Albiste eta informazio interesgarriak   2022ko urtarrilak 29

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen berri hauek

1.- “Ordainsaritxoa”-ren eta 2022rako eguneraturiko urtarrileko pentsioaren ordainketa.

Zoritxarrez, aurreikusi genuen bezala, 2021eko atzeraeraginezkoa %1,6ren bidez ordaindu zaigu, inposatu diguten %2,5aren eta aurreratu ziguten %0,9aren arteko aldea. Eta 2022rako pentsioaren emaitza 2021ean eta 2022an eguneratzetik dator, urte bakoitzerako %2,5eko igoera aplikatuta. Sistema berriarekin, atzeraeraginezkoa edo “ordainsaritxoa” desagertu egiten da.

2021ean %5,5eko urte arteko KPIa ez aplikatzeak pentsioen %3 galtzea dakar. Galera hori urtero metatzen eta handitzen joango da, hurrengo eguneratzeak pentsio txikiagoan oinarrituta egingo diren heinean.

Ordainsaritxoa”-ren eta urtarrileko pentsioaren ordainketa egiaztatu ahal izateko egin zaizkigun galderen aurrean, ondoren, nola egin azaltzen duen adibidea :

2020ko abenduaren 31n, hilean 1.200 euroko eta urtean 16.800 euroko pentsio gordina duen pentsiodun bat

Ordainsaritxoa”-ren kalkulua. Pertsona horri 16.800 × 0,016ko atzeraeragina dagokio, hau da, 268,80 € gordin. Baina zenbateko horri aplikatu dioten PFEZ kendu behar zaio, atzeraeraginezko garbia egiaztatzeko, hau da, poltsikora eramaten dena.

Urtarrileko pentsioaren kalkulua. Pertsona horri dagokion hileko pentsioa da 1.200 × 1,025 × 1,025, hau da, 1.260,75 €-ko hileko pentsioa. “Ordainsaritxoa”-rekin bezala, hemen ere dagokion PFEZ deskontatu behar da.

Gizarte Segurantzak “ordainsaritxoa” eta pentsioa zehaztuta bidaliko digun orri ofizialean, pentsiodun bakoitzari aplikatzen zaion PFEZ agertuko da, eta, orduan, bi kontzeptuengatik ordaindu diguten diru garbia ea ondo dagoen egiaztatu ahal izango da.

2.- Bihar, urtarrilak 30, euskal gehiengo sindikalak deitutako manifestazioei adierazitako babesa

Onartzear dagoen lan erreformaren aurka protesta egiteko, bihar, urtarrilak 30, euskal gehiengo sindikalak manifestazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, guztiak eguerdiko 12:00etan. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Gasteizen, Bilbo plazatik; Donostian, Alderdi Ederretik; Iruñean, Autobus Geltokitik.

Ostegunean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lau manifestazioetan parte hartzea erabaki zuen, berezko pankartak eramanez. Era berean, agiri bat argitaratu zuen Kongresuan izapidetzen ari den lan-erreforma gaitzesteko manifestazio horien alde eginez.

Gehitzen zuen “Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak,hilean 1.200€-ko Lanbideen arteko Gutxieneneko Soldata (LGS) aldarrikatzen du, eta baita 2010eko eta 2012ko lan-erreformakindargabetzea; izan ere, horien ondorioz, Espainiako Estatua da, Europar Batasunaren barruan, prekarietaterik handiena, behin-behinekotasunik handiena eta gazteen langabezia-tasarik handiena dituena. Eta parterik txarrena eramaten dutenak emakumeak dira, bertakoak edo emigranteak, gizonek baino langabezia-tasa handiagoa baitute, batez beste, %30 gutxiago kobratzen baitute, eta haien pentsioak %37 baxuagoak baitira”.

“Soldatek eta lan-baldintzek zuzenean eragiten digute pentsiodunoi, kotizazioen oinarri nagusia direlako, eta gure pentsioak, kasu askotan, lan arloan zein maila sozialean, prekarizatuta dauden familien euskarri bakarra direlako. Pentsioen sistema publikoa,banaketa-sistema eta belaunaldien arteko elkartasunezko sistema da. Kotizatzen duen belaunaldiak pentsioak kobratzen dituen belaunaldia sostengatzen du. Gainera, gaurko kotizazioak biharko pentsioak dira”.

“Lan erreforma berriak ez ditu betetzen PPren lan-erreforma indargabetzeko promesak eta konpromiso politiko eta sindikalak, erreforma horren alderdi kaltegarrienak legitimatzen ditu eta ez du bermatzen hitzarmen autonomikoen aplikazio-lehentasuna”. Amaitzeko, “pentsiodun guztiak gonbidatzen ditu deitutako manifestazioetan parte hartzera”.

3.- Emakumeak, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduan

Emakume pentsiodunen presentzia oso handia da Hego Euskal Herrian egiten diren lau hiriburuetako eta 70 herrietako kontzentrazioetan, baita eskualde- eta herrialde-manifestazioetan ere. Are gehiago, herri eta hiriburu batzuetan parte-hartzaileen erdia baino gehiago emakumeak dira, eta haiek sustatzen eta protagonizatzen dituzte kontzentrazioak eta bestelako ekimenak.

Beren mintzaldi eta diskurtsoetan, bai pentsioen inguruko kritika sozial eta politikoei edo bultzatu beharreko mobilizazioei zein emakume pentsiodunen arazo espezifikoei buruz aritzen dira.  .

Azken asteotan, emakume batzuek nabarmendu dute Lehen Mailako Arretak duen garrantzia pertsona guztientzat, baina batez ere adinekoentzat eta, bereziki, emakumeentzat.

Adierazi dute emakumeek 86 urteko bizi-itxaropena dutela, gizonezkoek baino ia 6 urte gehiago. EAEn, 65 urtetik gorako pertsonen artean, %57 dira, ia 300.000 emakume. Eta gaineratu dute Covid-19aren ondorioz emakume gutxiago hil direla gizonak baino, baina 2021ean hildako gehienak emakumezkoak izan zirela.

Nabarmendu dutenez, ikerlan batzuek erakutsi dute, pandemian zehar, emakumeek osasun mentaleko, larritasuneko, konfiantza-galerako eta etorkizuneko ziurgabetasuneko arazo gehiago izan dituztela, oro har etxeetan edo egoitzetan itxita egoteagatik, lanaldi bikoitzak eginez, telelana, familia-arreta eta abar. Horren aurrean, antidepresiboak eta antsiolitikoak ematen zaizkiela salatu dute, arazo horien arrazoiak aztertu beharrean.

Arazo edo sintoma horiek arazo sozialak direla uste dute, eta ez direla telefono bidezko deiekin edo 5 minutuko kontsultarekin konpontzen, baizik eta Lehen Mailako Arreta pertsonalizatuarekin, baliabideak eta lan-baldintza justuak dituzten plantillak handituz eta langileak emakumeen osasun-berezitasunetan trebatuz.

Azpimarratzen eta salatzen duten beste kontu bat da gizonen eta emakumeen arteko soldata- eta pentsio-arrakala mantentzen dela. Duela lau urte emakumeen batez besteko erretiro-pentsioa gizonena baino %30,5 txikiagoa zela gogorarazi dute. Gaur egun %28,7koa da, eta %1,8 baino ez da murriztu. Nabarmentzekoak dira, halaber, alargunek eta beste emakume batzuek jasotzen dituzten miseriazko pentsioak, ez zaielako aitortzen haurrak, adineko senideak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzen egindako lana. Inoiz baino indar handiagoz eskatzen dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, emakume pentsiodun askok jasaten duten miseria hein handi batean arintzeko.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak aitortu behar du emakumeek mugimendu osoari egiten dioten ekarpen handia, plazetan egiten dituzten hitzartzeak, mugimendua antolatzeko eta bultzatzeko erantzukizunak gero eta gehiago hartzea, eta, batez ere, 80 eta 90 urtetik gorako emakumeen presentzia miresgarria kontzentrazioetan eta manifestazioetan.

4.- Celia Velasco Bodas, Zornotzako pentsiodun alarguna

Aldeanueva de Barbarroya-n (Toledo) jaio zen 1931ko maiatzaren 24an. Ezkonduta eta hiru seme-alabarekin Zornotzara iritsi zen 1962an, eta han bizi da ordutik. 1997an, 66 urterekin, alargun geratu zen. Oso pertsona maitatua da herrian. Ia 91 urterekin, mugitzeko zailtasun pixka bat izan arren, astelehenetan Zornotzan pentsiodunen kontzentrazioetan parte hartzen du erregulartasunez.

5.- Lan-erreforma indargabetu gabe, patronala irabazle

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Gobernuak, CEOE patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek adostutako eta Kongresuak datorren astean baliozkotzeko zain dagoen lan-erreformari buruz egindako txostenaren izenburua da. Ondoren duzue horren laburpena. Aldez aurretiko bi zehaztasun: eskatzen ditugun indargabetzeak dira 2011ko Zapaterorena eta atzerakoiagoa zen 2013ko Rajoyarena; ez dakigu baliozkotzeko egunera arte geratzen den denbora-tartean funtsezko aldaketa batzuk izango diren. Hala bada, gure balorazioa ahalik eta azkarren eguneratzen saiatuko gara.

Erreforma-dekretuak, dagoen moduan, mantentzen eta jasotzen dituen alderdi negatiboak

Kaleratze erraz eta merkeari eusten dio. Ez ditu 2010eko eta 2012ko erreformen aurreko kaleratzeengatiko kalte-ordainak berrezartzen, eta, bidegabetzat jotako kaleratzeetan, berriz onartzearen edo kalte-ordaina ordaintzearen arteko aukera patronalari dagokio beti. Kasu gehienetan, patronalak, langileak berriz onartu baino lehen, kalte-ordaina emanez kaleratzea erabakitzen du.

Enpresan daudenlan-baldintzak erabakitzeko enpresariek duten botereak bere horretan dirau, eta enplegua eta lan-baldintzak kudeatzeko enpresen barne-malgutasuna areagotzen du.

Confebask, ELA, LAB, CCOO eta UGTk 2017an sinatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide arteko Akordioa ez da jaso eta baliozkotu. Hau da, ez da indargabetzen Estatuko sektoreko hitzarmenen lehentasun aplikagarria herrialdeko hitzarmenen edo hitzarmen  autonomikoen gainetik, eta beraz, ez da aitortzen lanbide arteko akordio autonomikoen lehentasun aplikagarria Estatuko lanbide arteko akordioen aurrean. Dagoeneko bat baino gehiago dira Hego Euskal Herrian adostutako enpresako eta sektoreko hitzarmenak, CCOOk eta UGTk sinatutako Estatuko akordioen ondorioz soldatetan eta lan-baldintzetan murriztu direnak.

Oraindik ere enpresa-hitzarmena gailentzen da sektorekoaren aldean, oinarrizko soldatari eta soldata-osagarriei dagokienez izan ezik, enpresaren egoerari eta emaitzei lotutakoak barne.

Enpresa nagusiaren hitzarmena ez zaie aplikatuko azpikontratetako langileei. Garatzen duten jardueraren sektorekoa aplikatuko zaie.

Jasotzen dituen hobekuntza partzialak

Nolabaiteko aurrerapena dago kontratazio mugagabea hobetzeari dagokionez, eta, horrela, behin-behinekotasunaren ehunekoak mugatzen dira. Baina hasierako proposamenak mugatuak izan dira CEOEren presioagatik, eta kontratazioari dagokionez egindako aldaketak urriak dira eta ez dute bermerik amaitzeko, edo lan-prekarietatearen zifra handiei beharrezko eta ezinbesteko galga jartzeko.

Hitzarmen kolektiboen aurreraeragina berrezartzen da, baina greba-eskubidea mugatzen da eta ez da PPren lan-erreformaren aurretik ezarritako erregulazioa berreskuratzen.

Sektoreko hitzarmenak zertxobait gehiago babesten ditu baldintza okerragoak dituzten enpresa-hitzarmenak, baina ia soldata-baldintzetara mugatzen da. Ez dio erantzun sindikatuen eskaerari, hau da, sektoreko hitzarmena enpresakoaren gainetik jartzea arlo guztietan, eta, beraz, ez du eskari hori bere osotasunean bete.

Erreforma aurrerakoia dela eta langile guztientzat positiboa dela baieztatzea ez da oso sinesgarria. Hainbeste elementu negatiboak izanda, bai sozialki, bai politikoki, gaitzespen-jarrera bat baino ezin da izan, planteatuta dagoen moduan gauza ez dadin.

6.- Urtarrilaren 23an Osakidetzako sindikatuek deitutako mobilizazioak arrakastatsuak izan ziren

Osakidetzaren eta Gasteizko Gobernuaren portaerak, pandemiaren aurretik, baina are gehiago pandemiak irauten duen ia bi urte hauetan, gizartean eragindako atsekabearen ondorioz, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako manifestazioetan milaka pertsonak parte hartu zuten eta arrakasta handia izan zuten. Sindikatuek eta gizarteak Osakidetzari eta Gasteizko Gobernuari egiten dizkieten kritikek gero eta oihartzun sozial handiagoa dute, arduragabekeriagatik, plangintzarik eta antolaketarik ezagatik eta, batez ere, lehen mailako arretan, egoitzetan, ospitaleetan eta abarretan behar diren baliabideak eta langile sanitario eta soziosanitarioak bermatzen ez dituztelako. Horren ordez, gero eta gehiago pribatizatzen dituzte mota guztietako zerbitzuak.


Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak presentzia handia izan zuen manifestazioetan, pankartekin eta berezko taldea osatuz, eta Osakidetzako langileen eta manifestazioetan parte hartzen zuten beste pertsona solidario batzuen estitu-adierazpenak jaso zituzten.


Puntu beltz bakarra izan zen Bizkaiko Medikuen Elkargoak manifestazioak babesten zituen bitartean, EAEko medikuen sindikatuak ez zuela halakorik egin. Interes korporatibista estu eta insolidarioei esker, beren buruaz bakarrik arduratzen dira, osasungintzarako lan egiten duten sektore profesional guztiez eta Osakidetzarentzat funtsezko zerbitzuak betetzen dituzten kontratetako langileez arduratu beharrean.

7.- Enpresa eta sektore batzuetan soldatak %6,5en bidez eguneratuko dituzte

Mercadonak iragarri du bere langileek %6,5eko igoera izango dutela soldatetan, abenduko urte Kontsumoko Prezioen Indizea erreferentziatzat hartuta. Gauza bera iragarri da azken egunotan Bizkaiko eraikuntzaren herrialde-hitzarmenari. Eta Gipuzkoako metalgintzan soldatak 2020ra arte %9,6 igotzea adostu dute. 2021erako eta 2022rako, KPIa bermatuko zaie sektoreko enpresa guztiei, eta ez da itzuliko KPIa negatiboa bada. 

Bestalde, UGTko idazkari nagusi Pepe Alvarezek adierazi du %5eko soldata-igoera eskatu eta defendatuko dutela, inflazioaren igoera handiak edo KPIk ondorioztaturiko erosteko ahalmenaren galera langileei konpentsatzeko.

Bien bitartean, Gobernuak LGS handitzeko egindako promesak alde batera utzita, oraindik ez da ezer zehaztu, eta LGS izoztuta dago, 965 euroan, zeina iaz bakarrik 15 €-ko igoera txikia izan baitzuen, eta atzeraeraginik gabe.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *