Albiste eta informazio interesgarriak 2021eko maiatzak 1

1.- 6.000 pentsiodun mobilizatu ziren astelehenean bankuen aurrean
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 63 udalerritan, 6.000 pentsiodun bildu ziren astelehenean banketxeen aurrean. Bilbon, 1.200 izan ziren. Ez zuten soilik salatu eta protesta egin banku-erakundeen sarreretan sortzen diren ilara luzeengatik –zailtasun fisikoak dituzten adinekoei eragiten diete bereziki, eta, askotan, eguraldi txarra egiten du arreta jasotzeko zain zutik egoteko–, edo abusuzko banku-komisioak kobratzeagatik.
Protestarako arrazoi gehiago zituzten. Pandemiaren ondorioz, banku-zerbitzuak okerrera egin du, eta bezeroei arreta emateko zailtasunak areagotu egin dira: sukurtsalak ixten ari dira, eta sukurtsal horiek dira, askotan, auzo eta herrietan zuzeneko arreta emateko aukera bakarra; erabiltzaileen arretarako langileak murrizten ari dira; eta komisioen kopurua eta kostua handitzen ari dira. Hori guztia irabaziak handitzeko eta dibidendu mamitsuak banatzeko helburu bakarrarekin. Eta, hori gutxi balitz, Estatuko banku handiek 18.000 lanpostu deuseztatuko dituzte, kaleratzeen, erretiro aurreratuen eta “borondatezko” bajen bidez.

Ez digute balio bankuetako zuzendaritzek Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduari emandako erantzunek, gure eskaerekin bidali genizkien gutunen aurrean “hartu-agiria” adieraztera mugatzen baitziren; eta ez dugu onartzen Espainiako Bankuko zuzendaritzaren erantzuna, irailean Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko ordezkari batekin biltzeko prest zegoela adieraziz.
Astelehenean egin genuen mobilizazioak harrera ona izan zuen gizartean, gure elkarretaratzeak eta manifestazioak ikusi zituen jendearen artean nabaritu ahal izan genuen bezala, banatu genituen informazio-orriak jasotzeko prest izanik. Banketxeek hartutako neurriek sortaraziko haserrea oso orokorra da. Badakigu banketxe batzuetako Euskal Herriko zuzendaritzak kezkatuta daudela protesta soziala eta bankuen deslegitimazioa hedatzen ari delako. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak, arazo hauek jarraituz gero, ekimen berriak hartuko ditu.
2.- Gasteizko Gobernuak ez zituen gastatu 2020rako aurrekontuetan jasotako 454 milioi euro
Hala adierazi zuen Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Jakinarazi zuenez, EAEko diruzaintzako gerakin erabilgarria, 2020ko abenduaren 31n, 1.072 milioi eurokoa zen. Saiatu zen justifikatzen bere kontuetan geratzen zen diru-kopuru garrantzitsu hori 2020an zor guztia jaulki delako izan zela, hurrengo hilabeteetan sor daitezkeen gorabeheren aurrean erreserbak izateko. Baina aitortu behar izan zuen, diru-kopuru horretatik, 454 milioi euro 2020. urtean gastatu gabeko diruari zegozkiola –hau da, 2020an gastatzeko aurreikusita zegoenari–.

Pandemiak iaz izan zituen ondorioak larriak izanda, herritar gehienoi ekarri zaizkigun gizarte-premien ondorioak kontuan hartuta, ulertezina eta justifikaezina da diru hori behar horiek arintzeko ere erabili ez izana.
3.- Falta zaiguna: Bizkaiko Ogasunak onartu egin du ez zuela ondo egin 30.000 errenta-aitorpen ingururen kalkulua
Bizkaiko gizartearen gehiengoak –batez ere adinekoek eta pentsiodunek– errenta-aitorpena ezagutu eta egin ahal izateko edo ogasunak bidaltzen diguna errekurritu ahal izateko ditugun arazoei, informatika-baliabideen bidez nahitaez egin behar izateko ezarritako arau berriek ondorioztatukoak direnei, orain gehitu behar dizkiegu ogasunak 30.000 errenta-aitorpen ingurutan egindako kalkulu okerrak.
Onartu egin dute lardaskeria hori, eta arau berriekin errenta aitorpena erraztuko zela egin zuten aurreikuspenak ez direla bete. Hala ere, gaizki egindako aitorpen horiek berrosatzea baino ez dute proposatzen, eta ez dute neurri berririk hartzen ezarritako arauen zatarkeria zuzentzeko, Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak proposatu dizkiogun neurriak onartuz eta praktikan jarriz, pertsona guztiek, eta bereziki adinekook, aitorpenak egin ahal izan ditzagun, ogasunak egindakoa ezagutu eta kontrolatu ahal izan dezagun eta, beharrezkotzat jotzen badugu, aldaketak egin ditzagun.
4.- Farmazia-enpresen etekin eskandalagarriak akziodunen artean banatuta
Público egunkariaren arabera, People ‘s Vaccine Aliantzak egindako kalkuluen arabera, Pfizer, Janssen eta AstraZeneca txertoak patentatu eta ekoizten dituzten farmazia-enpresek, azken hamabi hilabeteetan, 21.610 milioi euro banatu dituzte akziodunen artean, dibidenduen zein akzioen berrerosketaren bidez. Diru kopuru horrek ahalbideratuko luke, gutxienez, 1.300 milioi pertsona txertatzea, pertsona bakoitzeko dosiaren kostua 12,66 eurokoa baita. Populazio hori, adibidez, Afrika osoari dagokiona da.

Eta farmazia-enpresa horien lotsagabekeria eta boterea hain dira handiak, non gehien ordaintzen duenari edota interesatzen zaienari saltzen baitizkiote, inork esku hartu gabe. Europar Batasunak berak ere ezin die mugarik jarri, ezta sinatutako kontratuak betearazi ere. Baina ez da ezin duelako, baizik eta multinazional handien interesak laguntzen eta babesten dituelako, kasu honetan farmazia-enpresa handien interesak, nahiz eta gizaki guztiak Covid-19ren eta horren aldaeren aurrean immunizatzeko ezinbesteko txertoak izan. Horren ondorioz, herrialde aberatsetan, 4 pertsonatik batek hartu du txertoa; herrialde pobreenetan, aldiz, 500etik batek soilik.
Duela aste batzuk, gutxienez milioi bat sinadura biltzeko kanpaina hasi zen Europan –albiste hauetan jakinarazi dugun bezala–, Europako erakundeei eskatzeko txertoen patenteak aska ditzatela, gutxienez Covid-19 pandemiak iraun bitartean, hau da, denboraldi horretan txertoen ekoizpena, prezioa eta banaketa interes pribatuen menpe ez egotea, farmazia-enpresen etekin eskandalagarriak ekidinez.
Sinadura bilketa 1.700.000 baino handiagoa da Europa eta AEB kontuan hartuz. Eta farmaziako multinazionalen jarrera zital eta gizatasunaren aurkako hori hartzen ari den gizarte-dimentsio zabala eta sortzen ari den haserre orokortua, kaleko protestak ere, ikusita, 175 “pertsona ospetsuk”, besteak beste Estatuburu ohiek eta Nobel saridunek, Joe Biden AEBetako presidenteari idatzi diote Covid-19 txertoen jabetza intelektualaren eskubideak –patenteen eskubide pribatuak– aldi baterako eten ditzan.

Aspalditik ari dira nazioarteko erakunde asko eskari hori babesten, baina hori posible egingo lukeen ekimena blokeatuta dago Munduko Merkataritza Erakundean, Estatu Batuak, Europar Batasuna eta beste Estatu aberats batzuk aurka agertu direlako orain arte. Bost axola zaie gizartearen zati handienak, bereziki munduko herrialde edo eskualde zabal pobreenetako biztanleek Covid-19aren pandemiaren eta planetan zehar gero eta gehiago hedatzen ari diren aldaeren ondorio gogor eta dramatikoenak nozitzea.
5.- Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 29ko mobilizazioa iragarri du
Ostegunean Bilboko Udalaren aurrean egindako prentsaurrekoan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, maiatzaren 29an, pentsio publiko, duin eta nahikoak bermatuko dituen pentsio-sistema publikoaren aldeko mobilizazio orokor eta indartsua bultzatzeko egitasmoa plazaratu zuen.
Duela zenbait astetik prestatzen ari den mobilizazioa da, eta dagoeneko euskal sindikatu gehienen eta emakumeen, gazteen eta beste gizarte-sektore batzuen talde ugariren konpromisoa eta babesa du.

Aldi berean, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak harremanak izan ditu Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen plataforma anitzekin, mobilizazio-data horretan bat egiteko helburuarekin, oinarrizko aldarrikapen komun batzuk izanda –Euskal Herrian eta Estatuko gainerako Herrietan beste aldarrikapen espezifiko batzuk eskatzeko aukera ukatu gabe– eta mobilizazioaren eredua edo dimentsioa bakoitza bere baldintzen arabera egokituz. Erronka gizarte-protesta ahalik eta zabalena egitean datza, Estatuko Gobernuak eta Kongresuak pentsioak murrizteko neurriak ez onartzeaz gain, pentsioen izaera hobetzeko neurriak har ditzan, publikoak, duinak eta nahikoak izan daitezen bermatuz. Plataforma horietako gehienek erantzun positiboa eman dute, eta, beraz, hilabete osoan zehar mobilizazio hori prestatzeari ekingo diote.
6. – Maiatzaren Leheneko ospakizuna
Gaur Maiatzaren Lehena ospatuko da Euskal Herrian, Estatu osoan eta munduko hainbat herrialdetan. Nazioarte mailako langile-klasearentzat eta herri-sektoreentzat egun honek duen esanahiaren gogorapenari eta oroitzapenari inolako baliorik kendu gabe, gaur, inoiz baino gehiago, sistema kapitalistak ezartzen dizkigun arazo larriak, Covid-19ren eta bere aldaeren pandemiaren ondorio suntsitzaileek larriagotu egin dituzten arazoak, lan arlokoak, gizarte arlokoak, emakumeekiko diskriminaziokoak, arrazistak, antidemokratikoak, ingurumenekoak…, salatzeko eta horien kontra mobilizatzeko balio behar du, Pentsiodunen mugimendua, gaurko mobilizazioetan egongo da, borrokarako eta aldarrikapenerako gogoz.
7.- Gabezia handiak EAEko txertaketen kudeaketan
Batez ere 65 eta 79 urte bitarteko biztanleentzat. Osasun Ministerioaren arabera, 70 eta 79 urte bitarteko herritarren artean, txertoa hartu dutenen ehunekoa Espainiako txikiena da: asteartean, hilak 27, Estatu mailan, gutxienez dosi bat jaso zuten % 67,2ko batez bestekoaren aurrean, EAEn %50,9 baino ez zen. Eta 60 eta 69 urte artekoen artean, EAEko ehunekoa, autonomia erkidegoen arteko hirugarrena zen, baina atzetik hasita.

Jasotako txertoen kopurua modu erregularrean handitzen ari denean eta emandako txertoen eta jasotakoen arteko erlazioan azken lekuan kokatuta gaudenean, “erreserba estrategiko” bati eusteko politikak ez du inolako zentzurik. Hain zuzen, politika tamalgarri horrek azaltzen ditu gabezia horiek. Baita Eusko Jaurlaritzako arduradunek okerreko erabakiak ez onartzeko edo zuzentzeko duten nagusikeriak ere. Adibidez, kutsatzeen jatorria ezagutzeko oso miaketa eskasa dago, batez ere lan-arloan. Ez da kasualitatea ekonomia eta ekoizpen-jarduera edozein preziotan eta kontrol egokirik gabe mantentzeko duten prestutasuna. Horiek guztiek Espainiako Estatuko kutsagarritasun-tasarik handiena ekarri dute, ospitaleak eta ZIUak beteta egonda.
Kaos hori eta zorigaiztoko osasun-emaitza horiek, tartean oso handia izan den heriotza-tasa –azken astean ikusi dugun bezala–, neurri batean, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako plantilla handitzeari uko egin izanak azaltzen ditu. Horrela interpretatu behar da, joan den urtean, 2020an, Aurrekontuetan zehazturiko diru kopuruaren % 10 baino ez gastatzea Covid-19ren aurkako borrokan.
8.- Era kaskarrean hasi da adinekoentzako egoitzen ereduaren inguruko parte-hartze prozesua
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak adinekoei arreta emateko egoitza-ereduari buruzko partaidetza-prozesu bat jarri du abian.
Pentsiodunen Mugimenduak behin baino gehiagotan salatu izan du adinekoentzako egungo egoitzen eta jasotzen duten arretaren gabeziak. Eta Covid-19k larriagotutako egoera honen aurrean, neurriak hartzeko eskatu dugu. Ez dugu erantzunik jaso, baina badirudi zerbait entzun dutela, prozesu hau martxan jarri behar izan dutelako.
Beatriz Artolazabal sailburuak ziurtatu zuen inplikatutako kolektibo guztiek izango dutela lekua beren ideiak, proposamenak eta argudioak azaltzeko: Foru Aldundiek, egoitzen erabiltzaile diren adineko pertsonek, haien familiek, adinekoen beste kolektibo batzuek, elkargo profesionalek, egoitzetan lan egiten duten pertsonek, sindikatuek, patronalek eta abarrek.

Alabaina, 13 adituk osatutako panelak zuzenduko du prozesua; horien artean, egoitzak kudeatzen dituzten zuzendaritzak eta enpresak daude, baina ez dago ordezkaritza sindikalik, ez egoiliarren seniderik, ez gure mugimenduko ordezkaririk. Horregatik esaten dugu prozesua era kaskarrean hasi dela.
Baina, hala eta guztiz ere, garrantzitsua iruditzen zaigu parte hartzea, adinekoei arreta emateko eredu desberdin baten inguruko hausnarketak kontuan har daitezen. Prozesu honek Eusko Jaurlaritzari aurpegia zuritzeko balio ez dezan eta egindakoa ezerezean gelditu ez dadin.
