Albiste eta informazio interesgarriak                        2022ko irailak 10

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek.

1.- Hego Euskal Herriko pentsiodunen mobilizazioei berriro ekitea 

Hego Euskal Herriko pentsiodunen kontzentrazio eta mobilizazio gehienek uztailaren 11tik aurrera hasi zuten merezitako atsedenaldia. Hala ere, herri batzuetan (Irunen, Portugaleten, Altsasun…) uda osoan mantendu dituzte. Eta Bilbon manifestazio garrantzitsua egin zen, 4.500 lagunen partaidetzarekin, Aste Nagusiko astelehenean, abuztuaren 22an.

Joan den astelehenean ikasturte berriaren abiapuntua izan zen. Elkarretaratzeak berriro hasi ziren Bilbon, Iruñean eta lau herrialdeetako beste 35 herritan. Datorren astelehenean, hilak 12, elkarretaratze eta mobilizazioei berriro ekingo diete Donostia, Gasteiz eta beste 35 herritan.

Uda eta jaien amaierarekin zein eskola eta ikasketa zentroetara itzultzearekin batera, aitona-amona askok ez dute beren bilobak zaintzeko beharrik izango, eta horren guztiaren ondorioz, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren elkarretaratzeetan eta bestelako ekimenetan parte hartzea eta bertaratzea indarberrituko direla aurreikusten da. Langile, gazte eta beste herri-sektore batzuek pentsiodunen kemenaren eta borrokarako prestutasunaren aitorpena eta miresmena adierazten dute etengabe, lau hilabete barru bost urte beteko dituen borroka luze eta etengabearen ondoren.

Astelehenean Bilboko elkarretaratzean komunikabide ugari izan ziren. Hainbat laguni galdetu zieten pentsiodunen aldarteaz, nola ikusten dugun panorama inflazio eskandalagarriaren aurrean, zeintzuk diren gure lehentasunezko aldarrikapenak datozen hilabeteetan eta zer mobilizazio eta ekimen mota bultzatuko ditugun.

Pentsiodunek aho batez erantzun zieten: “Eskatzen ari garen aldarrikapen zuzen eta egingarri guztiak defendatzeari uko egin gabe, hortzez eta haginez defendatuko ditugu pentsioak benetako Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) arabera igotzea; gutxieneko pentsio publikoa 1.080 eurokoa izatea; horiek bermatuko dituen pentsio-sistema publikoa sustatzea eta indartzea; eta pentsio pribatuen edozein sistema baztertzea, are gehiago laguntza publikoen bidez sustatzea”. Era berean, inork ez zuen zalantza izpirik ere utzi nahi izan gure aldarrikapenak lortu arte mobilizatzen jarraituko dugula, eta langileekin eta haien sindikatuekin, emakumeekin, gazteekin eta beste gizarte-sektore batzuekin mobilizatzeko aliantzak edo ekintza-batasuneko ekimenak egiten saiatuko garela, guztioi eragiten diguten interes komunak defendatzeko.

Esaten digute, eta engainatzen saiatzen dira, pentsioak eta soldatak ezin direla benetako KPIaren bidez igo, “era horretan inflazioa ez baitugu etengo eta pentsio publiko eta duinak bermatzeko Gizarte Segurantzaren Kutxa mantendu ezin baita”. Gezurra da dena, ondotxo baitakite pentsioak eta soldatak benetako KPIaren bidez eguneratzeak ez duela eraginik izango inflazioan, eta, batez ere, amorragarria da dirurik ez dagoela entzun beharra, banketxeak, finantza-talde handiek, enpresa monopolista handiek, hala nola argindar, gas eta konpainiek, etekin eskandalagarriak lortzen ari direnean, eta etekin horietaz publikoki eta lotsagabekeriarik handienaz harrotzen direnean.

2.- Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkarien bilera

Ostegunean Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduko ordezkarien 46garren. bilera egin zen Gasteizen. Horrela ireki zen ikasturte berria, honako gai hauei buruzko eztabaida egiteko eta ondorioak ateratzeko, hala nola, pentsiodunen mugimenduaren azken kanpainak eta ekimenak, haien aldartea eta mobilizazioak; pentsioen, soldaten eta beste beharrizan eta eskubide sozial batzuen inguruan aurrean dugun egoera sozial eta politikoa; eta hurrengo hilabeteetarako lan-plangintza eta mobilizazioen prestaketa, eta horren barruan, Espainiako Estatuko gainerako Erkidego eta Herrietako pentsiodunen plataformekin ditugun harremanak eta mobilizazio-ekimenak. Jarraian, landutako eta amaitutako gai batzuk jasotzen dira.

3.- Ekainaren 13tik 25era ospatutako Bizikleta Martxaren balantze positiboa

Dozenaka txirrindulari pentsiodunek, 65 urte baino gehiago izanda, Bizikleta Martxa egin zuten, 13 egunetan zehar eta 700 kilometro baino gehiago eginez, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Lapurdi (Iparralde) herrialdeak zeharkatuz. 57 herritan, 5 hiriburuak (Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruña eta Baiona) barne, geldialdiak egin zituzten eta harrera egin zioten,. Herri guztietan harrera animoso eta hunkigarriak izan zituzten pentsiodunen, gazteen eta beste gizarte-sektore batzuen aldetik. Herri batzuetan, halaber, hainbat musika eta animazio taldek lagundu zuten, bai eta zinegotziek eta alkateek ere. Beste herri batzuetan ezin izan zuten gelditu, baina errepidean bertan ere hartu eta txalotu zituzten. Kalkuluen arabera, 20.000 pertsona inguruk parte hartu zuten harreretan eta bestelako laguntza-ekitaldietan.

Erronka handia zen, eta helburua zen ondoko hiru eskaera erraz hauek sozializatzea eta ahalik eta gehien zabaltzea: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Zerbitzu publikoen defentsa, pribatizazioaren aurrean. Etxeko zaintza eta lanak gizonen eta emakumeen artean partekatzea.

Bizikleta Martxan parte hartu zuten txirrindulariak izan ziren jendearen babesa eta maitasuna gehien sentitu zutenak, eta bereziki hunkituta sentitu ziren horregatik. Baina Martxa prestatzen eta aurrera eramaten lagundu zuten pentsiodun asko, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendu osoa bezala, harro daude ekimen arriskutsu horretaz eta ekimen horrek jasotako babes sozialaz.

Proiekzio sozial zabalagoa emateko, Bizikleta Martxari buruzko liburu digital bat egin da, ekimen horretan izandako bizipenak bilduz. Datozen asteetan sare sozialetan egongo da. Era berean, nahi duten herrietan, liburuaren aurkezpenak laguntzeko, bideo bat prestatzen ari da, argazki, elkarrizketa eta abarren bidez, ezagutu beharreko abentura gisa katalogatu daitekeen esperientzia honetan gertatutako guztia modu bizi eta zuzenean islatzeko.

.

4.- Banku-erakundeen aldetik pairatzen ari garen arazoei buruzko mozioak udaletan aurkezteko kanpaina arrakastatsua

Aurkeztutako mozioek 8 puntu jasotzen zituzten. Horietako zazpi, herritarren, batez ere adinekoen, arretarako banku-zerbitzuak berreskuratzeari eta hobetzeari zein komisio altuak mugatzeari edo adinekoentzako zerbitzuen doakotasunari buruzkoak ziren; zortzigarrena, berriz, Banku Publikoa defendatzeari eta exijitzeari buruzkoa zen.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoan eta Nafarroa lau herrialdeetako 187 udaletan aurkeztu ziren. Horietatik, 121 udaletan onartu ziren; 23 udaletan atzera bota ziren eta 8 udaletan beste mozio batzuk onartu ziren, udal talde guztien adostasuna lorturik. Beste 36 herritan, gehienak txikiak, orain arte, oraindik ez da udalbatzarik egin erabakitzeko.

Mozioa onartu duten udalerriek 857.052 biztanle ordezkatzen dituzte, Hego Euskal Herriko biztanle guztien (2.875.938 biztanle) ia % 30 (% 29,80). Biztanleriaren ehuneko handia da, kontuan hartzen badugu ezin izan zela moziorik aurkeztu Bilbon, Donostian edota Iruñean, arrazoi ezberdinak zirela medio, kasu batzuetan araudiak baimentzen ez zuelako.

Mozioa EAEko eta Nafarroako parlamentuetan ere aurkeztu zen, baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gizarte Gaietarako edo Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeetan ere. Erakunde horietako bakar batean ere ez zen osoko bilkurara eraman, Arabako Batzar Nagusietan izan ezik, non EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek mozioa babestu zuten eta EAJk, PSEk eta PPk aurka bozkatu zuten.

Mozioa onartu duten 121 udalerrien artean, hauek izan ziren mozioa babestu zuten talde politikoak: Lehenengoz, EH Bildu; eta, neurri txikiagoan, udal ordezkaritza mugatuago baitu, Elkarrekin-Podemos EAEn eta Ahal Dugu Nafarroan. Herri txiki eta ertain batzuetan, EAJk eta PSEk babestu egin zuten edo abstenitu egin ziren. Baina ezezkoa eman zioten 23 udalerrien artean, gehienak ertainak eta handiak biztanleriari dagokionez, EAJ izan zen, kasu batzuetan PSErekin batera, mozioa errefusatu zuena. PPk EAEn eta Navarra Sumak Nafarroan aurreko bi alderdien antzeko portaera izan zuten.

Herriz herri kanpaina hau bultzatzeko lagun ugarik egindako lana goraipatzekoa da. Are gehiago, pentsiodunen mugimenduak kontzentraziorik egiten ez duen, ezarpen nahikorik ez duen edota pentsiodun kopuru mugatu batekin harremanak dituen udalerri askotara mozioa aurkezteko ahalegin osagarria egin dutenean.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariek ostegunean egindako bileran oso positibotzat jo zen kanpaina hori. Baina, aldi berean, iritzi zioten berriro mobilizatu behar dela banketxeen eta zenbait erakunderen aurrean. Zehazki, irailaren 26an, astelehena, manifestazioak eta kontzentrazioak bankuen eta sukurtsalen aurrean bultzatzea erabaki zen, batez ere lau hiriburuetan. Halaber, kontzentrazioak egingo dira EUDELek (EAEko udalak biltzen dituen erakundeak) Bilbon duen egoitzaren aurrean, Gasteizen EAEko Jaurlaritzaren aurrean, Gipuzkoan Aldundiaren aurrean eta Iruñean Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren eta nafar gobernuaren aurrean. Bertan, erakunde bakoitzeko ordezkariei dokumentu bat emango zaie, udalek onartutako mozioen laburpen bat jasoko duena, bai eta mozio horietan jasotako eskariak aitortzeko eta aplikatzeko eskakizuna ere.

Talde politikoen artean desberdintasunik handienak sortu dituen mozioaren puntuetako bat Banku Publikoaren defentsa izan da. Horrela, EAJk, PSEk, PPk eta Navarra Sumak eskaera hori errefusatzen zutenez, mozioa erabat arbuiatzeko aitzakia gisa erabili dute puntu hori. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ezinbestekotzat jotzen du Banku Publiko bat sortzea, modu bakarra baita gure aurrezkien eta era guztietako banku-eragiketen kudeaketaren bidez lorturiko etekin eskandalagarriei muga ezartzeko, kobratzen diren komisio oso altuei aurre egiteko, dozenaka mila lanpostuen likidazioa eteteko, sukurtsalak eta kutxazainak mugarik gabe ixteari aurre egiteko eta gure diruarekin inolako kontrolik gabe ez espekulatzeko.

5.- Urriak 1: Adinekoen Nazioarteko Eguna

Badira pairatzen ari garen sistema kapitalista liberalaren aldeko zenbait kide eta defendatzaile, pertsona nagusi eta pentsiodunok sektore “inaktibo” bat osatzen dugula uste dutenak, ez dugula ekoizten eta arretarako, zaintzarako, botiketarako, eta abarretarako gastuak besterik ez ditugula sortzen. Hainbat mespretxu eta gizatasunik eza adierazten dute, ezen, Taro Aso, Japoniako finantza ministroa bezalako pertsonaiek, duela urte batzuk, beren herrialdeko adinekoei “arin hiltzeko” eskatu zietela, horrela Estatuak bere osasun-arreta ez finantzatzeko.

Nahita ahaztu egiten dute, gazteagoak izan ginenean eta “aktiboan” geundenean, gizarte osoaren bizitzaren euskarri izan ginela, ez bakarrik geurea, baita gure seme-alabena ere, eta horren ahalegin eta ekarpen sozialik gabe sistema kapitalistak berak ez zuela bizirik iraungo, ezta sistema horretaz baliatzen direnek ezin izango zutela dirua eta pribilegioak izan. Ezinbestekoak izan ginen eta bizi garen bitartean bizitzako arlo guztietan garrantzitsuak izaten jarraitzen dugu.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarentzat, urriaren 1a, gure adineko pertsonen eta pentsiodunen duintasuna erabat bermatuko duten eskubideak defendatzeko eta eskatzeko nazioarteko data da. Eta horrek esan nahi du pentsio eta diru-sarrera duinak izatea, edota, aktibo, bizirik eta gainerakoen parekotzat hartzen gaituzten jarduera eta harreman sozialak bultzatu eta sustatu beharra. Era berean, bizitza osasuntsua eta kalitatezkoa bermatuko diguten arreta- eta zaintza-zerbitzu publikoak izatea.

Horregatik, urriaren 1ean, Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietako kaleetan izango gara, gure eskubide guztiak aitortuak eta aplikatuak izan daitezen eskatuz. Adinekoen problematikarekin lotura estua duten beste gizarte-kolektibo batzuk daude. Egun horretan, kaleetan elkarrekin ibiltzen saiatuko gara, oinarrizko eskaera bateratu horiek defendatuz eta exijituz.

6.- Urriaren 15ean, pentsiodunen mobilizazioa Madrilen, sinadurak entregatzeko

Urriaren 15ean mobilizazio garrantzitsua egingo da Madrilen, Estatu espainiarreko hainbat Erkidego eta Herritako pentsiodunen mugimendu eta plataformek deituta, tartean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.

Oinarrizko helburuak, aurrekoetan aurreratu dugun bezala, honako hauek izango dira batez ere: Pentsioak KPI errealaren arabera igotzea edo eguneratzea. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Publikoak eta duinak izatea bermatuko duen pentsio-sistema publikoa. Enplegu-pentsio pribatuen planak errefusatzea. Jakina, pentsioak oso lotuta daude soldatekin; beraz, aldi berean, benetako KPIaren araberako soldata-igoera eta Europar Batasunak planteatutako eta Estatuko gobernuak formalki bere gain hartutako gomendioekin bat datorren Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) defendatzen ditugu.

Mobilizazio hori oso testuinguru berezi eta zailean gertatzen da. Bankuek, talde oligarkikoek, enpresariek eta eskuin eta eskuin muturrak eraso handia egin dute pentsioak, soldatak eta erakunde publikoek babestutako eskubide sozial guztiak murrizteko. Hego Euskal Herrian, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren presentzia eta papera indartsua eta erreferentziala izatearen interesa azaltzen ari gara. Herrialdez herrialde autobusak antolatzen eta jendea mobilizazioan parte hartzera animatzen hasi dira. Manifestazioaren amaieran, Estatuko Erkidego eta Herri guztien sinadurak bildu eta entregatuko dira; izan ere, Hego Euskal Herrian, zuzenean eta aurrez aurre jasotakoak 70.000ra iritsi dira.

7.- Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen Asanblada Nazionala

Iazko azaroaren 5ean egin zen lehenengo Asanblada. 100 emakume baino zertxobait gehiagok parte hartu zuten. Emakume pentsiodunen beharrak eta eskaerak aztertu ziren eta mantendu beharreko esperientzia positiboa zela ondorioztatu zen.

Emakumeak biltzen eta lau herrialdeen artean koordinatzen hasi dira, seguraski azaroan egingo den bigarren Asanblada prestatzen joateko. Eztabaidatu beharreko gaiak zehazten ari dira, eta bertaratzeak eta parte-hartzeak 2021ekoa gainditzea espero dute.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *