Albiste eta informazio interesgarriak   2022ko apirilak 30

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Maiatzaren Lehena: kalera atera, gure eskubideak defendatzera

Bihar, Maiatzaren Lehena, sindikatuek deitutako manifestazioek eta bestelako ekimenek Euskal Herriko hiriburuen eta hainbat eskualdetako herri nagusien kaleak hartuko dituzte. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak langileekin, emakume-mugimenduekin, gazte-mugimenduekin, migratzaileekin eta beste herri-sektore batzuekin batera aktiboki parte hartzeko deia egiten du, beren aldarrikapen guztiekin kausa komuna eginez eta, aldi berean, pentsiodun gisa ditugun berariazko eskaerak adieraziz. Duela egun batzuk argitaratutako manifestu batean, honako hau nabarmentzen zen:

1886an, Chicagoko langileek 8 orduko lanaldiaren aldeko greba egin zutenetik, Maiatzaren Lehena langileen borrokaren nazioarteko eguna da, eta 2022an inoiz baino arrazoi gehiago ditugu kalera ateratzeko.

1886an borrokatzeak merezi izan zuen eta 8 orduko lanaldia lortu zen; 2022an borrokatzea da gure berme bakarra aurrera egiteko eta gure aldarrikapenak lortzeko. XIX. mendetik gauzak, funtsean, ez dira asko aldatu; atzo lan-indarra ustiatzen zutenek eta pertsonen ahaleginak eta lanak sortarazitako gainbalioaz jabetzen zirenek gaur egun ere hala egiten jarraitzen dute, ustiapen horrek natura eta bizitza babestean, genero-arrakalan eta gero eta gizarte-talde zabalagoen gero eta handiagoa den gizarte-bazterketan eragiten dituen ondorioak kontuan hartu gabe.

Pentsioen eta lan-arloko erreformek gure pentsioen eta soldaten murrizketak betikotzen ari dira, gehien dutenak gero eta aberatsagoak izan daitezen gure kontura.

Berriro ere, mobilizatu behar gara dagokiguna eskatzeko eta gizon-emakume askeen gizarte bat eraikitzeko, ekitatiboa izango dena lanaren eta aberastasunaren banaketari, genero-berdintasunari eta bizitzaren defentsari dagokienez. Era berean, edozein eskubide motaren aurkako errepresioa salatzeko, herri eta nazio guztien askatasun demokratikoak defendatzeko eta munduko pertsona esplotatu eta zapaldu guztiei, bereziki emakumeei, gure elkartasuna adierazteko.

Aurten ere kalera irten behar dugu krisi ekonomikoaren eta gerren kostua gure soldaten eta pentsioen bidez ordain ez dezagun, oligopolio finantzarioek eta energiakoek gure kontura mila milioiko irabazi lizunak izaten jarraitzen duten bitartean. Gerra izanda edo izan gabe, krisia izan edo krisirik gabe, gero eta aberatsago bihurtzen direnek bultzatutako “Errenta Ituna”, beren etekin izugarriak ezkutatzeko eta soldaten, pentsioen eta zerbitzu publikoen murrizketa berriak justifikatzeko amua besterik ez da.

Lau urte baino gehiago daramatzagu gure herrietako kale eta plazetan etengabe mobilizatzen, gure pentsioen, osasunaren eta zerbitzu publiko eta unibertsalen eta beste eskubide sozial batzuen alde borrokatzen, hori guztia ezinbestekoa baita bizitza justu eta duina izateko. Era berean, langile- eta herri-borroka ezberdin eta anitzekiko gure elkartasuna modu aktiboan erakutsiz. Maiatzaren Lehenean kalean izango gara eta gure protesta eta mobilizazioak egiten jarraituko dugu atsedenik gabe, adinekoen beharrak ase arte.

2.- Emakume langileak, lehen lerroan, beren eskubideen alde

1886ko maiatzaren 1ean, Estatu Batuetan, sindikalista anarkistak exekutatuak izan ziren, 8 orduko lanaldia lortzeko borrokan parte hartzeagatik. Ordutik aurrera, langile klasearen eskubideak aldarrikatzeko eguna bihurtu zen, bereziki gizonek gidatutako gatazka, borroka eta erreboltetan zentratua.

Baina gogorarazi nahi dugu, 1856an eta 1908an, Estatu Batuetan ere, emakume langileak beren lan-baldintza miserableen aurkako borroka handien protagonistak izan zirela, 8 orduko lanaldiaren alde, haurren lanaren abolizioaren alde eta sindikatuetan antolatzeko eskubidea onartzearen alde; eta horregatik prezio altua ordaindu zuten. 1908ko greban, poliziak gogor erreprimitu zituen, eta bertan 129 emakume langile hil ziren New Yorkeko ehungintza lantegi batean erreta.

Estatu espainiarrean, 1916-1921 urteetan emakumeen greba handiak antolatu ziren, beren aldarrikapenen zati bat lortuz: soldata igoerak, alokairuak % 50 jaistea eta etxebizitzetan higiene handiagoa lortzea.

HARREZKERO, EMAKUMEEN INPLIKAZIOA GELDIEZINA IZAN DA, NAHIZ ETA BATZUEK EMAKUMEAK IKUSEZIN BIHURTU NAHIAN JARRAITU.

Aurreko garaietara jo gabe, azkenaldian Euskal Herrian emakume langileak oso greba eta mobilizazio garrantzitsuak egiten ari dira, beren lanak aitortzearen alde, gizonekiko berdintasuna eta diskriminaziorik eza lortzearen alde eta dagozkien eskubide guztien alde. Adibide batzuk aipatzearren, hor daude Egoitzetako, Garbiketako, Zainketetako, Osasuneko, arrantza-sektoreko edo Artiach bezalako enpresetako borrokak. Baina borroka horiek argi erakusten dituzte emakume langileek oraindik ere jasaten duten diskriminazioa eta aurre egin behar dieten zailtasun izugarriak. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko emakumeak, beren borrokei elkartasuna adierazten saiatu dira une oro, gure babes osoa emanez.

Historia, denok, gizonek eta emakumeek, eraikitzen dugu. Emakumeak izan ziren eta dira aldaketa sozialen, politikoen eta lan arlokoen protagonistak. Horien guztien alde, gure alde, etorriko direnen alde, berdintasunezko mundu baten alde borrokatzen jarraituko dugu, eta Maiatzaren Leheneko manifestazio eta ekitaldietan parte hartuko dugu.

3.- CCOO eta UGTko agintari gorenen adierazpen deigarriak, Errenta Itunari eta Enplegurako eta Negoziazio Kolektiborako Akordio berri bati buruz

Maiatzaren Leheneko ekitaldiak aurkezteko CCOOko eta UGTko idazkari nagusiek batera emandako prentsaurrekoan adierazi dutenez, ziurtzat jotzen dute ez dela Errenta Itunik egingo, ezta Enplegu eta Negoziazio Kolektiborako Akordio (ENKA) berririk ere.

Lehenik eta behin aitortu zuten, “energia-kostuen eta horniduren garestitzearen ondorioz izugarri garestitu diren prezioak ez direla apalduko, nahiz eta inflazioa urteko azken hilabeteetan jaitsi”.

Errenta Itunari dagokionez, Unai Sordok, CCOOko idazkari nagusiak, adierazi zuen “errenta-akordiorik ez dagoela eta ez zaiola espero ere”“erbia landetara bota da, eta inor ez da berriro erbiaz gogoratzen”… Pedro Sanchezen gobernuak gai horri nola heldu dion “harrituta” dagoela adieraziz.

Bestalde, UGTko idazkari nagusiak, Pepe Alvarezek, Gobernuari leporatu dio “ez duela inolako hurbilketarik sustatu”, eta “surrealista dela gaur egun Errenta Itun bat egitea, ez dudalako interesik ikusi hura errealitate bihurtzeko. Lerroburuari buruz bakarrik hitz egin da”. Enplegurako eta Negoziazio Kolektiborako Akordio berri bati dagokionez, CCOOk eta UGTk zalantzak agertu zituzten laster sinatuko ote den. “Blokeoaz” hitz egin zuten, CEOEk eta CEPYMEk, sindikatuek egin duten  proposamenari uko egiten diotelako. Hauxe izan da sindikatuen proposamena: “2022an % 3,4, 2023an % 2,5 eta 2024an % 2ko soldata-igoerak, erosteko ahalmena inoiz ez galtzeko berme-klausulekin batera eta Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) bidezko berrikuspena urte bakoitzaren amaieran egin behar dela, eta ez dutela onartuko ziklo amaieran izaterik ohartarazita”.

Errespetatu beharreko KPIaren kontzeptuari dagokionez, joan den urtean ezartzen hasi ziren eta pentsiodunoi % 3ko galera ekarri zigun batez besteko KPIa hartzen dute kontuan beti. Nolanahi ere, orain egindako adierazpenek duela gutxi arte egindakoekiko aldaketa formal txiki bat ondorioztatzen dute.

Pentsa daiteke bi sindikatuetako agintariak jabetu direla, alde batetik, gizartean kezka handia dagoela, inflazio izugarria eta prezioen igoera direla eta, soldatek eta pentsioek izan duten erosteko ahalmenaren galeragatik; eta, bestetik, gobernuak eta patronalek ez dutela gutxieneko aurrerapen-marjinarik eskaintzen Errenta Ituna aplikatzeko eta soldaten erosteko ahalmenari eusteko, epe motzean eta ertainean nabarmen moteltzeko itxurarik ez duen inflazioaren aurrean.

Espero dezagun CCOO eta UGTko zuzendaritzak adierazpen horiek ez egitea Maiatzaren Lehenaren aurrean gaudelako; edo ez dadila gizarte-presioaren keinu hutsa izan, berriro lehengoetara itzultzeko eta soldatetan, pentsioetan eta beste gizarte-eskubide batzuetan (esaterako, zerbitzu publiko unibertsaletan) amore emateak eta murrizketak ekarriko dituzten akordioak lortzeko.

4.- Errenta-aitorpenetarako aurrez aurreko arreta

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) aitorpenen zurrunbiloan sartu gara. Iazkoa benetan tamalgarria izan zen, batez ere adinekoentzat eta pentsiodunentzat. Foru Ogasunek derrigorrezko sistema bat ezarri ziguten, internet-en bidez aitorpena berrikusi eta aurkeztu behar genuen, aurrez aurre egiteko aukerarik gabe. Horren ondorioz, adineko askok eta ez hain nagusiek seme-alabengana, senideengana, lagunengana edo gestorietara –ordainduz– jo behar izan zuten, aitorpena berrikusi eta aurkeztu ahal izateko.

Ogasuneko zerbitzuek, lotsagabekeria handiz, adierazi zuten sistema berriak ondo funtzionatu zuela eta ez zela aitorpenak berrikusteko edo internet bidez egiteko arazo handirik sortu, ezta adinekoen edo zailtasunak zituztenen artean ere. Baina aurten, iaz sortutako arazoez eta egindako salaketa sozialez eta protestez –batzuen artean, pentsiodunen mugimenduak bultzaturikoak– jabetuta, onartu dute aurrez aurre egitea. Baina bide horretatik egindako aitorpenak asko ez direla egiaztatzen badute, lehengoetara itzultzeko asmoa izan dezakete. Hori dela eta, nahi duten adineko eta pentsiodun guztiei dei egiten diegu aurrez aurreko arreta eskatzera, beren errenta-aitorpenak hobeto ulertu eta egiaztatzeko. Oso garrantzitsua da inoren mende ez egotea, adineko pertsona guztien gaitasun autonomoa errespetatzea –horietako asko bakarrik bizi dira edo zerbitzu informatikoak erabiltzeko zailtasunak dituzte–. Aurrez aurreko arretaren kaltetan, kostuak murrizteak ez du justifikaziorik. Lehen mailako arretan edo banku-zerbitzuetan errepikatzen den arazoa.

5.- Maiatzak 12: pentsiodun guztiak Gasteizera

Aurreko albistegietan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin izan dituen elkarrizketen berri eman dugu, 1.080 eurorainoko gutxieneko pentsioaren osagarriari buruzko ponentzia bat sustatzeko eskaera egin diegularik. Ponentziaren helburua litzateke guztiz gauzagarria den osagarri hori aitortzea eta datorren urteko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) aurrekontuetan kontuan hartua edo aplikatua izatea.

Aste honetan, alderdiekin egin beharreko bileren bigarren txandari ekin zaio, eta pentsiodunen mugimendua txosten bat egiten ari da, besteak beste, gastu sozial horren kostuen ebaluazioa eginez, EAEko diru-kutxa publikoek arazorik gabe onar dezaketena.

Baina badakigu protesta egiten ez badugu eta mobilizatzen ez bagara, asmo eta hitz onak jaso ditzakegula, baina konpromiso zehatzik gabe. Horregatik, oso garrantzitsutzat jotzen dugu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunok maiatzaren 12an Gasteizen egingo dugun protestara eta mobilizaziora joatea.

Dagoeneko autobusak antolatzen ari dira EAEko hiru hiriburuetan eta ia eskualde guztietan. Hainbat herritan hasi dira mobilizazioan parte hartzeko izena ematen. Azken unera arte itxaron gabe, oso garrantzitsua da, datozen egunetan, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatu dadin defendatzeko eta eskatzeko prest dauden pentsiodun guztiek izena ematea.

6.- Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Herri Ekimen Legegilea maiatzaren 5ean eztabaidatuko da Gasteizko Legebiltzarrean

22.075 sinadura bildu ondoren eta dozenaka gizarte-erakunderen babesa izanik, Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Herri Ekimen Legegilea (HEL) maiatzaren 5ean eztabaidatuko da EAEko Legebiltzarrean, kontuan hartzen den erabakitzeko.

Sustatzaileen arabera, “Euskadiko pobrezia ezabatzeko, aberastasuna birbanatzeko eta pertsona guztientzat bizitza duinagoa eta askeagoa bermatzeko garaia iritsi da”.

Aurreko egunetan hainbat ekitaldi bultzatuko dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian, eta maiatzaren 5ean HELaren helburuak ezagutarazteko ekimen bat prestatu dute, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egingo duten elkarretaratzearekin batera. Herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.

7.- Gernikako bonbardaketa eta Portugaleko krabelinen iraultza oroituz 

Joan den astelehenean, apirilaren 25ean, 1974an, Portugalen, Krabelinen Iraultza gertatu zen egunean, Bilboko pentsiodunen kontzentrazioan gugandik hain gertu zegoen herrialdean izandako iraultzaren oroitzapena egin zen, askatasun demokratikoak berreskuratzea eta zenbait aurrerapen sozial ahalbidetu zituena, hala nola izaera unibertsaleko osasun publikoaren lorpena. Aldaketa politiko eta sozial hark Estatu espainiarrean antzeko zerbait lor zitekeen ilusioa sortu zuen. Baina denbora pixka bat itxaron behar izan genuen zerbait lortzeko.

Gernikako bonbardaketa ere, 1937ko apirilaren 26an izan zena oroitu zen, eta Bizkaian, Otxandio eta Durangokoak izan ziren aurretik. Alemaniako naziek eta Italiako faxistek, armada frankistaren aliatuek, egin zituzten bonbardaketak. Erregimen frankistak urte luzez ukatu zuen Gernikako bonbardaketa, gezurra esanez eta antifaxista “gorri-separatistei” leporatuz biztanleria zibilaren aurkako astakeria hura. Duela egun batzuk onartu du lehen aldiz Estatuko gobernuak gertaera haien larritasuna.

Batzuek nahi dute langileok eta herriok gure eskubide sozialen eta askatasunen aldeko borroken oroimena galtzea. Banakako subjektu eta kontsumista huts gisa nahi gaituzte, oroimenik gabe, gure borroken oroitzapenik gabe, ez bakarrik duela urte asko egindakoen oroitzapenik gabe, baita oraintsukoen oroitzapenik gabe ere.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *