Albiste eta informazio interesgarriak                           2022ko otsailak 26

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduaren berri hauek

1.- Osakidetzako sindikatuen mobilizazioak

Atzo egin zen Osakidetzako sindikatuek deitutako bi greba-egunetako lehena. Lehen Mailako Arretako zentroetan egin zen, eta langileen parte-hartzea oso zabala izan zen. Datorren astelehenean, greba Osakidetza osora zabalduko da. Eta gaur, larunbata, eguerdiko 12:00etan manifestazioak egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuetan (Bilbo, Donostia eta Gasteiz), eta herritar guztiei parte hartzeko gonbita egin diete sindikatuek.

Osakidetzak osasun-langileentzako 300 milioi €-ko plusen bidez egindako  greba geldiarazteko saiakerak huts egin du

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak asteartean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritza prest dagoela 300 milioi €-ko partida bat abian jartzeko, soldata-osagarri gisa Osakidetzan lanean gutxienez 5 urteko antzinatasuna duten profesional guztien artean banatzeko, “emandako zerbitzuetan” oinarrituta. Eta iragarri zuen atzoko egunean proposamen hori programatutako mahai sektorialera eramango zuela. Ez zen akordio berri baterako proposamena, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak joan den uztailean LAB, UGT eta CCOOrekin lortua baitzuen, nahiz eta gauzatu gabe egon. Sindikatuek osteguneko mahai sektorial horretan parte ez hartzea erabaki zuten, ez zirelako planteatutako eskaerak aztertuko eta greba bertan behera uzteko asmoa zuen propaganda ekimena zela uste zutelako.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren komunikatua

Asteazkenean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak komunikatu bat argitaratu zuen deitutako mobilizazio guztiak, bereziki gaurko manifestazioak, babesteko konpromisoa adierazteko. Bertan, Osakidetzaren arazo larriak aipatzen ziren, zeina, sindikatuen arabera, “suntsitzen ari baitzen”. Osasun Saila, Osasun arloko Mahai Sektoriala edukiz husten joan da, eta premiazkoa da inbertsio gehiago egitea, plantillak handitzea eta prestakuntza gehiago izatea, are gehiago erretiroa hartzen ari direnak kontratatzen diren langileak baino gehiago direnean, eta sartzen diren langileen batez besteko adina 50 urtekoa denean.

Halaber, nabarmentzen zen, sindikatuek dei egiten dietela mobilizazio horietan parte hartzeko, bai herritarrei, bai gizarte-mugimenduei eta taldeei, herritar guztientzako osasun publikoa, unibertsala, doakoa eta eskuragarria defendatzeko beharrezkoa den aliantza elikatzen jarraitzeko.

Gogoratzen zen, EAEn eta Nafarroan, talde asko mobilizatzen ari direla eskaera espezifiko edo orokorren alde, hala nola, egoiliarren senideen elkarteak, osasun publikoaren aldeko herri-plataformak, Lehen Mailako Arretako zentroak –Etengabeko Arreta Guneak barne– mantentzea edo eguneko zentroak irekitzea eskatzen duten tokiko kolektiboak, auzo-elkarteak, …, eta horiek guztiak kontuan hartu behar dira aliantza ahalik eta zabalena izan dadin.

Amaitzeko, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak interes handikotzat jotzen dituela antolatzen ari diren ekimen guztiak eta berauek babesten dituela adierazten zen. Eta aliantza edo koordinazio horretan aurrera egiteko oso garrantzitsua dela jarrera bateratu, malgu eta anitzez egitea, EAEn zein Nafarroan, Osakidetzak, Osasunbideak, Gasteizko eta Iruñeko Gobernuek eta Aldundiek berehalako neurriak har ditzaten eta, ezagutzen ari garen suntsipenaren eta gero eta handiagoa den pribatizazioaren aurrean, kalitatezko osasun-sistema soziosanitario publikoa sendotzeko bidea egin dezaten eskatzeko.

2.- Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkarien bilera

Asteartean, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduko ordezkari ugari izanda, beste bilera bat egin zen Gasteizen. Gai nagusiak izan ziren, alde batetik, pentsio-erreformaren lehen zatia eta lan-erreforma onartu ondoren, aurrez aurre dugun egoera sozial eta politiko konplexu eta delikatuaren azterketa; eta, bestetik, batez ere, datozen hilabeteetarako lan-plangintza.

Lan-plangintzaren aurretik, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako pentsiodunen mugimenduaren balorazioa eta perspektibak etorri ziren. Erreformak onartzeak eta jaso dugun pandemiak – eta oraindik dauden pandemiaren astinaldiek– eragindako zailtasunak gorabehera, ondorioa izan zen mugimenduak, herrialde bakoitzean dituen berezitasunekin, milaka pentsiodunen gizarte-oinarri irmoa duela oraindik ere, eta are gehiago, kontzentrazioetan eta manifestazioetan partaidetza pixka bat handitzen ari dela, nahiz eta gabezia batzuk zuzendu eta bultzatzen jarraitu beharreko ekimenetako batzuk egokitu behar ditugun, baina orain arte mantendu dugun tentsio mobilizatzailea ahuldu gabe.

Lan-plangintza eta mobilizazio-ekimenak, uda hasi arte

Mobilizazioekin eta eskakizunekin jarraitzea, 2021ean galdutako % 3ko itzulketa onar diezaguten. Eta 2022an, % 2,5eko igoera aurrerapentzat hartzea, eta urtearen amaieran Kontsumoko Prezioen Indize (KPI) erreala handiagoa bada, dagokion atzeraeragina ordaintzea eta pentsioa KPI errealaren bidez eguneratzea. Era berean, 1.080 €-ko gutxieneko pentsioa eskatzea, bai Madrilgo gobernuaren aurrean, bai Gasteizko eta Iruñeko gobernuen aurrean.

Datozen bi astelehenetan, otsailaren 28an eta martxoaren 7an, herrialde bakoitzean erabakitzen dutenaren arabera, manifestazio koloretsuak egingo dira hiriburuetan, Estatuko gobernu zentralaren ordezkaritza eta ordezkariordetzetaraino, gure eskaerak jaso eta Pedro Sanchezi helarazteko. Herri askotan, mobilizazioa Gizarte Segurantzaren zentroetaraino egingo dute. Mobilizazio horiekin batera, zuzeneko eskaerak egingo zaizkie hainbat erakunderi, alderdi politikoei, Gizarte Segurantzako herrialde-zuzendaritzei… Eta martxotik ekainera bitartean sinadura-bilketa bat bultzatuko da, Estatuko gainerako herrietako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin koordinatuta.

Bankuen aurkako protesta-kanpaina mantentzea eta garatzea. Arabako lagun pentsiodunen urratsak jarraituz, gainerako herrialdeetan mozioak aurkezten ari dira udaletan, albistegi honetan aurreratu dugun moduan. Era berean, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldiak egiteko eskaerak eginak daude, eta Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretara ere zabaldu ahal izango dira. Aldi berean, manifestazioak eta bestelako ekimenak bultzatuko dira bankuen aurrean, eta martxoan edo apirilean argitaratuko dugu egindako mozio eta agerraldi guztien balantzea.

Adi jarraituko dugu beste gizarte-ekimen batzuk babesten eta horietan parte hartzen, batez ere osasunarekin eta bereziki zerbitzu soziosanitarioekin lotutakoak, bai EAEn, bai Nafarroan.

3.- Zorionak, Portugaleteko eta Trapagarango pentsiodunei

Joan den astelehenean bi herri horietan (Bizkaiko Ezkerraldean eta Meatzaldean kokatuak) egin ziren manifestazioak oso arrakastatsuak eta aktiboak izan ziren. Portugaleten, 300 bat pentsiodunek herriko kaleak zeharkatu zituzten, herritarren adeitasun handia izanda, Gizarte Segurantzaren eta bankuen aurrean pentsioetan jasaten ari garen murrizketak eta bankuekin pairatzen ari garen arazoak salatuz. Trapagaranen, 140 pentsiodun egon ziren manifestazioan, eta oso pozik amaitu zuten, leihoetatik txalotu eta dozenaka mugikorrek grabatu egin zituztelako, eta, batez ere, makuluak zituen pentsiodun gazte bat hurbildu zitzaielako, lan informatiko guztietan laguntza eskainiz, ordenagailuak konpontzetik hasi eta gai digital guztietan behar duenari laguntzeraino.

Era berean, zorionak eman nahi dizkiegu PCB-ITPko langileei (Barakaldoko eta Sestaoko lantokietan daudenak); izan ere, mobilizazioetan hilabeteak eman ondoren, horietako batzuk eskualdeko pentsiodunen mugimenduaren laguntzaz, atzo baieztatu zuten Auzitegi Gorenak, EAEko Justizia Auzitegiak lehenago egin zuen bezala, enpresaren errekurtsoa errefusatu zuela eta 83 langileren kaleratzea baliogabetzat jo zuela, eta orain lanera itzuli ahal izango direla. Ez da erraza izan Auzitegi Gorenaren ebazpen hau; izan ere, azken hilabeteetan, pandemia izan arren, kaleratzeak egin dituzten hainbat euskal enpresari arrazoi eman die.

4.- 2021ean erretiratutako pertsonek ez dute izan ez “ordainsaritxoa”, ezta urte horretako pentsioaren eguneratzea ere

Escrivá-ren eta Gobernuaren beste bat. Berdin dio iazko urtarrilean edo abenduan erretiroa hartu bazuten ere, Gizarte Segurantzak mundu guztiari erantzuten dio ez dagokiela ez “ordainsaritxoa” jasotzea ez pentsioa eguneratzea 2021ean. Gauza bera gertatu da urte horretan ezintasun-, zurztasun- eta alarguntza-pentsioak eskuratu dituztenekin. Salbuespen bat dago: 0,9ko KPIaren bidez finkatutako gehienezko pentsioaren gainetik (2021ean 2.707,49 € hilean) kotizatu duten erretiratuek jasoko dute atzeraeragina. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren arabera, urtarriletik abendura 582.647 alta eman ziren Gizarte Segurantzan.

Escrivá-k eta gobernuak pentsatu omen dute, adibidez, 2021eko urtarrilean erretiratutako pertsona batek ez zuela inflaziorik izan urtean zehar eta, ondorioz, ez zuela erosteko ahalmenik galdu. Esan dezaketen zentzugabekeria eta funsgabetasunik handiena da. KPI berria kalkulatzeko erabili duten logikaren arabera –2020ko abendutik 2021eko azarora arte, hilabetez hilabete, urte arteko KPIak batu eta gero zati 12 egin–, egin zezaketen eta egin behar zuten gutxienekoa da irizpide hori aplikatzea ordainsaritxoa eta pentsioaren eguneratzea kalkulatzeko eta aplikatzeko, erretiroa hartu edo Gizarte Segurantzan alta eman zen unetik azaroa edo urte amaiera arteko hilabeteak kontuan hartuta.

Benetan penagarria da gobernuaren eta pentsioen erreformaren lehen zatia babestu zuten sindikatuen jarrera hori. Gero, iazko pentsiodun berriek eskatzen dituzten oinarrizko eta arrazoizko eskaerak bezalakoei erantzun ez izatearen ondorioz, jendeak egiten duen kritika eta sortarazitako haserreaz kexatzen dira.

5.- Bizkaiko Batzar Nagusiek egoitzei buruz hartutako erabakiak haserretu egin du patronala

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez erabaki zuten Aldundiak egoitzen gastuen kontrola zorroztea. Sektoreko patronalek ziurtatu zuten ustezko kontrol horrek “kriminalizatuta” sentitzen zirela. Ekonomia- eta lan-eskakizun guztiak zorrotz betetzen direla diote, baita erabiltzaileak artatzen dituzten langile soziosanitarioen ratioa ere. Babestuk (Bizkaiko Egoiliarren Senideen Elkartea) uste du akordioa positiboa izan daitekeela betetzen bada; izan ere, uste du ez dagoela gardentasunik egoitza-plaza bakoitzak hilean batez beste kostatzen duen 3.000 €-ren erabilpenaz, eta, beraz, jakin behar dela zer zati bideratzen den enpresa-etekinetara eta zenbat inbertitzen den adinekoen arretarako giza baliabide eta baliabide materialetan.

6.- Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako egoitzetako langileak mobilizatzen ari dira

Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetako langileek mobilizatzen jarraitzen dute, eta behin eta berriz salatzen dute itunpeko egoitzen sektoreko patronalek diru-kopuru handiak jasotzen dituztela Aldundietatik, eta horietatik patronalek etekin handiak lortzen dituztela; aldiz, herrialde-hitzarmen duinen eskaeren aurka egin eta negoziazioa blokeatzen dute. Ikusiko dugu ea foru-kontrol hori serioa eta gardena den, eta, aldi berean, ea Aldundiek beren gain hartzen duten beren herrialde-hitzarmenen bidezko negoziazio-saiakerak desblokeatzeko eta horiei irtenbidea emateko dagokien erantzukizun erabakigarria.

Arabako egoitza pribatuetako langileak ere bueltaka eta protestaka dabiltza lehen aldiz herrialde-hitzarmen duina lortzeko; izan ere, oraingoz Estatuko hitzarmenaren menpe daude, eta soldata eta lan baldintzak Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak baino dezente okerragoak dira.

Nafarroan egoitzetako langileek greba egin zuten asteazkenean, goizean elkarretaratzea egin zuten Parlamentuaren aurrean eta arratsaldean manifestazioa. Gainerako herrialdeetan bezala, herrialde-hitzarmen duina eskatzen dute –kasu honetan ere lehena–, 70 zentrori eta 4.500 langileri eragingo diena. Salatu dute urtean 1.800 ordu lan egin behar izaten dituztela, hilean asteburu bateko atsedenaldia baino ez dutela eta hilean 1.000 €-tik beherako soldatak jasotzen dituztela. Sektoreko patronalei eta Nafarroako gobernuari eskatu zieten erantzukizuna beren gain hartzeko, lan duina eta kalitatezko zerbitzuak bermatzeko mendekotasunaren sektorean, diru publikoz lagunduta baitago.

Parlamentuaren aurrean egindako elkarretaratzean, “Egoitzak borrokan. Aitortu gure lana, hitzarmena jada!” zioen pankarta bat zabaldu zuten. Horrekin batera honako lelo hauek oihukatu zituzten: “Egoitza publikoak eta duinak”, “Putre-funtsak, zainketetatik kanpo”, “Ez gara esklabuak, langileak gara”.

7.- MARTXOAREN 3AN: poliziak Gasteizen hil zituen 5 langileen oroitzapena

Duela 46 urte, martxoaren 3an, Gasteizko hiri osoak greba orokor handi batean parte hartu zuen, patronalaren intransigentzia eta diktadura frankistaren ondorioz bi hilabete greban zeramatzaten sei mila langileren alde. Egun horretan, poliziak milaka pertsonaz osatutako batzar baketsu bat desegin zuen Zaramagako San Frantzisko elizan, langile-auzoan, bost langile gazte (Pedro Maria Ocio, Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda) hil eta ehun pertsona baino gehiago tiroz zaurituz.

Hilketari milioi erdi pertsonak erantzun zioten Euskal Herrian grebara deituta, eta milaka ekimen solidario izan ziren Estatuan, eta beste bi hilketa eragin zituzten Tarragonan eta Basaurin. Gaur egun, denbora asko igaro den arren, zigorrik gabe jarraitzen duten hilketak. Martin Villa, garai hartan Barne ministroa zena, krimen horiengatik eta beste batzuengatik akusatua, Estatuak babestuta jarraitzen du.

Gaur egungo pentsiodunak langileak ginen, soldata eta bizi-baldintza duinak defendatzen genituenak, eta askatasuna eta demokrazia lortzeko borrokatzen ginen diktadura frankistaren aurrean. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du ospakizun horrekin, eta 1976ko martxoaren 3ko biktimen omenaldirik onena arlo publikoaren, pentsio eta soldata duinen eta eskubide sozialen alde borrokatzen jarraitzea eta preskribatzen ez dituzten gizateriaren aurkako krimenengatik justizia eskatzea dela uste du.

8.- Escrivá-k pentsioen funts publikoa martxan jarri du

Pedro Sanchez-en Gobernuak onartu egin du negoziazio kolektiboaren ondoriozkoak diren enpleguko pentsio-plan pribatuei lotutako pentsio-funts publikoak sortzea arautzen duen lege-aurreproiektua. Orain Kongresura bidaliko da, lege gisa izapidetzeko. Patronalaren eta CCOO eta UGTren akordiorik gabe doa. CEOEk eta bankuek pizgarri eta hobari gehiago nahi dituzte Escrivá-k prestatutako aurreproiektuan jasotakoak baino, kotizazio sozialen murrizketari eta sozietate-zergen aitorpenari dagokienez. Gobernuaren pentsio-funtsaren proiektuak izaera publikoa du, baina kudeaketa pribatukoa da. Datorren astean, duen garrantziagatik, tarte zabalagoa eskainiko diogu gai horri.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude