Albiste eta informazio interesgarriak 2022ko apirilak 16

1.- Inflazioa geldiarazteko: soldatak, pentsioak eta gastu sozialak murriztea
Egunez egun, Espainiako Bankuak, CEOEk, Madrilgo eta Gasteizko gobernuek bonbardatzen gaituzte esanez soldatak, pentsioak eta gastu sozialak moteldu behar direla inflazioari aurre egiteko eta duela hilabete batzuetatik jasaten ari garen maila edo tasa altua ez luzatzeko.
Komunikabide ia guztiak bere zerbitzura daude, herritar gehienak (langileak, pentsiodunak eta beste herri-sektore batzuk) konbentzitu nahian pandemiak sortutako eta Ukrainako gerrak areagotutako krisia bizi dugula, bera dela inflazioa areagotu egin duena, eta, horren aurrean, “ezinbestekoa” dela sakrifizioak onartu behar izatea; hori bai, ahaztu egiten dituzte multinazionalak, energia-industriaren enpresa handiak eta merkaturatzaileak, prezioen bidegabeko igoeraren bidez lortzen ari diren etekin handiak.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), El Correo-k lehen mailako zeregina betetzen du, soldatak eta pentsioak moteltzea “beste erremediorik ez dagoela” azpimarratzen, eta ez dago egunik bere editorial-egileren batek sakrifizio horiek justifikatzen saiatzeko iritzi-artikulu “argi” bat argitaratu gabe.
“Enpresek eta enpleguak zutik iraun dezaten” soldatak bizitzaren kostuaren gorakadaren azpitik igo behar direla proposatzea ez ezik, pentsioak batez besteko Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) bidez igotzea “justifikaezina” dela azpimarratzen du, soldatek horrelako igoerarik ez baitute izango. Soldatek erosteko ahalmena galtzea justifikatzeaz gain, era zital batean, zatiketa eta liskarra bilatzen ditu, eta baita pentsiodunen mugimenduak dituen eskaerak isolatzea eta Gizarte Segurantzan gutxiago gastatzea ere, “Estatuaren zor publikoa murrizteko”.
2.- CEOEren, CCOOren eta UGTren arteko Errenta Ituna eta Negoziazio Kolektiboko balizko Akordioa norabide berean doaz
Errenta Itunari buruzko negoziazioak publiko egiten ari ez badira ere, Pedro Sanchezen gobernua, Espainiako Bankua eta gainerako banketxeak, CEOE eta CEPYME behin eta berriz ari dira adierazten soldatak, pentsioak eta gastu sozialak apalduko dituen Errenta Itunaren beharra, bai eta bankuen eta enpresaburuen etekinak ere, baina horiek zer ekarpen egiteko prest dauden zehaztu eta kuantifikatu gabe.

Errenta Itunerako hartu-eman eta negoziazioekin batera, orain CEOE-CEPYME eta CCOO eta UGT sindikatuak hiru urterako, 2024ra arte, Enplegu eta Negoziazio Kolektiboko Akordioa lortzeko aukera negoziatzen ari dira. Orain arte azaldutakoaren arabera, ez batzuek ez besteek ez dute planteatu iazko soldaten erosteko ahalmenaren galera berreskuratzea, pasa den abenduan urte arteko inflazioa %6,5era iritsi baitzen. Dirudienez, patronala prest dago hiru urtetan %8ra arteko igoera onartzeko. Baina ez du onartzen CCOOk eta UGTk proposatzen dutena: 2022an, %3,4ko igoera; 2023an, %2,5ekoa eta 2024an, %2koa; eta horiekin batera, hiru urte horietan, aurtengo %3,4ren eta 2022ko inflazio-tasaren arteko aldea berreskuratzea.
Sindikatuen proposamen horrek 2021eko galerari uko egiteaz gain, 2022. urtean soldatak benetako KPIaren bidez parekatuta egoteari uko egitea, eta 2023. eta 2024. urteetan proposatutako soldata-igoerak seguraski handiagoa izango den inflazioaren azpitik egotea onartzen dutela esan nahi du. Azkenik, ikusiko dugu zer akordio zehatzetara iristen diren.
3.- Ogasuneko Sailburu Azpiazu jauna eta Gasteizko Gobernua ez dira atzean geratzen
Azken asteotan, Azpiazu jaunak Legebiltzarrean adierazi du soldatak apaldu egin behar direla, inflazioaren igoeraren bidez ezin direla handitu, egungo tasa altuak mantentzeko arriskua egongo litzatekeelako, eta, horrela, enpresei, enpleguari eta soldatei kalte egingo litzaiekeelako.
Egin duen azken iradokizuna izan da, egungo inflazioaren kontzeptua erabili beharrean, soldaten eguneratzean, azpiko inflazioa kontuan har daitekeela. Hori da erregaien eta landu gabeko produktuen prezioen igoera kontuan hartzen ez duena. Argi eta garbi: gure eguneroko bizitzarako ezinbestekoak diren erregaien prezio oso altua gainetik kentzen dugu eta kito; bere ustez, orain %3,4 inguruan dagoen azpiko inflazio horrek soldaten igoera “apala, errealista eta inflazioa eta ekonomia kontrolatzeko onuragarria” ahalbidetuko luke.

Azken asteotan, Azpiazu jaunaren beste bitxikeria bat izan da esatea ez zaiola gaizki iruditzen Errenta Ituna eta Enplegu eta Negoziazio Kolektiboko Akordioa Madrilen negoziatu eta adostea, nahiz eta egunotan EAEn antzeko zerbait egiten saiatzeko aukera aipatu duen. Baina EAJk eta Gasteizko Gobernuak oraindik ere interesa dute akordio horiek Madrilen egiteko. Arrazoia oso sinplea da: badakite Madrilen Errenta Itunaren eta Negoziazio Kolektiboaren inguruan negoziatzen eta adosten denak murrizketak eta gizarte-ondoeza ekarriko dituela, eta ez dutela formalki konprometituta egon nahi. Bestalde, badakite, euskal gehiengo sindikalaren jarrera eta Euskal Herrian dagoen protesta sozialerako gaitasuna kontuan hartuz, hemen ez dela onartuko probabilitate handiz Estatuko hiriburuan egingo den akordiorik.
4.- Multinazionalak dira prezioen gorakada inposatzen eta hortaz baliatzen direnak
Merkatuak, izenik eta abizenik ez balu bezala, prezioak zehaztu eta erregulatzen dituela esaten digute. Baina oligopolioak, multinazionalak eta banku pribatu handiak dira, norgehiagoketan eta espekulazio ekonomikoan oinarrituta, prezioak nahi bezala ezartzen dituztenak, inflazioa eta krisia sortzen dituztenak, eta, gainera, etekin handiak lortzen dituztenak.
Hainbat erakunde ekonomiko eta politikok, langileen eta herri-sektoreen interesak defendatzeko susmagarriak ez direnek, munduko petrolio-enpresa garrantzitsuenetako batzuen akordioak salatu dituzte azken asteotan; izan ere, horien artean, justifikatu gabeko petrolioaren prezioak adostu dituzte, pandemiak eta Ukrainako gerrak areagotutako krisi-egoeran, beraien etekinak handitzeko. Hori luzatu egiten da gasolindegiek prezioak kontrolik gabe igotzen dituztenean, eta gainera gehiago igotzen hasi ziren, kontsumitzaileei gasolina litroaren kostuaren %20 diruz lagunduko zitzaiela iragarri zenean.
Gauza bera gertatzen ari da, aspalditik, argindarraren eta erregaien prezio eskandalagarriekin, Estatu espainiarrean enpresa elektriko handiek –besteak beste, Iberdrolak– eta gas-banatzaileek finkatzen dituztenak.
Egitura horren guztiaren arrastoari jarraituz, egunotan Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (KEE) egindako salaketaren berri izan dugu, “elikagaien fabrikatzaile batzuk ontzien edukia %5 eta %10 artean murrizten ari direla kontsumitzaileak despistatzeko eta prezioaren igoera ez nabaritzeko” adieraziz. Joera honek higiene- eta drogeria-produktuei ere eragiten die. Praktika horri “erredukflazioa” deitzen diote. Azken finean, prezio-igoeren kate batean gaude, non benetako pariatzaileak biztanleriaren gehiengoa osatzen dugun herri-klaseak garen, gutxiengo batek bere etekinak handitzen dituen bitartean.

5.- EHPMaren bilerak Legebiltzarreko alderdi politikoekin Gasteizen
Aurreko astean aurreratu genuen bezala, apirilaren 7an eta 8an, EHPMko (Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua) ordezkaritzek alde biko bilerak egin zituzten Gasteizko Legebiltzarreko ondoko talde politikoekin: EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos. PP-Ciudadanos taldearekin ezin izan zen gauzatu, PPren zuzendaritza aldatu egin zelako eta ezin izan zelako bilera datarik zehaztu. Hala ere, hurrengo bilera-txandan talde horrekin ere hitz egingo da.
Aurretik, talde guztiei jakinarazi zitzaien Idoia Mendiaren Saileko ordezkaritza batekin egindako bilera, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) berriaren lege-proiektuari eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren transferentziari buruzkoa. Jarraian, aldez aurretik talde guztiei bidalitako gutun baten ondoren, EHPMak berretsi egin zien bere proposamena, EAEko Legebiltzarrean PONENTZIA bat sortzearen alde egin dezaten. Ponentziak ondoko bi helburu izango zituen:
1.- Gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatzeko proposamen zehatz bat egitea, Europako Gutun Sozialak finkatu duen jasotako diru-sarrera nahikoen irizpidearen arabera, hau da, batez besteko soldataren %60 izan beharko lukeen Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara (LGS) hurbiltzeko. Eta proposamen hori 2023rako EAEko aurrekontuetan jasotzea eta diruz hornitzea.
2- Pentsioen ondoz ondoko erreformen ondorioz, pentsioen banaketa-sistema publikoa eraldatzen ari da eta sistema dual batera bideratzen ari da. Sistema horren zati publikoak gutxieneko asistentziaren izaera izango du, eta kapitalizazio-pentsioen sistema osagarria garatuko da sistema hori eskura dezaketen pertsonentzat. EHPMak errefusatu egiten ditu erreforma horiek, izan ere, horren ondorio bakarra da gutxieneko pentsio erabat eskasak betikotzea, erosteko ahalmena modu kezkagarrian galduz.
Datozen egunetan, bigarren elkarrizketa-txanda bat egingo da, EHPMak parte hartu nahi duen PONENTZIA bultzatzearekiko talde parlamentario guztiek duten iritzia eta jarrera ezagutzeko. Proposamen zehatz bat, ondo arrazoitua eta justifikatua, berehala landu eta prestatuko dugu, inork gure ordez egin dezan itxaron gabe.
6.- Idoia Mendiari gutuna, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari (DSBE) eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzei (GLL) buruzko informazioari eta eskubideari buruz ofizioz jardun dezan

Apirilaren 5ean, Idoia Mendiak zuzentzen duen Lan eta Enplegu Sailaren ordezkaritzarekin egindako elkarrizketan, besteak beste, adineko pertsonek eta egoera ahulenean dauden sektoreetako pertsonek, DSBEaren berri izateko eta, hala badagokio, eskubide hori gauzatzeko dituzten zailtasun larriak azaldu ziren. Horien ondorioz, pertsona horietako gehienek ez dute DSBE ezagutzen eta ez dute eskuratzen.
Horren adierazlea da, pentsiodunei bakarrik dagokienez, Sailak berak jakinarazi zuela gaur egun 12.933 pentsiodunek soilik dutela DSBEren espediente aktibo bat, eta 2021 urteko AROPE ADIERAZLEARI BURUZKO 11. TXOSTENAren arabera, aurreko urtean, EAEn, 153.608 pentsiodunek 9.612 euroko diru-sarrerak zituztela, eta, beraz, pobreziaren mugaren azpitik zeudela, eta 72.244k urtean 6.412 euro baino gutxiagoko pentsioa zutela, hau da, muturreko pobrezia-egoeran zeudela, horietako asko 80 urtetik gorako emakumeak.
Arrazoi horiengatik, urtean 18.000 euro baino gutxiago dituzten pertsona guztiek zenbait sendagairen kostua doakoa edo murriztua izateko aukera izan dezaten ofizioz jarduteko salatu eta eskatu izan duen bezala, EHPMak gauza bera planteatu zuen apirileko bileran, eta, orain, Idoia Mendiari, gutun zuzen honen bidez, berriz hauxe proposatu zaio: ofizioz bidal diezaietela urteko 10.015 euro (834,59 x 12) baino pentsio txikiagoa duten eta DSBE edo, hala badagokio, GLL jasotzen ez dituzten pentsiodunei, jakinarazpen bat, pentsioak osatzeko eskubidea dutela jakinaraziz (10.015 euroko zenbateko hori baita pertsona bakarreko bizikidetza-unitate bati dagokion DSBE), eta, aldi berean, eta adinekoak direnez, informazioa argi eta erraz eskuratu ahal izateko eta, hala badagokio, eskaera izapidetzeko beharrezko baliabideak emango dizkietela adieraziz.
EAEko hiru Foru Ogasunek herritar guztien zerga-aitorpenak kontrolatzen eta digitalizatzen dituztenean, behar diren datuak biltzeko eta ofizioz jarduteko zailtasunak dituztela adieraztea, adarjotzea baino ez da. Jakina, oso ondo datorkie eskubide hori duen jende guztiari dagokiona ez ordaintzea, horrela gastatu beharko lukeen baino askoz gutxiago gastatzen dutelako.
7.- Babestuk, Bizkaiko egoitzetako gaueko txandetan, emakume langileek bizi duten errealitate gogorrari buruz egindako inkesta

Babestuk (Bizkaiko Egoiliarren Senideen Elkartea) ondo landutako eta 1.415 egoitza-plaza hartzen dituzten 9 egoitzetako erizain eta gerokultoreei egindako inkestaren bidez, langile horiek emandako erantzunek adierazten dute zein baldintza gogorretan lan egin behar duten, batez ere gaueko txandetan.
Ondo egiaztatutako datuen bidez deskribatzen duten egoera kezkagarria eta dramatikoa da. Gaueko hiru erizainek 1.270 egoitza-plazaren ardura dute, hau da, erizain bat 423 plazako. Eta 26 gerokultore-zaintzaileetako bakoitzak, batez beste, 40 egoiliar hartzen ditu bere gain. Horri gehitu behar zaio, gainera, lanpostu batzuk ez direla betetzen bajak daudenean edo oporrak hartzen direnean.
Langileek eta Babestuk, beren ustez onartzeko modukoak diren proposamen batzuk egiten dituzte: beharrezko kontratazioen kostua 115-175 euro inguru igoko litzateke egoiliarreko eta hilabeteko, hau da, ohe itunduaren zenbatekoaren %4,1 eta %6,3 artean. Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, adinekoen egoitzetan, gaueko arretako erizainen eta gerokultoreen ratio arrazoizkoak eta bidezkoak (langile eta egoiliar kopuruen arteko proportzio egokiak) dekretatzea. Kalitatezko arreta ahalbidetzen duten ratioak ezartzea egoitza-plazak ituntzeko baldintza bat izan behar dela. Azkenik, egoitzetan egiten diren ikuskapenetan gaueko arretako ratioen kontrola sartzea.
8.- Mendeku politikoa eta soziala Tubacex, Petronor, PCB, Bizkaiko Metala, Artiach eta beste enpresa batzuetako langileen aurka
Ezin izan zuten Tubacexen eta beste enpresa edo sektore batzuen borroka gogorraren aurka egin, eta orain enpresaburuek eta Eusko Jaurlaritzak mendekua hartu nahi diete beren enpresetako lan-gatazketan paper aktiboa izan zuten langileei. Tubacexeko Batzordeak astelehenean salatu zuen bere enpresaren ia zortzi hilabeteko gatazka luzean parte hartu zuten lankideen aurkako isun andana. Erabateko elkartasuna adierazi zien errepresaliatutako lankideei, bai eta Petronor, PCB, Bizkaiko Metala, Artiach eta beste enpresa batzuetako gatazketan inputatutako langileei ere.

“Mozal Lege”-aren arabera aplikatzen ari diren isunak dira. Irmo salatzen dute “grebak egitea edo manifestazio batean parte hartzea ezin dela delitu izan”. Nabarmendu dute langileria kriminalizatzeko saiakera bat dela, erabaki politiko baten bidez. Adierazi dutenez, lan-gatazkaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak langileak alde batera uzteaz gain, enpresen alde egiten du, eta Ertzaintza enpresen esanetara jartzen du, segurtasun pribatua balitz bezala erabil dezan. Eta hark, era berean, langileei buruzko txostenak eta salaketak egiten ditu, zigortuak izan daitezen. Ez da erronka txikia langile errepresaliatuek, sindikatuek eta langile guztiek aurre egin behar diotena. Gure babes eta elkartasun osoa merezi dute.
