Albiste eta informazio interesgarriak                          2022ko Ekainak 11

1.- Diputatuen Kongresuak Enpleguko Pentsio Planak Sustatzeko Lege Proiektua onartu egin du

Joan den astelehenean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 70 herritan manifestazioak eta elkarretaratzeak egin ziren Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) Enpleguko Pentsio Planak Sustatzeko ostegunean bozkatzekoa zen Lege Proiektua arbuiatzen zuela adierazteko. Ekitaldi horietan guztietan irakurritako agirian honako hau adierazi genuen:

Lege Proiektu horrek ez zuen inoiz argia ikusi behar, eta are gutxiago PSOE eta
Unidas Podemos-en gobernu baten eskutik; Lege Proiektu horrek atea irekitzen du parez pare, egungoa bezalako banaketa sistema publiko bat kapitalizazio sistema bihurtzeko, negoziazio kolektiboaren eskutik eta finantzaketa publikoa izanik.

PPren, Ciudadanos-en eta Vox-en saiakerak errefusatzen ditugu, beren zuzenketen bidez eta enpresen presioekin Lege Proiektua are gehiago okertu nahi izan baitute. Hainbat talde politikok hilaren 2an onartutako zuzenketak ere ez dira nahikoak, kontrapartida gisa, Lege Proiektu hau onartzea justifikatzeko.

Estatuko gobernuari eskatzen diogu behin betiko bozketaren aurretik aipatutako Lege Proiektua bertan behera utz dezan, haiek baitira Pentsioen Sistema Publikoaren aurkako eraso horren erantzule nagusiak. Eta alderdi guztiei, oro har, eta, bereziki, orain arte Lege Proiektu hau erretiratzeko gure eskaria babestu duten alderdiei, Lege Proiektuaren aurka bozka dezaten, ez dadin onartua izan.

Ostegunean, Kongresuko bozketarekin bat eginez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko 75 lagun Madrilera joan ginen Kongresuaren atarian elkarretaratzera, Madrilgo pentsiodunekin eta Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen plataformetako ordezkariekin batera. Mila bat pentsiodun bildu ginen, pankartekin, ikurrinekin, beste herri batzuetako banderekin, eta komunikabideen eta gu agurtzera atera ziren parlamentari batzuen aurrean agerian utzi genuen, Lege Proiektuari uko egiten geniola eta Gobernuak kentzeko edo Kongresuak atzera botatzeko azken saiakera bat eskatzen genuela.

Zoritxarrez, ez zen horrela gertatu

Lege Proiektua onartu zen aldeko 172 boto izanik, kontrako 164, 6 abstentzio eta bozkatu ez zuten 7 diputatu egonda. Aldeko botoak: PSOE (119), Unidas Podemos (31), Talde Parlamentario Plural (4), Ciudadanos (9), EAJ (6) eta Talde Parlamentario Mistoa (3). Aurka: PP (86), Vox (50), Podemos (1), ERC (12), Talde Parlamentario Plural (8) eta Talde Parlamentario Mistoa (7). Abstenitu egin ziren: EH Bildu (5) eta Talde Mistoa (1).

Botoen lehen irakurketak alderdi politiko desberdinen jokabidearen ikuspegi desitxuratua ekar dezake. Alde batetik, PSOE eta Unidas Podemos bezalako alderdien (Gobernua osatzen dute) babesak eta, bestetik, eskuineko indarra den PPren eta VOX eskuin muturraren arbuioak aditzera eman dezakete ez dela hain lege proiektu negatiboa. Baina badira jarrera horiek argi azaltzen dituzten arrazoi batzuk. Gobernua osatzen duten bi alderdietatik, PSOE –batez ere– botere ekonomiko handien eta Europako Batzordearen presioetara makurtzen ari da, Europako funtsak eskuratzeko beharra aitzakia hartuta, enplegu-pentsioen plan pribatu horiek onartu eta sustatzeko, bai eta berriki ezagutu ditugun pentsioen eta lanaren erreformak ere. Bestalde, eskuin kontserbadorea eta eskuin muturra beren interes ekonomikoen defentsa urrunago eramaten saiatu dira –horietariko batzuk lortuz– Lege Proiektu horren barruan, baina, aldi berean, gobernuaren higadura bilatuz, hura bertan behera utzi eta berriro boterea eskuratzeko.

Asteartean, bozketa baino bi egun lehenago, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) gutunak bidali zizkien Unidas Podemos, EAJ eta EH Bilduko talde parlamentarioei, kontrako botoa emateko eskatuz. Lehenengo biek alde egin zuten. EH Bildu abstenitu egin zen, eta uste dugu jarrera hori justifikaziorik gabekoa dela, gobernuarekin lortutako akordio oso partzial eta mugatuaren ordainetan.

Enpleguko Pentsio Planak Sustatzeko Lege hau indargabetzea edo boikotatzea

Kongresuak onartu ondoren, zalantzarik ez dago plan horien aurka egiteko zailtasunak areagotu eta plan horien aurkako oposizioa zaildu egingo dela. Baina langileak zatitzen dituztela eten gabe salatzen jarraitzea, gobernua eta ezkerreko alderdiak legea indargabetzeko konprometitzen saiatzea edo pentsio plan horiek aplikatzea edo inposatzea eragozteko ahaleginak egitea beste aukerarik ez dago. Baina Euskal Herriko eta Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen mugimendua zeregin horretan inplikatuko bagara ere, zalantzarik gabe sindikatuei dagokie, bereziki plan horien aurka daudenei, negoziazio kolektiboan irmo egitea pentsio-plan horien aurka eginez eta arbuiatuz.

2.- Mobilizazio garrantzitsua Bilbon, Bihotzeko Kirurgia Basurtuko Ospitaletik Gurutzetako Ospitalera eramatearen aurka

Joan den asteko ostiralean manifestazio garrantzitsua egin zen Bilbon, 2.000 pertsona baino gehiago izanik, Basurtuko Ospitaleko (Bilbo) Bihotzeko Kirurgiako zerbitzua Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eramatearen aurka. Basurto Bizirik auzo-plataformak deitu zuen, sindikatu guztien babesa izan zuen eta pentsiodun asko bertaratu ziren. Bestalde, 65.000 pertsonak baino gehiagok sinatu dute plataforma digital batean, erabaki horren aurka.

Osakidetzaren eta Nekane Sagardui Osasun Sailburuaren salaketak, zerbitzu hori Gurutzetako Ospitalera eramateagatik eta zentralizatzeagatik, lehen mailako tokia izan zuen manifestarien oihu eta txistuetan.

Hala, 38 zerbitzuburuk gutun bat bidali zioten Urkullu lehendakariari, haren bitartekaritza eskatuz eta galera horrek Basurtuko Ospitaleari eta Bihotzeko Kirurgiarekin batera lan egiten duten beste unitate batzuei nola eragingo dien azalduz. Zehaztu zutenez, bi unitateek Gurutzetan bat eginda, Osakidetzak bihotzeko ebakuntzak egingo ditu zentro bakar batean, eta horrek itxarote-zerrenda handitzea ekarriko du, eskuragarri dauden ebakuntza-gelen kopurua murrizten baita, eta Osasun Sailak pazienteak osasun-zentro pribatuetara bideratu beharko ditu, atzerapen hori konpentsatzeko.

Gaineratu zutenez, Osakidetzak ez die bi zerbitzuak bateratzeko justifikazioa sostengatzen duen daturik eman. Gaur egun, Gurutzetako Ospitalean 400-450 ebakuntza egiten dituzte urtean bihotzeko kirurgian, eta Basurtukoan, 200-250 ebakuntza.

3.- Osakidetzaren nagusikeria eta berarekiko arazoak errepikatu egiten dira

Berriro iragarri dira udan Lehen Mailako Arretako osasun-zentroetako arreta-ordutegien murrizketak, plantillen egiturako urritasunagatik, udan langileen oporrak direla eta areagotzen dena, lanpostu horiek betetzeko aukerarik gabe. Gauza bera gertatzen da udan emagin falta izaten delako eta batez ere anbulatorioetan nabaritzen zen, baina orain ospitaleei ere eragiten die bete-betean.

Emakumezko langileen kexak eta haserreak areagotu baino ez dira egiten. Covid-19aren pandemia baino lehenagotik ere plantillaren gabezia handia bazen, eta beren lanpostuetan zeuden espezialistek beste lankide batzuen lana bete behar bazuten oporrengatik edo lan-bajengatik, orain arazoak ugaritzen ikusten dituzte baimenak eta oporrak ukatuz edo txandak bikoiztuz.

Osakidetza kexu da azken hilabeteetan egin dituen kontratazio-eskaintzak ez direlako betetzen. Zehazki, familia-medikuen eta Pediatriako medikuen lanpostuetarako 201 plazatik erdiak ere ez dira bete. Osasun Sailaren arabera, orain arte eskainitako pediatren 42 lanpostutatik 12 baino ez dira bete, eta familiako medikuentzako 156 lanpostuetatik 76. Horren ondorioz, Ondarroa, Lekeitio, Gernika eta Bermeo herrietan behar diren umeentzako lau medikurik gabe daude. Arazo hori Arabako Lautadan eta Bidasoako eskualdean ere errepikatzen da.

Osakidetzak ez du ulertzen lanpostu horiek betetzera animatzen ez diren medikuak eta pediatrak egotea, “3.000 eurora irits daitezkeen soldatak” izanik. Ez du onartzen horietako askok interesik ez dutela aldi baterako kontratuak direlako, edo beren lan-baldintzak berez edo promoziorako oso erakargarriak ez direlako.

Gotzone Sagarduiren azkena

Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak, Executive Forum Españak antolatutako ekitaldi batean parte hartu zuen asteazkenean. Forum horrek, ekitaldi eta jardunaldiak antolatzen ditu enpresentzat, bertaratutakoen artean negozioak sustatzeko asmoz, eta ixten ere laguntzen die. Ekitaldia Pfizer multinazional farmazeutiko estatubatuarrak eta GSK britainiarrak babestu zuten.

Bere hitzaldian adierazi zuenez, “herritarrei jakinarazi beharko zaie, osasun-zerbitzuekiko harremanari dagokionez, kultura, erabilera eta ohitura aldaketa baten aurrean gaudela. Eta, gaineratu zuenez, aldaketa horien ondorioz, “erabiltzaileak maizago mugitu beharko dira, erizaintza-zerbitzuek artatutako kontsultategiak egongo dira, baita uda-garaian edo oporraldietan itxita egongo diren zentroak ere”.

Era berean, adierazi zuen aurrerantzean erizainek funtsezko zeregina izango dutela, medikurik gabeko kontsultategiak proposatuz, hau da, medikuen eginkizunak erizainei helaraziz. Hori guztia gastuak murrizteko eta jendea zerbitzu mediko pribatuetara joan dadila bultzatzeko helburu bakarra izanik. Madrilgo Autonomia Erkidegoko Ayuso lehendakariak bultzatutako ereduaren antzekoa da.

4.- Roberto Sanchez anestesistak Debagoienako Ospitalea utzi du, xantaia eta presiopean

Roberto Sánchez mediku anestesista, Debagoienako Ospitaleko beste bi lankiderekin batera, Osakidetzaren 2017-2018ko Lan Eskaintza Publikoko (LEP) irregulartasunak salatzera ausartu zen. Orduz geroztik, jazarpen eta presio pairaezina jasan du Jose Antonio Agirre Aranburu zentroko zuzendariaren eta Luisa Maria Diez Azurmendi zuzendari gerentearen aldetik, eta horrek lana uztera eraman du. Prebentzio-medikuntzan espezialista den beste emakumezko mediku batek ere lanpostua utzi du aurreko astean, antzeko arrazoiengatik. Osakidetzaren eta Osasun Sailburuaren manipulazioak, faboritismoek eta errepresioak, Lan Eskaintza Publikoetan gertaturikoa betirako estali eta isiltzeko asmoz, ez dute mugarik.

Zentroko langileek elkarretaratzea egin zuten joan den astean beren ateen aurrean, eta “Osakidetzak kaleratzen gaitu” izenburuko idazkiaren bidez salatu zuten zentroko zuzendaritzak, Osakidetzako giza baliabideen zuzendaritzaren laguntzaz eta bultzadaz, estortsio sistematikoa egiten diela. Nekane Sagarduik berehala babestu eta elkartasuna adierazi zien bi zuzendaritzei, langileen salaketei sinesgarritasun osoa ukatuz. Debagoienako medikuek aspalditik nahiago dute beste eskualde eta leku batzuetako ospitaleetara jo lan egiteko, Debagoienako Ospitalera jo baino.

5.- Aldaketak gizonentzako amatasun-plusean

Zenbait iturriren arabera, Auzitegi Gorenak amatasun-plus osagarri hori aitortzeko eskubidea ezarri die erretiro-pentsioa aitortu zenetik ezarritako baldintzak betetzen dituzten gizonei. Eta kobratzeko atzeraeragina 2016ko urtarrilaren 1ean hasiko da, orduan onartu baitzuen Rajoy-ren Gobernuak emakumeentzako amatasun-osagarria.

Erretiro ez-aurreratuko pentsioen kotizazio peko pentsioei eragiten die. Ezta alarguntasun eta ezintasun iraunkorreko kasuetan ere. Aitormen hori atzeraeraginarekin eskatu ahal izango dute gizonezko pentsiodunek, baldin eta halakorik aurretik egin ez badute, bai eta plus hori eskatu dutenek eta gaia judizializatuta badago, baina epai irmorik ez badago, Gipuzkoako Lan Harremanetako Graduatuen presidentearen arabera. Azpimarratu duenez, “abian dauden prozesuek argudiatu ahal izango dute jatorrizko atzeraeragineko irizpidearekin aplikatzea”. Horretarako, lehenengo urratsa Gizarte Segurantzari eskatzea da, eta administrazio-isiltasuna badago, hiru hilabetera aurretiazko erreklamazio bat aurkez daiteke, eta, atzera botaz gero, 45 egunera demanda judizial bat.

Beste aldaketa bat da ez dela beharrezkoa abokatuen bulegoetara edo aholkularitzetara joatea plus hori legez eskatzeko. Zuzenean egin daiteke Gizarte Segurantzaren bidez, nahiz eta bertako funtzionario batzuek ez duten tramitatu nahi izan edo oztopoak jarri dituzten, ezjakintasuna argudiatuz.

6.- 2011tik hona, Euskal Herriko langile bakoitzak, batez beste, 6.135 euro galdu ditu urtean

Ipar Hegoak Fundazioak ondo dokumentatutako ikerketa baten arabera, Euskal Herriko langile bakoitzak batez beste 6.135 euro galdu ditu urtero 2011tik gaur egun arte. Ez du pentsiodunen galerari buruzko datu zehatzik ematen, baina aitortu du pentsiodunen batez besteko galera ere oso handia izan dela. Azpimarratu du atzerakada hori areagotu egin dela 2021eko %6,5eko inflazio handiaren eta aurtengo igoeraren kontura, maiatzean %8,7koa izan baita. Galerak gora egin du bi urte hauetan, soldatak inflazioaren oso azpitik eguneratu direlako (batzuek izoztuta jarraitzen dute), eta pentsioek %3 galdu zuten iaz, eta aurten %2,5ekin soilik eguneratu dira, inflazioaren batez bestekoa %8tik gorakoa denean.

Erreferentziazko datu batzuk aipatzearren: olioaren prezioa % 32 garestitu da; irinarena eta beste zereal batzuena %14,3; pastarena %21,4; argiarena %107,8 eta autoentzako, kamioientzako eta beste garraiobide batzuentzako erregaiena % 40,2. Prezioen igoera hori oso handia da diru-sarrera ertainetarako, eta are okerragoa diru-sarrera txiki edo oso txikietarako. Ipar Hegoak erakundeak egindako azterketaren arabera, familia askoren aurrekontuaren %66 baino gehiago etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta oinarrizko beste erregai batzuk ordaintzera bideratzen da, baita elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak ordaintzera ere.

Aitzitik, bankuen eta enpresen etekinak eta gastu militarrak asko hazi dira. 2021ean soilik, Espainiako Estatuan, gastu militarrak Barne Produktu Gordinaren %1,4ra arte hazi ziren, eta Ukrainako gerraren “justifikazioaz”, Pedro Sanchezen Gobernuak %2ra arte igotzea aurreikusi du, AEBen eta NATOren “gomendioei” jarraituz. Jakina, gastu militarren hazkunde hori gastu sozialen kalterako da.

7.- Pentsiodunen 1. Bizikleta Martxa astelehenean hasiko da Donostiatik

Datorren astelehenean, goizeko 10etan, Alderdi Ederretik (Donostiako udaletxearen aurrean) Pentsiodun 1. Bizikleta Martxa abiatuko da 13 etapatan zehar Euskal Herria zeharkatzeko, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Lapurdin zehar eta hilaren 25ean Donostian amaituz.

Dena antolatuta dago pentsiodun talde askoren lan gogor eta eredugarriarekin, probintzia bakoitzeko hiriburu eta herrietan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zutik jarritako Euskal Herriko talde batek koordinatuta.

Zalantzarik gabe, arrakastatsua izango da, hiri eta herrietako pertsona eta gizarte-talde ugarik lagundu eta babestuko dute. Garrantzi handiko ekitaldi soziala izango da, eta euskal gizartearen aurrean honako premia hau erakutsiko du: pentsio publiko duinak defendatzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatuz. Gero eta handiagoa den pribatizazioaren aurrean zerbitzu publikoen garrantzia eta eskakizuna agerian jartzea. Arreta, zaintza eta etxeko lanak emakumeek eta gizonek partekatuko dituzten gizarte baterantz aurrera egitea.

Aste honetan Zarautzen, Elorrion, Mungian, Barakaldon eta Laudion bazkalduko da, eta afaria Azpeitian, Ondarroan, Plentzian, Bilbon eta Amurrion izango da. Bazkaltzeko ordutegia 13:30-14:00 ingurua izango da, eta afariak 20:00-20:30 tartean.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *