Albiste eta informazio interesgarriak 2023ko irailak 9

1.- Astelehenean ekin zitzaien berriro Hego Euskal Herriko pentsiodunen mobilizazioei
Astelehenean hasi ziren berriz ere pentsiodunen elkarretaratzeak Bilbon, Iruñean eta Hego Euskal Herriko 35 herritan. Datorren astelehenean Gasteizen, Donostian eta gainerako herrietan, normalean mobilizatzen diren 75 herrien zerrenda osatu arte, egingo dira berriro elkarretaratzeak.
Elkarretaratze, manifestazio eta bestelako ekimenekin jarraitzeko borondatea agertu zen, Estatuko, EAEko eta Nafarroako gobernuei pentsio publiko eta duinen aldeko aldarrikapenak eskatzeko. Bereziki, Estatuko gobernuari 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, pentsio guztiei Kontsumoko Prezioen Indize (KPI) erreala igotzea eta pentsioen genero-arrakala amaitzeko premiazko neurriak hartzea. Gasteizko eta Iruñeko gobernuei, gutxieneko pentsioak 1.080 eurotara berehala osa ditzaten.

Eskari horiei berehala erantzutearen garrantzia nabarmendu zen, are gehiago erosketa-saskiaren prezioak eta, oro har, bizitzaren kostua jasanezinak diren mailetara iristen ari direnean; izan ere, erosketa-saskiaren prezioa iazko abuztutik soilik igo den % 11ri aurreko bi urteetako igoerak gehitzen badizkiogu, pentsioen eta soldaten erosketa-ahalmenaren benetako galera onartezina da, are gehiago bankuen, energia-enpresen eta elikadura-banaketaren kate handien irabaziak pandemia baino lehen inoiz ikusi gabeko mailetara iristen diren bitartean.
2.- Erosketa-saskiaren urte arteko igoera, % 11, eta olioarena, % 38
Abuztuko KPI % 2,6koa izan da. Datu horrekin, zenbait hedabidek bizitzaren kostuaren igoera arintzen ari den, edo “arrazoizko” muga batzuen barruan mantentzen ari den itxura eman nahi izan dute. Baina kaleko jendeak eguneroko bizitzako oinarrizko gastuak tasa oso altuetan mantentzen direla ikusten du, baita hazten ari dela ere. Abuztuan, erosketa-saskiaren kostuaren urte arteko igoera % 11koa izan da. Eta bereziki, oinarrizko produktuek, hala nola fruta eta barazkiek, arrozak, pastak, esneak eta esnekiek, zenbateko horretatik gorako igoerak izan dituzte, eta lehen lerroan olioaren igoera kokatu da, % 38 igo baita, olio-litroaren batez besteko kostua 10 eurokoa izanik.
Ekoizpen-kostuen igoerak eta uzta txikiagoek, klima-aldaketaren ondorioek eragindakoak, prezioen igoera azaltzen dute neurri batean. Baina banaketa-kate handiek duten prezioak kontrolatzeko eta ezartzeko ahalmena eta, beren etekinak biderkatzeko asmoz, horien gain eragiten duten espekulazioa dira prezioen neurrigabeko, baita eskandalagarritzat jo dezakegun, igoeraren arrazoi nagusiak.

FACUA kontsumitzaileen plataformak abuztuan egindako azterketaren arabera, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) jaitsierak eragindako produktuen % 48 garestitu egin da 2023an, legeak produktu horien prezioa igotzea “debekatu” arren, kostuen gehikuntza ez badira izan. Kostu horiek aztertu ondoren, egiaztatu ahal izan da kontsumitzaileari ezarri zaizkion prezioen igoeraren azpitik daudela. Horrek esan nahi du enpresa banatzaile handiek ez diotela jaramonik egiten legeari, ez eta gobernuak prezioak arautzeko egindako edozein saiakerari ere. Enpresa handiei, “merkatuaren askatasunaren eskubide sakrosantuak” nahi dutena egitea bermatzen die.
Enpresa banatzaile handi horiek dena erabakitzen dute: nekazariek, edo arrantzaren sektoreak, beren produktuak saltzera behartzen dituzten prezioak ezartzen dituzte; enpresa, denda eta saltoki txikiei lehiarako edozein gaitasun eragozten diete, eta kontsumitzaileei azken prezio oso altuak ezartzen dizkiete.
Langileak, pentsiodunok eta herri-sektoreak dira egoera horrek kalte gehien eragiten dienak. Gure poltsikoak gero eta gehiago estutzera eta kalitate txarragoko produktuak kontsumitzera behartuta gaude. 65 urte dituen pentsiodunak duen kotizazio peko gutxieneko pentsioa, bere ardurapeko pertsonarik ez badago, 743 eurokoa da; edo bereziki emakume askok jasotzen duten kotizazio gabeko pentsioa 484 eurokoa da. Miseriazko pentsio horiek izanda, nola biziraun daiteke prezioen igoera itzela dagoenean?
3.- Nafarroako ekimen bateratua gutxieneko pentsioaren 1.080 euro arteko osagarria defendatzeko
Asteazkenean “Iniciativa Social, Ahora 1.080 euros Orain” ekimenaren hirugarren bilera egin zen. Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduarekin batera, Nafarroako Mugimendu Feministak, LAB, ELA, CGT, Steilas eta EHNE sindikatuek, eta Nafarroako Pentsionistak Martxan, REAS Navarra (Gizarte Ekonomia), Nafarroako Osasun Plataforma, Ernai, Sasoia, Oneka, eta Coespe Navarra elkarteek parte hartu zuten bileran.

Ekimen honen helburua da Nafarroako gizarteari zuzentzea, ahalik eta gehien parte har dezan instituzioei eta alderdi politikoei egin behar zaien presioan, behingoz Foru Erkidegoaren 2024rako aurrekontuetan gutxieneko pentsioa 1.080 euro arte 14 ordainsaritan osatuko duen aurrekontu-partida ezar dezaten.
Irailaren 19an, 11:00etan Kondestablearen Jauregian, Ekimenaren aurkezpena egingo da komunikabideen aurrean. Eta Parlamentuan erregistratuko da Batzorde Parlamentarioan agertzeko eskaera. Ekimenaren bozeramailetza bi emakumeen esku egongo da.
Interes handiko ekimena da; izan ere, gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan osatzeko eskarian hainbat pentsiodunen plataforma, sindikatu eta beste gizarte-eragile askorekin batera modu bateratuan parte hartzea dakar. Zalantzarik gabe, beste lurralde edo Erkidego batzuetan bultzatzen saiatu beharreko adibide eta erreferentzia bat.
4.- Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkarien bilera
Asteartean bilera egin zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduko ordezkariek Gasteizen. Bertan bi gai nagusi jorratu ziren: 1.- Egoera politikoaren azterketa Estatuko gobernu berriaren eraketari begira, baita Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuei dagokienez ere, pentsioei eta pentsiodunentzat interes soziala duten beste gai batzuei buruz eman ditzaketen eta eman behar dituzten erantzunetan zentratuta. 2.- Pentsiodunen mugimendua nola dagoen baloratzea, eta lanerako, mobilizazioetarako eta beste ekimenetarako plangintza, hurrengo hilabeteetan bultzatu beharko direnak. Laburbilduta, hemen dituzue ondorio garrantzitsuenetako batzuk:
Egoera politikoa, Estatuko Gobernua osatzeari begira eta EAEko eta Nafarroako gobernuei dagokienez
Zaila da gobernu berria eratzeko data zehatz bat aurreikustea. Aurreikuspenen arabera, irailaren 26an egingo dute inbestidura ekitaldia, Feijook presidente izatea eta Voxen babesa izango zuen PPren gobernua osatzea lortzen duen ikusteko. Ez dirudi aurrera egingo duenik, eta hala izanez gero, Pedro Sanchezek urrian presidente izateko hautagaitza aurkeztuko du. Baina hautatua izateko PSOEren eta Sumarren babesa ez ezik, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako ia alderdi subiranista eta ezkertiar guztiena ere izan behar du.

Beste aukera batzuk baztertu gabe, pentsa daiteke Pedro Sanchez presidente izendatuko dutela. Baina, kasurik onenean, gobernu berria azarora arte ez da martxan jarriko. Horrek ez du esan nahi ordura arte ezin izango duenik pentsioei eta beste gai batzuei buruzko neurririk erabaki; izan ere, aldi honetan gobernua funtzioetan dago eta, nahi izanez gero, horietako erabaki batzuk har ditzake.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako gobernuei dagokienez, pentsioen osagarriari buruz eta pentsiodunentzat eta gizarte osoarentzat interes sozial handia duten beste gai batzuei buruz, hala nola osasun publikoari eta zerbitzu soziosanitarioei buruz erabakitzeko eta neurriak hartzeko gaitasuna dute. Nahiz eta Nafarroakoa eratu berria izan eta EAEkoa hauteskunde autonomikoei aurre egin behar, ziur aski datorren uda baino lehen, gobernu biek hainbat neurri har ditzakete eta hartu behar dituzte, besteak beste, pentsioak 1.080 euro arte osatzea eta 2024 urterako hurrengo aurrekontuetan beharrezkoak diren partida ekonomikoak sartzea.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren ekimen- eta mobilizazio-plana
⋅ Estatuko gobernuari eta alderdi politikoei egindako deiak eta eskakizunak. Hauteskunde orokorren aurretik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM), Estatuko gainerako Erkidego eta Herrietako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin batera, gure eskaerak aurkeztu genizkien alderdi politiko guztiei, bereak egin zitzaten, beren programetan sar zitzaten eta gobernu berria eskuratzen zutenek edo babesten zutenek ahalik eta azkarren martxan jartzeko konpromisoa har zezaten. Besteak beste: 1080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzea, pentsio guztiei benetako KPIa igotzea eta pentsioen genero-arrakala amaitzeko neurri eraginkorrak hartzea.

Gure ustez, premiazkoa da, eta ezin da atzerapenik egon, eskaera horiei bidezko erantzun egokia emateko beharrean. Hori dela eta, laster bilera bat egingo du EHPMak Estatuko gainerako Erkidego eta Herrietako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin, alderdiei, batez ere gobernuan daudenei edo berrian egon daitezkeenei, berriro dei horiek egiteko eta mobilizazio batzuekin laguntzeko.
⋅ Are premiazkoago EAEko eta Nafarroako gobernuei eta parlamentuei. Denbora luzea daramagu bilerak eskatzen gure txostenak eta azterlanak aurkezteko, 14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioen osagarria arazorik gabe osatzeko aukera arrazoituz eta justifikatuz. Gasteizko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordearekin hitzartuta dugu irailean bilera bat egitea, gai horri heltzeko. Halaber, EAEko pentsiodunen mugimenduak Urkullu lehendakariari eskatu zion zuzeneko bilera bat, baina berak Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren esku utzi zuen bilera hori. Datozen egunetan berriro ekingo diegu bilera horiei, ahal dela hilabete honetan bertan egin daitezen.
Era berean, Nafarroako pentsiodunen mugimenduak, beste eragile sindikal eta sozialekin adostuta, antzeko prozesu bat jorratuko du datozen asteetan, alderdi politikoekin eta gobernuarekin berarekin harremanetan jartzeko eta elkarrizketak egiteko, buletin honen beste albiste batean jasotzen den bezala.
⋅ Mobilizazioak erakundeekiko harreman edo bilera horiekin batera. Datozen asteetan, astelehenetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 75 herri baino gehiagotan egin ohi ditugun elkarretaratzeetan, EAEko eta Nafarroako legebiltzar eta gobernuei gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea eskatuko diegu, pentsioetan dagoen genero-arrakala amaitzeko neurri zehatzak hartu behar direla salatuz eta eskatuz. Aldi berean, manifestazio garrantzitsuak prestatuko ditugu Gasteizen eta Iruñean, parlamentuen aurrean burutzeko. Data zehatu gabe dago, baina seguruenik urrian edo azaroan izango dira.

Era berean, datozen hilabeteetan sozializazio eta babes soziala bilatzeko kanpaina zabala bultzatuko dugu. Horretarako, mozioak aurkeztuko ditugu udaletan, baina herriz herri lan zabala eginez eta sinadurak eta bestelako ekimenak bultzatuz.
⋅ Azaroaren 30eko greba feminista orokorra prestatzeko laguntza. Ekimen horren prestakuntza, antolaketa eta protagonismoa mugimendu feministari dagokio, eta horren barruan pentsiodunen mugimenduko emakumeak era aktiboan parte hartzen ari dira, baina mugimenduak, oro har, greba jendarteratzeko eta babesteko konpromisoa hartu du. EHPMko emakumeek, greba feminista prestatzeko egiten ari diren urratsen berri aldiro ematen dutenek, urriaren 20an Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen hirugarren Asanblada Nazionala egingo dutela adierazi zuten. Asanblada horren barruan lehen mailako zeregina grebarekiko konpromisoak zehaztea izango da.
Bileran eztabaidatu eta prestatu zen lan-plangintzaren barruan, datorren urtearen hasierara arte iritsiko diren beste ekimen garrantzitsu batzuk daude. Hurrengo buletinetan landuko ditugu, nolabaiteko programazio eta lasaitasunarekin.
5.- Aiarako pentsiodunen eta Autoglas-Glavistako langileen kontzentrazioa
Aiarako pentsiodunen mugimendua Laudioko Herriko Plazan bildu zela eta, astelehenean Autoglas-Glavistako langileek bat egin zuten. 240 langileko enpresa hau, haizetakoen fabrikatzailea, Guardian enpresako kide izan zen 2020ra arte. Langileen iritziz, duela hiru urte baino gehiago Guardian-ek bere plantillaren erdia baino gehiago kaleratzea erabaki zuen, haizetakoen banaketa Parter Capital arrisku-kapitaleko funts putreari salduz. Orain, hiru urte beranduago, Autoglas-Glavista izenarekin, 17 milioi euroko zorraren likidazio-fasean sartu berri den hartzekodunen konkurtso bati egin behar diote aurre.

Tubacex-eko langileen borroka luzearekin egin zuten bezala, Aiarako pentsiodunen mugimenduak bere babes eta elkartasun osoa adierazi die Autoglas-Glavistako langileei. Azken urteotan desindustrializazio-prozesu garrantzitsua jasaten ari den eskualdeko beste enpresa esanguratsu bat da Autoglas-Glavista.
