Albiste eta informazio interesgarriak. 2022ko urtarrilak 22

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduaren berri hauek

1.- Urtarrilaren 15eko mobilizazioen arrakasta, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduarentzako akuilua

Urtarrilaren 15ean,  Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Eibar, Ondarroa, Lekeitio, Tafalla, Altsasu eta Lizarrako herrietan izandako manifestazioetan, 15.000 pertsona baino gehiagok –gehienak pentsiodunak–  parte hartu zuten. Arrakasta handia izan zen, zalantzarik gabe.

Manifestazioetan parte hartu zuten langileek, egoitzetako erabiltzaileen senideek, gazteek eta emakumeek beren miresmena eta estimua adierazi zieten pentsiodunei, beste behin ere, adina gorabehera, kaleak harrotasunez eta duintasunez okupatzen baitzituzten.

Pentsiodunen artean, zegoen indarra eta hainbeste jenderen babesa ikusita, oro har, moralaren eta animoaren injekzio berri bat zela esaten zen, batez ere astelehenetan pentsiodun kopuru mugatu bat biltzen duten herri ertain eta txikietako partaideentzat. Pertsona batzuek errekonozimendu izugarria merezi badute, inolako zalantza-izpirik gabe, herri ertain eta txikietako kide horiek dira, borrokan jarraitzen dutenak, nahiz eta ezin hiriburuetan edo herri handietan adina jende bildu eta kontzentratu.

Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen plataformek eta mugimenduek Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua zoriondu zuten, mobilizatzeko dugun gaitasunagatik ez ezik, beren Erkidego eta Herrietan pentsiodunekin lan egiteko animoaren, batasunaren eta aniztasunaren erreferentea delako haientzat. Bereziki, pozik eta eskertuak agertu ziren Gasteizko eta Donostiako manifestazioetan parte hartu zuten Gaztela eta Leongo ordezkaritzetako pentsiodunak.

Asteleheneko elkarretaratzeetan, larunbateko manifestazioetatik bi egunera, nekeari eta hotzari aurre eginez, izandako parte-hartzea aurreko astelehenekoak baino handiagoa izan zen. Zalantzarik gabe, urtarrilaren 15ean, larunbata, etenik gabe mantendu diren protestak hasi zireneko laugarren urteurrenaren arrakastak eragina izan zuen.

Orain, aurrean ditugun erronkak zailak eta kezkagarriak dira. Pentsioen erreformaren lehen zatiaren aplikazioak, alde batetik, % 4 galarazten digu 2021ean –eta hori larriagotu daiteke 2022an inflazioa % 2,5etik gora badago–, eta bestetik, gutxieneko pentsioa miseriari lotuta mantentzen du, 1.080 eurotik oso urrun. Pandemiaren ondorioen larritasuna; izan ere, osasun-erakundeek eta erakunde soziosanitarioek eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, zerbitzu publikoek herritarren osasuna eta bizitza behar bezala zainduko dituztela bermatzeko neurririk ez hartzeaz gain, pribatizazioa lagundu eta sustatzen dute. Era berean, ezin ditugu alde batera utzi lan-erreforma berriak enpleguaren kalitatean eta soldatetan ondorioztatuko dituen arazoak, langileen bizi-baldintzak eta Gizarte Segurantzako diru-sarrerak ahulduz, eta horrek ondorio negatiboak izango ditu gaurko eta etorkizuneko pentsio publiko duinak bermatzeari begira.

2.- Kontzentrazioak Bilboko anbulatorioen aurrean, joan den asteazkenean

Hilaren 12an bezala, pasa den asteazkenean, 19an, elkarretaratzeak egin ziren anbulatorioen aurrean, Bilbon, Bizkaiko hiriburuko Auzo Elkarteen Federazioak deituta, eta parte-hartze handia izan zuten.

3.- Ostegunean, larrialdietako langileek elkarretaratzea egin zuten eguerdian Gurutzetako Ospitalearen atarian

Duela gutxi, Gurutzetako Ospitaleko Larrialdietako langileen asanblada osatu da, pandemia hasi zenetik jasaten ari diren lan-gainkarga eta larrialdietara joaten diren pazienteak behar bezala artatzeko dituzten arazoak salatzeko eta berehala plantillak handitzea eskatzeko.

Azken asteotan edalontziak gainezka egin du. Adierazi dutenez, familiako medikuek artatuak izateko denbora luze itxaron behar dutenez, paziente askok ospitaleko Larrialdietara joatea erabakitzen dute. Horiei gehitu behar zaie koronabirusa duten eta Larrialdien bidez ospitaleratzen direnak eta anbulatorioetatik iristen direnak. Emaitza saihestezina da: Larrialdien kolapsoa. Nabarmendu dutenez, pazienteen joan-etorria hain da handia, ezen arratsaldetan ehundik gora paziente pilatu baitira artatuak izan arte, probaren bat egin arte edo ospitaleratzeko zain. Horren ondorioz, gaixoek hainbat ordu itxaron behar izan dute, eta korridorean ohatilak jarri edo box bakoitzean bi paziente jarri behar izan dituzte, unitatearen edukiera txiki geratu delako.

Duela egun batzuk, pazienteei bidalitako gutun publiko baten bidez, jakinarazten zuten pandemia honek “jota eta ia hondoratuta” utzi dituela, baina ez dituztela alde batera utziko arreta behar duten pertsonak, Larrialdietako atea irekita dutela eta etengabe jarraituko dutela munduko lanik politena egiten, ahaleginez, errespetuz, dedikazioz eta duintasunez.

Ostegunean, elkarretaratzea egin zuten 14:30ean, ospitaleko ate nagusiaren aurrean, eta 150 bat pertsonak parte hartu zuten, Osakidetzako sindikatuen mobilizazioari babesa adierazteko.

4.- Bihar, urtarrilak 23, Osakidetzako sindikatuek deituta, manifestazioak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan

Horiek guztiak eguerdiko 12:00etan egingo dira, Bilbon (Jesusen Bihotza), Donostian (Boulevard) eta Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plaza), Lehen Mailako Arretan pairatzen ari den egoera larria salatzeko eta premiazko neurriak berehala aplika daitezela eskatzeko, hala nola kalitatezko osasun-zentroak eta lan-baldintza duinak exijitzea.

Ostegunean argitaratutako agiri batean, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak adierazi zuen “ia bi urte igaro direla Covid-19aren pandemia hasi zenetik, eta Hego Euskal Herrian seigarren olatua izaten ari dela, kutsatzeen, ospitaleratzeen eta heriotzen gorakada izugarria eragin duena; izan ere, joan den astean bakarrik, iturri ofizialen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 78 hildako izan dira, eta Nafarroan, 21”.

Nabarmentzen du “olatu horren ondorioak euskal gizarte osoan nabaritzen ari direla, eta azken asteetan areagotu egin direla egoitzetako erabiltzaileen eta langileen artean, 60 urtetik gorakoen artean, bereziki 80 urtetik gorakoen artean eta, oro har, sektore ahulenen artean”. Halaber, “Lehen Mailako Arretaren kolapsoa azpimarratu du, eta baita ospitale-sistemarena ere”.

Gaineratu du “Osakidetzak, Osasunbideak eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuek pandemiari aurre egiteko baliabideen eta plantillen planifikaziorik, antolakuntzarik eta edukitzerik eza oso tamalgarria dela. Eta egoerak gainezka egin duenez, herritarrek lehenengoz maskarak eta gero antigenoen testak ordaindu behar izateaz gain, pertsona guztiak behartzen ari dira pandemiaren kontrol indibiduala, autokonfinamendua, medikazioa eta kontaktuen kontrola egitera. Arazo horiek honako hauei gehitzen zaizkie: diagnostiko on baterako funtsezkoa den iragazkirik gabeko aurrez aurreko arreta lortzeko jasaten ari diren zailtasunei, eta larrialdiko eta kalitatezko arretarako funtsezkoak diren osasun-zentroen edo Etengabeko Arretako Guneen aldi baterako itxierei”.

Azkenik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sindikatuek deitutako mobilizazioekin bat egiten duela nabarmentzen du, orain arte planteatu diren ekimen guztiekin egin duen bezala, eta herritar guztiei dei egiten die bihar, urtarrilak 23, igandea, egingo diren manifestazioetan parte har dezaten.

5.- Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileen greba, otsailaren 8an

Bizkaiko adinekoen egoitzetako 5.000 emakumezko langile baino gehiago grebara deituak izan dira otsailaren 8an. Abenduaren 14an egin zutenaren jarraipena da. Zaintzaren arretarako hain funtsezkoak diren alderdiak negoziatzeko eta adosteko eskatzen dute, hala nola langileak lehen egunetik ordezkatzea, lanaldi osoko kontratazioa, soldata- eta lan-baldintzak GUFErekin (Gizarte Laguntzarako Foru Erakundea) parekatzea eta lanaldi partzialeko lanaldiekin amaitzea.

Egoitzen pribatizazio- eta negozio-prozesua salatu dute, eta nabarmendu dute sektoreko patronaletara bideratutako 255 milioi euroko diru publikotik euro bakar bat ere ez dela bideratu zaintza hobetzera, plantillak handitzera, ezta lan-baldintzak hobetzera ere.

Salatu dute egoera jasanezina dela, Foru Aldundia dela gurpil horren erantzulea, gutxi batzuk aberasten eta sektoreko 5.000 emakumezko langile baino gehiago prekarizatu eta esplotatzen baititu. Sektoreko patronalaren eta Foru Aldundiaren jarrerak ikusita, sektoreko langileek eta sindikatuek borrokan jarraitu beharko dute eta ahalik eta babes sozial handiena bilatu.

6.- Euskal gehiengo sindikalak, urtarrilaren 30ean, datorren lan erreformaren aurka mobilizatzeko deia egin du

Koalizio-gobernuaren (PSOE-Unidas Podemos), CEOEren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean adostutako lan-erreformarako akordioak Kongresuak baliozkotzeko zain jarraitzen du. Gobernuak ez du oraindik bere proiektua aurrera ateratzeko behar adina babes parlamentariorik. Otsailaren 7ra arte, ERCrekin, EAJrekin, EH Bildurekin eta ordezkaritza txikiagoa duten beste indar batzuekin harremanetan jarraituko du. CEOEk eta gobernuak berak adierazi dute ez dutela onartuko sinatutako akordioaren koma bat ere aldatzea. Jarrera horren aurrean, ez du ematen Pedro Sanchezen inbestidura babestu zuten talde horietako asko ezezkotik abstentziora pasako direnik; izan ere, eskatzen dituzten aldaketak garrantzi handikoak dira, eta nahiko zaila da onartuak izatea.

Euskal gehiengo sindikalak salaketa- eta protesta-manifestazioak deitu ditu urtarrilaren 30erako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Era berean, lantokietan azalpenak emateko eta lan-erreforma errefusatzeko ekintzak eta ekimenak aurreikusita dituzte otsailaren 2rako.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua lan-erreformaren berezko irakurketa egiten ari da, orain planteatuta dagoen moduan. Datorren astean agiri bat argitaratuko du bere laburpena eginez. Mugimenduaren autonomiatik eta irakurketa propiotik abiatuta, eta euskal gehiengo sindikalaren jarrerak ezagututa, aurreikus daiteke Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak manifestazio horietan egoki deritzon moduan lagundu eta parte hartuko duela.

7.- Kontatzen ez diren pasadizoak eta istorioak

Urtarrilaren 15ean Ezkerraldeko eta Meatzaldeko pentsiodunen ibilaldiari Santurtzitik Bilborako Pentsiodunen Maratoi izena jarri diote hainbat parte-hartzailek. Ez da gutxiagorako, 12 kilometroak 2 ordu eta erdian egin baitzituzten, 70 urtetik gorako eta 75 urtetik gorako pentsiodunak izanda. Batzuek pentsatu zuten, burua nola zihoan ikusita, ea ez ote zen dominarik egongo Bilbora iristen ziren lehenengoentzat. Eta parte-hartzaile batek baino gehiagok adierazi zuen, “enpresaburuek eta Escrivak horrela ikusten bagaituzte, gure adinarekin horrela ibiliz, esango dute guztiz justifikagarria dela jendeak 80 urte bete arte lanean eta kotizatzen jarraitzea”. Erabateko arrakasta izan zen.

Valladolideko Jesus izeneko pentsiodun batek, Gaztela eta Leongo pentsiodunen ordezkaritzarekin batera, Donostiako manifestazioan parte hartu zuen eta, amaieran, hitza hartu zuen, txalo beroak jasoz. Estatuko Herri ezberdinetako pentsiodunen mugimenduaren elkarrekiko elkartasunaren erakusgarri, herri bakoitzeko pentsiodunen mugimenduaren errespetutik eta subiranotasunetik, gure kasuan Euskal Herriko herriarena.

Tasioren txokoa. Albistegi honetako gero eta irakurle gehiagok esan digute, larunbatetan, albistegia jasotzean egiten duten lehenengo gauza Tasioren binetak ikustera joatea dela. Irudimenez beteriko artista dela esaten digute, astero marrazki eta esaldi soil batekin pentsiodunen munduaren gaurkotasuneko kezkak eta eskaerak islatzeko gai dena. Erredakzio honetatik gure esker ona adierazi nahi diogu gaur egun Busturialdean (Bizkaia) bizi den lagun pentsiodun nafar honi.

Kazakhstango hiria den Alma Ata-n, orain Almaty izena duena, non duela gutxi ehunka hildako, atxilotu eta eraikinen erreketa ondorioztatu dituzten liskar gogorrak izan diren, Osasunaren Lehen Mailako Arretari buruzko Nazioarteko Konferentzia egin zen 1978an. Gernikako gure kide pentsioduna den Xabier Onaindia mediku pediatrak idatzitako artikulu interesgarri batean, Osasun Munduko Erakundeak (OME) eta Unicefek antolatutako eta orduko Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak (SESB) babestutako konferentzia haren garrantzia azaltzen du.

Bertan adierazi zen Osasun Arreta publikoa, unibertsala eta doakoa izan behar zela. Handik aurrera, mundu osoan zabaldu ziren kontsultategiak eta osasun-zentroak. Orain, Xabierrek bere kezka sakona adierazi du arreta publikoaren osasun-zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen hondatzeagatik eta sistema ekonomiko neoliberalak eta bera bultzatzen duten erakunde politiko eta sanitarioek, hala nola Osakidetzak eta Gasteizko Gobernuak, osasuna pribatizatzen eta negozio bihurtzen dutelako.

8.- Ez dago dirurik!… txiroentzat eta herri-klaseentzat

Jarraian adierazten diren datuak El Correo egunkariak eman ditu, ezkerrekoa izateaz eta herri-klaseak defendatzeaz susmagarri ez dena. BBVAk aurreikusi du 2021 eta 2022 urteen artean 8.000 milioi euro banatuko dizkiela akziodunei. Espainiako Estatuan, pandemia hasi zenetik, 23 milioidun nagusiek –Amancio Ortega Inditexen sortzaileak eta Sandra alabak, Rafael del Pino, Ferrovialeko presidenteak eta Juan Roig, Mercadonakoak, besteak beste– %29 handitu dute beren aberastasuna, 2020ko martxotik 24.400 milioi euroko diru-sarrera gehiago izan baitituzte.

Eta nazioarte mailan pobreziaren aurkako borrokaz arduratzen den Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundeak egunotan txosten baten berri eman du. Txosten horretan ohartarazi duenez, munduko hamar pertsona aberatsenak 700.000 milioi dolarren jabe izatetik 1,5 bilioi dolarren jabe izatera igaro dira, ehunka (milaka ez esateagatik) milioi pertsona pobrezian murgilduta dauden bitartean. Datu dramatikoa gehitzen du: gutxienez 21.000 pertsona hiltzen dira egunean osasungintzarako sarbiderik ezagatik, indarkeriaren eraginpean egoteagatik, goseagatik… Lotsagarria da, bizitzaren arlo guztietako sistema harrapakari baten emaitza!

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude