Albiste eta informazio interesgarriak 2022ko uriak 8

1.- Pentsiodunen mobilizazio garrantzitsuak Hego Euskal Herrian joan den astean
Milaka euskal pentsiodun mobilizatu ginen joan den asteko astelehenean eta larunbatean Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hiriburu eta herrietako kaleetan. Astelehenean, hilaren 26an, bankuen aurrean mobilizatu ginen, lau hiriburuetan eta 70 herritan. Eta baita, hainbat erakunderen aurrean ere. Gasteizen, Udalaren eta Arabako Batzar Nagusien aurrean. Bilbon, EUDELen (Bizkaiko Udalen Elkartea) aurrean. Gipuzkoan Foru Aldundiaren aurrean eta Iruñean Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren aurrean.
Sukurtsalen eta kutxazainen itxierak, milaka lanposturen likidazioa, komisioen kobrantza oso handia, eta abar, salatu genituen, guzti horiek eragin negatibo eta erregresiboa baitute bereziki adineko pertsonengan eta pentsiodunengan. Bankuetako arduradunei gutun bat eman zitzaien, eta erakundeei, berriz, antzeko gutun bat eta txosten zabal bat, bankuen aldetik jasaten ari garen arazo larriak nabarmenduz. Jadanik 125 udalek babestu dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztu duen mozioa.

Urriaren 1ean, larunbata, Adinekoen Nazioarteko Egunean, mobilizazioak lau hiriburuetan eta Eibarren, Bergaran eta Arrasaten egin genituen. Arreta zerbitzu publikoak eta kalitatekoak planteatu eta exijitu genituen ospitaleetan, anbulatorioetan eta, bereziki, egoitzetan eta etxez etxeko arretan; era berean, pentsio publiko duinak aldarrikatu genituen, batez ere 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, duintasun minimo batekin bizi ahal izateko. Argi eta garbi adierazi zen adinak ez dituela eskubideak ezabatzen, baizik eta gizarteko gainerakoen eskubide eta errespetu berberak merezi ditugula.
2.- Urriaren 15ean, Madrilera

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM), Estatuko gainerako Erkidego eta Herrietako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin batera, mobilizazio bateratua egingo du urriaren 15ean, larunbata, eguerdiko 12:00etan Neptuno plazatik abiatu eta Callaon amaituko dena. Bertan, bildutako sinadurak bistaratuko dira eta planteatzen ditugun eskariak nabarmenduko dira.
- 2022rako eta hurrengo urteetarako pentsioen erosteko ahalmena bermatzea, urte arteko Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) igoera arabera handituz, eta 2021ean pentsioen erosteko ahalmenaren % 3ko galera konpentsatzea.
- Pobrezia-atalasetik beherako pentsiorik ez dagoela bermatzea, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala ezabatuz eta gutxieneko pentsioa handituz Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatu arte, zeina batez besteko soldataren % 60an kokatu behar den, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala.
- Pentsio publiko duinak eta Pentsio Sistemaren izaera publikoa bermatzea, 2011, 2013 eta 2021eko erreformen murrizketak indargabetzea. Pentsio sistemaren pribatizazio osoa edo partziala baztertzea, edozein formula erabilita ere.
Euskal Herritik 9 autobus abiatuko dira (1 Arabatik, 5 Bizkaitik, 2 Gipuzkoatik eta 1 Nafarroatik), 500 pentsiodun inguru joango direlarik. Oraindik plaza batzuk libre daude mobilizazioarekin bat egin nahi dutenentzat.
3.- Irailean %9ko urte arteko inflazioa
Espainiako Estatuko urte arteko inflazioaren datu aurreratua % 9koa izan da irailaren amaieran. Abuztukoa baino %1,5 txikiagoa. Kalkuluen arabera, elektrizitatearen, erregaien eta tren bidezko bidaiarien garraioaren kostuen eta prezioen murrizketa –oso mugatua– izan omen da jaitsiera horren arrazoia. Elektrizitatearen kostuen eta prezioen murrizketa Europako Batzordeak Espainiar Estaturako eta Portugalerako onartutako “salbuespen iberiarraren” ondorioa da. Tren bidezko bidaiarien garraioaren prezioena, aldiz, gobernu zentralak ezarritako deskontuen ondorioa.

Hala ere, Hego Euskal Herrian, erosketako oinarrizko produktuen supermerkatuetako prezioen igoera, irailean, iazko hilabete beraren aldean, %14 inguruan mantentzen da. Horrek esan nahi du erosketa-saskiaren oinarrizko produktuak erosteko ahalmenaren galera inflazio-tasa baino handiagoa dela.
4.- EAEko hitzarmen eguneratuen batez besteko soldata-igoera %3,78 da
Abuztuaren amaieran eguneratutako hitzarmenen batez besteko soldata-igoera %3,78koa izan da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Hemen negoziatu eta sinatutakoetan, igoera %4,77koa izan da. Baina EAEn aplikatutako Estatu mailakoetan, igoera %2,48koa izan da. Hortik dator %3,78ko batez bestekoa. Bestalde, abuztuaren amaieran 218.478 langilek baino ez zituzten hitzarmen eguneratuak, eta EAEko Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, 321.909 langilek (%54,7) luzatutako hitzarmenekin jarraitzen dute.
Datu horietatik argi eta garbi ondorioztatzen da EAEn ere aplikatzen diren Estatuko hitzarmenak, Madrilen Estatuko sindikatu nagusiek –hemen gutxiengoa izan arren– negoziatu eta adostu dituztenak, EAEn negoziatu eta adostutakoak baino okerragoak direla.
Ez da kasualitatea Estatuko hitzarmen horien eraginpeko enpresa eta sektore batzuetako langileek hitzarmen horietatik aldendu eta hitzarmen propioak negoziatu eta adostu nahi izatea. Ezta EH Bildu eta EAJ bezalako alderdiak Madrilen hitzarmenen estatalizazioaren aurka agertu izana ere. Nolanahi ere, azpimarratu behar da soldata-igoerak, bai hemen adostutako hitzarmenetan, bai Estatuko hitzarmenetan, inflazioaren edo KPIaren oso azpitik daudela.
5.- Estatuko Aurrekontu Orokorren Proiektuaren aurkezpena
Asteartean, Espainiako Gobernuko presidenteak eta Lan ministroak 2023rako Aurrekontu Orokorren Proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu zituzten. Besteak beste, pentsioak urte arteko batez besteko inflazioaren arabera handitzea, zeina, hamarren bat gora edo behera, %8,5ekoa izango dela aurreikusten den. Gutxieneko pentsioak gainerakoen ehuneko berean eguneratzea. Eta LGSren igoera atzeratu egiten da.

Badira nolabaiteko interesa duten neurri partzial batzuk. Langabezia-sariaren zenbatekoa %50etik %60ra igotzea, hasi eta sei hilabetetik aurrera. Edo Pentsioen Erreserba Funtsak, 2023tik aurrera eta 10 urteetan zehar, diru-partida bat jasoko duela. Gobernuak 2.957 milioi eurotan zenbatetsi du diru-partida hori, 0,6 puntuko kotizazio gehigarriaren (0,5 enpresaburuen kontura eta 0,1 langileen kontura) bidez finantzatuko dena. Jakina, ez da aurreikusten Estatuak, gastu ezegokiak egitearen ondorioz, Gizarte Segurantzaren Kutxarekin duen zor handia aitortuko lukeen Gizarte Segurantzaren Auditoretza burutzerik.
Pentsioen errebalorizazioa, 2023an, %8,5ekoa izango dela zalaparta handiz iragarri denez, pentsiodun askok pentsatuko dute ondo dagoela eta horrela ordainduko dizkigutela azken bi urteetako galerak. Baina zoritxarrez ez da horrela, jarraian azaldutako koadroan egiaztatzen den bezala. Era berean, aipatu behar da neurri hori hartzeko arrazoia pentsiodunen mugimenduak duela 5 urtetik hona egiten ari garen presioa dela, hein handi batean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bultzatutako ekimenengatik. Hauteskunde-interesak ere ezin dira baztertu.
Ikus dezagun 2020ko abenduaren 31n hileko 1.200 euroko pentsioa zuen pertsona baten adibide zehatza eta zenbat galdu duen 2021 eta 2022 urteen artean.
2021 urtea
Pentsioaren igoera. 2021ean, %2,5ekoa izan zen, %5,5eko urte arteko KPIa zegokion bitartean. 1.230 euroko pentsioa kobratu zuen, baina 1.266 euro kobratu behar zituen.
Atzeraeragina. Guztira, 420 euro jaso zituen (%0,9rekin kobratu zuena barne), eta 924 euro zegozkion.
2022 urtea
(Urte arteko KPIa %8,5ekoa dela suposatuz, azaro arte jakin ez arren)
Pentsioaren igoera. 2022an, igoera %2,5 izanik, 1.260,75 eurotan geratu da. Aurreko urtean %5,5 aplikatuta eta 2022an, %8,5 aplikatuko balitz, 1.373,61 euroko pentsioa jaso beharko luke. Guztira, 112,86 euro gehiago hilean.
Atzeraeragina. Urte honetatik aurrera desagertu egin da. Baina 1.580,04 euro jaso beharko lituzke.
2023rako aurreikusitako kotizaziopeko gutxieneko pentsioa
2022an 675,2 eurokoa izan da. %8,5eko igoerarekin, 732,59 eurokoa izango da.
Ondorioa. 2023an, %8,5eko igoeraren bidez, ez da berreskuratzen 2021eko eta 2022ko pentsio nominalaren galera metatua, ezta dagozkion atzeraeraginak ere. Eta gutxieneko pentsioak kaka zaharra izaten jarraitzen du.
6.- Etxeko langileek gainerako langileen lan-eskubide berberak izan behar dituzte
Astelehenean, Bilboko elkarretaratzean, emakume pentsiodun batek parte hartu zuen, duela hilabete Espainiako Gobernuak etxeko langileei langabezia kobratzeko eskubidea aitortu ziela adierazteko. Baina aurrerapen partzial eta etsigarri samarra dela gaineratu zuen, urrian bakarrik hasi ahal izango baitira kotizatzen eta ez baitute langabezia-prestaziorako eskubiderik izango datorren urteko urrira arte.

Etxeko langileek, kontratua izan arren, ia eskubiderik gabeko erregimen berezi batean kotizatzen dute. Eta salatu zuen Gobernuak urtebete atzeratu duela (2023tik 2024ra) etxeko langileen integrazioa Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean, eta horrek eragin negatiboa duela, besteak beste, kolektibo horren pentsioen kalkuluan, kotizazio-hutsune asko dituztelako.
Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartearen datuen arabera, egindako kontsultak kontuan hartuta, %57 Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetakoak dira. Langile horien %73 barnekoak dira, eta horien ia erdiak ez du paperik, egoera irregularrean daude. Eta barne-lanetan daudenen %98k zaintza-lanak egiten dituztela, batez ere adinekoenak. Zaintza-lan horrek berekin dakar, besteak beste, zaintzen duten pertsona hiltzen denean lanik gabe geratzea, hilabete bakarreko kalte-ordaina izanik.
Horregatik, gaur egungo Atzerritartasun Legea indargabetzea eskatu behar da, eta mendekotasuna duten pertsonak etxean zaintzen dituzten migratzaile horiek guztiek eskubideak bermatuko dizkien kontratua izan dezaten.
7.- Mobilizazioak eta lanuzteak Frantziako Estatuan, soldatak, zerbitzu publikoak eta erretiro-adina defendatzeko
Pasa den irailaren 29an, Frantziako Estatuan, 200 bat mobilizazio eta lanuzte egin ziren aireportuetan, trenbideko garraioan eta autobusetan, irakaskuntzan eta postetxe eta enplegu-bulegoetan. CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek deitu zituzten, eta, Ipar Euskal Herrian, LABek bat egin zuen haiekin, mobilizazioen deialdi bateratua eginez. Irakaskuntzan, Snuipp-FSU eta Sud Education hezkuntzako sindikatuek ere mobilizazioarekin bat egin zuten. Lapurdiko hiriburuan, Baionan, 1.000 pertsona baino gehiago bildu ziren manifestazioan. Beste bat, jende kopuru txikiagoarekin, Donapaleun egin zen, LABek deituta. Eskatutako hiru aldarrikapen nagusiak hauek izan ziren:
Soldatak eta lanaldia. Soldatak inflazioaren edo KPIaren arabera igotzea, abuztuan %5,9koa baitzen, soldaten batez besteko igoera %2,3koa zen bitartean. Lanbide arteko Gutxieneko Soldata, gaur eguneko 1.329 euro garbitik 1.662 euro garbi izatera pasatzea.
Zerbitzu publikoak eta irakaskuntza hobetzea. Plantillak handitzea eta lan-baldintzak hobetzea, bai eta gizarte-prestazioak ere, ezagutzen ari den prekarietateari aurre egiteko.
Erretiro-adina. Gaur egun 62 urtetan dago, eta Macronen gobernuak, 65 urtetik 67ra pasatuz hemen egin denaren antzera, 65 urtera modu mailakatuan igaro nahi du. Gaur egun, 62 urterekin %100eko pentsioa jasotzeko beharrezkoa da 172 hiruhilekotan kotizatu izana (43 urteren baliokidea). Manifestazioetako pankartetan eta banderatxoetan erretiro-adina luzatzeari uko egiteaz gain, adin hori 60 urtekoa izatea eskatzen zen.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) Ipar Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko pentsiodunei, aurrejubilagarriei eta langileei elkartasuna adieraztea, besterik ezin dugu egin. Ez legoke gaizki Ipar Euskal Herria eta Frantziako Estatua bezalako ekimen konbergenteak –sindikatu garrantzitsu batzuek horrekin bat egin ez badute ere–, azaroan Hego Euskal Herrian zehaztu eta partekatzea, EHPMa proposatzen ari den bezala. Itxaropentsu gaude.
