Albiste eta informazio interesgarriak 2023ko azaroak 4

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Lehen mailako erronka: gutxieneko pentsioetan 1.080€ lortzea Hego Euskal Herrian

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan ez da atzerapenik onartzen gutxieneko pentsioen 1.080€ko osagarriaz. Ezin da gehiago itxaron, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek eta Urkullu eta Chivite buru duten gobernuek aitortu eta aplikatu behar dute atzerapenik gabe urte honetan eta hurrengoetan, urtero, gutxienez benetako KPIarekin eguneratuta. Eta horrek Pedro Sanchezen gobernuari egiten zaizkion exigentziak baztertu barik, gutxieneko pentsioa 1.080€koa aurten eta baita ere hurrengo eguneraketetan, nahiz eta jarduneko gobernua izan (ziurrenik egun edota aste gutxi barru eratuko dena).

Talde politiko guztiak interpelatzen jarraituko dugu datozen asteetan, bereziki bi Erkidegoen gobernuetan parte hartzen dutenei, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta eskari horren defentsaren konpromiso hartzeko. Baina erabat ziur gaude bi gobernuek ez dutela erraz onartuko eskaera hori, gobernukide diren alderdi guztiei presio sozial eta zabalik egin gabe.

Horregatik, Iruñean azaroaren 11n eta Gasteizen azaroaren 16an EHPMak manifestaziorako deia egingo du. Horietako lehena, “Orain 1.080€ Ahora Gizarte Ekimena”. Bigarrena, funtsean EAEko Pentsiodunen Mugimendua, baina baita EAEko beste elkarte sozial batzuen laguntza izatearen esperoan ere. 

Ekimen horiekin batera, udaletan mozioak aurkezteko kanpaina hasi da EAEn, beren iritzia eman dezaten eta gutxieneko pentsioak 1.080€tan osatzeko laguntza edo eskaera egin diezaioten Urkulluren Gobernuari. Nafarroan zain daude antzeko kanpaina bat erabakitzeko hasieran. Baina bietan sinadura-bilketak egiten ari dira, sozialki abalatzeko eskaera era zabalenean. Mundu guztiari informazio zabalagoa emateko diptiko oso erraza editatu da eskaera horren arrazoiez eta oinarriez hornitua, oso koloretsua, dagoeneko plazetan eta herrietan banatzen ari dena. 

Inoiz baino arrazoi ekonomiko, sozial eta politiko gehiago daude 1.080€ko osagarri hori berehala aitortzeko EAEn eta Nafarroan. Erronka izugarria da eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ez du nahi aukera hau pasatzen utzi, eta datozen hilabeteetan gure ahaleginak biderkatuko ditugu helburu hori lortzeko. Are gehiago, EAEn 167.118 pentsiodun daude eta 51.306 Nafarroan, pentsioen diru-sarrerak 1.080€ baino gutxiago (eta askoz gutxiago) jasotzen dutenak, gehienak emakumeak. Helburu hori lortzea urrats garrantzitsu bat izango litzateke gizon eta emakumeen arteko pentsioen genero-arrakala arintzeko.

2.- “Erandioko gertakariak”, 54. urteurrena

Joan den igandean, urriaren 29an, Erandion ekitaldia egin zen bi herritarrak oroitzeko eta omentzeko: Josu eta Anton. Duela 54 urte Polizia Armatuak hil zituen, herri mobilizazio masiboa bortizki zapalduta, mugarik gabeko kutsaduraren aurrean herriak jasaten zuen egoeraren aurkako mobilizazioa gauzatzen ari zelarik. 

Oso ekitaldi hunkigarria izan zen hitzaldiengatik, musikaz laguntzeagatik eta dantzatzeagatik; eta bi eraildakoen oroimenez egin zen murala, ekitaldiaren bitartean. Bertan izan ziren hildakoen senideak eta herrikideak, horien artean pentsiodun asko eta asko, gertaera latz haiek jasan zituztenak. Horregatik lehenik hitza eman zioten Erandioko Pentsiodunen Mugimenduko 75 urteko lagun bati. 

Hasteko, gogorarazi zuen 6 urte inguru direla gure Pentsiodunen Mugimenduak etengabe eskatu duela pentsioen sistema zuzen eta publikoa, bizi ahal izateko pentsio duin eta nahikoak, zahartzaro adeitsua ziurtatuko duena, gizon eta emakumeen arteko pentsio-arrakala bidegabea gaindituz. 

Baina, batez ere, honako hau nabarmendu zuen: “50 urte baino gehiago igaro dira Anton eta Josuren hilketak, poliziak Erandioko herrikideak balaz zaurituak eta jipoituak, euren bizitzan Europako kutsadura handienaren aurrean defendatzen zutelako, inguruan genituen fabrikek eragindakoa, hauen interesa ahalik eta etekinik handiena lortzea zelarik, nahiz eta pertsonen biziraupenaren kontura izan”.

“GASA KANPORA” oihukatzen genuen orduan; egia da egoera aldatu egin dela, ezinezkoa zatekeen bestela aurrera egitea, baina behin betiko bataila ez da oraindik irabazi eta duela gutxi gure udalerriko eremu bateko bizilagunek salatu dute, zaharrak-berri, kutsadura-arazoak jasaten ari direla. Zoritxarrez, aspaldiko garrasiak ez du indarra galdu.

Gaur egiten dugun omenaldi hau oso garrantzitsua da. Horrela, guztiei erakusten diegu herriak ez duela ahazten, pentsiodunek lehenik eta behin adin bat dugulako, herriak hainbeste gehiegikeria, hainbeste heriotza, hainbesteko lotsagabekeria, non boteredunak  eskura dituzten bitartekoez ezkutatzen saiatzen diren, desitxuratzea, beste egitate bat bihurtzen saiatzea, saihestezina balitz bezala, erantzule horiek beren krimenak ordaindu izan balituzte bezala, baina ez, herriak badaki horrelakorik ez dela gertatu, ez egile materialak, ezta ere bidaltzen zituztenak ere ez dira inoiz epaituak izan, eta hori gertatzen ez den bitartean, kontua ez da kitatuko. 

Erandioko herriaren zati gisa garen pentsiodunen mugimendukoak, zuzenezko arrazoi batzuengatik borrokatzen duen jendea, gaur gure ahotsak hildako lagunak omentzeko memoria dugun erandiotar guztienokin eta Erandio hobe baten alde borrokatu ziren pertsona guztiekin”.

3.- Azaroaren 11n: Bilbon, Donostian eta Gasteizen kalera, osasun %100 publikoa defendatzera 

Aski da! esateko osasun publikoaren desegite gero eta handiago eta programatuari, oro har, eta bereziki Lehen Mailako Arretari dagokionez. Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak azaroaren 11rako manifestazioak deitu ditu EAEko 3 hiriburuetan “Osakidetza publikoa defenda dezagun. Ezta euro publiko bakarra osasun pribatuari” leloaz 

Hala adierazi du ez dagoela prest itxaron-zerrendak murriztea onartzeko, zerbitzuen pribatizazioan aurrera egiten den bitartean, nahiz eta pribatizazio hori hainbat maskara pean izkutatu: kontzertu edo klinika pribatuetarako deribazioak, edota “peoiak” edo aparteko orduak deiturikoak. 

Gaur egun nabarmen boladan dauden lankidetza publiko-pribatuko politika horiek arbuiatzen ditu, osasun publikoa ahultzen dutelako eta, aldi berean, osasun pribatuaren zabalpena errazten dutelako. Gure guztion diru publikoaren kopuru handiak, klinika eta ospitale pribatuetara bideratuz, gure osasunarekin negozioa eta bere onura egitea besterik bilatzen ez dute. Itxaron-zerrenden arazoa ez da konpontzen osasun pribatuarekin hitzartuz, baizik eta osasun publikoa indartuz baieztatzen dute. 

Ez dute AEB bezalako herrialdeen bidea jarraitu nahi, non frogatu den garestiagoa dela, osasun-maila okerragoa eskaintzen dela eta sistema dual eta klasista sortzen dela: bata aberatsentzat eta bestea behartsuentzat eta zaharrentzat. Edo Ingalaterrako osasun-ereduari, non ikerketa batzuek erakutsi duten erakunde pribatuen zerbitzu sanitarioak emateak areagotu egiten duela biztanleriaren hilkortasuna. 

Eredu horien aurrean, zaintza integral eta %100 publikoaren eredu berri bat defendatzeko deia egin dute, duina eta kalitatezkoa, inplikatutako administrazio publiko guztiek lankidetzan. Eta beharrezko eta premiazkotzat jotzen dute osasun-sistemaren erdigunean Lehen Mailako Arreta egotea, bere aurrekontuaren egungo %14tik %25era handituz, osasun komunitarioa egin ahal izateko, ikuspegi sozial eta generokoaz, halaber gaixotasunari aurrea hartu eta osasuna sustatzea. 

EHPMa bat dator salaketa eta planteamendu horiekin. Denbora luzea daramagu gure herri eta plazetan defendatzen. Pentsiodun guztiak animatzen ditugu azaroaren 11n EAEko hiru hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko, geu garelako adinagatik behar handiago daukagunok osasun-arreta hurbila, duina eta kalitatezkoa, arlo publikotik bakarrik berma daitekeena.

4.- Pentsiodunen mobilizazio positiboa, azaroaren 28an Madrilen egin zena.

(EHPM) Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere deitua, Estatuko erkidego eta herri askotariko pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin batera, joan den larunbatean Madrilen urriaren 28an deitutako manifestazioa positiboa izan zen. Dimentsio jendetsua lortu izan barik, milaka pentsiodunak Madrilen elkarretaratzea positibotzat eta interesgarritzat jo behar da.

Beste behin ere, EHPMaren ordezkaritzak (200 pertsona inguru) presentzia adierazgarria izan zuen, bai kopuruagatik, bai segizioaren paper aktibo koloretsuagatik, zein berezko goiburu propioak eta komunengatik, manifestazioaren ibilbidean zehar entzunarazi zituenak euskaraz eta gaztelaniaz.

Horrelako ekimen bateratu eta solidarioekin jarraitzea garrantzitsua da Estatuko Gobernuaren eta Diputatuen Kongresua osatzen duten alderdi politikoen aurrean. Beste kontua da mugimenduaren pisua eta aitorpena herriz herri finkatzea eta sustraitzea hainbat komunitatetan, aldarrikapen komunak eta propioak dituztenak, eta batez ere, oinarri pentsioduna eta gizarte-sektore zabalagoetan aitormena zabaltzea. 

5.- Euskararen aldeko manifestazioa gaur Bilbon 

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta gaur manifestazioa egingo da Bilbon 17:00etan euskararen defentsan, Euskalduna Jauregitik abiatuta. Mobilizazioa eragin duten hiru arrazoi nagusienak hauexek dira: justifikaziorik gabeko erabaki judizialak salatzea, euskararen murrizketak eta erabileraren eskubidea baldintzatzen dituztenak, euskararen biziberritzeko eta normalizatzeko aurrerapausoak aldarrikatzea eta herritarren eskubideak erdigunean jartzea. 

Horrek guztiak mobilizazio jendetsua izango dela pentsarazten du. Duela egun batzuk bazeuden honezkero 40 autobus baino gehiago kontratatuak, Euskal Herriko beste herri eta hiri batzuetatik jendea ekartzeko. Ibilbidea eta azken ekitaldia musika taldeekin batera izango da, jendea euskararekiko bere sentimenduak eta eskaerak abestera eta adieraztera animatuz. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du Euskal Herriko pertsona guztiak, eta bereziki pentsiodunak, parte hartzera animatuz.

6.- 1978. urtearen amaiera arte mutualitateetan kotizatu zuten erretiratuei PFEZa zuzentzea

Alor eta enpresa askotako langileak 1967ko urtarrilaren 1etik 1978ko abenduaren 31ra arte aritu ziren mutualitateetan kotizatzen, eta aldi horretan erakunde hori Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorraren ordezkoa eta osagarria zen.

Auzitegi Gorenaren duela gutxiko epai baten arabera, 1978ko abenduaren 31ra arte mutualitateei emandako kotizazioak ezin izan ziren kendu PFEZaren zerga-oinarrian, une bakoitzean indarrean dagoen legediaren arabera, eta, beraz, zergaren zerga-oinarrian erretiro edo baliaezintasunagatik jasotako prestazioen % 75 (ez % 100) sartu behar dela ezartzen du.

PFEZaren aitorpenak zuzentzeko eskaeren muga lau urteko atzeraeragina denez, egoera horrek eragindako langileek PFEZari dagokiona erregularizatzeko eta itzultzeko egindako eskaerek 2019., 2020., 2021. eta 2022. urteetarako baino ezin dute egin. Lau urte horiek berrikusiko dituzte, baldin eta errekurtsoa urtea amaitu baino lehen egiten bada.

Mutualitateetan kotizatu zuten erretirodun pentsiodun asko daudenez, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua itzulketa-eskubide horren berri ematen ari da, eta eskaera baten oinarria prestatu du Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun Sailean erreklamatzeko, hau da, azken lau urteetako PFEZaren autolikidazioa zuzentzeko.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude