Albiste eta informazio interesgarriak 2023ko maiatzak 13

1.- Gaur berriro kaleetara, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) deituta, manifestazioak izango dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan: Iruñea (11:00etan Udaletxeko plazan). Donostia (12:00etan Alderdi Ederen), Gasteiz (12:00etan Artiumen), Bilbo (18:00etan plaza Eliptikoan). Sindikatu gehienek eta hainbat kolektibo sozialek ere lagunduko dute; hala, milaka pentsiodunek, langilek, zein beste gizarte-sektoreko batzuekin batera, hartuko dute parte.
Azken asteetan zuzenketak eta emendakinak aurkezten ari dira 2/2023ko martxoaren 16ko Errege Lege Dekretuari, pentsioen erreformaren bigarren zatiari, hain zuzen. Zuzenketen aurkezpenaren ondoren asteak iraun ditzakeen prozesu bat irekitzen da, baita hilabeteak ere, Diputatuen Kongresuak dekretua amaitzean edo ixtean bukatutzat eman arte. Hori dela eta, oso garrantzitsua da Euskal Pentsiodunen Mugimenduak eta Estatuko gainerako herrietako pentsiodunen plataformek mobilizatu eta presioa eginez jarraitzea gure eskaerei erantzun diezaieten.

Joan den astelehenean, bai hiriburuetan bai Hego Euskal Herriko kontzentratu ohi garen 75 herrietan, gaurko mobilizazioen garrantzia nabarmendu zen, eta planteatzen ditugun aldarrikapenak talde guztiek onartzeko eskatzen dugu, Diputatuen Kongresuko taldeek zein Pedro Sanchezen Gobernuak berak.
Azpimarratu nahi dugu, beste behin ere, premiazkoa eta lehentasunezkoa dela gutxieneko pentsioa 1.080€koa. Aurtengo martxoaren 16ko erreforma-dekretu horrek ez die erantzuten, ezta gutxiagorik ere, pentsiodunen beharrei eta eskaerei, erreklamatzen ditugunak. Are gehiago, aurreko erreformen murrizketak bermatzen ditu; guk, ordea, gutxienez erretiroa 65 urterekin berreskuratzea defendatzen dugu, 15 urterekin pentsioa kalkulatzeko aldia berrezartzea (eta horretan 29 urte aplikatu nahi dira) eta 40 urterekin kotizatuez erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak ezabatzea.
Era berean, pentsio guztiak KPI errealarekin eguneratzea exigitzen dugu eta dagokion konpentsazio-ordainsaria berrezartzea, erosteko ahalmena berreskuratzeko; eta soldatetan dagoen genero-arrakala desagerrarazteko neurri eraginkorrak soldata zein pentsioetan. Ahaztu gabe enpleguko pentsio-plan pribatuei uko egiten diegula, bide batez esan, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek sinatu berri duten akordioan, 2023., 2024. eta 2025. urteetarako hitzarmenetan %10eko soldata-igoera gomendatuz, bi aldeek pentsio-planak akordioetan sustatzeko interesa jasotzen da, epe luzerako aurrezki-aseguru baten bidezko enplegu-pentsioak.
2.- Ilusioz, maiatzaren 25ean Gasteizen eta maiatzaren 29an Iruñean egingo diren martxa eta mobilizazio pentsiodunak prestatuz
Maiatzaren 25ean Euskal Autonomia Erkidegoko lankide pentsiodunak Gasteizko Parlamentuaren aurrean mobilizatzea eta maiatzaren 29an Nafarroako pentsiodun-lagunak Iruñeko Parlamentuaren aurrean mobilizatzea arretaz eta ilusioz prestatzen ari gara, erronka garrantzitsua baita: behingoz, EAEko eta Nafarroako parlamentuek eta gobernuek 1.080 eurorainoko gutxieneko pentsioen osagarria beren gain har eta aplika dezaten saiatzea.

Hiru martxa pentsiodun egingo dira azkenean Gasteizen batzeko. Hilaren 22an abiatuko dira, Bilbotik, Bergaratik (Gipuzkoa) eta Agurainetik (Araba), eta hiru egun baino gehixeago emango dituzte oinez, abiapuntuetatik Arabako hiriburura arteko tarteak egiteko. Igarotzen diren herrietan, pentsiodunen mugimenduko kideek eta bestelako solidarioek egingo diete harrera, hainbat gizarte-eragilek deituta. Gutunak bidali zaizkie udalei martxak egiteko, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren eskaria bere egin dezaten eta martxistei babesa adieraz diezaieten.
Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduan ekimenak izan duen harreraren erakusgarri da ehun lankidek baino gehiagok atsedenik gabe ibiltzeari ekingo diotela hiru egun baino gehiagoko ibilbidean, batez ere adin jakin bateko pertsonei, pentsiodunei, eragiten dizkien zailtasun guztiekin. Eta, hasteko, Bizkaiko hiriburuan eta martxak hasiko diren herrietan, ehunka pentsiodunek babesa, eta animoa emango diete martxistei. Eta zalantzarik gabe, askoz ere gehiago izango dira pasatzen diren herrietan harrera eta babesa emango dietenak.
Azpimarratzekoa da, halaber, hilaren 25ean, Gasteizko mobilizazioarekin batera, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin koordinatuta, Estatuko gainerako herri eta erkidegoetako pentsiodunen mugimendu eta plataformek elkarretaratzeak edo beste ekimen batzuk egingo dituztela 1.080ko gutxieneko pentsioa eskatzeko. Ekimen horien artean, azpimarratzekoa da Madrilen Diputatuen Kongresuaren aurrean egingo dena, 1.080 pentsiodunekin, eskatzen dugun gutxieneko pentsioaren zifra hori ordezkatuz. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza batek hartuko du parte bertan.
3.- Greba Osakidetzan maiatzaren 18an eta 19an
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek bi greba egun deitu dituzte Osakidetza osoan, bai Lehen mailako Arretan, bai Ospitaleetakoan, hilaren 18an eta 19an. ESK, CGT eta CNT sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin. Eta jendarte mugimendu eta kolektibo guztiei gonbidapena luzatu diete negoziazio eskubidea defendatzera, Osasun Sailak eta Lakuako gobernuak blokeatuta dutena, baita osasun publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa ere
Lan-prekarietatea salatu dute, plantilla txikia eta behin-behinekotasuna, lanaren %50etik gorako gainkarga sistematikoaz; ordezkapenik eza eta lanpostu hutsak betetzea; hamarkada batean %20tik gorako erosteko ahalmenaren galera; biltegiak zentralizatzeko proiektu berri bat egingo da, eta horrek lanpostu asko desagerrarazteko, gainkostua izanik eta zerbitzuaren kalitatearen narriadura; baita lan-baldintzen murrizketa erradikala eta justifikaziorik gabekoa, garapen profesionala, etab.

Era berean, Lehen mailako Arretaren desegite programatua eta gainerako asistentzia-mailetan gero eta prekarizazio handiagoa. EAGen itxierak, hala nola Zumarraga, Deustu eta San Martin (Gasteiz); murrizketak Osasun Zentroetako arreta ordutegietan, oporraldietan hasi eta urte osora zabalduz joaten ari direnak; erizaintzako langileekin soilik artatzen diren osasun-zentroak ugarituz, medikurik ez dagoelako; familia-medikuei hiru edo lau zentro desberdinetan artatzeko aldi baterako kontratuen eskaintza ugaritzea; ospitaleko larrialdiak egunero gainezka daude, etab.
Arazo estruktural horiei aurre egiten ari gara, ez dago inolako planifikaziorik Osakidetzaren narriadurari aurre egiteko epe ertainean; eta, are okerragoa dena, ez da pribatizazio-prozesua geldiarazten, aitzitik, egunetik egunera gehiago zabaltzen da. Medikuen arazoari aurre egiteko Osasun Sailaren “burutazio” bakarra erretiroa hartzeko adinera iritsi bezain laster medikuek lanean jarrai badezakete hala egitea, dagokien pentsioa eta soldataren zati bat kobratuz.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua manifestazioen alde agertu da, Osakidetza publiko, indartsu eta baita zerbitzu soziosanitarioen garrantzia ere (egoitzak, arreta…) publikoak eta Osakidetzan integratuak, zaintza eta osasuna bermatzen dutenak, adinekoena eta pentsiodunena. Hilaren 18an hainbat ekimen eta mobilizazioak egingo dira kalean, eta hilaren 19an manifestazioak deituko dira EAEko jendartearen laguntzaz hiru hiriburuetan 12:00etan ‒Bilbo (Jesusen Bihotzean), Donostia (Boulevarden) eta Gasteiz (Burullerian) ‒.
4.- Gotxone Sagarduik jarraitzen du ukatzen Osakidetza hondatzen ari dela eta protestei entzungor egiten die
Gotxone Sagarduik duela egun batzuk SER irrati-katean egindako elkarrizketa batean zioen Lehen mailako Arreta mantentzeko eta indartzeko ahaleginak egiten ari direla eta ukatu egin zuen Osakidetzaren eredua aldatzen ari dela edo zerbitzuak ixten ari direla. Era berean, entzungor egiten jarraitzen du Osakidetzaren eta bere kudeaketari egiten zaizkion kritiken inguruan. Hona hemen azken aldian gertatzen ari diren protesta ugarietako batzuk, 18 eta 19ko grebaren aurretik.
Tolosa. Tolosaldeko ospitale publiko bat eskatzeko, azken larunbatean 2.000 pertsona inguruk manifestazioa egin zuten TOPA plataformak deituta, Tolosaldeko osasun sistema arriskuan. Konponbidea orain! Salatu egin zuten Tolosaldea dela EAEko eskualde bakarra erreferentziazko ospitale publikorik ez duena, eta nahiz eta proiektua egina izan, data zehatza jartzea eskatzeko kalera irtetea erabaki zuten, premia larria baita. Hamabi urte baino gehiago daramatzate arreta prekarioa jasotzen eta ez dute konponbidearen arrastorik ikusten. “Nekatuta daude itxaroteaz eta benetako konpromisoa ez iristeaz, bakarrik promesa hutsak hauteskunde aurretik”.
Irun. Tolosan bezala, larunbatean ere ‒hilak 6‒, beste manifestazio jendetsu bat Iruneko kaleetan zehar, Oarso-Bidasoa eskualdeko 2.000 lagunen parte-hartzearekin; Mobilizaziorako deia egin zuen “Osasun Bidasoa” plataformak oso arrakastatsutzat iritzita.
Eskualdean osasun-gabeziak handitzearen inguruko kezka handitu egiten da egunez egun. Irungo ospitaleko urologiako kontsultak kentzea eta Donostiara pasatzea zerbitzuak nola murrizten diren erakusten duen beste adibide bat besterik ez da. Oso iritzi zabala da eskualdeko biztanleen artean orain dela unea denok batera protesta egiteko, ez banaka, espezialistaren hitzordua ematen digutenean, baina 8 hilabete barru izateko.
Langileen prekarizazioa eta asistentziaren narriadura. Azken eskaintzan, Familia-medikuentzako aldi baterako kontratuak ugaritu egin dira osagileak, hiru edo lau zentro desberdin artatu behar ditu, eta iraupen laburrekoak. Adibide gisa, Bermeo, Lekeitio, Gernika eta Arteagako Gautegizko osasun-zentroak betetzeko eskaintza. Egoera horretan dauden langileak txandaka lau osasun-zentroetan ibili behar izaten du, baina ez du bat ere benetan ezagutzen. Gainera, kontratazio modalitate honek pazienteen osasunaren jarraipen egokia eragozten du.
Osakidetzaren greba Arabako landa-eremuan. Apirilaren 27an, Arabako landa eremuko Osakidetzan, SATSE, SME, ESK, LABek, UGTk, CCOOk eta SAEk deitua greba egin zuten %80tik gorako parte-hartzeaz. Langileekin batera, herrietako osasun-zentroetako inguruko herritarrek ere manifestazioan parte hartu zuten, baita erreferentziako ospitalekoek. Osakidetzari eskatu zioten Arabako landa eremuan zerbitzua ez desegitea, eta salatu zuten ere langile plantilla egonkortzeko aitzakiaz, antolamenduak izendapenak ezarri nahi dituela, horiek pazienteak eta erreferentziazko osasun-langileen arteko harreman edo lotura eza sortuz. Beldur dira Osakidetzaren helburua ez ote den izango paziente bakoitzak bere medikua eta erizaina dituelako irizpidea haustea. Eta sendagile gabeziagatik, erizainak behartu nahi dituzte berezkoak ez diren lan eginkizunetan.

Barakaldo. Atzo, ostiralean, beste kontzentrazio bat egin zen S. Bizente osasun zentroaren aurrean, Barakaldoko Osasun Publikoaren Defentsarako Plataformak bultzatua (BOPA), familia-medikuen ia plantillaren erdia bete gabe eta zentro horretan arretaren narriadura handia dagoela. Berriz salatu zuten horko familia medikuek lan-gainkarga jasaten dutela, eguneko 35 paziente baino gehiago artatzen, eta hitzordua izateko luze zain egon behar: 12 egun inguru. Era berean, Barakaldo-Sestaoko ESIren kudeatzailetzaren gardentasun eza, beharrezko informazioa ez baitu ematen eta ezina bihurtuz hobetzeko proposamenak egin ahal izatea.
Grebak eta protestak Osakidetzako zerbitzu pribatuetan eta soziosanitarioetan. Amaierarik ez greba eta protestetan, Osakidetzaren kontratetako garbiketa langileen hitzarmen duin baten alde, Osakidetzaren baldintzekin homologatzeko. Beste horrenbeste gertatzen da Egoitzetako langileekin eta etxez etxeko laguntza arloko langilerekin. Gehienak emakume izanik eta kontrata-enpresa pribatuetako langile, Osakidetzak ez ditu aintzat hartzen; ezta Aldundiek edota zenbait Udalek ere egoitzetako langile azpikontratatu eta etxeko arretako langileekin. Horiek guztiak funtsezko zerbitzu publikoak dira, baina erakundeek alde batera uzten dituzte beren erantzukizunak eta enpresen esku utzi, eta benetan enpresei lagundu, nahi dutena egin dezaten: soldata oso baxu eta langileen lan-baldintza gogorrak ezarriz.
5.- Macronek hamahirutan jarraituko du, Konstituzio Kontseiluaren babesarekin
Frantziako Estatuan, Macronen Gobernuaren pentsioen Erreformaz, Maiatzaren 1eko mobilizazioak jendetsuak izan ziren eta, duela hamarkada batzuetatik hona, jendetsuenak. Sindikatuen arabera 2,3 milioi pertsona mobilizatu ziren Hexagonoko gutxi gorabehera 300 hiritan; horien artean Lapurdiko hiriburuan, Baionan, 20.000 pertsona baino gehiago bildu ziren.

Hala ere, Macronek aurrera jarraituko du bere Erreformarekin, Erreforma bozkatzea saihestu zuen Dekretuaz, Batzar Nazionalean eta ondoren Konstituzio Kontseiluaren babesarekin, azken honek Erreforma balioztatzeaz gain, bigarren aldiz jarraian baztertu egin zuen erreferenduma egiteko aukera, onartzeko ala ez. Konstituzio Kontseiluak atzera bota zuen erreferenduma zeragatik “ez dio eragiten gizarte-politikari buruzko erreforma bati” eta, bestalde, gauzatu ahal izateko, herritarren 4,8 milioi sinadura baino gehiago bildu behar ziren bederatzi hilabeteko epean.
Horrelako izaerako jarrera politikoek argi eta garbi uzten dituzte demokratikotzat jotzen den sistema politiko eta konstituzionalaren gabeziak eta mugak. Jarrera horiek mobilizazioen eta ekintzaileen errepresio eta kontrol sistema oso gogorrarekin batera etorri dira, atxiloketa eta galdeketa bortitz ugarirekin, erakunde jakin batzuen atarian legez kanpo manifestazioak utzita, manifestariek Macroni egindako harreretan eta beste batzuetan zeramatzaten lapikoak konfiskatzea.
Ezker politikoak eta sindikatuek hurrengo urrats baten aldeko apustua egin dute: ekainaren 8an, Batzar Nazionalean, non lege-proiektu bat eztabaidatuko den erretiroa hartzeko legezko adina 64 urtera arte luzatzen duen Erreforma. Oposizio osoaren babesa du eta, agian, Parlamentuko Alderdi Errepublikanoko (eskuinekoa) diputatu batzuenak.
Baina ezin da ilusio handirik izan ekimen politiko berri honekin arazoa konpontzeko. Presio sozial jarraitua eta oso gogorrik gabe, jendartearen iritzi sozialaren gehiengoaren babesa ez badago, batez ere langile gazte eta beste herri-sektore batzuenak, zaila da Erreforma atzera botatzea. Sindikatuek beste mobilizazio bat iragarri dute ekainaren 7rako.
