Albiste eta informazio interesgarriak          2022ko irailak 24

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Astelehenean, hilaren 26an, Hego Euskal Herrian, mobilizazioak bankuen eta zenbait erakunderen aurrean

Astelehenean, hilaren 26an, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau hiriburuetan eta 70 herrietan, elkarretaratzeak eta manifestazioak egingo dira eguerdiko 12:00etan, banketxeen eta erakunde batzuen aurrean. Elkarretaratzeetan edo manifestazioetan zehar egingo diren geldialdietan, gure salaketak eta eskariak modu zaratatsuan zabaltzeaz gain, bankuko zuzendariei eta erakundeetako ordezkariei txosten zabal bat emango zaie, euskaraz eta gaztelaniaz, honako hau jasotzen duena:

  • 856.000 herritar (Hego Euskal Herriko biztanleen %30) ordezkatzen dituzten 121 udalek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean aurkezturiko mozioei emandako babes instituzionala.
  • Informazio zabala, bankuetako eta erakundeetako ordezkariekin izandako harreman eta elkarrizketei buruzkoa. Bertan zehatz-mehatz azaltzen zitzaizkien Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zituen eskaerak, oinarri sendoak dituztenak.
  • Sukurtsalen eta kutxazain automatikoen itxieren zein suntsitutako hamarnaka mila lanpostuen (kaleratzeen, aurre-erretiroen eta abarren bidez) balantze zehatza, eta horrek, ezinbestean, herritar guztientzako banku-arretako zerbitzuen hondatzea ekarri du, pentsiodunengan eta adinekoengan are kalte handiagoa izan duelarik. Hori guztia, bankuko zuzendarien eta akziodunen soldata edo diru-sarrera ekonomikoetara bideratutako banku-irabazi eskandalagarriak are gehiago handitzeko interes eta helburu bakarra izanda.

Txosten horri erantsita, bankuko zuzendariei eta erakundeetako ordezkariei zuzendutako dokumentu erraz bat ere emango zaie, aurrez aurreko kontaktuak edo elkarrizketak eskatuz, bankuen aldetik jasaten ari garen sakoneko eta izaera sozialeko arazo larriei aurre egiteko eta arazo horiek konpontzen saiatzeko.

Manifestazio guztiak eguerdiko 12:00etan hasiko dira. Gasteizen, Plaza Berritik irtengo da, hainbat banketxeren aurrean geldituko da eta txostena Udaletxean eta Batzar Nagusietan entregatuko dute. Bilbon, Udaletik abiatuko da, EUDELen (EAEko Udalen Elkartea) aurrean geldituko da lehenengo, eta gero Kale Nagusia zeharkatuko du, bankuak “bisitatuz” eta Plaza Biribilean amaituz. Donostian, Alderdi Ederretik irtengo da, Kutxabank-en aurrean geldituko da eta ondoren Foru Aldundira joango da. Iruñean, Udaletik abiatuko da eta manifestazioa egingo dute NUKFraino (Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa).

2.- Urriak 1: Adinekoen Nazioarteko Eguna

Badira jasaten ari garen sistema kapitalista liberalaren aldeko zenbait ordezkari eta defendatzaile, uste dutenak adinekoak eta pentsiodunak sektore “inaktiboa” osatzen dugula, ez dugula ekoizten eta soilik gastuak sortzen ditugula arretan, zaintzan, botiketan, eta abarretan. Hainbat mespretxu eta gizatasunik eza adierazten dute, ezen, Taro Aso bezalako pertsonaiak ausartzen diren, berak duela urte batzuk Japoniako finantza ministroa zela, beren herrialdeko adinekoei “arin hiltzeko” eskatzera, horrela Estatuak beren osasun-arreta finantza ez dezan.

Nahita ahaztu egiten dute, gazteagoak izan ginenean eta “aktiboan” geundenean, gizarte osoaren bizitzaren euskarri izan ginela, ez bakarrik gurea, baita gure seme-alabena ere, eta horren ahalegin eta ekarpen sozialik gabe gizartearen gaur egungo garapena eta bizitza ez zela posible izango, ez behintzat ezagutzen dugun bezala.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarentzat, Urriaren 1a, gure adineko pertsonen eta pentsiodunen duintasuna erabat bermatuko duten eskubideak defendatzeko eta eskatzeko Nazioarteko Eguna da. Eta horrek esan nahi du pentsio eta diru-sarrera duinak izatea, edota, aktibo, bizirik eta gainerakoen parekotzat hartzen gaituzten jarduera eta harreman sozialak bultzatu eta sustatu beharra. Era berean, bizitza osasuntsua eta kalitatezkoa bermatuko diguten arreta- eta zaintza-zerbitzu publikoak izatea.

Horregatik, urriaren 1ean kalean izango gara eta herrialdeko manifestazioak egingo ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, zenbait herri edo eskualdetan manifestazioak edo bestelako ekimenak egiteari kalterik egin gabe. Bilbon, Gasteizen eta Donostian Egoiliarren Senideen Elkarteekin batera egingo dugu. Iruñean, Krisiaren aurkako Adinekoen Koordinakundearekin batera.

Manifestazio guztiak 12:00etan hasiko dira. Gasteizen, Plaza Berritik aterako da eta Aldundiraino joango da. Bilbon Plaza Eliptikoan hasi eta Udaletxearen aurrean amaituko da. Donostian, Alderdi Ederretik aterako da. Iruñean, Udaletxean hasi eta Gazteluko plazan amaituko da.

3.- 2021eko eta 2022ko erosahalmena berreskuratzea

Astelehenean argitaratutako Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren agirian, beste behin ere, 2021ean gure pentsioen erosteko ahalmenaren galera nabarmentzen zen, eta are larriagoa izango da 2022an jasango duguna. Pentsioen hondatze azeleratu horren aurrean, arrazoi eta eskubide osoz, ondokoa eskatzen da:

  • aurtengo abendurako, 2022an galdutako erosteko ahalmena konpentsatzea eskatzen dugu, %2,5 eta urte amaierako Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) arteko aldearen araberako ordainketaren bidez. 
  • 2021eko erreformaren bidez ezabatutako konpentsazio-ordainsaria berreskuratzea eta pentsioak benetako KPIaren (urteko metatuaren) arabera eguneratzea eskatzen dugu.
  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa
  • Alarguntza-pentsiorako ezkontidearen oinarri arautzailearen %100, emakumeek pentsio duina jasotzeko duten eskubide subjektiboa bermatzen ez den bitartean.
  • EAEn eta Nafarroan, gutxieneko pentsioa osatu 1.080 €ra arte.   

Ondorio gisa, honako hau azpimarratzen da: Soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta urteko KPI metatuaren arabera eguneratzea, aberastasunaren bidezko banaketaren gakoa da eta gure pentsioen (eta gure seme-alabenen) bermea.

2021aren hasieran 1.000 euroko pentsioa zuen pertsonak, 2021ean eta 2022an izandako galerak.

  • Pertsona horri, 2021ean, 644 euroko atzeraeragina zegokion, urte arteko KPIa %5,5ekoa izan zelako eta aurrerapena bakarrik %0,9koa. 224 euro baino ez zizkioten ordaindu.
  • Pertsona horrek berak, 2022ko urtarrilaren 1ean, 1.055 euroko pentsioa izan behar zuen hasieran, eta aurreikusitako %2,5a gehitu behar zitzaion. Beraz, guztira, 1.081 euro.

Aurtengo amaierako KPIa, adibidez, %10 bada, dagokion atzeraeraginezko ordainsaria 1.135 eurokoa izan beharko litzateke. Eta 2022aren amaieran eguneratutako pentsioa 1.160 eurokoa izan beharko litzateke. Baina iazko pentsioen erreformaren arabera, aurten ez du atzeraeraginik kobratuko, eta ikusiko dugu bere pentsioa benetan zertan geratzen den, ez baitago argi azkenean nola eguneratuko duten.

4.- Urriaren 15ean Madrilgo manifestaziora joateko autobusak prestatzen

Lau herrialdeetan (Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan) hasi da mobilizazio horri buruzko informazio eta azalpen kanpaina, pentsiodun guztiak mobilizazioarekin bat egitera gonbidatuz. Deialdia, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Estatuko gainerako Erkidego eta Herrietako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin batera, egin dute.

Adierazpen zabal eta masibo baten bidez adierazi nahi da ezagutzen ari garen eta aurten zabaldu daitezkeen pentsio-murrizketen aurka gaudela, iaz kendu zigutena itzultzeko exijituz eta, aurten, pentsioak KPI errealaren bidez urte amaieran eguneratzea eta dagokigun atzeraeragina ordaintzea exijituz. Era berean, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren onarpena, nahiz eta zenbateko hori egun eskasa den, prezioen eskandaluzko gorakada kontuan hartuta, batez ere erosketa-saskia osatzen duten oinarrizko produktuena, Hego Euskal Herrian, abuztuan, iazko abuztuan baino %15 garestiago izan baita.

Manifestazioa eguerdiko 12:00etan hasiko da Neptuno-tik eta Callao-n amaituko da. Amaieran, Diputatuen Kongresuan aurkeztuko diren sinadura-bilketa nabarmendu eta bistaratuko da. Ditugun datuen arabera, 150 pentsiodunek baino gehiagok, dagoeneko izena eman dute antolatzen ari diren autobusetan joateko. Kopuru hori hirukoiztea espero dugu; beraz, pentsiodun guztiak mobilizazioarekin bat egitera animatzen ditugu, eta, ahal izanez gero, hurrengo bi asteetan izena ematera; izan ere, manifestazioa urriaren 15ean izango da, eta autobusak egun batzuk lehenago antolatu eta osatu behar baitira.

5.- Pentsioen erreformaren bigarren zatirako negoziazioei berriro ekin diote

Pentsioen erreformaren bigarren zatirako negoziazioak berriro hasi dira. Pedro Sanchezen Gobernuak, berreskuratze-planean, Bruselaren aurrean hartu zuen konpromisoaren arabera, urtea amaitu baino lehen adostu behar da. Negoziatzen eta adosten saiatuko diren bi gai nagusiak edo garrantzitsuenak hauek dira: pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko epea 25 urtetik 35era luzatzea, eta kotizazioaren eta gehieneko pentsioen muga altxatzea.

Europako Batzordea presioa egiten ari da epe-luzatze hori aplika dadin. Eta Escrivá ministroak, gobernuaren izenean, proposamen hori saihestu nahi du, edo, gutxienez, neurri zuzentzaile batzuen bidez arindu, ondotxo baitaki hurrengo erretiratuentzako pentsioen galera gogorrak kaltetuen haserrea piztuko duela eta datorren urteko hauteskunde orokorretan Gobernuak botoak galtzeko arriskua sortuko duela.

Espainiako Bankuaren arabera, epe-luzatze horren ondorioz, pentsioen galera %8,2koa izango da. Eta 15 urtetik 25era igarotzeak eragin zuen galera %5ekoa izan zen. Beraz, 15 urteak erreferentziatzat hartzen baditugu, murrizketa %13,2koa izango da gutxienez. Eta hori Espainiako Bankuak egiten duen atzerakada horren beheranzko kalkulu interesatuak kontuan hartu gabe, ezta pentsio guztien erosteko ahalmenaren galera ere, inflazioaren edo KPIaren azpitik eguneratzen baitira.

Tranpa-neurrietako bat edo nahasmen interesatuko neurrietako bat da, Escrivá-ren arabera, epea 25 urtetik 35era luzatzea arindu daitekeela, baita “konpentsatu” ere, langabezian edo beren lan-bizitzako urte batzuetan kotizatu gabe egon diren langileek kotizazioen arteko urte onenak –edo hain txarrak ez direnak– aukeratu ahal izatearekin. Zalantzarik gabe, langile horien galera arinduko litzateke horrela, baina atzerakada izugarria izango da bai erretiratu berri guztientzat, bai talde osoarentzat.

Zergatik ez zaio Escrivá-ri bururatzen proposamen hori aplikatzea, oraingo 25 urteak mantenduz? Erantzuna oso erraza da: ez lituzkeelako gehiago larrituko lanaldi osoan kotizatu duten langileak, 25 urteko egungo kalkulua mantenduz, eta lan-bizitzako 25 urterik onenak aukera ditzaketenei mesede egingo liekeelako. Baina Gobernuari ez zaio neurri hori hartzea interesatzen, besteak zigortu gabe, sektore bat hobetzea dakarrelako, eta pentsioak mundu guztiari murriztea eta gizarte-segurantzaren kostuak ere murriztea du helburu.

Kotizazioen eta gehieneko pentsioaren muga altxatzeari dagokionez, aztertzen ari diren edo negoziatzen ari diren proposamenen anbiguotasunak bere horretan dirau. Baina, itxura guztien arabera, muga ez da altxatuko pertsona bakoitzak bere soldata edo diru-sarrera guztien arabera kotizatu arte, eta hori urte luzeen zehar egingo da, gehieneko pentsioen muga altxatzea bezalaxe.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak uste du ahalik eta lasterren ezarri behar dela jasotzen den soldata edo diru-sarrera osoaren kotizazioa, gehienezko pentsioa dimentsio berean igo gabe. Horrela, Gizarte Segurantzako diru-sarrerak gastuak baino proportzio handiagoan haziko lirateke, pentsio maximoen eta minimoen arteko desoreka ez litzateke hain handia izango, eta pentsioen banaketa bidezkoagoa eta solidarioagoa izango litzateke.

6.- Pentsioak Errenta Itunean sartzea

Rafael Domenech-ek ekonomia-behatoki garrantzitsu bat zuzentzen du, BBVA Research izenekoa, eta Pentsioen Iraunkortasun Faktoreari buruzko “adituen batzordeko” kideetako bat izan da. Duela egun batzuk argitaratutako elkarrizketa batean, mezu oso nabariak utzi zituen nor defendatzen duen eta noren zerbitzura dagoen argi utziz.

Adierazten zuen prezio garestiek, interes-tasen igoerak eta krisi energetikoak atea irekitzen diotela atzeraldi ekonomikoko edo, gutxienez, geldialdiko egoera bati, oraindik inflazio altua izanda. Eta egoera horri “aurre egiteko”, honako hau adierazi zuen:

Ez zaio batere ondo iruditzen energiaren prezioaren kontrol publikoa, ezta erosketaren oinarrizko produktuen mugak ere. Ezta energia-enpresa handien edo bankuen etekin eskandalagarriei zergak ezartzea ere. Aldiz, ondo deritzo, Errenta Itun bat egitea, non pentsioak ere sartuko diren, soldatekin batera, murriztuak izan daitezen eta “horrela, inflazioa geldiaraz dadin”. Jakina, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (BGAE) ere defendatzen ditu, eta azpimarratzen du beharrezkoa dela atal hori sustatzea, zerga-tratamendu bera mantenduz, erretirorako aurrezkia handitzeko eta pentsio handiagoak ziurtatzeko. Horrelako pertsonaiekin eta adituekin, jai dugu.

7.- Beste gizarte-protesta garrantzitsu batzuk

Atzo, ostirala, eguerdian, beste elkarretaratze eta manifestazio bat egin zen Basurtuko Ospitaleko atarian, Bihotzeko Kirurgia Gurutzetako Ospitalera eramateari aurre egiteko eta Ospitaleko beste zerbitzu mediko batzuk desegiten joateko arriskua salatzeko. Ospitaleko ehunka langilek, inguruko bizilagunek (batez ere Basurtu auzokoak) eta Bilboko Pentsiodunen Mugimenduko kideek parte hartu zuten.

Etenik gabe jarraitzen dute Erromoko Nagusien Etxea eraistearen aurkako protestek. Urriaren 3tik 8ra ordu erdiz bueltaka ibiliko dira Kultur Etxearen aurreko plazan. Eta urriaren 6rako, Eraistearen Aurkako Plataformak manifestazioa deitu du, hainbat gizarte-talderen babesa duena.

Spread the love

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *