Albiste eta informazio interesgarriak 2022ko abenduak 24

1.- Gasteizen 1.200 pentsiodun elkarretaratu eta manifestatu ginen atzo Legebiltzarraren atarian
Ostegunean, “Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Sistemaren Legea”, DSBEaren Legea bezala ezagunagoa dena, onartu zen Gasteizko Legebiltzarrean,. Eta atzo, ostirala, beste horrenbeste egin zuen 2023rako aurrekontuekin. DSBEari buruzko lege berriak aurrerapen batzuk jasotzen ditu: adina 18 urtera murriztea hura jaso ahal izateko; onartu ahal izateko jarraitu beharreko izapideak malgutzea eta partzialki hobetzea; eta 1.013,5 euro arteko pentsio-osagarria ezartzea 12 ordainsaritan, hau da, 868,71 euro 14 ordainsaritan. Kontuak martxoan onartuko dira behin betiko, eta 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginarekin aplikatuko dira.
Zenbateko horrek urrun jarraitzen du gure eskaeratik: 1.080 euro 14 ordainsaritan. Gainera, oraindik ere hainbat baldintza bete behar dira pentsio-osagarria eskuratzeko, horretarako aukera mugatzen dutenak, eta ez da aurreikusten administrazioak ofizioz jardutea eskubide hori dagokien pentsiodun guztiei aplikatzeko. Aurrekontuetan ere ez da inolako aurrekontu-partidarik jasotzen pentsiodunei 1.080 euroko gutxieneko diru-sarrera horiek bermatzeko.

Esperientziak erakusten digu gobernuek eta erakundeek denboran zehar izan duten erantzun eta presio sozial sendoaren bidez soilik onartzen dutela gauzak hobetzea, nahiz eta zergen bidezko diru-sarrera handiak eta aplikatu ahal izateko eskumenak izan, Lakuako gobernuaren kasuan bezala. Hori dela eta, atzo Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) elkarretaratzea eta manifestazioa antolatu zuen Gasteizko Legebiltzarraren egoitzaren inguruan.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.200 pentsiodun bildu ginen. Azken bi herrialde horietatik 9 autobus eta autoz eta beste bitartekoz joan ziren. Elkarretaratzea eta manifestazioa Katedral Berrian hasi eta bertan amaitu zen (Legebiltzarraren egoitzatik gertu). Ordu laurden batez Legebiltzarraren atarian egon ziren, Olentzero eta Mari Domingi buru zituzten hiru lagunez osatutako ordezkaritza bat Legebiltzarreko egoitzan dokumentu bat entregatu eta erregistratu zuten. Azken ekitaldian, entregatutako dokumentua euskaraz eta gaztelaniaz irakurri zen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunek interbentzio eta agur laburrak egin zituzten, eta hitz egin zutenen artean bost emakume izan ziren. EHPMaren V. urteurrena ospatzeko planen eta ekimenen berri ere eman zuten.
2.- Osakidetzan “ez da ezer gertatzen”
Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) sortutako matxinada gorabehera, duela egun batzuk arte Gotzone Sagardui Osasun Sailburuaren eta Urkullu Lehendakariaren adierazpenak entzun genituen, Osakidetzan “ez dela ezer gertatzen”, edo “ia ezer ere ez”, gehienez, komunikazio-arazo batzuk izan direla esanez. Baina azken egun hauetan, haien hizkera pixka bat aldatu da, ESIko zerbitzu medikoko buruekin hitz egiteko prest daudela esan dute, arazoak konponduko direla, baina oraingoz ez dituzte konponbiderako proposamenak zehaztu.
Sagardui sailburuarentzat eta Urkullu lehendakariarentzat ez da ezer gertatzen. Ez dago arazorik Lehen Mailako Arretaz, Basurtuko Ospitaleaz, Larrialdiak Santiago ospitaletik Txagorritxura eramateaz, Osakidetzan iruzurrezko Lanpostuen Eskaintza Publikoak egiteaz, medikuen, erizainen eta beste osasun-profesional batzuen faltaz, eta horien soldata- eta lan-arazoez. Horrelako ezer ez da existitzen, eta “ez da inolako arazorik gertatzen, jendea ondo artatuta egongo baita”, nahiz eta, beste behin, aurreko urteetan bezala, oro har anbulatorioetako arreta-ordutegiak murriztu edo kontsultategiak itxi Gabon jaietan, urtarrilaren 10era arte.

Beren autismoa eta nagusikeria benetan kezkagarriak dira. Herritarrek Osakidetzaren kalitateari buruz egindako balorazioa inoiz ezagutzen ez diren balioetara jaitsi da. Joan den astelehenean, hilak 19, milaka pentsiodun bildu ginen berriro, eta manifestazioa egin genuen EAEko hiru hiriburuetan eta 60 herrietan Osasun Sailak eta anbulatorioek dituzten egoitzen aurrean, Osakidetzaren hondatze larriagatik protesta egiteko. Ostegunean protesta-kontzentrazioak egin ziren ospitale eta anbulatorioetako ateen aurrean, sindikatuek deituta arrazoi berberengatik.
Baina “ez da ezer gertatzen”. Osasun Sailak eta Gasteizko Gobernuak jarrera goitik behera alda dezaten, sektoreko sindikatuek sustatutako mobilizazio bateratuak, pluralak eta masiboak, ahalik eta gizarte-eragile gehienen konpromisoa eta babesa izanda, premiaz prestatzea beste aukerarik ez dago. EHPM prest dago izaera horretako edozein ekimen bere indar guztiekin babesteko.
3.- Lanbide arteko Gutxieneko Soldata igotzeko proposamenak
Egun hauetan, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS)eguneratzeko hainbat proposamen argitaratu dira. “Adituen” gomendioa da LGS 1.046 eta 1.082 euro artekoa izatea, hau da, egungoaren % 4,6 eta % 8,2 arteko eguneratzea, hilean 1.000 euro gordinekoa baita. CEOE prest dago hilean 40 euroko igoera onartzeko, LGS 1.040 eurotan finkatuz. UGT eta CCOO sindikatuen aldetik, lehenak 1.100 euro eskatzen ditu, eta CCOO prest legoke bere eskaera “malgutzeko”, 1.082 euro onartuz.
Zaila da behin betikoa zertan geratuko den aurreikustea, eta badirudi urtea amaitu baino lehen gobernuak nekez adostuko duela LGS berria, datorren urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu ahal izateko. Horrek esan nahi du datorren urtearen hasieran oraindik LGSa izoztuta egongo dela 1.000 eurotan; beraz, igoera onartu arte itxaron beharko da, eta urtarrilaren 1etik aurrera atzeraeraginez aplikatuko den ikusteko dago. Eta beldur gara ez ote den inola ere 1.100 eurora iritsiko.

Zenbait gobernu-iturrik iragarri dutenez, hartuko den igoeraren bidez, “Espainiako Estatu osoko batez besteko soldataren % 60a izateko Europako Batzordearen gomendioa aplikatzen edo horretara hurbiltzen ariko dira”. Baina, gaurkotze horren bidez, Europako Batzordearen gomendioa Hego Euskal Herrian beteko ez dela ziurta dezakegu, EAEko eta Nafarroako batez besteko soldata (baita bizitzaren kostua ere) Estatu osokoa baino altuagoa baita. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 1.200 euroko LGSa defendatzen du duela 5 urtetik hona, baina euskal sindikatuek arrazoi osoa dute, inflazio handiko 5 urteren ondoren (bereziki azken bi urteetan), LGSak hilean 1.400 eurokoa (14 ordainsari) izan behar duela eskatzen dutenean.
4.- Krisiaren Aurreko Adinekoak plataformak uko egin dio Nafarroako Parlamentuan gutxieneko pentsioak hobetzeko lan-saiora joateari
Parlamentuko Mahaiko Idazkaritzak Nafarroako pentsiodunen elkarteei jakinarazi zien beraiek eskaturiko Foru Erkidegoan gutxieneko pentsioak hobetzeko Gizarte Gaietako Batzordean lan-bilera egiteko proposamena onartu zutela eta urtarrilaren 10ean egitea proposatzen zuela. Pentsionistak Martxan, Oneka eta PDPNA/COESPE plataformek adostasuna eman zuten lan-saio horretan eta egun horretan parte hartzeko. Eta agerraldia prestatzeko, urtarrilaren 2an biltzeko gonbitea egin zitzaien agerraldia eskatu zuten gainerako elkarteei. Elkarte horiek Krisiaren Aurreko Adinekoak (KAA) plataforman biltzen dira.

Baina harrituta geratu ziren KAA plataformak erantzun zielako “ez dutela interesgarritzat jotzen lan-saio horretara joatea, aurrekontuen inguruan jada dena adostuta dagoela argudiatuz”. Ez zioten garrantzia ere ematen espektro ideologiko osoko pentsiodunen kolektiboak talde politiko guztiekin aurrez aurre egoteari, ezta era zuzenean honako hau esateko aukera izateari: beraien betebeharra dela egoera okerrenean daudenen arazoak, ihes egin gabe, konpontzea, gastu publikoa horretara bideratuz, eta aurrekontuak egitean gai horri eman dioten trataeraren aurka agertu behar zutela. Pentsionistak Martxan eta EHPMaren iritziz, jarrera ulertezina da, eta pentsio publiko duinen alde, bereziki gutxieneko pentsioen 1.080 eurorainoko osagarriaren alde (14 ordainsaritan) borrokatzen jarraituko dugula esateko aukera interesgarria galdu egin da.
5- Protesta eta mobilizazioak, Gipuzkoan, Orereta eta Zumarraga-Uretxuko anbulatorioen eta Tolosako ospitalearen inguruan
Errenteria-Orereta.Hilabete baino gutxiagoan bigarrenez, Errenteriako bizilagunak kalera atera ziren abenduaren 17an, Beraun, Galtzaraborda, Kaputxino eta Yanciko auzo-elkarteek, eta Beraun, Galtzaraborda eta Kaputxinoen Zahar Etxeek eta Errenteriako Pentsiodunen Asanbladak-Duintasunak (Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren kidea) deituta, Osakidetzak auzo horiei guztiei ematen dien Lehen Mailako Arretan egindako murrizketak salatzeko.
Azaroaren 26ko manifestazio jendetsuaren ondoren, Aizpea Otaegi alkateak eskatuta, beraren eta Gotzone Sagardui Osasun Sailburuaren arteko elkarrizketa egin zen egoera konpontzeko. Bilera horretan, Lakuako Gobernuko sailburuak adierazi zuen ordutegiak murrizteko neurriak ez direla “murrizketak”, zerbitzua berrantolatzea baizik, eta ez zuen aurreko zerbitzua lehengoratzeko inolako asmorik agertu. Deitzaileek sailburuaren jarrera salatu zuten; izan ere, “ezin da inolaz ere onartu plantilla murriztea, hiru mediku gutxiago (erretiroa hartu ondoren) izanda eta pazienteei hilean 69 ordutan soilik arreta ematea, “berrantolaketa” gisa hartzea, eta ez benetan dena: Lehen Mailako Arreta murriztea eta hondatzea”.
Elkarretaratzean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren komunikatua irakurri zen. Bertan, elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu ziren hilaren 19an Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan eta 65 herritan, Osakidetzaren hondatzeagatik eta pribatizazioaren prozesu progresiboari galga jarriko dion osasun publiko eta kalitatezkoaren beharragatik protesta egiteko. Era berean, Osakidetzako sindikatuek osasun publikoaren hondatzeari buruz egindako komunikatua irakurri zen. Oso txalotuak izan ziren biak.

Manifestazioak 1.200 parte-hartzaile bildu zituen. Bertan izan ziren EH Bilduko alkatea eta zinegotziak, zein Elkarrekin Podemos-IU eta PSEko zinegotziak. Bilera amaitzean, elkarte eta erakunde deitzaileek adierazi zuten mobilizazio are zabalagoekin jarraituko dutela eskatzen duten zerbitzu duina lortu arte. Era berean, Osakidetzako sindikatuek ostegunerako ospitale eta anbulatorioen aurrean deitu zituzten elkarretaratzeetan parte hartzera animatu zuten jendea.
Zumarraga-Urretxu. 500 pentsiodunek eta lagunek, udaletako, alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariekin batera, kaleak zeharkatu zituzten hilaren 17an, goizean. Beste behin ere anbulatorioa eguneko 24 orduetan, asteko 7 egunetan, irekitzea eskatu zuten. Antzeko arazoak dituzten beste herri batzuetan bezala, 24/7 plataforma bateratuak egin zuen deialdia.
Gogoratu zuten bi urte daramatzatela eskaera horrekin. Gero eta hedatuago dago bi herrietan, eta, horren ondorioz, gero eta jende gehiago hurbiltzen da 24/7 plataformara, eta deitzen dituen ekitaldi eta ekimenetan parte hartzen du. Oso animatuta agertu ziren manifestazioan izandako parte-hartze mailaz. Eta beste behin azpimarratu zuten anbulatorioan dauden arazoak beste herri eta eskualdeetakoen antzekoak direla, Gotzone Sagarduik zuzendutako Osasun Saila eta Urkullu buru duen Lakuako Gobernua garatzen ari diren politikaren ondorioz. Era berean, nabarmendu zuten kezkatuta daudela Osakidetzaren hondatzearen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoan 504.762 pertsona osasun-aseguru pribatuetan izena emanda daudelako, 2019an baino % 6,4 gehiago.
Tolosaldea.TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) plataformak deituta, hilaren 17an elkarretaratzea egin zen Tolosako Triangelu plazan, eskualde osoko 300 lagunek parte hartu zutelarik. Hamabi urte daramatzate ospitale publiko eta kalitatezkoa eskatzen. Azken urteotan Lehen Mailako Arretaren kalitatea okertzen ari dela salatu zuten, eta arazo horri amaiera emateko ardura dutenek ez dutela, antza denez, arazo horiek konpontzeko borondate txikienik ere.

Herritarrek gero eta argiago dutela zein osasun-arreta mota nahi duten eta zein ez. Eta herritarrengan sentitu zuten haserreak eta atsekabeak eraginda deitu zutela elkarretaratzera. Tolosaldearen kasuan, egoera larriagotu egin dela nabarmendu zuten, ospitale publikorik ez dutelako, eta ospitale berriaren Plan Funtzionalari buruz duten ezagutza oso eskasa dela, edukiari eta formari dagokienez. Dirudienez, sei urte edo gehiago igaro daitezke ospitale berririk gabe, eta osasun-erakundeek asmoa dute aldi horretan osasun-arreta eta ospitale-arreta La Asunción klinikaren esku egotea, Gipuzkoako beste eskualde batzuetakoak baino arreta-zerbitzu okerragoa izanda.
6.- Akatsak
Mercedesen (Gasteiz) egin berri diren hauteskunde sindikalei buruzko albistean, abenduaren 3ko buletinean argitaratutakoan, akats txiki batzuk zeuden datuetan. Zehazki, 29 ordezkari aukeratu ziren: ELA 9, UGT 6, LAB 5, CCOO 4, ESK 4 eta Ekintza 1. Horrek esan nahi du enpresa-batzordearen gehiengo berriak (ELA, LAB eta ESK) 18 kide dituela. Eta gutxiengo berria (UGT, CCOO eta Ekintza) 11koa da.
Joan den asteko buletinean, abenduaren 13an, akatsa “Kudeaketa Publikoa eta Pribatizazioak Nafarroako Osasungintzan” berrian zegoen, non honako hau aipatzen baitzen: “Gaur egungo aurrekontuen eztabaidak arreta pribatuaren aldeko joera-aldaketa txiki bat ekarri du,
parlamentuan, baina ez gobernuan, parte hartzen duen oposizioko ezkerreko indar bakarraren babes parlamentarioak behartuta”. “Arreta pribatuaren aldeko joera-aldaketa txiki bat”-en ordez, Lehen Mailako Arreta-ren aldeko aldaketa txiki bat” aipatu behar zen.
“Albiste eta informazio interesgarriak” buletin honetan argitaratzen ditugun datuak eta informazioak arretaz eta era zorrotzean landu nahi ditugu. Hala ere, batzuetan akatsak egiten ditugu, baina ez dugu inolako eragozpenik horiek aitortzeko. Erredakzio-taldeak barkamena eskatu du.

