Albiste eta informazio interesgarriak 2023ko otsailak 25

1.- Mobilizazioak gaur EAEn Osakidetzaren defentsan eta osasun publikoaren desegitearen aurka
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, gaur, eguerdiko 12:00etan, manifestazioak egingo dira Bilbon (Bihotz Sakratuaren plaza), Donostian (Boulevard) eta Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plaza). Eta gizarte mugimendu eta eragile guztiei Osakidetzaren defentsan eta osasun publikoaren desegitearen aurka bat egiteko gonbita egin diete.
Mobilizazio horiek, Hego Euskal Herriko herri askotan, azken hilabeteetan, osasun publikoaren alde egindako protesta, elkarretaratze eta manifestazio ugarien jarraipena dira. Horietako azkenak, otsailaren 15ean Nafarroan, Osasunbidean, Foru Erkidegoko publiko osoarekin batera, egin ziren greba eta mobilizazioa; Ezkerraldeko eta Meatzaldeko pentsiodunen mobilizazioa, astelehenean Gurutzetako (Barakaldo) ospitalearen aurrean, 1.000 pertsona baino gehiago bildu zituena; edo Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ospitale eta anbulatorioen aurrean sektoreko sindikatuek bultzatuta aste honetako asteartean ere egin ziren elkarretaratzeak.
Osakidetzaren hondatze-egoera kezkagarria da, bai eta pribatizazio-prozesu gero eta handiagoa ere. Gauza bera gertatzen da zerbitzu soziosanitarioekin (egoitzak, etxez etxeko arreta…). Baina Osakidetzako zuzendaritzak, Osasun Sailak eta Urkulluren gobernuak beste alde batera begiratzen dute, autokonplazentziazko eran jokatzen dute, era prepotentean ez denean, kexa sindikalei eta sozialei entzungor eginez, nahiz eta osasun publikoarekiko gizarte-atsekabearen maila inoiz ezagutu ez den altuena izan. Gauza bera gertatzen da Aldundiekin eta haien mendeko zerbitzu soziosanitarioekin, dauden arazoen ardura ez baitute bere gain hartzen, dena kudeatzaile pribatuen esku utziz, beren etekinak handitzea besterik bilatzen ez duten kudeatzaile pribatuak, adinekoentzako eta pentsiodunentzako kalitatezko arreta eta zaintzaren kaltetan.

Egunetik egunera, gero eta premiazkoagoa da erantzun sozial zabalak, masiboak eta bateratuak prestatzea, osasun-erakunde eta erakunde soziosanitarioei eta beraiek sostengatzen dituzten eta beren erantzule diren gobernuei beren jarrera aldaraz diezaieten, jasaten ari garen arazo larriak konpondu behar direla onar dezaten.
Gaurko manifestazioak aukera ona dira EAEko hiru hiriburuetan gure haserrea adierazteko eta konponbideak eskatzeko. Kaleak bete behar ditugu. Protestetan aurrera egitea eta arrakastatsuak izatea, Osakidetzako sindikatuek, osasun publikoaren aldeko herri eta eskualdeetako plataformek, pentsiodunen mugimenduak eta pertsona guztien, batez ere pertsona zaurgarrienen, hala nola adinekoen osasunarekin eta zaintzarekin kezkatuta dauden gizarte-eragile guztiek elkarrekin eta elkartuta ibiltzearen menpe dago.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) indarrez eta erabakitasunez egongo da gaur hiru hiriburuetako manifestazioetan, bere pankarta eta segizioa izanik. Gizarte-protestetan harreman- eta unitate-esparruak josten laguntzeko borondatea erakutsiko du, Osakidetza EAEn eta Osasunbidea Nafarroan pairatzen ari diren hondatzeak geldiarazteko, bai eta osasungintza eta zerbitzu soziosanitarioak desegitea ere, eta, aldi berean, beren izaera publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa exijituz.
2.- Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Pentsiodunen Mugimenduaren mobilizazioa Gurutzetako Ospitalearen aurrean
Joan den astelehenean, Bizkaiko Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Pentsiodunen Mugimenduak, Osakidetzako sindikatuen, Osasun Publikoaren Defentsarako Barakaldoko Plataformaren (BOPA), Gurutzetako Larrialdietako Asanbladaren eta beste kolektibo sozial batzuen babesa izanda, manifestazioa egin zuen Gurutzetako Ospitalearen aurrean (Barakaldo). 1.000 pertsona baino gehiago bildu ziren, gehienak pentsiodunak, baina hainbat auzokidek eta ospitaleko langilek ere parte hartu zuten.
Manifestazioaren ibilbidea oso animatuta egon zen eta indarra, batasuna eta borrokatzeko gogoa arnasten ziren. Ospitaleko plazaren sarrera oso hunkigarria izan zen, haien zain zeuden ospitaleko eta larrialdietako langileen txaloak jaso baitzituzten.
Manifestazioaren amaieran irakurri zen manifestuan, osasun-zerbitzuei dagokienez, Ezkerraldean eta Meatzaldean pairatzen ari diren arazoak agerian utzi zituzten, eta adierazi zuten Gurutzetako Ospitalearen aurrean protesta egin zutela, bi eskualdeetarako erreferentziazko delako. Era berean, Osakidetzako sindikatuek gaurko Bilbon deitu duten manifestaziora joateko deia egin zuten.
Azken ekitaldian, larrialdietako langileek, pentsiodunak pentsio publikoak eta duinak defendatzeko, bai eta osasuna eta kalitatezko zerbitzu soziosanitarioak eskatzeko ere egiten ari diren borrokari babesa eman zioten. Azpimarratu zuten pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak bere egiten dituztela, eta oso abesti borrokalaria abestu zuten, bertaratutako bati baino gehiagori malkoak isurarazi zizkiona.
3.- EHPMaren plangintza martxoaren 13-18ko pentsiodunen barau-itxialdiaren inguruan
Astelehenean, elkarretaratzeetan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) martxoaren 13tik 18ra bitarteko barau-itxialdia egiteko arrazoiak eta plangintza azaltzen zituen agiria plazaratu zen. Bertan adierazten zenez, bost urte baino gehiago daramatzagu 1.080 euroko gutxieneko pentsioa (14 ordainsaritan) aldarrikatzen, pentsiodun batek zahartzaroan bizitza duina izateko oinarrizko diru-sarrera delako, eta baita pentsioen genero-arrakala murrizteko neurri eraginkorra ere.
Azpimarratzen zenez, Estatuko gobernuari exijitzen diogu berehala gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzeko. Adinekoentzako eta pentsiodunentzako gutxieneko diru-sarrerak bermatzea EAEko eta Nafarroako gobernu eta erakundeen ardura ere bada, eta hala eskatu diegu behin eta berriz, gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan osatzeko exijituz. Proposamen hori Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Legeak jaso behar zuen, baina EAEko Legebiltzarraren gehiengoak atzera bota zuen proposamena.
EAEn eta Nafarroan 280.000 pentsio daude, kopuru osoaren %40, 1.000 eurotik behera. Gaur egun, oinarrizko baliabideen prezioen igoera finantza- eta energia-oligopolioen etekinak handitzeko erabiltzen ari den honetan, gure bizi-baldintzak nola okertzen diren ikusten ari gara. Gero eta zailagoa da etxebizitzen erosotasunari eustea edota osasuna, elikadura osasuntsua eta arreta eta zaintza zerbitzuak bermatzea. Politika publikoen bidez aberatsak gero eta aberatsagoak dira gehiengo sozialaren kontura, eta horrek aberastasunaren banaketa desorekatua ondorioztatzen du, zeinaren biktimak pentsioak, soldatak eta zerbitzu publikoak diren.

Eta ondorioztatzen du, arrazoi horiengatik, EHPMak Bilbon martxoaren 13tik 18ra bitartean barau-itxialdia egitea erabaki duela, eguneroko mobilizazioekin batera, honako hau eskatzeko:
EAEko eta Nafarroako gobernuei gutxieneko pentsioak 1080 eurora arte osatzea, 14 ordainsaritan, eta berehala ezartzea.
Jarraian, barau-itxialdiaren aste barruan programatutako ekimenak jasotzen zituen:
Martxoaren 13an, astelehena, Bilboko kontzentrazioaren ondoren, bertan bildutakoek, baraualdia hasiko duten pentsiodunak lagunduko dituzte Fernandez del Campo kaleko 24 zenbakian dagoen lokaleraino, non barau-itxialdia burutuko den.
Asteartean, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean, itxialdian parte hartuko dutenak eta Bilboko, Bizkaiko eta Hego Euskal Herriko beste herri batzuetako beste kide pentsiodunek 11:30etan bilduko dira plaza Eliptikoan, mobilizatzeko eta gobernu ezberdinei eta alderdi politikoei 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta horretarako osagarria eskatzeko.
Arratsaldeetan, 18:00etan, barau-itxialdiko lokalean mahai-inguruak egingo dira gonbidatutako hizlariekin. Bertan, pentsio publikoen etorkizuna eta Espainiako eta Frantziako erreformak aztertuko ditugu, baita genero-arrakala eta nola gainditu ere, edota Estatuko beste Herri eta Erkidego batzuetako pentsiodunen plataformen eta mugimenduen lekukotza. Oraindik erabakitzeke dago mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitarioen errealitateari buruzko mahai-inguru bat egiteko aukera.
Eta larunbatean, martxoaren 18an, manifestazioa egingo dugu Bilbon (plaza Eliptikoan), eguerdiko 12:00etan. Sindikatuek eta gizarte-eragileek manifestazio horretara batzeko gonbidapena jaso dute.
4.- BBVA, Repsol eta Iberdrolaren etekin eta beren presidenteen soldata eskandalagarriak
BBVA. 2022an, 6.420 milioi euroko irabaziak izan zituen. 2021ean baino % 39 gehiago. Carlos Torres presidenteak 8,29 milioi euro kobratu zituen. 2022ko 1.000 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) kobratzen zuten 592 langileren baliokidea zen. Eta, urte berean, 716,4 euroko gutxieneko kotizaziopeko pentsioa zuten 826 pentsiodunena.

Repsol. 2022an, 4.261 milioi euroko irabaziak izan zituen. Aurreko urtean baino % 71 gehiago. Josu Jon Imazek, bere presidenteak, 4,13 milioi euro kobratu zituen. Hau da, iaz 1.000 euroko LGS kobratzen zuten 295 langileren baliokidea. Eta, 65 urte edo gehiago izanda, gutxieneko kotizaziopeko pentsioa zuten 411 pentsiodunena.
Iberdrola. 2022an, 4.339 milioi euroko irabaziak izan zituen. Sanchez Galanek, bere presidenteak, 13,21 milioi euro kobratu zituen 2021ean. Hau da, urte horretan, 965 euroko LGS zuten 977 langileren baliokidea.
Banku- eta energia-enpresa horiek eta haien presidenteak dira soldatak, besteak beste, LGSa igotzearen aurka daudenak, edota pentsioak benetako KPIaren bidez eguneratzearen eta Estatuak edo Autonomia Erkidegoek gizarte-beharrizanetan gehiago gastatzearen edo inbertitzearen aurka daudenak. Gainera, gobernuak proposatu dituen zerga mugatuak ezabatzeko auzitara jo dute.
Bankuei bost axola zaie milaka eta milaka familia itota egotea ezartzen zaizkien hipotekengatik, edo herritarrek, prekarietate-egoeran egon arren, komisio altuak ordaindu behar izatea edozein banku-eragiketa egiteagatik. Gauza bera gertatzen da enpresa elektriko edo energetikoekin, Ukrainako gerrak sorturiko “krisialdia”-ren aitzakian, elektrizitatearen edo erregaien prezioak neurrigabeko prezioetan igotzen baitituzte. Gizarteak eta erakundeek ezin dugu onartu, eta ez dugu onartu behar, merkatuaren eta lehiaren “askatasuna”-ren izenean, elite ekonomiko horiek aberastea, gizartearen gehiengo handiak bizitzeko duintasun apur bat izatea eragozten duten oinarrizko produktu eta behar guztien prezioen itzelezko igoera jasaten duen bitartean.
5.- Bilboko Pentsiodunen Mugimenduaren ordezkaritza baten agerraldia Udaleko Osoko Bilkuran
Ostegunean izan zen agerraldi hori. Behar bezala burutu ahal izateko denbora oso mugatua izan zen. Bost minutu pertsona bakar batek aurkezteko, eta beste bi minutu bigarren pertsona batek udaleko taldeen galderei eta jarrerei erantzuteko. Aurkezpenean, ordezkaritzak pentsiodunen mugimenduaren eskaerak eta mobilizazioak azaldu zituen eta baita eta Udalari egindako eskaera, aldarrikapen horiek bere egin ditzan eta Estatuko eta EAEko erakunde parlamentarioei eta gobernuei aurkezteko konpromiso sozial eta politikoa har dezan, batez ere 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren premia azpimarratuz. Gutxieneko pentsio hori, erakunde zentralek bere gain hartzen ez badute, EAEko Gobernuak bere egin behar du, egungo gutxieneko pentsioak zenbateko horretara arte osatuz.
Baina, batez ere, pentsiodunen ordezkaritzak, haren partaide zen emakumezkoaren bitartez, emakume pentsiodunen egoeraren larritasuna nabarmendu nahi izan zuen. Hego Euskal Herrian 280.000 pentsio 1.000 eurotik behera daudela adierazi zuen, gehienak emakumeenak. Are gehiago, azpimarratu zuen, EAEn soilik, 72.000 emakumek jasotzen dituztela 700 eurotik beherako pentsioak.
Eta gaineratu zuen “gaur egun miseria- eta pobrezia-pentsio hori jasotzen dugun emakumeon belaunaldiek gure bizitzako zati handi bat gure familia-bizitzako zaintza-lanetan eman eta ematen dugula. Lan hori ez da lantzat hartzen, isila eta ikusezina da, eta eguneroko malabarismoak egin behar izan ditugu haurrak, gure adinekoak eta gure familiak zaintzeko. Gaur egun 400, 500, 600 eta 700 euroko pentsioak jasotzen ditugun emakume-talde berberak gara, lanpostu feminizatuetan lan egin baitugu, batez ere zerbitzuen eta zaintzaren sektorean, lanaldi partzialeko kontratuak eta soldata prekarioak izanda”.

“Ez da posible pentsio duina izatea kalitatezko enplegurik eta soldata duinik ez badago; izan ere, gaur egun dagoen generoko soldata-arrakalak (EAEn, % 23) berriro ekarriko die emakumeen belaunaldi berrien zati bati prekarietate-egoera iraunkor bat, eta egoera hori modu krudelean luzatuko da erretiro-adinaren ondoren”.
Udal talde guztien esku-hartzeak pentsiodunen mugimenduaren lana eta borroka eredugarria aitortzeko izan ziren. Baina udal gobernua osatzen duten bi taldeek (EAJ eta PSE) zuzenketa bat aurkeztu zuten. Formalitate hutsa zen zuzenketa, pentsiodunen ordezkaritzak proposatzen zuena aurrera eramateko konpromiso zehatzik gabe. Onartu zen EAJren, PSEren eta PPren aldeko botoen bidez. EH Bilduk kontra bozkatu zuen eta Elkarrekin-Podemos abstenitu egin zen.
6.- Erromoko (Getxo) Nagusien Etxearen defentsaren aurrean eraispena eta errepresioa
Nagusien Etxeko Zuzendaritza Batzordeak aurkeztutako Goreneko Kasazio Errekurtsoaren erantzunaren zain egon gabe, astelehen honetan hasi ziren eraikina eraisten. Egun hauetan ugaritu egin dira auzoko adineko, gazte eta bizilagunen protesta baketsuak, eraistea eragozteko. Baina Getxoko Udal Gobernuaren (EAJ-PSE) eta hura babesten duten erakundeen erantzun bakarra Ertzaintzari bidaltzea izan da. Ertzaintzak bortizki egin du bildutakoen aurka, eta hainbat pertsona zauritu ditu (horietako bat ospitalera eraman behar izan zuten) eta beste batzuk atxilotu ditu. Auzoaren zati handi bat oso haserre dago udal-gobernuaren jarreraren eta, batez ere, Ertzaintzaren errepresioaren aurrean. Bihar, igandea 26, protesta manifestazio berri bat deitu da, 13:00etan Santa Eugenia plazan, zalantzarik gabe, azken asteetan egin den bezala jendetsua izango dena.

7.- Gerrarik Ez! plataformaren mobilizazioak
Sindikatuek eta gizarte talde ugarik lagunduta, hainbat aste daramatzate Ukrainan gerraren aurkako protestak sustatzen. Otsailaren 6an Bilboko portuaren aurrean egin zuten, Espainiako armadaren ibilgailu blindatu batzuk Ukrainara bidaltzea salatzeko. Atzo 250 bat lagunek elkarretaratzea eta prentsaurrekoa eman zuten Isozakiko dorreen ondoko eskaileretan (Bilbo). Ukrainako gerraren lehen urteurrenaren aurrean, honako hau adierazi zuten:
. Errusiaren erasoa eta NATOren politika espantsionista gaitzesten ditugu, baita Europako gobernu guztien militarismo gero eta handiagoa ere.
. Ukrainako langile herriarekiko elkartasuna adierazten dugu, eta Errusian eta Europako gainerako herrialdeetan gerra arbuiatzen duten emakumekiko eta gizonekiko sinpatia dugu.
. Ukrainara armak bidaltzeari uko egiten diogu; izan ere, gertakariek erakusten dutenez, horrek gatazka luzatzeko eta Europa Errusiaren aurkako gerrara bultzatzeko baino ez du balio.
. Salatzen dugu gerra gizarte eta lan eskubideak murrizteko erabiltzen ari dela. Atzerapausoa da klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta ideologia militaristak eta autoritarioak zabaltzen ditu, Europako gizarteari eragingo diotenak, batez ere emakumeei.

. Euskal Herriak ez du ahazten Gernika eta gerrak herriari dakarkion sufrimendua; horregatik, elkartasuna adierazten diegu alde bateko eta besteko errefuxiatu eta desertoreei.
. Horregatik guztiagatik, Espainiako estatuko gobernuari eskatzen diogu ahalegin guztiak egin ditzala berehalako su-etena lortzeko eta Europa Erdialdean bakea sustatzeko. Gerrarik ez. Su-etena.

