Albiste eta informazio interesgarriak   2022ko urtarrilak 16

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodunen berri hauek

1.- Pentsiodunen Mugimenduaren ekimen ugari astean zehar

Astelehenean elkarretaratzeak hasi ziren Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 70 bat herritan. Horietan guztietan, atzo, urtarrilak 15, Euskal Herriko pentsiodunen egungo mugimenduaren sorreraren IV. urteurrena ospatzeko kalera indartsu ateratzeko zergatiak eta arrazoiak azaldu ziren. Herri askotan banatu ziren orriak, lau hiriburuetan (Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruña) eta 5 herritan (Eibar, Ondarroa, Tafalla, Altsasu eta Lizarra) egingo diren manifestazioen garrantzia azpimarratuz.

Asteartean 10 lagun pentsiodunen itxialdia hasi zen Donostian, eta aste osoan zehar iraun zuen, atzo arte. Eta, itxialdiarekin batera, astean zehar hainbat ekimen garatu dira egunero Gipuzkoako hiriburuan: Elkarretaratzeak Loiolan dagoen Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren aurrean eta Pio XII.-an dagoen Gizarte Segurantzaren Arreta eta Informazio Zentroaren aurrean; auto karabana txikiak larunbateko manifestazioa iragartzeko; orri banaketa… Halaber, itxialdian zirenek zenbait kolektiboren bisita solidarioa jaso zuten.

Asteartean bertan, Tabakaleraren atarian (Donostian ere bai), nazio mailako prentsaurrekoa egin zuen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, 15erako manifestua irakurriz eta lau herrialdeetan aurreikusitako ekimen guztien eta 9 manifestazioen lekuen eta orduen berri emanez. Bezperan herrialdeko prentsaurrekoa egin zen Iruñean, eta asteazkenean, Bilbon. Gasteizen, eraginkortasun-arrazoiak zirela eta, prentsaurrekoaren ordez hainbat elkarrizketa egin zituzten komunikabide ezberdinetan.

Ostiralean, Bizkaiko hogei baino zertxobait gehiago emakume eta gizon pentsiodunek itxialdia egin zuten Bilbon, ostiral arratsaldetik larunbat goizeko 11:00ak arte, ondoren manifestaziora joateko.

Astean zehar, manifestazioetan parte hartzeko babes eta konpromisoa adierazten zuten komunikatuak argitaratu ziren. Horien artean daude euskal gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT-LKN eta CNT), gazteen hainbat kolektibo, egoitzen erabiltzaileen senideen elkarteak (Arabako Babestu, Bizkaiko Babestu eta Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza) eta hainbat kolektibo feminista. Era berean, Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen hainbat plataformen eta mugimenduen (ASJUBI40, COESPE, MADPP eta Andaluziako FOAM, Galiziako MODEPEN, UNIDAD COESPE, Badajozeko eta Mostoleseko Pentsiodunen Plataformak) babesa eta elkartasuna adierazteko agiri bateratua jaso zen eta baita Badalonako Pentsiodunen Mugimenduaren eta Andaluziako COESPEren beste agiri espezifikoak ere.

2.- 2022ko urtarrilaren 15a. Parte hartze arrakastatsua Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bere IV. urteurrenean antolatutako manifestazioetan.

Bizkaian, eguna hasi zen 8:45ean, Santurtzitik Bilborako (12 kilometro) ibilaldiaren hasierarekin, Ezkerraldeko eta Meatealdeko pentsiodunen mugimenduak bultzatuta 500 pentsiodunek parte hartu zuten. Goizeko 10:00etan Uribe Kostako (Eskuinaldea) ibilaldia hasi zen, Erandiotik Bilbora (5 kilometro baino gehixeago) beste 60 pentsiodun batu ziren. Biak 11:30ean elkartu ziren Bilboko Kale Nagusian, manifestazioa hasi baino pixka bat lehenago. Gainerako hiriburu eta herrietan manifestazioak edo kontzentrazioak hasten ziren lekuetara zuzenean joatea erabaki zen, eguerdiko 12:00etan hasita. Guztiak oso aktiboak eta koloretsuak izan ziren, eta horietako batzuetan txistulariek, bertsolariek eta abeslariren batek parte hartu zuten.

15.000 lagunek baino gehiagok parte hartu genuen Hego Euskal Herri osoan. Bilbon (10.500), Ondarroan (375), Lekeition (85), Donostian (1.500). Eibar (800), Gasteiz (900). Iruña (950), Tafalla (150), Lizarra (40), Altsasu. (120).

Manifestari gehienak pentsiodunak izan arren, euskal gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek, hainbat kolektibotako gazteek, egoitzen erabiltzaileen elkarteetako senideek eta hainbat kolektibo feministatako emakumeek modu esanguratsuan parte hartu zuten. Eta ezin dugu Gasteizko eta Donostiako manifestazioetan Gaztela eta Leoneko pentsiodunen ordezkaritzen presentzia solidarioa aitortu eta zoriondu gabe utzi.

Mobilizazio horiek, berriz ere, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak dituen mobilizazio- gaitasuna eta gizarte-erreferentzialtasuna erakusten dituzte; izan ere, lau urteren ondoren, pentsio publiko eta duinen alde, osasun publiko eta kalitatezkoaren alde (ospitaleetan, lehen mailako arretako zentroetan, egoitzetan, adinekoei arreta eta zaintza emateko zentroetan…) borrokatzen jarraitzeko eta langileei kalitatezko enpleguen eta soldata duinen alde elkartasunez laguntzen jarraitzeko borondate irmoa erakutsi zuten. Eta merezi du nabarmentzea mugimenduak dituen identitate-, batasun-, aniztasun- eta errespetu-ezaugarriak, inoiz baino beharrezkoagoak baitira bat etortze- eta koordinazio-ekimen bateratuak bultzatzeko, elite ekonomiko eta politikoek, espainiarrek, euskal eliteek eta gainerakoek sorturiko arazo larriei aurre egin ahal izateko.

3.- Pandemiari aurre egiteko, baliabide eta plantilla publiko gehiago eta pribatizazio gutxiago

Euskal gizartearen gehiengoa kezkatuta dago osasun-sistemaren arlo ezberdinak guztiz ahulduta eta ia-ia kolapsatuta daudelako –batez ere pandemiaren ia bi urte hauetan–, eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuak, Osakidetza, Osasunbidea eta Foru Aldundiak beren jardueretan ezgaitasuna eta kontrol eza adierazten dituztelako.

Egunero, kezkak eta protestak areagotu egiten dira. Egoitzetan, azken asteotan, kutsatzeen eta ospitaleratzeen kopuruak gora egin du, eta baita 60 urtetik gorako taldeetan ere. Bertako langileak, aspaldidanik, mobilizatzen ari dira arreta-zerbitzuak eta haien lan-baldintzak hobetzeko, haien osasuna barne.

Lehen mailako arretan, gainezka egitea eta kolapsoa ia orokorra da; hori dela eta, sektoreko langileen eta sindikatuen protestak ez ezik, herri askotan herri-plataforma bateratuek deituriko kontzentrazioak egiten dituzte osasun-zentroen eta anbulatorioen aurrean, manifestazioak egiten dituzte, udalei interpelazioak egiten dizkiete eta sinadurak era masiboan biltzen dituzte gobernuen eta osasun-erakundeen murrizketak salatzeko, eta, aldi berean, premiazko eta berehalako konponbideak eskatzen dituzte. Arazoa ospitaleetan ere errepikatzen da.

Zail samarra da, batez ere azken aste hauetan egiten ari diren protesta- eta mobilizazio-ekimen eta deialdi guztiak hemen deskribatzea, askotan oso zabalak, sakabanatuak eta atomizatuak direlako.

Horiek guztiak interesgarriak eta positiboak dira, kalean egiten den protesta sozial zabalaren adierazgarri, baina sakabanatuta eta koordinaziorik gabe egoteak ez du fruitu nahikorik ateratzen uzten, gobernuek eta osasun-erakundeek halako erantzun eta presio soziala jasan dezaten, neurri eraginkorrak, serioak eta arduratsuak hartzera behartuta senti daitezen, eta ez petatxuak, gizartearen gehiengoaren osasunerako eta bizitzarako funtsezkoak diren zerbitzu horien pribatizazio gero eta handiagoa bultzatzen duten bitartean. Ez legoke soberan arazo larri horiei buruzko hausnarketa egitea, ahaleginak bateratzeko eta koordinatzeko beharra ulertzeko, modu bateratuan, askotarikoan, malguan eta alferrikako protagonismorik gabe.

4.- Kezka sindikala Hego Euskal Herrian inflazio maila altuagatik eta datorren lan erreformagatik

Joan den urtearen amaieran izandako % 6,7ko inflazioak soldaten erosteko ahalmenaren galera handia ekarriko du, pentsioena bezala, eta kezka handia sortzen du euskal sindikatu guztietan. Enpresaburuek jakinarazi dute ez dutela soldatak inflazio-maila edo KPI horren arabera eguneratzeko borondaterik. Aitzitik, ez du ezta soldaten horrelako igoerara edo eguneratzera hurbildu nahi ere, erosteko ahalmenaren galera hain garestia ez izateko.

Bestalde, aurrekoarekin batera, euskal gehiengo sindikala osatzen duten sindikatu guztietan ere kezka handia sortzen du lan-erreformak. Egin nahi den lan-erreformak, lehenik Zapaterok 2010ean eta gero Rajoyk, aurrekoa are gehiago gogortuz, 2012an egindako bi lan-erreformen murrizketen eta baldintza erregresiboen zati handi bat mantentzen du. Ez da kasualitatez CEOEk eta Confebaskek erreforma hori defendatzea eta babestea, enpresarientzat interes handiko lan-baldintzak mantentzen baitira. Era berean, Damoklesen ezpatatzat hartzen jarraitzen du Estatu mailako hitzarmenen nagusitasun normatiboak, lurraldeko hitzarmenen eta hitzarmen autonomikoen aurrean, Hego Euskal Herriko negoziazio kolektiboko esparruak mugatuz eta euskal gehiengo sindikalak Euskal Herrian autonomiaz eta subiranotasunez hitzarmenak negoziatzeko eta adosteko izan beharko lukeen aitortza ukatuz.

ELAk, LABek eta euskal gehiengo sindikala osatzen duten gainerako sindikatuek mobilizazioak eta erantzun sendoak iragarri dituzte arazo horien aurrean. Jakitun dira eraso horiek geldiarazteko irmo mobilizatu behar direla, edo, bestela, langileek galera nabarmenak izango dituztela, eta, ondorioz, sindikatuengan duten konfiantza ahulduko dela. Ez du balio soilik euskal alderdiei Kongresuan erreformari ezezko botoa ematea exijitzeak. Horrekin batera lantokietan eta kalean mobilizazio irmoa ez badago, oso gutxi dago egiteko. Jakitun dira, horretarako, pentsiodunen mugimenduaren laguntza izango dutela.

5.- Inflazioa gora, pentsioak eta soldatak behera

Espainiako Estatuko inflazioaren hazkundea % 6,7ra iritsi da 2021ean, duela hiru hamarkadatik ezagutzen den tasarik altuenera. Eta hazkunde hori errepikatu egin da, apur bat arindua bada ere, eurogunean, % 5eko batez bestekoarekin, baina bere lokomotor ekonomikoa den Alemanian, % 5,7ra igo da. Itxura guztien arabera, 2022an, inflazioa handia izango da Espainiako Estatuan, Europan, baita nazioartean ere. ELGAk berak eta Europako Banku Zentralak hala uste dute, epe labur eta ertainean susperraldi eta hazkunde ekonomikoan jarritako ilusioak moteldu egin behar direla aurreratu duten bezala.

Beste behin ere, multinazional handiek, oligopolio ekonomikoek eta banku zentralek, Estatukoek eta Estatuaz gaindikoek prezioen igoera kontrolik gabea estaltzeko aitzakia partzialak erabiltzen ari dira, hala nola energiaren eta lehengaien prezioen igoera, enpresa nagusien horniduren zailtasunak, mugikortasun-arazoak eta garraioen garestitzea, … horiek guztiak Covid-19aren pandemiaren mundu mailako dimentsioak eraginda.

Justifikatu nahi dute prezioen igoera eta ezagutzen ari garen krisia, arrazoi naturalek, kasu honetan pandemiak, sortuak direla, eta merkatuak erregulatu eta doitu egingo dituela. Korporazio ekonomiko handiek eta botere politiko eta instituzional handiek erantzukizun larriak saihesten eta ezkutatzen dituzte, ekonomia eta merkatua berez arautzen den zerbait abstraktua balitz bezala, haiek inolako erantzukizunik izan gabe.


Hala ere, sistema kapitalistaren krisi berri baten aurrean gaude, non inoiz baino gehiago multinazional eta oligopolio ekonomiko handiek dena menderatzen eta determinatzen duten, halako moldez non banku zentral handi askok –Europako Banku Zentralak barne–, eta Estatuko botereek, adibidez, ez duten prezioak arautzeko neurririk hartzen. Eta okerragoa dena, talde ekonomiko handi horiek pandemiaren krisia eta inflazioaren eta prezioen igoera aprobetxatzen ari dira etekinak handitzeko. Baina hori, jakina, soilik lor daiteke soldaten, pentsioen eta gizarte-zerbitzu mota guztien kostua murriztuz, baita enpresa txikiei eta negozioei lotutako enpresa-sektoreak itotzearen kontura ere.

Inflazioari eusteko aitzakiaz, presio handiak pentsioak eta soldatak KPIaren igoeraren bidez ez eguneratzeko

Ez da kasualitatea botere ekonomiko handiek eta haien zerbitzura dauden erakunde politikoek, baita botere horiei aurre egiteko prest ez dauden ezkerreko alderdiek ere, presio handia egitea pentsioak, soldatak eta beste beharrizan sozial batzuk inflazioak izandako igoera berdinaren bidez eguneratuak izan ez daitezen. Eta presio horren ondorio dira, hain zuzen ere, pentsioen erreforma, lan-erreforma eta osasunarekin eta beste gizarte-zerbitzu batzuekin egindako politika, hori guztia gizarte-gehiengoaren gastuak murriztera bideratuta, eta, aitzitik, elite ekonomikoek eta politikoek osatutako gutxiengo sozialaren onurak eta prebendak bermatzera.

Bere eragin suntsitzaileak

Estatu espainiarrean dituen eragin suntsitzaileak erraz deskribatzen dira. Abenduan urteko % 6,7ko inflazioa erreferentziatzat hartzen badugu, pentsioen galera % 3koa izatearen ordez, % 4,2koa izango da. Horrek esan nahi du 2021ean, hilean, 42 euro galduko direla 1.000 euroko pentsiorako. Eta 65 urtetik gorakoentzako kotizaziopeko gutxieneko pentsioa hilean 710,40 eurotan geratuko dela.

Estatu osoko soldaten batez besteko igoera % 1,5ekoa izan da 2021ean. Hego Euskal Herrian zertxobait txikiagoa da, % 1,15 inguru. Kalkuluen arabera, Estatu osoko soldaten erosteko ahalmenaren urteko batez besteko galera 500 euro ingurukoa izango da. Galera hori urteko 650 eta 700 euro bitartekoa izan daiteke Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, batez besteko soldata-igoera txikiagoa izan delako eta soldata handiagoei eragiten dielako.

LGSak (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) % 1,57ko igoera izan zuen irailetik aurrera –urtarrilaren 1erako atzeraeragina ez zitzaion aitortu–, eta hilean 965 eurokoan kokatu zen. Inflazioaren % 6,7ko igoera aplikatuta, 1.013,65 euro egokituko litzaizkioke. Oraingoz, urte honetarako eguneratu gabe jarraitzen du.

Erosteko ahalmenaren benetako galera are larriagoa izango da langabezia-prestazioak, bekak eta asistentziazko laguntzak jasotzen dituztenen kasuan. Kontzeptu horien erreferentzia IPREM delakoa (Eragin Anitzen Adierazle Publikoa) da, 579 eurotan finkatuta dago, milioi bat pertsonari eragiten die eta % 2,5 igoko da. Era berean, BGDS (Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera) 2021ean % 3,4 igoko da eta 2022an % 3, baina 491,62 eurotan geratuko da pertsona heldu batentzat. Euskal Autonomia Erkidegoko DSBEri dagokionez, 2022rako % 3ko igoeraren ondoren, bakarrik bizi den pentsiodunarentzat 727,18 eurokoa izango dela aurreikusten da.

Jakina, aurten % 2,5 edo % 3ko igoerak aplikatzen badira, litekeena da 2022an erosteko ahalmenaren narriadura are handiagoa izatea, zifra horiek baino inflazio handiagoa aurreikusten baita.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *