Albiste eta informazio interesgarriak 2021eko Maiatzak 22               

1.- Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren elkarretaratzeak EAEko legebiltzarraren aurrean Gasteizen eta Nafarroako parlamentuaren aurrean Iruñean

Joan den astelehenean, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak deituta, pentsiodunen elkarretaratzeak egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarraren egoitza aurrean, Gasteizen, eta Nafarroako Foru Erkidegoaren parlamentuaren egoitza aurrean, Iruñean, ehunka pentsiodunen parte-hartzea izanik.

Bi parlamentuetan, dokumentu bat erregistratu egin zen eta talde parlamentario guztiei eman zitzaien. Dokumentu horretan, pentsiodunen mugimenduak Gobernuari eta Estatuko erakundeei egindako aldarrikapenak jasotzen ziren, bai eta bi erkidegoetako gobernuek eta parlamentuek egin ditzaketen eta egin behar dituzten berariazko eskaerak ere.

Gasteizko Legebiltzarraren sarreran, prentsaurreko bat eman zen, eta komunikabide guztiei eman zitzaien Legebiltzarreko talde guztiei aurkeztutako dokumentu bera. Bertan, ganberako talde parlamentario guztiak (EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PP-Ciudadanos eta azken unean gehitu zen PSE-EE) egon ziren, Vox izan ezik.

Ekitaldi horretan, zalantzarik gabe, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak gizartean duen garrantziaren nolabaiteko aitortzaren ondorio da. Baina pentsiodunen mugimendua ez da keinuekin konformatzen; aitzitik, modu arduratsuan hartu behar dute konpromisoa aldarrikatutako pentsio eta gizarte-eskaerak defendatzeko eta onartzeko, bai gaur egun Madrilen Estatuko Gobernuari eta Erakundeei dagozkienei begira, bai gure herriaren hegoaldeko bi erkidegoetan beren eskumenen barruan daudenei begira (borondate politikoa izanez gero, aplikatu egin daitezke).

2.- Donostiako Alderdi Ederreko lorategietan pentsio publikoei eta beren etorkizunari buruzko hitzaldi publikoa

Joan den astelehenean, 200 pentsiodun, Donostiako Alderdi Ederreko lorategietan eserita, Jesus Soubies pentsiodun lagunaren hitzaldi-erakusketan izan ziren. Bertan, modu pedagogikoan eta argudio-oinarri onarekin azaldu zituen pentsio publikoen egoera, gaur egun ditugun erronka zailak, eta baita egungo pentsioetarako eta, batez ere, epe ertain eta hurbilerako pentsioetarako aurreikusita dauden murrizketak ere.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak duela hiru urte eta lau hilabetetik egindako lanaren garrantzia azpimarratu zuen, maiatzaren 29an Euskal Herrian eta Estatuko gainerako Herrietan egindako mobilizazioaren garrantzia azpimarratuz. Galdera eta esku-hartze asko izan ziren, eta jende guztia pozik, ondo informatuta eta eskertuta sentitu zen ekimen horretaz.

3.- Espainiako Bankuak berriro “Austriako motxilaren” xantaia plazaratu du

Bere urteko txostenean eta berriki egindako adierazpen publikoetan, Espainiako Bankuak iraganean PSOEren eta PPren gobernuek aintzat hartu zuten proposamen bati buruz hitz egin du berriro: “Austriako motxila” deiturikoa.

Langile bakoitzaren izenean dagoen kontu batean datza, non enpresak kaleratzearen ondorioetarako kalte-ordainen zati aurrerapen gisa sartzen duen. Itsulapikoedo motxila hori, diru-funts horien eta beraien inbertsioak ematen dituen errendimenduen bidez betetzen doa. Langilea kaleratu egiten badute, orduan langileak motxila hori erabili ahalko du prestakuntzarako edo pentsiodun bihurtzen denerako. Baina Espainiako Bankuak proposatutakoaren alderik amorragarriena da, motxila horren barruan, kaleratzearen ondoriozko egungo kalte-ordainak murrizten dituztela: 6 egunera aldi baterako kontratuak dituztenen kaleratzeetan, 10 egunera bidezko kaleratze “objektiboan” eta 16,5 egunera kaleratzea bidegabea denean.

Hain zuzen ere, Espainiako Estatuan ziren kalte-ordain horiek erdira murrizten dira; izan ere, PPren 2012ko lan-erreformak kalte-ordainen murrizketa handia ekarri zuen, eta, gaur egun, hauek dira kalte-ordainak: urteko 8 egunetik 12 egunera bitartekoa, aldi baterako kontratua duten langileen kaleratzeetan; urteko 20 egun, 12 hilekoen mugarekin, kausa “objektiboen” ondoriozko kaleratzeetan, kasua aztertzen duen epaileak bidezkotzat jotzen badu; eta, epaileak bidegabetzat jotzen badu, orduan, kalte-ordain hori urteko 33 egunekoa da, gehienez 42 hileko jaso dituelarik.

Gainera, Espainiako Bankuak proposatu du Estatuak Berreskuratzerako Europako funtsetako 8.600 milioi euro erabili ditzala kaleratzearen ondoriozko kalte-ordainen egungo ereduaren eta motxilaren eredu berriaren arteko trantsizioaren kostua finantzatzeko.

Pagotxa ederra, enpresarientzat! Gaur egun, nahi dutenean eta kaleratzeko onduan kalte-ordain txikiak izanik, kaleratzeko aukera errazak dituztelarik, proposamen horrekin miseriazko kostua izango duten kaleratzeak egiteko aukera izango lukete, eta horien ondorioak are dramatikoagoak izango lirateke Espainia bezalako Estatuan non langabezia-tasa oso altua den eta lanpostua aurkitzeko zailtasun handiak dauden.

Yolanda Diaz Lan ministroak adierazi duenez, ez da “Austriako motxila” eredu hori aplikatuko. PPren 2012ko erreforma bertan behera utziko duela ere gaineratu du, duela urtebete PSOEk, Unidas-Podemosek eta EH Bilduk adostu zuten bezala. Baina itxaron egin beharko da ea zer ateratzen den gobernuak funtsak lortzeko Bruselarekin dituen negoziazioetatik, eta baita Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin egiten ari diren negoziazioetatik –horietan omen du “konfiantza” ministroak–. Espero dugu ez dezatela gezurra irentsarazten saiatu, kalte-ordainen zenbatekoaren murrizketak eta bestelako neurri atzerakoiak direla eta, hain txarrak ez direla argudiatuz, okerragoak ere izan zitekeelako sarri argudiatu baitute.

4.- EAEko Egoiliarren Senideen Elkarteen kexak eta kritikak

Babestu Araba, Babestu Bizkaia eta Gipuzkoako Senideak elkarteetako ordezkariek, duela egun batzuk argitaraturiko iritzi-artikuluan, gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritzaren eta EAEko Foru Aldundien jarrera.

Adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek “adinekoen egoitzen egoerari buruzko gezurrak esaten eta manipulatzen jarraitzen dute. Maiatzaren 12an, asteazkena, Osasun Sailak egoitzetako protokoloa berrikusteko erabakia iragarri zuen. Baina ez digute informazio zuzena ematen eta inork ez dezala engainatu, lau lerro besterik ez dute aldatu, erabiltzaileek egunero irteteko aukera jasoz, eta beste behin ere nola eta noiz egoitzen esku utziz”.

“Osasun Sailak Foru Aldundiekin adostu du nola eta noiz, eta beste behin ahaztu egin du egoiliarren eta beraien senideen iritzia. Komunikabide handiez baliatzen dira, egoitzetan normaltasuna dagoela 

gizartean zabaltzeko, baina errealitatea, egoitza gehienetan, oso gordina da”.

“Ezin da ontzat eman asteburuetan irteerarik ez duten egoitzak egotea, horiek kudeatzeko langilerik ez dagoelako. Egungo protokoloek ez dute balio egoiliarrek kalitatezko zaintza izan dezaten, merezi duten bizitza izan dezaten. Ez dakigu nola zaintzen ari diren gure adinekoak egoitzetan, 14 hilabete baitaramatzagu bertan sartu gabe. Zainketen arloak premia larria du aldaketak egiteko, eta eguneroko paseoak egoitzetara itzuli direla dioten izenburu triunfalistek ez dute premia hori isilaraziko”.

5.- Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren ekimenak, horietako batzuk beste gizarte-sektore batzuekin batera, datozen egunetan

Eskualdeko manifestazioa Santurtzin. Hilero Ezkerraldeko eta Meatzaldeko herri ezberdin batean egiten diren bi eskualdeetako manifestazio bateratuen arrastoari jarraituz, datorren astelehenean, maiatzak 24, Santurtziko kaleak zeharkatuko dituzte, bertako plazatik eguerdiko 12etan hasiko direlarik. Pentsio publiko duinen eskaria eta maiatzaren 29an Bilbon egingo den herrialdeko manifestazioan parte hartzearen garrantzia azpimarratuko dute.

Pentsiodunen Bizikleta Martxa Gipuzkoan. Halaber, astelehenean, hilak 24, Pentsiodunen Bizikleta Martxa hasiko da Oreretan. Sei egunez Gipuzkoako eskualde guztiak zeharkatuko ditu, eta maiatzaren 29an amaituko du ibilbidea, Donostiako Alderdi Ederreko lorategietan, handik arratsaldeko 5etan hasiko den herrialdeko manifestazioarekin bat egiteko. Santurtziko eskualdeko manifestazioaren helburu berberak ditu.

Sindikatuen, gazteen kolektiboen eta egoitzetako erabiltzaileen senideen elkarteen agerraldiak Bilboko Kale Nagusian. Lerro hauetan aurreratu genuen bezala, etzi, astelehena 24, goizeko 11etan, Moyua Plazan, M-29ko mobilizazioa babesten duten sindikatuen ekimen bateratua egingo da, pentsiodunen mugimenduarekin batera. Halber, hainbat gazte taldek 25ean Bilboko Udaletxe ondoko tinglatuan prentsaurrekoa emango du. 26an mugimendu feministaren bideo bat zabalduko dute sare sozialetan. Eta 27an, elkarretaratze xume bat egingo dute, prentsaurrekoarekin batera, goizeko 11etan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, EAEko egoiliarren senideen elkarteek eta pentsiodunen mugimenduak deituta.


6.- Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren eta Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen plataformen prentsaurreko bateratua Madrilen

Madrilgo Kongresuaren atarian, ostegunean, maiatzaren 27an, prentsaurrekoa emango dute Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eta Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen plataformek, elkarrekin, eguerdiko 12etan. Manifestu bateratu bat ezagutaraziko da, maiatzaren 29ko Estatu mailako deialdiaren zergatiak eta arrazoiak azalduz, eta bertan parte hartzera gonbidatuko dira, pentsiodunak ez ezik, beste gizarte-sektore batzuk ere (langileak, gazteak, mugimendu feminista eta beste gizarte-kolektibo batzuk); izan ere, gaurko eta etorkizuneko pentsio publikoak eta duinak bermatuko dituen pentsio-sistema publikoa ez ezik, lan eta gizarte-eskubideak ere baitaude jokoan, eta eskubide horiek funtsezko eragina baitute gizartearen gehiengoaren bizitzan.

Manifestua gaztelaniaz, katalanez, euskaraz eta galizieraz argitaratu eta emango zaie hedabideei. Eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren ordezkari gisa, prentsaurreko horretan pentsiodunen talde bat izango da.

7.- Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren eskariei bankuek emandako erantzunak

Duela bi hilabete inguru Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak gutun bana bidali zien gure herriaren hegoaldean egoitzak dituzten ia banku eta aurrezki kutxa guztiei. Horietan, banku-erakundeek gizartearen gehiengoari eman behar dizkioten arreta-zerbitzuek izandako hondatze sakona adierazi genuen.

Hainbat arazo nabarmendu genituen, hala nola, edozein zerbitzutarako baliabide tekniko eta digitalak inposatzea –biztanleriaren sektore zabal batek, bereziki adineko pertsonek, erabili ezin dituztenak– hiriburuetan eta herri askotan sukurtsalak itxi, edota zerbitzu egunak murriztea, aurrez aurreko arreta asko mugatzea, eta horiek guztiek arreta jaso ahal izateko sorturiko ilara luzeak banketxeen aurrean, eta azkenik, bankuko komisioak oso altuak eta diru-sarrera txikiko biztanle asko eta askorentzako, tartean miseriako pentsioak dituzten adinekoentzat, onartezinak direnak.

Sortu diren arazoez jabetuta, eta zabal litekeen eta zabaltzen ari den gizarte-haserreagatik kezkatuta, banketxe eta aurrezki-kutxetako zuzendaritzek, Kutxabankekoak izan ezik, beste gutun baten bidez erantzun digute. Erantzun formal eta diplomatikoak, baina planteatutako eskaerei, tartean pentsiodunen mugimenduko ordezkariekin elkarrizketa zuzenak egiteko eskaerari, benetako konponbidea emateko inolako proposamenik gabe.


Orain arte Banco de Santanderrek bakarrik izan du elkarrizketa bat pentsiodunen mugimenduko ordezkari batekin. Topaketa adeitsua eta errespetuzkoa izan zen, eta bankuaren ordezkariak elkarrizketaren edukia erakundeko lehendakaritzari helarazteko konpromisoa hartu zuen. Eta esan zuen herri txikientzako alternatibak prestatzen ari direla posta-planen bidez, banku-bulegoak garrantzitsuak direla uste dutela eta ilaren arazoa konpontzeko aurretiko hitzordua ezarri dutela eta “Senior Plana” martxan dutela.

Mugimenduko kide batek zita-bilera bat ere izan zuen Euskadiko Kutxako kanpo-harremanen arduradunarekin, bezero bati arreta emateko erakundearen barne-protokoloak bete behar izan ondoren. Kanpo harremanen arduradunak Kutxaren Barne Kontseiluaren eta Pentsiodunen Mugimenduaren arteko bigarren bilera bat izateko eskaintza egin du, “garrantzitsua” dela uste dutelako.

Badirudi banku eta aurrezki-kutxa bakar batek ere ez duela gure eskaera gehienei erantzuteko benetako borondaterik. Ekimen berriak hartu beharko dira, pentsiodunen alde ez ezik, beste sektore edo kolektibo sozial batzuen alde ere, benetan kontuan har gaitzaten.

8.- EITB taldeko zuzendaritzarekin elkarrizketa-eskaera

Komunikabideen zati handi batek garrantzi informatibo gutxi ematen dio Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduari, nahiz eta astelehenero elkarretaratzeek eta kaleko beste ekimen batzuek, lau hiriburuetan eta 70 bat herritan, 5.000 eta 6.000 arteko pentsiodun bildu. Edo modu nahiko erregularrean, beste sektore sozial batzuen laguntzarekin, bultzatzen dituen mobilizazioak,  non milaka pertsonak parte hartzen duten.

Zenbait komunikabidetako albisteen eta informazioen jarraipenean oinarrituta, iruditzen zaigu pentsio-sistema publikoa defendatzeko eta exijitzeko borrokaren buruan dagoen mugimendua ikusezin bihurtzeko nolabaiteko asmoa dutela hainbat komunikabidek. Sistema horrek pentsio publikoak eta duinak bermatuko ditu, bai eta adineko pertsonen eta pentsiodunen osasuna eta bizitza zaindu eta asebeteko duten beste neurri sozial batzuk ere, Espainiako Estatuan 9 milioi pertsonari eta Euskal Autonomia Erkidegoan 700.000 pertsonari eragiten dietenak.

Bereziki kezkatzen gaitu EITB komunikazio-taldeak, “publikoa” izanik, komunikabide horien antzeko jarrerak, are modu nabarmenagoan partekatzeak. Hori dela eta, behin baino gehiagotan jo dugu EITBko zuzendaritzara jokabide hori konpontzen saiatzeko. Duela gutxi berriro egin dugu, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritzarekin elkarrizketatzeko prest daudela erantzun digute. Baina oraindik elkarrizketa edo bilera hori zehaztu eta hitzartzeko zain gaude.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude