Albiste eta informazio interesgarriak 2022ko irailak 17

1.- Inoiz baino arrazoi gehiagoz, hilaren 26an, bankuen aurrean protesta egitera
Denbora luze daramagu bankuen aurrean mobilizatzen eta protesta egiten zerbitzuen murrizketagatik (sukurtsal eta kutxazainen itxierak), arreta-ordutegien murrizketagatik, bankuko edozein eragiketak burutzeko komisio handiak kobratzeagatik… eta horiek guztiek ondorio negatiboak dituzte herritar guztiengan eta, bereziki, pentsiodunengan eta adinekoengan.
Azken hilabeteotan, mozioak aurkezteko kanpaina zabala bultzatu dugu Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako udaletan, bankuen justifikaziorik gabeko murrizketak salatuz eta banketxeetako gerenteei eta zuzendariei presioa egiteko erabakiak eta konpromisoak eskatuz, murrizketak eten ditzaten, herritarrengandik hurbilak diren aurrez aurreko arreta-zerbitzuak berrezarri ditzaten, eta komisioak merkatu (eta kasu batzuetan doakoak izan) ditzaten. Udalei bezala, EUDELi (EAEko Udalen Elkartea), Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei eta EAEko eta Nafarroako Parlamentuei ere zuzendu gatzaizkie.
Mozioak 187 udaletan aurkeztu genituen eta horietako 121 udalek mozioa onartu zuten, 23 udalek atzera bota zuten, 8 udalek beste mozio batzuk onartu zituzten, eta 33 udalek oraindik ez dute erabakirik hartu, baina oso biztanle gutxi dituzten herriak dira. Mozioa onartu zuten 121 udalerriek 856.000 biztanle ordezkatzen dituzte, Hego Euskal Herriko biztanle guztien (2.875.938 biztanle) ia %30 (%29,80).

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak duen ordezkagarritasun sozialaz eta 121 udal horien babesaz baliatuz, hilaren 26an, dokumentu bat emango diegu banku-erakundeetako kudeatzaile edo zuzendariei eta EUDELeko, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) eta Arabako eta Gipuzkoako Aldundietako ordezkari instituzionalei, non aipatutako udalen babesa eta mozioetako eskariak jasoko diren. Dokumentu hori emateaz gain, gutunak bidaliko dizkiegu bankuetako kudeatzaileei edo zuzendaritza-taldeei eta zenbait erakundetako ordezkariei, jasaten ari garen arazoei eta horien konponbideei ekiteko elkarrizketak edo aurrez aurreko bilerak eskatuz.
Dokumentu hori entregatzeko, hilaren 26an, elkarretaratzeak eta manifestazioak egingo dira, eguerdiko 12:00ak aldera, lau hiriburuetan (Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruña) eta pentsiodunen mugimendua aritzen den Hego Euskal Herriko herri guztietan. Elkarretaratzeak banketxeen aurrean egingo ditugu, eta, gainera, Bilbon, EUDELen egoitzaren aurrean, Iruñean, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren egoitzaren aurrean, eta Donostian eta Gasteizen, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundien aurrean.
Inoiz baino arrazoi gehiago ditugu, bankuen eskandaluzko irabazien eta beraiek hartutako neurrien kontrako protesta egiteko
- 2022ko lehen seihilekoan banku handiek 10.297 milioi euroko irabaziak izan dituzte Espainiako Estatuan.
- EAEn, 2008tik 305 sukurtsal itxi dira eta 60 udalerrik ez dute banku-zerbitzurik. Nafarroan, denbora-tarte berean, 296 sukurtsal itxi dira eta 42.000 biztanlek ez dute banku-arretarik. Hego Euskal Herrian, 601 sukurtsal itxita daude.
- 2017tik, Kutxabank-ek 294 langile kanporatu eta 86 sukurtsal itxi ditu.
- Laboral Kutxa-k, 2017tik, 156 langile gutxiago ditu eta 24 bulego itxi ditu.
- BBVA, Banco Santander, Caixabank, Banco Sabadell eta Unicaja bankuek 5.250 sukurtsal itxi dituzte pandemia hasi zenetik.
- Espainiako Estatuko bankuetan, 2021ean, kaleratzeak eta enplegu-galerak 18.957 izan dira, eta 2008tik, 124.000.
Nahikoa da! Komisioak murriztu eta merkatu. Adinekoei eta herritarrei arreta hobea eman. Sukurtsal eta kutxazain gehiago, zerbitzu gehiago, langile gehiago.
2.- Jaisten ez den inflazioarekin bueltaka
Espainiako Estatuko urte arteko inflazioa %10,5ekoa izan da abuztuan. Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) arabera, EAEn %10,3an kokatu da (bi hamarren gutxiago), baina Nafarroan %11ra igo da. Nadia Calviño-k (Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia ministroa) iragarri du hemendik urte amaierara bitartean arinduko dela, baina ez da ausartzen zehaztera noraino. Baikorrenak ere ez dira ausartzen %9tik jaitsiko dela iragartzera.
Arazoa larriagotu egiten da, ez bakarrik elektrizitatearen, gasaren, petrolioaren eta erregai guztien prezioak oso altu mantentzen direlako, baizik eta, adibidez, erosketa-saskiko oinarrizko produktuak, jateko eta elikatzeko ezinbestekoak direnak, hala nola olioa, patatak, arrautzak, esnea eta abar, iazko epe berean baino %15 garestiago daudelako euskal supermerkatuetan. Hau da, inflazioa baino gorago.

Pentsioak dauden bezala, gure erosteko ahalmenaren galera izugarria izango da aurten. %2,5eko igoera izan badugu eta urte amaieran Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) %9 eta %10 artean kokatzen bada, galera aurten bakarrik %6,5 eta %7,5 artekoa izango da. Logikoena zen, 2020ra arte ezagutu genuen irizpideari jarraituz, iaz, azaroko inflazioaren %5,5aren eta 2021aren hasierara aurreratu ziguten %1,6aren arteko aldea atzeraeraginezko ordainsari baten bidez guri itzultzea. % 0,9 baino ez ziguten itzuli, eta %3 lapurtu ziguten. Irizpide eta eskubide bera erabiliz, aurten, 2021eko pentsioa %5,5en bidez eguneratuta hasi behar ginen, eta gero aurreikusitako KPIaren bidez. Azkenean, urte honen amaieran, azaroko benetako eta urte arteko KPIaren eta ezarri ziguten %2,5aren arteko atzeraeragina kobratu beharko genuke. Era maltzurrean lapurtzen digute eta, gainera, ez kexatzeko esaten digute, gazte asko lanean baitaude gure pentsioak baino soldata baxuagoak izanik. Lotsagabeak dira, eta gainera uste dute pentsiodunok tontolapikoak garela!
3.- Erosketa-saskiko 25 edo 30 oinarrizko produkturen prezioei mugak jartzeko proposamena, ameskeria hutsa
Yolanda Diazek erosketa-saskiaren 25 edo 30 oinarrizko produkturen prezioei mugak jartzeko egindako proposamena eztabaida sozial eta politikoaren erdigunean egon da azken aste hauetan. Badirudi proposamen hori onartzeko aukera husten ari dela.
Hori aplikatzeko aukera supermerkatuak kontrolatzen eta zuzentzen dituzten multinazional handiak “konbentzitze”-aren mende zegoen, hau da, erosketa-saskiaren oinarrizko produktuen prezioei “beren borondatez” mugak jartzea, irabazi-tasa pixka bat jaitsiz. Carrefour taldea mugak bere gain hartzeko prest zegoela iragarri ondoren, sektoreko multinazional gehienek iragarri dute ez daudela horretarako prest. Bestalde, argi zegoen enpresa elektriko eta energia-hornitzaile handiek ez ba zituzten beren produktuen prezioak jaisten, supermerkatuetako multinazionalak ez zirela beren irabazi-marjinak murrizteko prest egongo, muga hori beren gain hartuta.

Normala denez, biztanleriaren zati handi batek, batez ere erosketa-saskiaren zati bat ordaintzeko zailtasun gehien pairatzen ari den sektoreak, beraien artean pentsiodun askok, bereziki emakumeek, begi onez eta itxaropenez ikusten zuten proposamen hori. Baina badirudi ezerezean geldituko dela.
Pentsiodunen mugimenduak, zalantzarik gabe, oinarrizko produktuen prezioen muga ezartzea defendatuko lukeen, baina ezin dugu ahaztu “petatxu” bat zela, eta ezin gaituela desbideratu planteatzen ari garen eskaeren exijentziatik. Hain zuzen, eskaera horiek uneko premiei benetako erantzuna ematen diete, modu serioan, aurrez aurre ditugun erosteko ahalmenaren galera-arazo larriak arintzen saiatzeko.
Gure bizi-baldintzen hondatzea geldiaraziko duten oinarrizko aldarrikapen argiak defendatu behar ditugu kalean (eta ezkerreko indarrak erakundeetan ere). Eta horretarako, lehenik eta behin, indarrez eta modu kontsekuentean defendatu eta exijitu behar ditugu honako aldarrikapenak: pentsioak benetako KPIaren bidez igotzea edo eguneratzea. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Soldatak ere benetako KPIaren bidez eguneratzea eta 1.200 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata, 14 ordainsaritan. Gutxieneko aldarrikapen horiek 2018an eskatu genituen, pentsiodunen mugimenduari ekin genionean, eta eguneratu egin beharko genituzke, kontuan hartuta, KPIaren igoera (edo inflazioa) izugarriaren ondoren, batez ere azken bi urteotan, izandako eros-ahalmenaren galera.
4.- Enpresaburuek negoziazio kolektiboa eta soldatak benetako KPIaren bidez igotzea blokeatzen dituzte
Hego Euskal Herriko lan-hitzarmenen %60 inguru berritu gabe daude, eta, beraz, horien eraginpeko langileen soldatak izoztuta daude, inflazioaren gorakadaren aurrean. Izan ere, patronalak ez du entzun ere egin nahi KPIaren antzeko igoeraz, ezta KPIra hurbiltzeko igoeraz ere, eta, beraz, blokeo bati eusten dio, Urkulluk EAEn eta Chivitek Nafarroan “partekatzen” dutena, horrela soldaten debaluazioa eraginez.
Blokeo horren adibide garrantzitsuak dira patronala Bizkaiko eta Arabako metaleko herrialdeko hitzarmenen negoziazioan aurkezten eta defendatzen ari den proposamen onartezinak, Bizkaiko 50.000 langile ingururi eta Arabako 20.000 ingururi eragiten dietelarik. Bi kasuetan, hainbat greba egun egin dituzte.

Baina patronalak ez du amore ematen. Hilaren 13an, Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioak egindako proposamenak urte honetarako %3,25eko igoera, 2023rako %3koa eta 2024rako %2,5ekoa jasotzen zituen. Gainera, malgutasun handiagoa ezarri behar dutela azpimarratu zuen, hau da, langileen lan-ordutegia patronalak nahi bezala eta bere interesen arabera izatea, eta bost axola zaizkie langileen atseden-ordutegiak, bizitza kolektibokoak, kontziliaziokoak edo banakakoak.
“Igoera” horien bidez, aurten %9 edo %10 arteko inflazioaren aurrean, eta 2023 eta 2024 artean igoko denaren aurrean, ez da kontu askorik egin behar hiru urte horietan soldatek izan dezaketen debaluazio larria ezagutzeko. Patronalak beti argudiatzen du soldatak KPIaren bidez eguneratzeak bere irabaziak eta inbertsio-ahalmena asko murrizteaz gain, enpresa dezente ixtea eragingo duela. Eta hori esatera ausartzen dira IBEX 35-eko enpresek 2021ean irabazi marka guztiak hautsi zituztenean, 60.000 milioi eurotik gorako irabaziak izan baitzituzten, aurreko 5 urteetako batez bestekoa baino % 64 gehiago; eta urte horien artean, gainera, pandemiaren bi urteak egon dira.
5.- Gasteizko Gobernua Errenten Itunaren defentsaren buru
Estatu mailako Errenta Itunaren proposamenak Guadiana bezalako ibilbidea izan du azken hilabeteetan, batzuetan komunikabideen fokuan eta beste batzuetan erdi ezkutuan. Badirudi orain Urkullu lehendakariari eta Azpiazu Ogasun sailburuari egokitu zaiela Itunaren interesaren eta defentsaren txanda. Azpiazu sailburuak berak 1977ko Moncloako Itunak gogorarazi dizkigu, Franco hil eta gutxira eta Espainiako trantsizio eredugarria deitu zenaren hasieran. Demokrazia sendotzeko bidean aurrera egitearen eta Estatu espainiarreko ekonomia txarra eta ez oso emankorra trabatik ateratzearen izenean, garai hartan %26,4ko inflazioa izanda, itun horiek sinatu ziren ondokoen babesa izanda, besteak beste: Adolfo Suarez-en Gobernua, UCD, PSOE, PCE, CCOO, UGT eta EAJ. Langileengan izan zuten eragina suntsitzailea izan zen: frankismotik jasotako aparatuen zati handi bat ukitu gabe uzten zuen eta, Juan Carlos Errege “emeritua” buru zuela, Borboien zaharberritzea ahalbidetzen zuen erreforma demokratikotik haratago zihoazen langileen errebindikazio-borroka eta askatasun demokratikoen exijentzia guztiak gelditu ziren.

Urkulluk eta Azpiazuk Moncloako Itun haietatik erreskatatu nahi dutena da Gobernuaren, alderdi politikoen, enpresaburuen eta zenbait sindikaturen arteko Errenta Itun baten alternatiba adostua, egun dagoen kontrolik gabeko eta nolabaiteko larrialdi sozial bateko egoeran, multinazionalen, enpresaburuen eta bankuen irabaziak salbatzeko, gizartearen gehiengoaren pentsioen, soldaten eta bestelako eskubide sozialen kontura. Ez da erraza proposamen hori zertan geratuko den aurreikustea, Confebask-eko buruzagietako batek jada adierazi baitu euskal patronala jada aplikatzen ari dela beheranzko hitzarmenetan, hau da, KPIaren oso azpiko soldata-igoerak adostuz. Bankuek, CEOEk eta enparauek, pentsioak Errenta Itun horretan sartu nahi dituzte, noski, pentsioak murrizteko asmoz. Ikusiko dugu zertan geratzen den kontu hau. Erne egon behar dugu eta indarrez erantzun, gure pentsioak eta langileen soldatak defendatzeko.
6.- Basurtuko Ospitalea defendatzeko mobilizazio berria
Osasun sailburuak eta Osakidetzako zuzendaritzak Basurtuko Bihotz-Kirurgia Gurutzetako Ospitalera eramateko erabakiari eusten diote. Atzo beste mobilizazio bat egin zen eguerdiko 12:00etan, Kanpo Kontsulten aurrean egindako elkarretaratzearekin hasi eta, manifestazio labur baten ondoren, Ospitaleko sarrera nagusiaren aurrean amaitu zen. Enpresa Batzordeak deitu zuen Basurtu Bizirik plataformarekin batera, eta ehunka langile eta inguruko jende solidarioa bildu zituen, horien artean Bilboko pentsiodunen mugimenduko pertsonak.
7.- Etxeko langileen lan-baldintzen hobetzea
Kalkuluen arabera, Espainiako Estatuan, 370.000 pertsona inguruk –%95a, emakumeak, eta horietako asko emigranteak– lan egiten dute etxeko langile moduan. Hego Euskal Herrian, 34.000 inguru. Ez da ezagutzen zehatz-mehatz zenbat emakume etorkinek lan egiten duten egoera “irregularrean”, ez baitute paperarik, Atzerritarren Legeak ukatzen baitizkie.
Gizartearen sektore garrantzitsua da, ekonomikoki eta sozialki oso kaltebera, gehien-gehienak emakumeak dira, eta funtsezko sektorea osatzen dute. Esan genezake ezinbestekoa dela pertsonen, batez ere adinekoen, arreta eta zaintza lanetan.

Urte luzez borrokan aritu ondoren, nahiko era isolatuan, behar zuten arreta eskaintzeko laguntza eta antolakuntza sindikalik gabe, orain lortu da urritik aurrera langabeziagatik kotizatu ahal izatea, gero langabezia kobratu ahal izateko. Era berean, enplegatzaileek ez dute izango orain arte izandako kaleratzeko zigorgabetasun osorik. Baina urrun daude oraindik lan-eskubide berberak izatetik eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrari atxikita daudenei dagozkien eskubideak izatetik. Urrats positiboa da lortu dena, baita sindikatu batzuek aspalditik serio hartu izana etxeko langileei laguntzea eta antolatzea ere. Merezi zuten eta merezi dute beste edozein langileren eskubide berberak izatea. Borrokatzea eta elkartasuna adieraztea alderdi politikoen eta sindikatuen zeregina da, eta baita pentsiodunen mugimenduarena ere.
