetan.

4.- Tubacexeko zuzendaritzak langileei xantaia egiten jarraitzen du

Asteartean Tubacexeko zuzendaritzaren eta enpresa-batzordearen arteko elkarrizketak akordiorik gabe amaitu ziren, ezta urte amaierara arte luzatu nahi den enplegu-erregulazioko espediente berriari buruz ere. Egun horretan jada 209 eguneko greba mugagabea egina zuten.

Enpresa-batzordea behin eta berriz ari da 2024ra arteko plan bat proposatzen, enplegua neurri traumatikorik gabe bermatzeko. Baita borondatezko bajak eta aurre-erretiroak onartzeko prest ere, betiere behartuak edo xantaia pean ez badira eta baldintza duinetan ematen badira. Baina kaleratzeak ebazteko arriskua gainetik kentzeko, Auzitegi Gorenean duen helegitea bertan behera uzteko eskatu dio enpresari.

Baina zuzendaritzak uko egiten dio horri. Batzordeak neurri batzuk hartuko balitu bakarrik onartuko luke erretiratzea: lan-eredua berregokitzea, “borondatezko” bajak eta aurre-erretiroak handitzea, etab. Hori guztia helburu berarekin, hau da, bere planak enplegu-murrizketaren eta langileen lan-baldintzak murriztearen kontura lortzea, Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitera jo beharrik gabe, haren aldekoa izatea espero duen arren.

Batzordearen osoko bilkurak hainbat neurri negoziatzeko prest dagoela adierazi zion aho batez, zuzendaritzak helegitea bertan behera uzten bazuen. Baina zuzendaritzak uko egiten dio behin eta berriz, badakielako xantaia egiteko elementu indartsu bat duela, 212 eguneko greba luzearen ondoren langileak menderatzen saiatzeko.

Oso era zinikoan alegatzen du enpresaren etorkizuna arriskuan dagoela grebaren ondorioz, grebaren erantzule bakarra bera denean. Eta patronalarentzat Auzitegi Gorenera jotzea guztiz zilegi eta bidezkoa dela argudiatzen du. Era berean, oso babestua sentitzen da euskal patronal handiaren aldeko hainbat adierazpen jasota, azkenekoa SEA Arabako patronalaren zuzendari nagusiak, Juan Ugartek, egindakoa, bere babesa adieraziz eta Batzordeak eskaturiko Auzitegi Gorenean jarritako helegitea erretiratzea “beste ezer baino, Siziliako mafiatik gertuago dauden jarrerei loturiko” eskaeratzat hartuz.

Tubacexeko langileen borroka,  lanpostuen defentsan eta kaleratzeen aurka borrokatzeko erreferentzia eredugarria da Euskal Herrian zein Estatuko beste herri batzuetan. Bere garaipenak edo porrotak, onerako edo txarrerako, enpresa askoren etorkizuna markatuko du, non patronalak –pandemiak irekitako krisiaz baliatuz– plantillak nola edo hala murriztu nahi dituen, kaleratze masiboak eta lan-eskubideak murrizteko asmoa duen, bere etekinak are gehiago handitzeko. Tubacexen langileekiko elkartasuna oso garrantzitsua da, Aiaraldean ez ezik, Hego Euskal Herri osoan ere.

5.- Belaunaldi arteko Ekitatearen Faktorea versus Jasangarritasun Faktorea?

2011ko pentsioen erreformak, 27/2011 Legearen bidez, Jasangarritasun Faktorea (JF) izenekoa sartu zuen kotizazioen eta prestazioen arteko proportzionaltasuna mantentzeko asmoz, eta 2027a ezarri zen ezarpen-data gisa.

2013ko Lege Dekretu batek “adituen komite” bat sortzea onartu zuen, faktore horri buruzko txosten bat egiteko, pentsio-sistema publikoaren erreformari itxura “zientifikoa” emateko. Erreforma horren xedea ez zen finantzazioa epe luzera jasangarria izatea, baizik eta Europako Batzordearekin adostutako defizit publikoaren helburuak lortzen laguntzea. Hala eta guztiz ere, 2013ko urrian, Pentsioen Erreserba Funtsak 59.350 milioi euroko zenbatekoa zuen oraindik, eta horri esker defizitei aurre egin ahal izan zitzaien harik eta Gobernu beraren aurreikuspenen arabera 2018an izango ziren superabitak berreskuratu arte.

Jakina denez, azken krisialdian soldatek eta enpleguak behera egin dutenez, eta gizarte-kotizazioak Gizarte Segurantzakoak ez ziren beste eginkizunak ordaintzera bideratu direnez, Funts hori agortu egin da.

Jasangarritasun Faktoreari buruzko txostenak bi elementu zituen: Belaunaldi arteko Ekitate Faktorea (BEF) eta Errebalorizazio Automatikoko Faktorea. Jasangarritasun Faktorea eta Errebalorizazio Indizea arautzen dituen Legea Rajoy-ren Gobernuak proposatuta onartu zen. Jasangarritasun Faktorearen aplikazioa 2019ra arte atzeratu zen eta ondoren 2023ra arte. Baina Errebalorizazio Faktorea berehala aplikatzen hasi zen, urteko % 0,25eko igoerak eginez, pentsiodunen mugimenduak bertan behera geratzea lortu genuen arte, eta orain indargabetzea erabaki da.

Jasangarritasun Faktorearen funtzioa zen erretiroaren ondorengo batez besteko bizi-itxaropenak izandako handitzea pentsiodunei ordainaraztea. Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE delakoa) aurreikuspenen arabera, hori aplikatuta pentsioak % 9 eta %18 artean murriztuko lirateke 2049an. Batez besteko bizi-itxaropena geldituz edo atzera eginez gero soilik saihestuko litzateke pentsioen murrizketa.

Abuztuaren 24an onartutako lege-proiektuan Jasangarritasun Faktorea indargabetzea jasotzen da, baina ez da sartzen Escrivá ministroak behin eta berriz iragarri duen Belaunaldi arteko Ekitate Faktore berria, baby boomer-ek (1957tik 1977ra bitartean jaiotakoek) pentsioa eskuratzeko gastuari aurre egiteko, Gobernuak Bruselarekin hitzemandako neurria, Europako Funtsen Berreskuratze eta Erresilientzia Planaren barruan. Aurreikuspenen arabera, azaroaren 15a baino lehen sartuko da proiektuan, gobernuak epe hori eman baitu CEOE-CEPYME patronalekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin akordio batera iristeko. Kongresuak onartutako zuzenketaren bidez sartuko litzateke lege-proiektuan.

Orain arte ez da publiko egin Belaunaldi arteko Ekitate Faktorea izango duen edukia. Baina zalantza gutxi dago helburua pentsioen zenbatekoa murriztea izateaz. Jasangarritasun Faktorea martxan jartzea galaraztea lortu duen pentsiodunen mugimenduak honako erronka du orain: beste gizarte-eragileekin ahalik eta lankidetza zabalena bilatuz, 2027an aplikatzeko asmoa duten Belaunaldi arteko Ekitate Faktore berria eragoztea.

Spread the love

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.