Albiste eta informazio interesgarriak 2022ko azaroak 5

1.- Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen II. Asanblada
Ostegunean, azaroak 3,Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko (EHPM) emakumeek prentsaurrekoa egin dute, datorren azaroaren 18an, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean (Florida pasealekua, 9) ospatuko den EHPMko Emakumeen II. Asanblada aurkezteko.
Emakume pentsiodunen I Asanblada Bilbon egin zen 2021eko azaroan, GURE ESKUBIDEEN DEFENTSAREN ALDE lelo pean. Eta II. Asanblada honen leloa “Prekarietaterik ez, ez soldatetan ezta pentsioetan” da, eta lau hitzartze egongo dira: 1) “Emakumea eta prekarietatea”; 2) “Alarguntza-pentsioaren oraina eta geroa”; 3) “Etxeko langileen eta emakume migratzaileen prekarietatea”; 4) “Prekarietatea lan feminizatuetan eta borroka arrakastatsuak”. Ondoren, hausnarketa partekatua eta eztabaidarako tartea izango dugu, bereziki pentsio duinen aldeko borrokarako modu berriak bilatzearen inguruan.

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, “mobilizazioa izan da, eta izango da, gure bermerik onena pobreziaren mugaren azpitik dagoen pentsiorik ez egoteko, eta soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala deuseztatzeko”. Batzarra amaitzean, ELKARRETARATZEA egingo dute Legebiltzarraren aurrean, eta Asanbladan adostutako manifestuaren berri emango dute. EHPMko emakume guztiak gonbidatu dituzte II. Asanblada honetan parte hartzera.
2.- EHPMaren prentsaurrekoa Bilbon
Bilboko udaletxeko eskaileren aurrean, astelehenean, urriak 31, prentsaurrekoa eman zen, EHPMak antolatuta, azaroaren 19an Bilbon (Plaza Eliptikoa), Donostian (Alderdi Eder) eta Iruñean (Baluarte) arratsaldeko 17:30ean, eta Gasteizen (Artium) eguerdiko 12:00etan egingo diren manifestazioen nondik norakoak azaltzeko.
EHPMaren ordezkari gisa, Bizkaiko lagun baten aurkezpen laburraren ondoren, euskaraz eta gaztelaniaz hitz egin zuten Itziar Usandizagak (Bergara) eta Jesús Soubiesek (Gasteiz), komunikabide guztiei emandako dokumentuaren edukia laburbilduta azalduz.
Azpimarratu zuten “onartezina dela langileek, pentsiodunek, … gure eskubideak eta soldatak, pentsioak eta zerbitzuak murrizten dizkiguten bitartean, IBEX 35eko enpresek, bankuek eta bestelako enpresa handiek itzelezko etekinak lortzea”. Gehitu zuten posible eta beharrezkoak bezain premiazkoak direla honako aldarrikapenak: lanaren bidez sortutako aberastasuna ekitatez banatzea; soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea, gutxienez, urteko Kontsumoko Prezioen Indize (KPI) metatuaren arabera errebalorizatuz; gutxieneko pentsio bat ezartzea batez besteko soldataren %60ko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata erreferentziatzat hartuz; soldata eta pentsioen genero-arrakala deuseztatzea eta zerbitzu publiko unibertsalak bermatzea eta hobetzea.

Era berean, jakinarazi zen azaroaren 19rako mobilizazioak deitu direla Estatuko gainerako Erkidego eta Herrietako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin bat etorriz, toki bakoitzean modu autonomo eta subiranoan. Eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo diren manifestazioek, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sustatuta, euskal gehiengo sindikalaren eta kolektibo sozial askoren babesa dutela eta beren antolaketa eta garapena partekatuak izango direla. CCOO eta UGT sindikatuek ere parte hartzeko gonbitea jaso dute, baina oraingoz ez dago erantzunik.
Prentsaurreko alai eta koloretsua
50 bat pentsiodunek babestu zuten, errebindikazio-kontsignekin, pankartekin, banderekin eta kolorea eman zioten herrialde bakoitzeko mugimenduaren adierazgarri diren zapiekin. Ondoren, astelehenero egiten den pentsiodunen elkarretaratzea egin zen, 400 pertsona baino gehixeagorekin, nahiz eta zubia izan eta lagun dezente urtero urriko azken astelehenean egiten den Gernikako Azoka ospetsura joan.

3.- Espainiako Estatuan, urrian, %7,3ko inflazioa. Eurogunean, %10,7
Espainiako Estatuko urte arteko inflazio-tasa %7,3koa izan da urrian. Jaitsiera esanguratsua da azken hilabeteetakoarekin alderatuz gero, eta are gehiago euroguneko batez bestekoarekin alderatuz gero, % 10,7ra iritsi baita. Europako Banku Zentralak inflazioa interes-tasaren igoeren bidez geldiarazteko egin dituen saiakerek ez dirudi oraingoz eraginik izan dutenik. Interes-tasaren igoera horien ondorioak jasotzen ari direnak hipotekak dituzten pertsona eta familia asko dira.
Inflazioa hemendik urte amaierara hamarren bat arindu arren, 2022an pentsioen eta soldaten erosteko ahalmenaren galera izugarria izaten ari da, eta pentsioak 2023aren hasieran batez besteko KPIaren bidez eguneratzeak ez ditu, ezta hurrik eman ere, 2021ean eta 2022an metatutako galerak arinduko.

Bereziki zinikoa eta eskandalagarria da bankuek –Espainiako Bankua, CEOE, IBEX 35 eta konpainia buru direla–, egiten dituzten presioa eta mugarik gabeko xantaia, pentsioak eta soldatak ez daitezen eguneratu 2022an metatutako KPIaren bidez, dagozkien atzeraeraginezkoak ordainduta. Are gehiago, ahalegin guztiak egiten dituzte pentsioei batez besteko KPIa bera ere ez aplikatzeko 2023aren hasieran. Haien arabera, pentsioak eta soldatak eguneratzeak “zor publikoa handitzea ekarriko du eta ez dio inflazioari galgarik jarriko, enpresa askok ezingo dituzte soldata-eguneratze horiek jasan eta negozioen errentagarritasuna nabarmen murriztuko da”.
Bankuek eta enpresa handiek etekin izugarriak lortu eta horretaz harro agertzen dira
Bost axola zaizkie langile eta herritar klaseek gero eta premia handiagoak izatea edo zein den beraien iritzia, ezta desberdintasunen eta pobrezia-tasen gorakada ere. Beren akziodunen eta zuzendarien artean banatu beharreko etekin eskandalagarriez lotsagabeki harrotzen dira. Adibidez, IBEX 35ek aurtengo lehen seihilekoan soilik 48.868 milioi euro lortu ditu. Bankuek, irailera arte, 16.000 milioi euroko etekinak, eta, jakina, 2008an beraiek erreskatatzera bideratutako diru publikoko 65.000 milioi euroak itzuli gabe jarraitzen dute.
Eta hemen ditugu beren burua euskalduntzat hartzen duten eta herri honen garapenean interesatuak omen diren banku edo enpresa handi horietako batzuk. Aurtengo urtarriletik irailera, BBVAk irabaziak izan ditu (4.842 milioi euro), Kutxabankek (250), Iberdrolak (3.103) eta Repsolek (3.222). Horiek guztiak, gainera, protestaka dabiltza eta auzi-eskeak egiten ari dira, Estatuko gobernuak beren fakturazioagatik edo irabaziengatik ezarri nahi duen zerga murriztuaren aurrean, murriztua zenbatekoari eta aldi baterako izateari dagokionez.
4.- Herri mobilizazio zabala Elgoibarren, eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan anbulatorioa berriro irekitzea eskatzeko
Aspalditik ari dira Elgoibarren hainbat mobilizazio eta protesta herrikoi egiten, 24/7 herri-plataformak deituta. Hain zuen, plataformaren izenak argi eta garbi adierazten du haien eskaria: herriko anbulatorioa eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan berriro irekitzea.

Hilaren 29an, larunbata, kalera atera ziren berriro. Herriko kaleak zeharkatu zituzten manifestazioan. Jende asko bildu zen eta oso koloretsua eta parte-hartzailea izan zen, pankartak, kalejira animoso eta aldarrikatzailea, musika, dantzak… Mobilizazioaren amaieran, Kalegoen plazan, Angel Ugarteburuk bertso batzuk kantatu zituen, bertaratuen gehiengoarekin batera, bi gazte eskenatokira igo ziren eta kontzertu txiki bat eskaini zuten eta, azkenik, ekitaldia Angel Ugarteburuk errebindikazio-manifestua irakurriz itxi zen. Bertaratutako guztiak pozik eta gogotsu atera ziren anbulatorioko arreta-ordutegia erabat irekitzeko borrokan jarraitzeko, aldi berean Lehen Mailako Arreta Publikoa eta Kalitatekoa defendatuz eta exijituz.
5.- Basurtuko Ospitaleko arazoak pilatu egin dira
Osakidetzak alde bakarretik ezarri duen eta oraindik gauzatu ez den Bihotzeko Kirurgia Basurtuko Ospitaletik Gurutzetako Ospitalera eramateari, orain gehitu behar diogu ebakuntzak bertan behera geratzen ari direla, Suspertze Unitatean erizainik ez dagoelako.
Hamabi ohe baino ez daude Unitatean, erizaintzako langilerik ez dagoelako; beraz, programatutako kirurgia-ebakuntzak eten behar izaten dira ia egunero. Langileek salatu dutenez, arazo horren ondorioz, Bilboko zentrotik Osakidetzako beste ospitale batzuetara eraman behar dituzte egoera kritikoan dauden pazienteak, hala nola Urdulizera edo Gurutzetara. Egoera larria da; izan ere, Basurtuko Suspertze Unitatera, kirurgia-ebakuntza konplexu bat izan duten pazienteak, gutxienez, ebakuntzaren ondorengo lehen 24 orduetan, eramateaz gain, traumatismo, neuropatia, arnasketa-koadro larriak eta antzeko arazo oso larriak direla kausa Larrialdeetatik iristen diren eta egoera kritikoan dauden pazienteak ere bertara eramaten dira.

Basurtuko profesionalek, kaltetu batzuen senideak kexa formalak jartzera animatzen dituzte. Baina badakigu zer egiten duten Osakidetza zuzentzen dutenek: kasurik ez. Arazo horiei aurre egiteko, osasun-arloko profesionalen eta Osakidetzaren hondatzeak kezkatzen dituen eta osasun-zerbitzu eta zerbitzu soziosanitario publiko eta kalitatezkoak izateko beharrak motibatzen eta kezkatzen dituen herritarren kolektiboen konpromiso serio eta arduratsuak eta gizarte-presiokoak behar dira.
6.- Bergarako pentsiodunak Euskaraldia prestatzen eta sustatzen herrian
Azaro honetan Euskaraldiaren III. edizioa ospatuko da, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, euskararen erabilera zabaltzeko eta euskararen garapena mugatzen duten hizkuntza ohiturak aldatzeko helburua izanda. Pandemiak erabat baldintzatu zuen aurreko Euskaraldia 2020an. Aurten aurreko edizioetako arrakasta berreskuratu nahi dute, animoz eta ilusioz. “Arigune” (euskarazko harremanei lehentasuna ematen dieten guneak) ugari bultzatu dira eta adin eta mota guztietako milaka pertsona Euskaraldian parte hartzeko izena ematen ari dira. Telematikoki www.euskaraldia.eus web-ean egin behar da. Kamisetak, banderolak, poltsak eta Ahobizi eta Belarriprest txapak erosi ahal izateko denda batzuk jarri dira martxan, kalean, enpresetan eta euskararen erabilerarekin eta sustapenarekin motibatutako pertsonekin harremanetan jartzen diren edozein lekutan, euskararen erabilera eta ezagutza hobetzeko konpromisoa hartu dutenen adierazpen publikoko elementu gisa.

Herri askotan, pentsiodunen mugimenduko kideak modu aktiboan parte hartzen ari dira Euskaraldiaren prestaketan eta garapenean. Horietako bat Bergara da, non herri ekimen honen bihotza diren.
7.- Asteazkenean amaitu zen Bizkaiko Metalgintzako greba eta mobilizazioen azken fasea
Sei eguneko grebaren, uda hasieran 3 greba-egun eta azken bi aste hauetan beste 3 egun-greba, eta kaleetako protesten ondoren, asteazkenean amaitutzat eman zen ziklo hau Bilbon izandako manifestazio masibo eta aktiboen bidez.

Grebak eta manifestazioak positiboak izan dira. Grebek jarraipen oso garrantzitsua izan dute, kaleko protesta-ekimenen oihartzuna handitu egin da –nahiz eta Ertzaintzaren indarkeriazko erasoak jasan behar–, eta, batez ere, asteazken eguerdian Bilbon egindako manifestazioak izan dira jendetsuenak. CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek deitutako manifestazioan 4.000 pertsona baino gehiago bildu ziren. ELAren manifestazioan, 2.000 inguru. Manifestazioen amaieran, sindikatu guztiek argi utzi zuten Bizkaiko Metalgintzako patronalak eskariei gutxieneko erantzuna ematen ez dien bitartean borrokan jarraituko dutela. Manifestazioekin bat egin zuen Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko pentsiodun talde bati harrera beroa egin zioten parte-hartzaileek, elkarri babesa eta elkartasuna adierazteko oihu eta agurrekin.
Pentsiodunen mugimenduari ez dagokio iritzia ematea lan-hitzarmenaren negoziazio-mahaian edo greben edo manifestazioen deialdian batasun sindikala osoa ez izatearen arazo edo arrazoiei buruz. Baina ezin dugu nolabaiteko atsekabe- eta kezka-sentimendua adierazi gabe utzi.
