Albiste eta informazio interesgarriak          2023ko abuztuak 19 

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Astelehenean, Bilbora, pentsiodunen manifestaziora

Etzi, abuztuak 21, astelehena, Bilboko Aste Nagusiaren barruan, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa deitu du eguerdiko 12:00etan, Plaza Eliptikotik abiatu eta Udaletxean amaitzeko.

Parte-hartzaile gehienak Bilboko pentsiodunak izango diren arren, Bizkaiko beste herri batzuetako lagunak etortzea espero da, batez ere Bilbo inguruko herrietakoak. Horrez gain, konpartsen eta Bizkaiko hiriburuko beste gizarte-eragile solidario batzuen babesa ere badago. Era berean, Euskal Herritik gertu dauden beste Autonomia Erkidego batzuetako (Asturias, Kantabria…) pentsiodun taldeak ere bertan izango dira.

Zalantzarik gabe, manifestazio parte-hartzailea, jai-girokoa, alaia eta koloretsua izango da, pankartak, zapiak eta pentsiodunen mugimenduak aldarrikatzen duen 1.080 zenbakia duen peto berdearen erabilera masiboa izango dituena. Txistulariak izango dira buru eta manifestazioaren amaieran prezio herrikoiko pintxo-poteaz gozatu ahal izango da konpartsetako txosna askotan.

Bilboko Aste Nagusira jende dezente hurbiltzen da, eta pentsiodunen mugimenduak hori aprobetxatu nahi du Bilboko herritarrei eta bisitatzen gaituztenei gure aldarrikapenak helarazteko, bereziki miseria-pentsioak dituzten emakume pentsiodun askorentzat ezinbestekoa den 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.

Manifestazioan azpimarratuko da, halaber, irailaren 4an, astelehena, pentsiodunen ohiko elkarretaratzeei ekingo zaiela Hego Euskal Herriko hiriburu gehienetan eta 75 herrietan. Elkarretaratze horiek, irailean zehar, beste mobilizazio ekimen batzuekin batera egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako parlamentuei eta gobernuei eskatzeko, behingoz, atzerapenik gabe, gutxieneko pentsioak 1.080 euro izateko osagarria beren gain har eta aplika dezatela.

Era berean, Estatuko beste Erkidego eta Herri batzuetako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin batera ekimen berriak bultzatzeari ekingo zaio berriro, eratuko den gobernu zentral berriari gure aldarrikapenak diren pentsio publiko eta duinak eta, bereziki, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitzeko.

2.- Greba feminista orokorraren deialdia Bilboko Aste Nagusian ere izango da

Euskal Herriko Mugimendu Feministak, euskal gehiengo sindikalaren eta gizarte-eragile ezberdinen, tartean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren babesarekin, lehenengo Greba Feminista Orokorra deitu du azaroaren 30erako. Bere helburua da “zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatzea, bizitzak erdigunean jarriz”.

Greba asanbladen eta lantaldeen bidez prestatzen ari da Euskal Herriko herri ezberdinetan. Bilboko lantaldeak, non emakume pentsiodunak, beste herri batzuetan bezala, parte hartzen duten, buru-belarri aritu dira Greba Feminista Orokorraren deialdia, abuztuaren 19tik 27ra egingo den Aste Nagusian zabaltzeko hainbat jarduera prestatzen.

Azaroaren 30eko deialdia jasotzen duen pankarta handi bat zabalduko da txupinean, pankartak jarriko dira jai-gunearen inguruko eraikin ezberdinetan, propaganda jarriko da txosnetan eta ekimen nagusia abuztuaren 23an, asteazkena, 13:00etan egingo da: kalejira aldarrikatzailea, Arriagaren atzetik, Kaskagorri txosnaren ondoan abiatuko dena. Kalejirak jai-eremua zeharkatuko du eta zaintza-sistemaren egungo egoeraren ardura duten hainbat erakundetatik igaroko da, hala nola Udaletxetik eta Atzerritartasun Bulegotik, Arriagan amaitzeko.

Bizkaiko emakume eta gizon pentsiodunak kalejira honetan parte hartzera animatzen ditugu. Greba Feminista Orokorraren deialdia erronka handia da, eta gu guztion konpromisoa eskatzen du.

3.- Kontsumoko Prezioen Indizearen eta erosketa-saskiaren igoera uztailean

Uztailean, Espainiako Estatu osoan,Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) %2,3an kokatu da, eta erosketa-saskiaren urte arteko igoera %10,8 izan da. Hego Euskal Herrian KPIa %2,6ra iritsi da eta erosketa-saskiaren igoera %10,1ekoa izan da.

Ekainean, Estatu osoan, KPIa %1,9koa izan zen, eta oinarrizko elikagaien igoera %10,3koa. Uztaileko datuek erakusten dutenez, Estatuan eta Hego Euskal Herrian gorakada izan da, aurreko hilabetearekin alderatuta. Are gehiago, pandemia baino lehenagotik gaur egun arte erosketa-saskiaren igoera metatua %31koa izan dela kalkulatzen da.

Hilabete hauetan zehar, FACUA kontsumitzaileen elkarteak salatu du elikagaiak banatzeko kate handiak ez zirela behar bezala aplikatzen ari urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen oinarrizko elikagaien BEZaren beherapena. Hala ere, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) banaketa-kate handien interesen “neurrira” egindako txostena argitaratu du, FACUAren salaketei jaramonik egin gabe eta supermerkatuek BEZaren beherapena era zuzenean aplikatzen dutela adieraziz.

Hori bai, MLBNak onartzen du elikagaien prezioak igotzen ari direla, baina horren zergatia ekoizpen-kostuen handitzean datzala sostengatzen dute, ez BEZaren beherapena ez aplikatzean. Lehiaren Batzordeak, jakina, ez du ezer jakin nahi elikagaien prezioak kontrolatzeaz eta finkatzeaz, ez eta elikagaien ekoizpen- eta banaketa-kate handien etekin izugarriez ere.

Elikagaien prezioak gora egin dezakeela adierazi du Europako Banku Zentralak

Europako Banku Zentralak (EBZ) bere azken buletin ekonomikoan “ohartarazi” du maila globalean dagoen elikagaien inflazio handia, datozen hilabeteetan “are handiagoa izan daitekela” Errusiak garauak esportatzeko ituna hausteko hartutako erabakiaren eta, planetako leku askotan, baita parte garen Europan ere, gero eta ohikoagoak diren lehorteak eta uholdeak bezalako muturreko baldintza meteorologikoen ondorioz.

Arazo horiek egiaztatu besterik ez dute egiten, ia naturala eta konpontzeko zaila den zerbait balira bezala, eta horretan inolako erantzukizunik izango ez zuten moduan jokatzen dute. Ez dute murgilduta gauden sistema kapitalistaren muinera jo nahi, non beren interesak babesteko gerrak sustatzen dituzten elite politiko, militar eta ekonomikoak nagusiak diren, eta klima aldaketa areagotzen ari den naturaren amaierarik gabeko ustiapen eredua bultzatzen den, planetaren beroketa eta bere ondorio meteorologiko gero eta kezkagarriagoak izanik.

Larriena da langile eta herri klaseak eta gutxien garatutako herrialdeetako herriak, edo gerrak pairatzen dituztenak, direla sistema bortitz, gizartearen esplotatzaile eta naturaren harrapari honen ondorio larriak pairatzen dituztenak.

4.- Nafarroako gobernu berria eratu dute

Aste honetan osatu da Maria Chivite buru duen Nafarroako gobernu berria. PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin alderdiak osatutako Gobernua, EH Bilduren abstentzioari esker atera da aurrera.

Inbestidura-hitzaldian, Chivitek zerbitzu publikoak indartzeko konpromisoa hartu zuen, bereziki Osasuna eta, zehazki, Lehen Mailako Arreta azpimarratuz, eta “garai berrietarako erronka berritzat” jo zuen. Programa-akordioan jasotako neurrien artean, etxebizitza duina eskuratzea, desberdintasunaren aurkako borroka eta herritarren eskubideak indartzea bultzatuko direla nabarmendu zuen. Baina ez zuen aipatu Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte, 14 ordainsaritan, osatzearen alde aurrera eramaten duen borroka luze eta tematia.

Nafarroan 51.306 pertsonak 1.080 eurotik beherako pentsioa jasotzen dute, eta horietatik % 70 emakumeak dira. Gaur egun, gobernuak 845 eurora arte osatzen du pentsioa, 14 ordainsaritan. Egungo 743 euroko gutxieneko pentsioa 1.080 euroraino osatzeak 32.000 pentsioduni eragingo lieke; horietako % 66 emakume pentsiodunak izanik, eta kostua 60 milioi euro ingurukoa litzateke. Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduaren ustez, eskaera hori ez da “ezinezkoa eta apartekoa den ezer”.

5.- Urkullu-ren eta Chivite-ren gobernuentzat jada ez dago aitzakiarik 1.080 euroko gutxieneko pentsioen osagarria bere gain ez hartzeko

Irailean, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) pentsiodunen mugimenduak, Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean agerraldia egingo du, 1.080 euroko osagarriari buruzko ponentzia aurkezteko. Era berean, Urkullu lehendakariak berak pentsiodunen mugimenduko ordezkaritza bati harrera egin eta gai hori konpontzeko, 2024rako EAEko hurrengo aurrekontu orokorren barruan behintzat, konpromisoa hartzeko zain daude.

Nafarroan, pentsiodunen mugimendua, beste eragile sindikal eta sozialekin batera, 1.080 euroko osagarriaren defentsa bultzatzeko lanean ari da, Parlamentuan eta Foru Gobernuan ahalik eta azkarren planteatzeko asmoz. Horiek eratu ondoren, ekimen hori aurkezteko unea da, 2024ko foru aurrekontuetan eskari horri erantzuteko dagokion partida ekonomikoa ere sar dadin.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) oso argi du mobilizazio eta presio sozial handirik gabe ez dela batere erraza Urkullu-ren eta Chivite-ren gobernuek eskaera hori onartzea. Horregatik, irailaren hasieran zehaztuko ditu mobilizazio-ekimenak, Hego Euskal Herriko bi komunitateen erritmoak eta berezitasunak kontuan hartuta.

6.- Zaila da jakitea noiz eratuko den Estatuko gobernu berria

Eskuin eta eskuin muturraren aurka dagoen blokeak Diputatuen Kongresuaren funtzionamendua zuzenduko duen mahaiburua eta mahaiaren gehiengoa lortu zituen ostegunean. Baina, oraingoz, zaila da jakitea noiz eta zer ezaugarri zehatzekin osatuko den Estatuko gobernu berria. Dakiguna da bi aste barru irailean sartuko garela eta laster udazkena izango dugula aurrez aurre. Pentsiodunen mugimenduaren eskaerei erantzutea ezin da mugarik gabe luzatu. Hori dela eta, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Estatuko gainerako Erkidego eta Herrietako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin koordinatuta, mobilizazio-ekimenak hartu behar ditu, osatuko den Gobernuak berehala onartu eta bere gain har ditzan.

Views: 1
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude