Albiste eta informazio interesgarriak          2022ko Maiatzak 14

Interegarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen berri hauek

1.- Pentsiodunen mobilizazio garrantzitsua, Gasteizen, maiatzaren 12an

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.200 pentsiodunek baino gehiagok manifestazioa egin zuten ostegunean Gasteizen, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, Gasteizko Gobernuari eta Legebiltzarrari 1.080 eurorainoko gutxieneko pentsioaren osagarria eskatzeko.

Gasteizko lagunekin batera, Bizkaiko 8 autobusetan eta Gipuzkoako 6 autobusetan joan ziren pentsiodunak, bai eta hiru herrialdeetako hainbat herritako beste talde batzuk, autoetan eta furgonetetan ere.

Mobilizazioa Gasteizko Udaletxe plazatik abiatu zen, hainbat kale zeharkatu zituen eta Legebiltzarraren egoitza inguratu zuen, katedralaren aurreko plazan amaituz. Oso aktiboa eta koloretsua izan zen, musikak eta pentsioei loturiko aldarrikapen-kontsignek lagunduta, baita hiru hiriburuetako eta hiru herrialdeetako herri eta eskualde askotako pankartek ere.

Mobilizazioa egiten ari ziren bitartean, pentsiodunen mugimenduko ordezkaritza bat legebiltzarrera sartu zen bertako talde guztiei une hartan kalean egiten ari ziren mobilizazioaren arrazoiei eta eskaerei buruzko dokumentu bat emateko. Talde politiko guztietako legebiltzarkideek hartu zituzten, eta manifestazioaren amaieran, laburpen bat irakurri zen euskaraz eta gaztelaniaz. Honako hauek nabarmentzen dira dokumentuan:

EAJ, EH-Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IU talde politikoekin izandako bileren ondoren, espero dugu gure eskaerak betetzea eta honako erabaki hauek behin betiko hartzea:

2023ko aurrekontuetan gutxieneko pentsioak, hamalau ordainsaritan, 1.080 eurora iritsi arte  osatzeko beharrezkoa den aurrekontu-partida gaitzea

Gure ustez, osagarri horrek 1935etik 1960ra bitartean jaiotako belaunaldiei eragindako bidegabekeria konpontzen du, bereziki emakumeei beraiek baitira pentsio txikienak jasotzen dituztenak.

Guretzat, funtsean, lehentasun eta borondate politiko kontua da. Pertsona guztiei, adinekoei eta pentsiodunei barne, bizi-baldintza duinak lortzeko aukera ematea edozein gobernu-jardueraren lehentasuna izan beharko litzateke. Horregatik, Gutxieneko Pentsioa 1.080 eurora arte osatzeko eskaria Europako Gutun Sozialaren irizpideak betetzeko lehenengo urrats gisa planteatzen dugu.

EAEko langile eta pentsiodunei Pentsio Publiko Duin, Bidezko eta Behar bestekoak bermatzeko beharrezkoak diren ekimenak onartzea

Egindako bileretan, berriz ere adierazi dizkiegu gure aldarrikapenak, 52 hilabete daramatzagula kalean borrokan, Pentsio Sistema Publiko Solidario eta Banaketakoaren alde, gaur egungo eta etorkizuneko pentsiodunentzat, eta beraien babes irmoa eskatu diegu horiek egia bihur daitezen.

Aurrerapauso bat eman behar da, eskaera horiek EHPMaren aldarrikapen izateari utz diezaioten eta euskal gizarte bidezkoagoa, gizon eta emakumeen arteko berdintasunezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzeko oinarri bihur daitezen, bizi-baldintza duinak lortzeko eskubidea ez baita adinarekin iraungitzen.

Era berean, legebiltzarrean, PONENTZIA bat sortzea proposatu dugu, gure pentsioek izandako murrizketak eta murrizketa berrien mehatxuak deuseztatuko dituzten neurriak hartzeko. Gure errebindikaziorik premiazkoenak lehenbailehen onartu behar dira.

2.- Bilboko elkarretaratzeetan harrera beroa egin zaie institutu bateko gazteei.

Duela hiru astetik hona, Deustun (Bilbo) dagoen Botika Zaharreko Institutuko ikasle gazteen talde handi bat joaten ari da astelehenetako pentsiodunen kontzentrazioetara, Bizkaiko hiriburuko udaletxearen aurrean.

Arretaz entzuten dituzte egiten diren hitzartzeak, eta ondoren, elkarretaratzean parte hartzen duten pentsiodunei elkarrizketa asko egiten dizkiete. Inkesta moduan egiten dute. Bere galderak mota guztikoak dira eta naturaltasun handiz egiten dituzte. Zenbateko pentsioa kobratzen duzu? Alde handia al dago emakumeen eta gizonen pentsioen artean? Pentsioak bidezkoak iruditzen zaizkizue eta duintasun apur batekin bizitzeko aukera ematen dizuete? Zuen ustez, pentsioak hobetu daitezke, batez ere oso baxuak diren emakumezkoenak? Nola bizi edo jasan duzue Covid-19a? Zer moduz moldatzen zarete ordenagailuekin, mugikorrekin eta bestelako bitarteko digitalekin? Asko kostatu al zaizue erabiltzen ikastea eta norbaitek irakatsi al dizue hori egiten? Nola moldatzen zarete gaur egun on-line egiten diren kudeaketa guztiak burutzeko? Nola ikusten duzue hurrengo belaunaldientzako pentsioen etorkizuna?

Elkarrizketa gehienak 15 eta 16 urte bitarteko ikasle gazteek egin dituzte. Lasaitasun eta hurbiltasun handiz aritu dira, adinagatik aitona-amonak izan zitezkeen pentsiodun guztiei maitekiro eskertuz iritziak eta erantzunak. Harrotasunez, hainbat pentsiodunekin batera, talde-argazkiak atera dituzte, eta aitortuak sentitu dira eta gogoz txalotu dute hizlarien “tribuna”-tik honako hau aipatu denean: pentsiodunen mugimenduak datozen belaunaldientzako pentsioen etorkizuna defendatzen duela, baina beraiei egokituko zaiela pentsio publikoak eta duinak eskuratzearen alde borrokatzea.

Botika Zaharreko Institutuko gazte horien ekimena posible izan da, irakasle batzuek animoak eman dizkietelako horretarako, kontuan hartuta beraien prestakuntza bizitza sozial eta kolektiboan kokatzeko duten interesa. Pentsiodunen mugimenduko kideek, institutu horretan ez ezik, beste batzuetan ere, unibertsitateko hainbat gelatan bezala, egungo pentsioei eta haien etorkizunari buruzko hitzaldiak eman dituzte. Oro har, erakargarriak eta interesgarriak izan dira parte hartu duten gazteentzat. Baina nahiko gutxi izan dira. Ikasle guztientzako prestakuntza sozial eta kolektiboaz kezkatuta dauden irakasleen mende dago mota horretako gaiak jorratzea, ikastetxeetan hitzaldiak sustatuz, eta gizarteko sektore helduekiko edo belaunaldi nagusiekiko harremanak bultzatuz. Oso garrantzitsua da beren interes indibidualetan ez ezik, interes kolektibo eta humanitarioetan ere pentsatzen duten belaunaldiak heztea eta eratzea.

3.- Gasteizko Gobernuak DSBE berrirako Lege Proiektua aurkeztu du

Gasteizko Gobernuak asteartean onartu zuen Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege Proiektua, eta Idoia Media lehendakariorde eta sailburuak publikoki adierazi zuen oso pozik dagoela Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) berriak dakarren aurrerapenagatik, “adingabe eta pentsiodunentzako zenbatekoak hobetzen dituelako eta bertara sartzea errazten duelako”.

Idoia Mendiak eta zenbait komunikabidek titular handien bidez nabarmendu nahi izan dute pentsiodunek izango duten hobekuntza, hau da, DSBEren bidez pentsiodun heldu batek –lege-proiektuaren arabera–, DSBEren bidez, 934,10 euro 12 ordainsaritan, hau da, urtean 11.209,2 euro jasoko baititu. Egia da aurrerapen txiki bat dela, pentsiodunen mugimendua egiten ari den presioak eraginda eta baita Gasteizko gobernuak gure eskaerak desaktibatzeko edo deslegitimatzeko egiten dituen ahaleginek bultzatuta ere, zalantzarik gabe.

Baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) planteatzen ari dena da gutxieneko pentsioaren osagarria, 1.080 euro arte 14 ordainsaritan, hau da, 15.120 euro urtean, hots, 3.910,8 euro gehiago urtean. Eta gogoan izan behar da mugimenduaren eskaera hori duela lau urte baino gehiagokoa dela, eta ordutik hona zenbateko hori asko hondatu dela jasaten ari garen inflazio handiaren ondorioz. Are gehiago, Hego Euskal Herrian aplikatuko balira Europako Gutun Sozialaren irizpideak   –gobernu zentralak onartzeko prest dagoela dio–, batez besteko soldata eta gutxieneko pentsioak berarekiko izan beharko lukeen erreferentzia kontuan hartuta, gutxieneko pentsioa 1.240 euro ingurukoa izan beharko litzateke, 14 ordainsaritan.

Arazoa ez da zenbateko hori bakarrik; izan ere, DSBEri heltzeko ezartzen jarraituko diren baldintza ugarien ondorioz, eta DSBE hori eskura dezaketen pertsona guztiei informaziorik eman ez zaienez, pertsona askok, bereziki pentsiodunek eta adinekoek, berdin jarraituko dute, gaur egun gertatzen den bezala, DSBE eskuratu gabe. Badira aste batzuk pentsiodunen mugimenduak, arazo hori ikusita, Idoia Mendiari “ofizioz jardun dezala” eskatu geniola, eskubide hori eskuratzeko aukera duten (diru-sarrerak edo errenta-aitorpenak egiaztatuta, besterik ez da egin behar) pertsona guztiei, bereziki pentsiodunei eta adinekoei, informazioa emanez. Pentsiodunen mugimendua ez dago ados gutxieneko pentsioen osagarria DSBEren baldintzen mende egotearekin. Horregatik, beste proposamen bat aurkeztu dugu eta ostegunean Gasteizen mobilizatu gara.

4.- Emakume pentsiodunek parte-hartze zabala eta nabarmena izan dute Gasteizko mobilizazioan

2022ko martxoan, EAEn, 52.000 pertsona zeuden DSBE kobratzen, eta ia 30.000 emakumeak ziren. DSBE kobratzen duten 9.130 pertsonak 65 urte edo gehiago dituzte. Eta horietatik % 70 emakumeak dira. EAEko gizonezkoen batez besteko erretiro-pentsioa 1.793 eurokoa da, eta emakumezkoena, berriz, 1.130 eurokoa, % 37 txikiagoa.

Lanbidek ez ditu ematen DSBE kobratzen duten pentsiodunen datuak sexuaren arabera, legez hala egin behar duten arren. Horrek esan nahi du emakumeek jasaten duten desberdintasuna ikusaraztea eragozten duen gardentasun falta dagoela.

1.080 eurotik beherako edo askoz gutxiagoko pentsioak jasotzen dituztenen arteko gehienak emakumeak dira. Hori dela eta, pentsiodunen mugimenduko emakumeek ostegunean Gasteizen egin den mobilizaziora joateko dei berezia egin zieten emakume guztiei, azpimarratuz indar eta arrazoi nahikoa dugula Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari honako hau esateko: Aski da aitzakiez, gaur duguna adinekoen ahaleginaren emaitza da, emakume guztiena barne! Errespeta itzazue eta bizitzeko behar dituzten baliabideak eman. 1.080 euro baino gutxiagorekin ezin da bizi! Legebiltzarkideei dokumentua emateko ordezkaritzan, amaierako ekitaldian eta mobilizazioan oso parte-hartze zabala eta nabarmena izan zuten.

5.- Erritmo onean jarraitzen du pentsioak benetako KPIaren arabera eguneratzea eskatzeko sinadura-bilketak

Lau hiriburuetan eta Hego Euskal Herriko herri handi, ertain eta txiki askotan sinadurak biltzen ari dira, iaz kendu ziguten % 3 itzul diezaguten exijituz, aurten eta hurrengoetan pentsioen balioa Kontsumoko Prezioen Indize (KPI) errealaren arabera igoko dela bermatzeko eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko eskatuz.

Lagun pentsiodunen taldeak lan aktiboa eta militantea egiten ari dira, oso animoso eta arrakastatsutzat jo behar dugun lana. Mahaiak eta megafonia musikarekin jartzen dituzte, asteko kontzentrazioetan ez ezik, auzoetan, merkatuetan eta jende asko biltzen den lekuetan ere. Dagoeneko 31.000 sinadura baino gehiago bildu dira, eta, aurreikuspenen arabera, 40.000 baino gehiago izango dira, kanpaina amaitzeko hilabete baino gehiago falta baita oraindik. Kanpaina aurrez aurre eta era zuzenean garatzen ari denez, pentsiodunen mugimendua are onartuago bihurtzen ari da, eta jendeari ematen zaizkion azalpenak, gure eskaerei buruz zein pentsio publiko, duin eta behar bestekoak bermatuko dituen pentsio sistema publikoa lortzearen garrantziari buruz, interes handiko onarpena eta oihartzuna aurkitzen ari dira sinadurak biltzeko mahaien aurretik pasa edo gerturatzen den jende guztiaren artean.

Egiaztatu ahal izan dugunez, gazte askok interes handiz entzuten dituzte azalpenak eta gogoz sinatzen dute. Gazteek, beren oraina hobetzeko eta lan-bizitzaren amaieran pentsio duinak izateko aukera bermatzeko dituzten desmobilizazioa eta desmotibazioa kritikatzen dituzten zoritxar-igarleak oker dabiltza gazteen jarreraz, eta, nolabait ere, aitzakia horrekin beren burua justifikatzen dute hurrengo belaunaldiez ez arduratzeko eta gogaitzeko, nahiz eta, neurri handi batean, belaunaldi horien laguntzaren, arretaren eta zaintzaren mende egongo garen.

6.- Kongresuko Batzordea, Enpleguko Pentsio Planak Sustatzeko Lege Proiektuari buruzko zuzenketak eztabaidatzeko 

Joan den asteartean Kongresuko Batzordea bildu zen Enpleguko Pentsio Planak Sustatzeko Lege Proiektuaren zuzenketa partzialak eztabaidatzeko. Gobernuak, aurkeztutako zuzenketei erantzuteko txostena prestatuko duela besterik ez zen aurreratu. Kongresuko Batzordeak ez du bilera berri bat egiteko data zehatzik, eta litekeena da gobernuak Lege Proiektua azkartu nahi izatea eta txostena zuzenean Kongresuaren Plenora eramatea, hark behin betiko onar dezan eta abian jar dadin. Kongresua, gai hori ebazteko noiz bilduko den ere ezin da aurreratu, baina gutxienez bi astetik hiru astera bitartean izan daitekeela uste da.

Albistegi honetan jakinarazi dugunez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Estatuko gainerako Herri eta Erkidegoetako pentsiodunen plataformekin eta mugimenduekin batera eta era koordinatuan, Lege Proiektu hori gaitzesteko eta bertan behera uzteko eskatu du. Hura kritikatzeko dokumentu bateratua egin da, Kongresua baino egun batzuk lehenago argitaratuko dena, eta, horrekin batera, zenbait mobilizazio- eta protesta-ekimenak egingo dira gai hori aztertzeko Kongresuko Osoko Bilkura bildu baino egun batzuk lehenago eta biltzen den egunean bertan.

7.- Feminizatutako sektoreen grebek eta mobilizazioek nonahi jarraitzen dute

Ospitaleetako eta osasun-zentroetako sindikatuek grebara deitu dute berriro maiatzaren 16an, Osakidetzako zuzendaritzak ez baitu negoziatu eta adostu nahi lan-gainkargaren eta lan-baldintza txarren aurreko neurriak. Gipuzkoako egoitzetako langileak greba egitera deituta daude maiatzaren 19an, bost urtez patronalek eta Aldundiak negoziazioak blokeatuta izan ondoren. Bizkaiko egoitzetan antzeko zerbait gertatzen da. Garbiketa-sektoreetako grebek eta mobilizazioek jarraitzen dute, hitzarmen duinen alde. Eta etxeko langileek pairatzen dituzten lan-baldintza penagarrien aurrean, inolako babesik eta aitorpenik gabe baitaude, LAB sindikatuak Euskal Autonomia Erkidegoan hitzarmen kolektibo bat negoziatzeko eskaera erregistratu du Lan Harremanen Kontseiluan. Emakume langileak Hego Euskal Herriko langile borroken agenda markatzen ari dira.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *