Albiste eta informazio interesgarriak 2021eko uztailak 10


Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduaren berria

1.- Pentsioen erreformarako akordioa Gobernuaren, CEOE-CEPYME patronalen eta CCOO eta UGT sindikatuen artean (II)

Pentsioen erreformari buruzko ekainaren 30eko akordioaren bigarren kapituluari helduko diogu.

Borondatezko erretiro aurreratua

Borondatez erretiro aurreratua hartzen duten sektoreetako batek egungo murrizketa-koefizienteak arindu ahal izango ditu, baldin eta erretiro-data bi hilabetez luzatzen badu. Baina hemen, justifikaziorik gabe gehien zigortuko direnen adibideak azaldu nahi ditugu.

Legezko muga-adina baino bi urte lehenago borondatez erretiratzen direnen adibideak dira. Egia esan, hilabete geroago erretiratzen diren heinean, koefiziente horiek murriztu egiten dira. Hemen laburpen bat baino ez dugu jasotzen, akordioan hainbat orrialde hartzen dituztelako.

38 urte eta 6 hilabete baino gutxiago kotizatu dituen pertsona erretiratu batentzat, murrizketa % 16koa da orain. Akordioaren arabera, % 21era pasatuko da.


38 urte eta sei hilabete baino gehiagoko eta 41 urte eta 6 hilabete baino gutxiagoko kotizazioa dutenek, orain, % 15eko murrizketa dute, eta % 19ko murrizketara igaroko dira.

41 urte eta 6 hilabete baino gehiagoko eta 44 urte eta 6 hilabete baino gutxiagoko kotizazioekin, murrizketa % 14koa da gaur egun, eta akordioaren arabera, % 17ra igoko da.


Eta 44 urte eta 6 hilabete baino gehiago kotizatu dutenentzat murrizketa orain arte bezala geratuko da, % 13.

Gure ustez, lotsagabekeria da 41 urte eta erdiko kotizazioarekin, eta are gehiago 44 urte eta erdi baino gehiagorekin, murrizketa-koefiziente horiek jasan behar izatea 24 hilabete lehenago erretiroa hartu nahi izate hutsagatik, hau da, 2027tik aurrera, ohiko erretirorako 67 urtera arteko prozesua osatzen denean, 65 urterekin erretiro hartzeagatik.

Murrizketa handiagoak dakartzaten koefiziente horiek, beraien ustez, erretiroa hartzeko benetako adina legezko adinera borondatez hurbiltzeko neurriak dira. Neurri horiek “borondatezko” hurbilketatzat hartzea adimenaren aurkako iraina da; izan ere, legezko muga baino bi urte lehenago erretiroa hartu nahi duten pertsonek, logika hutsez, erretiro aurreratua atzeratzen saiatuko dira, pentsioak murrizteko koefiziente horiekin jasotzen duten zigorra handia baita. Gero, murrizketa horren ondoren, pentsioaren soldata arautzailearen kalkulua dator, eta azken 25 urteak kontuan hartuz egindako kalkuluak pentsioei kolpe handia eman badie, nolako kolpea izango da, kalkulua, aurreikusi bezala, 35 urtera arte luzatzen badute.

Lan-bizitzaren luzapena sustatzea

Helburua da borondatez erretiroa hartzeko epea ezarritako legezko denboratik harago luzatu nahi duen jendea animatzea 12.000 eurora irits daitekeen pizgarri baten edo pentsioaren urteko % 4ko igoeraren bidez. CEOEk proposamen hori babes dezan, erabaki dute, gaixotasunagatiko lan-bajako prozesuetan, Gizarte Segurantzak bere gain har dezala 62 urtetik gorako langilearen enpresa-kotizazioaren % 75.

Nork eman dezake izena neurri horretan, ez baditu lanpostu erosoa eta soldata ona? 4.500 edo 5.000 euroko soldata eta lan erosoa dituzten pertsona batzuek horretarako apuntatzea normala da, oso ondo baitakite pentsiorik altuena ere soldata horren oso azpitik dagoela. Agian, legezko adinarekin erretiroa hartzeko unean miseriazko pentsioa duten eta erretiro-adina luzatuz pentsio hori pixka bat hobetu nahiko duten langile batzuekin ere topo egingo dugu. Baina hori ulergarria da, premia larriko arrazoiengatik soilik.

Begirada erabat estua eta guztiz koiunturala

Neurri horiek, pentsioen kostua murrizten saiatzeko petatxu hutsak dira. Gobernu honek eta akordio honen alde dauden sindikatuek, langabezian edo erabateko prekarietatean dauden ehunka mila gazte kualifikatu izanda, 65 urterekin edo gutxiagorekin erretiroa har dezaketen pertsonen ordezkapena bultzatu beharrean, edo Gizarte Segurantzako kutxa kaudimendun bat handitzea eta sostengatzea ahalbidetuko duten enplegu eta soldata duinak bultzatu beharrean, miopia eta jarrera guztiz tamalgarria erakusten dute. Patronala eta finantza-taldeak ez ditugu kritikatuko, badakigulako zeintzuk diren haien interesak, pentsioak murrizteko eta Gizarte Segurantza ahultzeko neurri horiek defendatzen dituztenean, hain zuzen, pentsio-funts pribatuei, enpresakoak edo sektorialak barne, bidea irekitzea.

2.- Escrivá: buru-belarri pentsioen murrizketan 

Duela hilabete askotatik, Escrivá jauna, Gizarte Segurantzako ministro gisa, pentsio publiko eta duinak bermatuko dituen Gizarte Segurantzaren sistema publiko eta kaudimenduna defendatu beharko lukeena, murrizketa-proposamen gero eta gogorragoak aurkezteko aitzindari bihurtu da.

Moncloan, pentsioen erreformarako akordioa, Gobernuak, patronalek eta CCOOk eta UGTk sinatu zuten egunean bertan Escrivá jaunak egindako adierazpenak adostu zutena baino askoz urrunago joan ziren, eta bi sindikatuek kritikatu egin behar izan zituzten.

Adierazi zuenez, “Baby Boom”-eko belaunaldiei (joan den mendeko 50eko hamarkadaren bigarren erditik 70eko hamarkadara bitartean jaio eta 2024tik aurrera erretiratzen hasiko direnei) “ziurrenik pentsioak murriztu beharko dizkiete, edo erretiroa hartzeko aukera luzatu, hainbeste gal ez dezaten, hori guztia Gizarte Segurantzaren defizitak oso handiak eta jasanezinak izan ez daitezen”.

Egun batzuk geroago, adierazpen horiek “atzera bota” zituen. Hala ere, hauxe gaineratu zuen: “ezin dugu gazteen esku utzi beraien kotizazioekin egin beharko luketen sakrifizioa, Gizarte Segurantzaren kutxa eta pentsio guztiak mantendu ahal izateko”. Aurpegia izan behar da argudio hau hain era demagogikoan planteatzeko!

Bestalde, ezinbestekotzat jotzen du belaunaldien arteko ekitate-faktorea aplikatzea, jasangarritasun-faktorea “ordezteko”, noski, pentsioak zigortzeko. Azken egunotan adierazi duenez, “agian” ez da beharrezkoa hori ezartzea. Baina sinatutako akordioan jasotzen denez, aurtengo azaroaren 15erako faktore hori zehaztuta eta adostuta egon dadin saiatuko dira, eta, edonola ere, 2027an sartuko da indarrean, gobernuaren eskutik.

3.- Ministroen Kontseiluak Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren akordioa onartu du

Joan den astean, Ministroen Kontseiluak oniritzia eman zion Elkarrizketa Sozialerako Mahaian lortutako akordioari. Orain, hurrengo urratsa da Kongresuak oniritzia ematea, ahal bada urte amaierarako, akordioa 2022aren hasieratik aplikatu ahal izateko.

Duela astebete baino gehiago, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak, Estatuko gainerako Herrietan mobilizatzen ari diren pentsiodunen plataforma gehienekin batera, gutun bat bidali genion Pedro Sánchez Gobernuko presidente jaunari, berarekin elkarrizketa zuzena izateko eta bertan akordio hori zuzentzeko eta gure eskariak aintzat hartzeko arrazoiak berari azaltzeko. Gaur egun ez dugu erantzunik jaso, eta, beraz, ekimen berriak hartu beharko ditugu, akordio horrek zuzenean eragiten gaituztenok entzunda izan gaitezen.

4.- Genero-arrakala handitu egiten da

Astelehenean Bilbon egindako elkarretaratzean, emakume pentsiodun batek, sinatu berri den akordioak pentsioetako genero-arrakala are gehiago handitzen duela salatzeko egin zuen hitzartzearen esaldi batzuk jasotzen ditugu albiste honetan.

Nahiz eta behin eta berriz errepikatu pentsio guztiei KPIaren igoeraren bidez gure erosteko ahalmena bermatzen dela, gezur bat ez da egia bihurtzen”.

KPIaren igoerak, pentsio baxuenak igotzeko neurririk hartu gabe, pentsioen genero arrakala handitzea dakar”.

Zer erosteko ahalmen bermatzen zaie Euskal Autonomia Erkidegoan 500 eurotik beherako pentsioa duten ia 21.000 emakume pentsiodunei, edo 750 eurotik beherako pentsioa duten 72.000 mila inguruko emakumeei?”

2021eko ekainean, EAEko gizonen hileko batez besteko pentsioa emakumeena baino 649 euro handiagoa zen (9.086 euro urtean). Nafarroan, txikiagoa, 7.924 euro urtean. Adibidez, KPIren igoera % 2koa balitz, batez besteko aldea 180 euro inguru handituko litzateke”.

Gobernuak, patronalek eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko sindikatuek berriz ere ez dute kontuan hartu Hego Euskal Herrian ehun mila baino gehiago, eta Estatuan hainbat milioi, miseriazko pentsioak dituzten emakume pentsiodun daudela, eta berdintasunerako bidean aurrera egiten ez duen akordioa sinatu dute. Eta horrela jokatu dute emakumeen eskubideak defendatzen omen dituzten sindikatuek eta Berdintasun Ministerioa izateaz harro dagoen Gobernuak“.

5.- Datorren astelehenean, Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua kalera aterako da berriro

Uda betean, pentsiodun asko oporretan edo bilobak zaintzen egonda ere, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua kalera aterako da berriro pentsioen erreforma salatzeko, dagoeneko Pedro Sanchezen Gobernuaren ardurapean dagoen erreforma.

Manifestazio bana egingo dugu Iruñean eta Bilbon. Nafarroako hiriburuan, Udaletxe plazatik irtengo da eguerdiko 12:00etan eta Gobernu zentralaren ordezkaritzaren aurrean amaituko da. Bizkaiko hiriburuan, 12:00etan hasiko da udaletxetik eta Moyua Plazako Gobernu zentralaren azpiordezkaritzaren aurrean amaituko da. Donostian prentsaurreko masiboa egingo da Boulevarden 11:00etan. Gasteizen pasa den asteleheneko kontzentrazioan egin zen kritika eta salaketa hori.

6.- BBK-k banku-komisioen kobrantza handituko du irailaren 1etik aurrera

BBKrekin egindako eragiketen eta zerbitzuen komisioek, irailaren 1etik aurrera,  % 0,2 igoko dute on-line egiten badira. Banku-eragiketa banku-bulegoetan aurrez aurre egiten bada, igoera % 0,4koa izango da.

Komisioen kostua igotzeaz gain, bezeroak berak on-line egiten duen lana bankuak ere kobratzen dio. Eta, jakina, baliabide informatiko hori erabiltzen ez dakiten eta aurrez aurreko arreta behar duten adineko pertsona eta pentsiodun gehienek, gainera, gehiago ordaindu beharko dute, jadanik oso garestia zena. Gero bere propaganda-marketina biderkatuko du, bere “konpromiso eta ekarpen sozialak” nabarmenduz!

7.- Tubacexeko langileek lehen borroka irabazi dute epaitegietan

Asteartean argitaratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak, Tubacexen Laudioko eta Amurrioko lantegietan 129 kaleratze egiteko espedienteei buruzkoak. Kaleratze horiek baliogabetzat jo zituzten eta kaleratutako langileak enpresara itzuli behar zirela ezarri zuten. Egun horretan 146 eguneko greba mugagabea betetzen zen.

Enpresako zuzendaritzak berehala iragarri zuen bi epaiak Auzitegi Gorenean errekurrituko zituela, eta hala egin du. Egun hauetan, Enpresa Batzordea hainbat ahalegin egin ditu zuzendaritzak Auzitegi Gorenera jo ez zezan eta kaleratuak berehala lanera itzultzeko akordio batera irits zitezen, baina ezinezkoa izan da zuzendaritzaren jarreraren aurrean. Langileek greba mugagabean jarraitu dute egunotan, eta atzo 149 greba egun egin zituzten.

Ez dakigu enpresak zer egingo duen behin betiko epaia eman arte. Adibidez, ITP enpresan (Sestaon eta Barakaldon dago), 90 kaleratzeren espedientea baliogabetzat jo zuen EAEANk, baina enpresak nahiago izan du kalean mantentzea, soldata ordainduta. Auzitegi Gorenera jo zuen eta hark zer ebatziko zain dago. Mendekua eta langile horiek gabe ekoizpenari eutsi eta etekinak lor ditzakeela ikusarazteko ahalegina da. Hurrengo egunetan ikusiko dugu Tubacexen zer gertatzen den, adi eta aktibo jarraitu behar dugu.

Tubacexen borroka eredugarria izan da. 149 greba eguni aurre egiteaz gain, aurrekaririk gabeko elkartasun eta babes herrikoia lortu dute (beste enpresa batzuetako langileak, emakume eta gazteen kolektiboak, pentsiodunen mugimendukoak, merkatari txikiak…) Aiaraldea osoan, Hego Euskal Herri osoan erreferente eta eredu den langile eta herri-borroka bihurtuz. Eta datorren asteazkenerako manifestazioa deitu dute berriro, irabazitako lehen bataila ospatzeko. Laudioko lantegitik abiatuko da, herriaren erdigunera joateko eta eskualde osoko herritarrak zoriontzeko, jasotako babes, animo eta elkartasunagatik. Baina adi eta aktibo egon beharko dugu behin betiko epaia atera arte.

Eusko Jaurlaritzak eta Arantza Tapia Industria sailburuak gatazka honen inguruan duten jarrera lotsagarria izan da. Une oro beste alde batera begira egon da, eta bere burua justifikatzen saiatu da, “Bitartekaritza-ahaleginak” egin dituela adieraziz. Bere jarreraren azken adibide gisa, Yolanda Diaz Lan ministroa pozik zegoen espedientea baliogabetzearen epaiarekin, baina Bingen Zupiria Lakuako bozeramaileak adierazi zuenez, “Eusko Jaurlaritzari albiste txarra iruditzen zaio Tubacex bezalako enpresa garrantzitsu bat hain egoera larrian egotea munduko egoera ekonomikoaren ondorioz”, eta gaineratu zuen, horrez gain, “grebak ez diola inolako mesederik egingo enpresa horren egoerari “.

Views: 3
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude