Albiste eta informazio interesgarriak 2022ko urriak 22

1.- Pentsiodunen manifestazio arrakastatsua Madrilen urriaren 15ean
Urriaren 15ean, larunbatean, Madrilen egin zen pentsiodunen manifestazio bateratua arrakastatsua izan zen. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, Estatuko beste Erkidego eta Herri batzuetako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin batera, bertan milaka lagun bildu ziren, gehienak pentsiodunak, eta sindikatu eta gizarte-kolektibo batzuetako pertsonak ere batu ziren.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren ordezkaritza oso zabala, ikusgarria eta aktiboa izan zen. 10 autobusek, hainbat autok eta beste era batera bidaiatu zuten lagunek Euskal Herriko 550 pentsiodunek baino gehiagok manifestazioan parte hartzea eragin zuten. Aipatzekoa da bertaratu ziren lagunen kopurua, horietako batzuk 80 urte edo gehiago izanda.
Azken ekitaldian, deialdia egin zuten pentsiodunen plataformetako eta mugimenduetako ordezkariek parte hartu zuten, eta bildutako sinadurak nabarmendu ziren. 150.000 aurrez aurre eta 75.000 internet bidez jasota, 225.000 guztira. Euskal Herria izan zen sinadura kopururik handiena aurrez aurre bildu zuena, 70.000 sinadura.

Mobilizazioaren tamainak eragindako giroak eta emozioak isla izan zuten Estatuko Erkidego eta Herri guztietako pentsiodunen arteko aurpegi eta agurretan. Bertaratutakoen artean, Euskal Herriko segizioan euskararen erabilpena nabari zen, hala nola katalana eta galegoa Erkidego horietatik etorritakoen artean. Hainbat alderditako Kongresuko diputatuek ere parte hartu zuten, tartean Iñaki Ruiz de Pinedo euskal diputatua, Gasteizko pentsiodunen autobusean joan-etorriko bidaia egin zuena.
Harrera hunkigarria Alciratik (Valentzia) abiatu ziren ibiltari pentsiodunei
Oso harrera beroa eta hunkigarria izan zen urriaren 1ean Alciratik (Valentzia) Madrileraino ibiltzen hasi ziren pentsiodunen taldeari egindako harrera. 15 egunez, oinez 310 kilometro egin zituzten Estatuko hiriburura iritsi arte. 25 pentsiodun inguru izan ziren, gizonak eta emakumeak, bide osoa egin zutenak, nahiz eta haien kopurua handitu egin zen etapa batzuetan. Pozik zeuden ibilaldiak zeharkaturiko hainbat herritan izan zuten harreragatik. Bizkaiko Labe Garaietako jubilatu eta Barakaldon bizi den Periko Bergarak ibilaldiarekin bat egin zuen ibilbide osoa eginez. Bertan, une orotan, ikurrina eraman zuen, Euskal Herrikoa zela adierazteko.
Luisa ere martxa horretan izan da bere 83 urterekin nahiz eta ibiltzea gustatu ez. Hala ere argi eta garbi salaketa egin nahi zuen ongizate gizartea lapurtu nahi digutela, eta ozenki aldarrikatu eskubideak beti mobilizazioekin lortu izan direla. Eutsi goiari, Luisa.

2.- Sinadurak Diputatuen Kongresuan entregatzea eta gutunak Kongresuko talde politikoei ematea
Datorren asteazkenean, hilak 26, sinadurak eramango dira, eta Kongresuko talde guztiei zuzendutako idazki batekin batera egingo da. Bertan honako hau planteatzen zaie: 1. Pentsioak pobretzea saihestea. 2. Guztiontzako pentsio duinak bermatzea. 3. Pentsio publikoak defendatzea, eta ez pribatizatzea. Amaitzeko, Kongresuko talde guztiei premiazko bilerak egiteko eskaera egiten zaie, gure eskariak zuzenean helarazteko eta Diputatuen Kongresuan defenda ditzatela planteatzeko.
3.- Azaroak 19: mobilizazio orokorra Estatuko Erkidego eta Herri guztietan
Asteak daramatzagu iragartzen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Estatuko gainerako Erkidego eta Herrietako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin batera egindako akordioa, azaroaren 19an mobilizazio orokor bat lurraldeka bultzatzeko, bakoitzean burujabetza osoz antolatuz eta beste eragile sozial eta herritarrekin (sindikatuak, emakumeen kolektibo eta mugimenduak, gazteak, ekologistak…) ahalik eta konbergentzia zabalena, irekiena eta pluralena bilatuz. Jasaten ari garen arazo sozial larrien aurrean erantzun sendoa eman nahi da, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzen ari diren une honetan.
Joan den larunbatean, Madrilgo manifestazioan, hasiera eman zitzaion publikoki azaroaren 19a Hego Euskal Herrian eta Estatuko gainerako Herrietan arrakastatsua izan dadin egin nahi den kanpainari. Mobilizazio horren helburu komunak pentsio publikoak, soldatak, zerbitzu publikoak eta bestelako eskubide sozialak hobetzea eta babestea izango dira, esparru horietan guztietan jasaten ari garen murrizketen eta atzerapausoen aurrean. Murrizketa eta atzerapen horiek prezioen eta inflazioaren igoera eskandalagarriaren ondorioz areagotu dira, eta erakunde askok babestutako enpresa multinazional handiek, oligopolio ekonomikoek, bankuek eta abarrek ez dute beste irtenbiderik eskaintzen, herri-klaseek osatzen duten gizartearen gehiengoaren kontura kostuak murriztea baizik.

Hego Euskal Herrian, pentsiodunen mugimendua harreman-lan handia egiten ari da sindikatuekin eta hainbat gizarte-talderekin, egun horretan Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean, eta beharbada eskualde batzuetan ere, egingo diren mobilizazioen antolaketa eta aldarrikapenak partekatu, elkartu eta adosteko. Mobilizazio horietan jende guztia bere burua aitortuta eta eroso sentitzea nahi dugu, justifikaziorik gabeko desadostasunak sor ditzakeen inolako protagonismorik gabe. Hainbat sindikatu garrantzitsuren eta gizarte-talderen babesa edo konbergentzia ba dugu dagoeneko. Baina ezinbestekoa da, hurrengo asteetan zehar Azaroaren 19ra arte, Hego Euskal Herriko hiriburu eta herri guztietan herritarrak mobilizazioan parte hartzera animatzeko ahaleginak biderkatzea. Pentsiodunen mugimendua horretan ari gara, ilusio handiz, jokoan dugunaren jakitun.
4.- Osakidetzak iragarri du aldi baterako 2.109 langile finko egingo dituela eta 358 plaza berri sortuko dituela Lehen Mailako Arretan
Osakidetzak eta Lakuako Gobernuak “mugarri” historiko gisa aurkeztu dute iragarki hau. Baina oraindik ez dute zehaztu plan horiek zein epe eta datatan gauzatuko diren. Are gehiago, egiturazko 2.109 lanpostu beste hainbeste aldi baterako profesionalekin sortuko direla eta, beraiek egindako ahalegin handitzat jo nahi dute. Baina ezin ahaztu lanpostu horiek ez direla berriak; izan ere, behin-behineko langile horiek, mugikortasuna gorabehera, egiturazko lanpostu horiek betetzen ari ziren, izaera horretako lanpostu finko gisa onartuak izan gabe. Lehen Mailako Arretako 358 plazei dagokienez, Osakidetzak aitortu du “ulertzen duela erabiltzaileen haserrea”, 200 plaza huts bete gabe zirela, eta plantilla murriztu egin dela erretiroa hartu duten edo soldata baxuak eta lan-baldintza txarrak zituztelako Lehen Mailako Arreta utzi duten langileen ondorioz.
Gainera, neurri horiek hartu dira, batetik, Europak, berreskuratze-funtsak jaso ahal izateko, behin-behinekotasun-tasa %7ra baino gutxiagora jaistea eskatzen duelako, oraindik ere behin-behinekotasun-tasa %40an dagoenean; eta, bestetik, aspalditik dagoen presio sindikal eta sozialaren ondorioz, Osakidetzari eta Jaurlaritzari ez zaielako beste erremediorik geratu horrelako neurriak hartzen hastea baino, nahiz eta oraingoz iragarpen hutsa besterik ez diren.

Osakidetzaren arazoak, gainera, ez dira proposamen horiekin amaitzen. Hor daude, besteak beste, Basurtuko Ospitaleko Bihotzeko Kirurgia Gurutzetara eramatearen ondoriozkoak, edo Donostiako Onkologikoari buruzkoak, hilaren 15ean, larunbatean, Gipuzkoako hiriburuan protesta-manifestazio masibo bat egitearen arrazoi izan zirenak. Hor dago zerbitzu soziosanitarioen arazoa ere (Aldundien mendekoak, neurri handi batean), adibidez, egoitzetako adinekoen arretaren kalitate eskasari eta langileen soldata- eta lan-baldintza eskasei dagokienez. Gatazka iturri iraunkorrak dira egoiliarren senideen elkarteekin eta, bereziki, behin eta berriz kalean grebak eta mobilizazioak egitera behartuta dauden langileekin, gaur egun Bizkaian eta Nafarroan gertatzen den bezala.
5.- EAEko hiru Foru Ogasunek 1.027 milioi euro gehiago bildu dituzte irailera arte
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek urteko lehen bederatzi hilabeteetan bildutako zergen ondoriozko diru-sarrerak 1.027 milioi euro gehiago izan dira, iazko aldi berean baino. Horrek esan nahi du %9,49ko igoera izan dela. Aurreikusten dute igoera-ehuneko hori pixka bat arinduko dela hemendik urte amaierara; hala ere, urte amaieran %7,2koa izango dela kalkulatu dute. Aurreikuspen horiekin 17.000 milioi euro baino gehiago biltzea espero dute. Beti bezala, PFEZ eta BEZ zergen bidezko diru-bilketa da gehien handitu dena. Behin eta berriz gogoratu behar dugu Lakuako Gobernuak dirua duela jasaten ari garen gizarte-premiei erantzuteko, eta, bereziki, 1.080 eurora arteko gutxieneko pentsioen osagarria bermatzeko.
6.- 2023rako PFEZn %2ko deflaktazio berria adostu dute euskal erakundeek
Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EUDELek 2023rako PFEZn %2ko deflaktazioa ezartzea adostu dute, aurten aplikatutako %5,5eko deflaktazioari gehituta. Era berean, urteko 30.000 eurotik beherako zerga-oinarrietarako 200 euroko kenkariari eutsiko zaio, eta 30.000 eta 35.000 euro bitartekoek murrizketa mailakatua izango dute.
Beste behin ere, deflaktazio-eredu horrek errentarik altuenei egingo die mesede gehien. Eskala txikiagoan errenta ertainei eta ezer ez klase pobreenei –horien artean dozenaka mila pentsiodun, batez ere emakumeak–1.000 euroko pentsiora, ezta urrutitik ere, iristen ez direnak.

7.- DSBEari buruzko akordioak eta negoziazioak
Duela egun batzuk aurreakordio bat itxi dute Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) proiektu berriari buruz. Bertan, aurrerapen batzuk aurreikusten dira DSBEren prestazioaren zenbatekoan, prestazio hori jaso ahal izateko adina 23 urtetik 18ra murriztea, eta familia zaurgarrienen sarbide-baldintzak hobetzea.
Bestalde, EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu du, besteak beste, pentsiodunentzako DSBEa 1.200 eurokoa izan dadin ordainsari bakoitzeko, baina DSBEa 12 ordainsaritan denez, horrek ondorioztatzen du, pentsiodun gisa jasotzen ditugun 14 ordainsaritan, 1.028 euro. Zenbateko horrekin batera, banakako izaera izatea proposatu du, hau da, etxe batean DSBE jasotzeko eskubidea duten bi pentsiodun bizi badira, horietako bakoitzak 1.200 euro jasotzea. Bestalde, proposatu du Administrazioak ofizioz jardun dezala, hau da, adinekoak diren pentsiodunek ez dezatela eskatu beharrik izan, mila paperekin bueltaka, baizik eta administrazioak onartu eta aplika diezaiela, PFEZaren aitorpenen bidez pertsona ororen diru-sarrerak sobera ezagutzen baititu.
8.- Pentsiodunek errenten galera beren gain hartzea nahi du Espainiako Bankuak
Espainiako Bankuko gobernadore Pablo Hernández de Cosek, Diputatuen Kongresuko Aurrekontu Batzordean egindako agerraldian, ohartarazi zuen “etxeek, enpresek eta administrazioek beren gain hartu behar dutela errenten galera”. Eta gaineratu zuen errenten galera horrek pentsiodunengan ere eragina izan behar zuela.
Espainiako Estatuan dauden 9 milioi pentsiodunek, herritar guztiek bezala, inflazioak beren poltsikoetan duen eragina beren gain hartu behar dutela adierazi zuen. Eta, inflazioaren kostuak banatzeko, sindikatu eta enpresarien arteko errenta-itun bat adostea ezinbestekotzat jotzen zuela. Gutxieneko pentsioak 2023an KPIaren bidez igotzearen alde agertu zen, baina aldi baterako bakarrik. Gainerakoei buruz ez zuen ezer esan, nahiz eta “aitortu” legeak adierazten duela errebalorizazioa batez besteko inflazioaren araberakoa izan behar dela.

Aurrerago, Fedea (Ekonomia Aplikatuko Azterlanen Fundazioa) izan da pentsioetan murrizketak proposatzen joan dena. Fedea Estatu espainiarreko finantza eta enpresa talde garrantzitsuenek babesten dute (Espainiako Bankua, Caixabank, Santander, ACS Fundazioa, Bankia, Mapfre, Enagas, Telefónica, BME, …) eta pentsioen eguneratze “selektiboa” proposatzen du. 800 eurotik beherako pentsioen kasuan, %11raino irits daitekeen eguneratzea; 800 eta 1.400 euro bitarteko pentsioen kasuan, %11 eta % 2,5 bitarteko beheranzko mailakatua; 1.400 eurotik aurrera, %2,5.
Horrek esan nahi du, %11 eguneratuta ere, gutxieneko pentsioa 749,4 eurokoa izango litzatekeela. Kaka zaharra, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren oso azpitik. Eta kalkulatzen dute, ehuneko atzerakoi horien bidez, Gizarte Segurantzaren Kutxak 6.000 milioi euro “aurreztuko” lituzkeela, legeak ezarritako batez besteko KPIaren % 8,5 aplikatzearen ondoriozko kostuarekin alderatuta.

2023an, %8,5 aplikatuta, asko galduko badugu, azken bi asteetako Albisteen buletin honetan azaldu den bezala, horrelako proposamenen ondorioz gure pentsioen sarraskia izugarria izango litzateke.
