Albiste eta informazio interesgarriak         2023ko urtarrilak 21 

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduako berri hauek

1.- Eguraldi zakarrak, etengabeko euri zaparradekin batera, ez zuen eragotzi astelehenean 5.000 pentsiodun Hego Euskal Herriko kaleetara ateratzea

Joan den astelehenean, hilak 16, euriak eta eguraldi zakarrak ez zituen pentsiodunak izutu eta 5.000 pentsiodunek Hego Euskal Herriko lau hiriburu eta 75 herrietako kaleak zeharkatu zituzten, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) bere jaiotzaren V. urteurrena ospatzeko deituta.

Ez euritakoek ez zirek ezin izan zuten eragotzi blai-blai eginda amaitzea. Baina kontua zen pentsiodunen mugimendua zutik jarri zeneko V. urteurrena ospatzea. Bost urte hauetan zehar, mugimendu honek 230 astelehen baino gehiagotan (hiriburu eta herri batzuetan, 250 astelehen baino gehiagotan) elkarretaratzeak, tokiko, eskualdeko, herrialdeko eta izaera autonomikoko manifestazio ugari egin ditu Gasteizen edo Iruñean, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) edo Nafarroako parlamentu autonomikoen egoitzen aurrean, edo beste batzuk partekatu ditu Estatuko beste Erkidego eta Herri batzuetako pentsiodunen plataformekin, Madrilen, Bruselan eta abar, goraipatzeko eta aitortzeko moduko duintasuna eta sendotasuna izanik.

Zenbait komunikabidek, elkarretaratzeen hasierara hurbildu zirenean, galdetzen zioten beren buruari ea eguraldi zakar harekin eta euria izanda ausartuko ote ginen kaleetan barrena ibiltzera. Batzuetan zaila egiten zaie sinestea adinekook, pentsiodun gehienok bezalakook, horrelako baldintza klimatologikoetan kalean manifestatzera ausartzen garela. Irribarre egiten dute “euria zein eguzkia izanda, pentsioa defendatzen dugu”, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren baitan oso errotuta dagoen leloa, oihuka entzuten gaituztenean.

Hiriburuetako eta herrietako kaleetako ibilbideak askotarikoak izan ziren, baina guztiak aldarrikapen eta jai girokoak. Herri askotan pankartez eta banderez beteriko kalejirak egin zituzten, eta horietako batzuk txistulariek, musika taldeek edo animatzaileek lagunduta egin ziren. Mobilizazioak amaitu ondoren, herri askotan pintxoak eta edariak izan zituzten, leku estalietan edo txokoetan. Eta horietako batzuen amaieran, ehunka pentsiodunek parte hartu zuten bazkari herrikoiak izan ziren.

Herri askotan gertatu ziren pasadizo atsegin guztiak kontatzeak liburu bat idaztera eramango gintuzke. Pare bat bakarrik aipatuko ditugu. Bilbon egin zen bazkarian 120 pentsiodun izan ziren, ia erdia emakumezkoak. Eta Donostian, txistorra eta sagardoa dastatuz, Boulevardean bukatzeko asmoa zuten, baina eguraldi kazkarragatik, eta Udalak Konstituzio Plazako arkupeetan ospatzeko eskaerari uko egin zionez, beste astelehen batera atzeratzea erabaki zuten. Baina “gertakari” horrek ez zuen alaitasun eta animo giroa itzali, eta parte-hartzaile batzuek “aukera aprobetxatu zuten” V. urteurrena ospatzeko argitaraturiko aldizkaria banatzeko, oso harrera ona izan zuena, are gehiago bi eurotan bakarrik saltzen delako eta horrela 160 ale banatu eta saldu zituzten.

Komunikabideen eta udaletako ordezkarien presentzia

Hiriburuetako ekitaldietan komunikabideen presentzia esanguratsua izan zen, baina are handiagoa nolabaiteko tamaina duten herrietako tokiko komunikabideen presentzia. Beste behin ere, EITB taldeko telebista-sektorearen presentzia oso eskasa izan zen, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik hein batean konpondu zutena. Batzuetan ematen du EAEko lurralde-esparrua gainditzen duen zabalkundea duten komunikabideek informazio eta estaldura gehiago ematen dietela Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren mobilizazio eta ekimenei, EITB taldeko telebista-arloak baino. Eta hori, komunikazio publikoko erakundea izanik, benetan kezkagarria da, horrelako ekimen sozial garrantzitsuei dagokienez. Zalantzarik gabe, komunikazio-talde hori zuzentzeko erantzukizun zuzena dutenek, eta, bereziki, EITBn aurrera eramaten dena finkatzen eta erabakitzen duten arduradun politikoek zuzendu behar dute jarrera hori.

Hiribururen batean eta udalerri ugaritan, garrantzitsua izan zen zinegotzien presentzia, egindako elkarretaratzeen edo ekitaldien hasieran. Herri batzuetan bertako alkateak ere egon ziren. Gehienak korronte politiko jakin bati zegozkion arren, azpimarratu eta eskertu behar da haien artean Hego Euskal Herrian udal-ordezkaritza duten alderdi politiko gehienen ordezkari instituzionalak zeudela. Hainbat udaletxetan, halaber, pentsiodunen mugimenduko banderolak ikusi ziren, balaustradetan edo leihoetan jarrita.

2.- Aberatsenen aberastasunak gorakada eskandalagarria izan du azken urteetan

Davos-en Munduko Ekonomia Foroaren hasiera dela eta, Oxfam Intermonek txosten bat argitaratu zuen astelehenean, “Aberatsenaren legea” izenekoa. Bertan azaltzen denez, aberatsenen % 1ak, 2019ko abendutik 2021eko hilabete berera bitartean sorturiko munduko aberastasunaren % 63 biltzen du. Eta bere enpresa-mozkin handiak lortzeko moduak dira mundu mailako inflazioaren igoeraren funtsezko arrazoiak. Kontrako muturrean, nabarmentzekoa da gutxienez 1.700 milioi langile bizi direla inflazioaren hazkundea soldaten gainetik edo oso gainetik dagoen herrialdeetan, eta mundu osoan 820 milioi pertsonak baino gehiagok, hamarretik batek gutxi gorabehera, gosea pasatzen dutela. Halaber, azpimarratu du emakumeak eta neskak direla gosea duten biztanleen ia % 60.

Estatu espainiarrari dagokionez, milioidunen aberastasunaren hazkundea ere areagotu egin da azken urteetan; izan ere, 2008an aberastasun handieneko % 1ek guztizko aberastasun garbiaren % 15,3 biltzen zuen, baina 2021ean jada % 23,1 biltzen zuen. 2021ean, IBEX-35eko enpresen mozkinak, oro har, 2019koa baino % 63 handiagoak izan ziren, eta 2022ko lehen hiruhilekoan soilik iragarri zituzten aurreko urteko aldi berean baino % 30 handiagoak zirela mozkinak.

Txostenean azpimarratzen denez, 2022ko urtarriletik azarora bitartean, inflazioak diru-sarrera handienak dituzten etxekoen unitateek baino % 26 gehiago murriztu du egoera okerrenean dauden etxeen erosteko ahalmena. Eta elikatutako krisi baten aurrean gaudela, izan ere, enpresa handi batzuk eta superaberatsak ziurgabetasun-egoeraz, pandemiaz eta Ukrainako gerraz baliatzen ari dira, prezioak eta etekin-marjinak puztuz, gehiengo sozial handi baten kontura. Eta beraiek dira, ondoren, “pentsioak eta soldatak ez direla igo behar, inflazioa handitzea eragiten dutelako eta enpresek irabaziak lortzea eta enpleguak mantentzea eragozten dutelako” esaten dutenak.

3.- Nafarroako Osasun Plataforma, Osasunbideko medikuen esklusibotasuna kentzearen aurka agertu da 

Nafarroako Osasun Plataformak duela egun batzuk emandako prentsaurreko batean, “mobilizazioak indartzeko” beharra defendatu zuen, Foru Gobernuak “osasun sistema publikoa defendatzeko” duen “ezintasunaren” aurrean. Eta sindikatuei dei egiten zien ahaleginak batzeko, lan-baldintzen “degradazioaren” eta egungo politikek osasun publikoaren “biziraupenerako” duten “arriskuaren” aurrean.

Iazko ekaina eta abendua bitartean 2.000 biztanletik gorako 48 udal nafarri bidali zien mozioaren eztabaidaren emaitzak aurkeztu zituzten. Mozio hori 26 udaletan onartu zen osorik edo partzialki, besteak beste, Iruñean, Atarrabian, Zizur Nagusian, Lizarran eta Altsasun. 26 udal horiek 295.279 biztanle ordezkatzen dituzte, Nafarroako biztanleria osoaren % 44,8. Onartutako mozioak sei puntu zituen, eta horietan eskatzen zen Lehen Mailako Arreta eta osasun publikoa indartzea; osasun pribatura egindako deribazioak eta sinaturiko hitzarmenak bertan behera uztea; plantillak sendotzea; behin-behinekotasuna % 8ra murriztea; osasun mentala birformulatzea eta indartzea; eta Osasunari buruzko Foru Legea herritarren partaidetzaz egitea.

Aurrekoarekin batera, medikuen esklusibotasuna kentzearen erabat aurka agertu zen, Nafarroako Medikuen Sindikatuak –greba deitzea aurreikusten duena– defendatzen duena salatuz. Hain zuzen, sindikatu horrek planteatzen du esklusibotasunaren osagarri ekonomikoaren baliokidea mantentzea, baina ez sistema publikoarekiko esklusibotasuna mantentzeko betebeharra, horrela, beren jarduera medikoa sektore pribatuan ere garatu ahal izateko.

Horrelako asmo bat onartzea edo asumitzea oso larria da, kalitatezko osasun-sistema publiko unibertsala bermatzearen aurkakoa baita. Osasuna ezin da negozio ekonomiko edo interes pribatuko gai bihurtu. Tristeena da, antza denez, Chivite presidentea prest dagoela asmo hori onartzeko eta negoziatzeko, EAEn, EAJren eta PSEren Gobernuaren onarpenaren eta babesaren ondorioz, pairatzen ari garen egoerari bide emanez, eta horrek Osakidetza pixkanaka hondatzea dakar.

4.- Lehen Arreta Arnasberritzen plataformaren topaketa

Joan den larunbatean, Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak, Lehen Mailako Arretako langileek osatutakoak, bilera bat egin zuen Otxarkoagan (Bilboko auzoa), Lehen Mailako Arretaren egoera aztertzeko. 200 langile inguru bertaratu ziren, gehienak medikuak, baina baita erizainak eta administrari laguntzaileak ere.

Haren lehen ondorioa izan zen, azterlan batek adierazten duen bezala, osasun-zentroetako langileen % 75ek “burnout” sindromea edo erreta egotearen sindromea duela, lan-gainkargak eragindako presio psikologiko handiagatik, akatsak egiteko beldurragatik eta herritarrek behar duten arreta ezin emateagatik.

Oso eztabaida aberatsa eta parte-hartzailea izan zen. Hainbat gai jorratu zituzten, hala nola inbertsio eta langile gehiagoren beharra, plantilla egonkortzeko eta Lehen Mailako Arretan jarraitzeko interesa eta motibazioa sentitzeko neurriak eskatzea, arreta hori osasun-sistema publikoaren erdigunean jartzeko premia eta arazo horiek konpontzeko proposamenak Administrazioari helarazteko interesa. Topaketaren amaieran manifestazioa egin zuten Otxarkoagatik Santutxu auzoko Karmelo Osasun Zentroraino. Sektoreko jende gehiago batu zitzaien, eta bertaratutakoen artean nahiko adin gaztea nabarmendu zen.

5.- BOPA Barakaldoko Osasun Plataformaren kanpainaren hasiera

Barakaldon osasun publiko, unibertsal eta doakoa defendatzeko sortu berri da, baina beste herri batzuetako plataformekin indarrak batzeko eta ahalik eta gizarte-eragile gehienekin osasun publikoa defendatzeko ahaleginak partekatzeko asmoz, datozen hiru asteetan informazio-kanpaina bat hasi dute herriko osasun-zentro guztietan, astearte eta ostegunetan, otsailaren hasieran herrian manifestazio bat deitzeko helburua izanda. Lehentasunezko eskarien artean honako hauek daude: arreta osoa aurrez aurrekoa izatea berehala berreskuratzea, itxaron-zerrendak murriztea, bularreko minbizia detektatzeko baheketen barruan erradiografia bat egin ahal izateko 11 hilabeteko atzerapenekin amaitzea, horrek larritasun handia eragiten baitie emakume askori, eta inbertsio gehiago eta langile gehiago eskatzea.

6.- Hego Euskal Herriko errealitateari egokituriko Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarantz eta gutxieneko pentsiorantz jotzea

Soldatei, pentsioei, bizitzaren kostuari, baldintza ekonomikoei eta abarri dagokienez, EAEko eta Nafarroako errealitatea kontuan hartzea ezinbestekoa da Europako Gutun Sozialeko eta Gizarte Segurantzaren Europako Kodeko gomendioak aplikatzeko orduan, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari (LGS) edo gutxieneko pentsioari dagokienez gure herrialdean. Estatuan ezarritako gutxieneko irizpide homogeneoak aplikatzea ez dator bat EAEko eta Nafarroako errealitatearekin, eta Euskal Herriko pentsiodunen kalterako da. Benetako egitatea da Espainiako Estatuko Erkidego edo Herrien artean bizitzaren kostutik bereizitako egoera dagoela, eta, beraz, soldaten, LGSren eta gutxieneko pentsioen erosteko ahalmena, Estatu mailan ezarritakoa, ez da berdina. Estatu osorako ezarritako diru-sarrerak oso urriak izan arren, EAEn eta Nafarroan ez da modu berean bizi 1.000 euroko LGS batekin edo 783 euroko gutxieneko pentsio batekin (bakarrik bizi den 65 edo urte gehiagoko erretiratu baten kotizazio peko pentsiorako 2023rako ezarri dena), bizitza merkeagoa edo garestiagoa den Estatuko beste Erkidego edo Herri batzuekin alderatuta.

Lanbide arteko gutxieneko soldata, pentsioak, kotizazio peko eta kotizaziorik gabeko gutxienekoak barne, gobernuak eta erakunde zentralek ezartzen dituzte Estatuko Erkidego guztientzat. Eta hori egiten dute errealitate desberdinak kontuan hartu gabe eta gutxieneko izendatzaile komuna ezarriz, hau da, LGS bat eta gutxieneko pentsio ahalik eta txikienak ezartzea aprobetxatuz.

Horrela, legez eta inposaketa horren pean, EAEn eta Nafarroan, baita Estatuko beste Erkidego eta Herri batzuetan ere, ezin da beste LGS edo gutxieneko pentsiorik ezarri, Europako Batzordearen gomendioak, beren egoera ekonomikoaren eta soldaten edo pentsioen arabera, aplikatu ahal izateko.

Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala aspalditik eskatzen ari da 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.260 euroko gutxieneko pentsioa. Estatistikako Institutu Nazionalaren azken datu publikoen arabera, EAEko hileko batez besteko soldata 2.452 eurokoa zen 2021ean, eta Nafarroakoa 2.250 eurokoa. Kopuru horiei % 60ko irizpidea aplikatuz gero, EAEn 1.471 euroko LGS izango litzateke, eta Nafarroan 1.350 eurokoa.

Berriki, EAE eta Nafarroa barne har ditzakeen lanbide arteko edo sektore arteko akordio edo hitzarmen baten bidez helburu horietara iristeko proposamen sindikal bat argitaratu da. Akordio horiek posible dira Langileen Estatutuaren 83.3 artikuluan jasotako indarreko legeriaren arabera. Horren arabera, sindikatuek eta patronalek hainbat gairi buruzko akordioak lortu ahal izango dituzte, soldatari buruzkoak barne, eta hitzarmen kolektiboen eraginkortasuna izango dute. Horrek aukera emango luke Estatuak ezarritako LGSa gainditzeko. Era berean, batez besteko soldata maila hori lortzeak EAEko eta Nafarroako parlamentuek batez besteko soldata horren % 90ean kokatuko litzatekeen gutxieneko pentsioa lortzeko bidean aurrera egitea ekarri beharko luke.

Horrelako ekimenak interesgarriak direla uste dugu. Baina horiek lortzeko ezinbestekoak dira aliantza sindikal zabalak, sendoak eta irmoak, gizarte-babes oso handiarekin, zeren eta euskal enpresariak eta gaur egun EAEn eta Nafarroan boterean ditugun erakunde politikoak, seguraski, parez pare jarriko baitira horrelako akordio bat ez lortzeko.

7.- Urtarrilaren 19a: Macronen pentsioen erreformaren aurkako mobilizazio historikoa

Pentsioen erreformaren aurkako mobilizazioa ondo hasi da, indar handiz. Mediapart egunkariak azpimarratu duenez, pentsioen erreformaren aurkako mobilizazioek maila historikoa lortu dute. Eta mobilizazio-egun honetan atentzioa ematen duena ez da soilik Parisko mobilizazio izugarria, baizik eta, batez ere, mobilizazioa hexagonoaren luze-zabalean hedatzea, Perpignan, Tarbes eta Angouléme bezalako herrietan inoiz ikusi ez diren mobilizazioekin, non inoiz ez den ezagutu gaur egun ezagutzen diren mobilizazioen antzekorik. 200 manifestazio baino gehiago, non sindikatuek kalkulatu duten 2 milioi pertsona inguru mobilizatu direla, haiek bezperan aurreikusitakoaren bikoitza. Lorpen handia, jendeak Macronen eta bere gobernuaren aurka duen haserrea ere adierazten duena.

Mobilizazioaren luze-zabaltasun horren funtsezko elementuetako bat da mobilizaziorako elementu garrantzitsu batetik haratago, hau da, erakunde sindikalen erabateko batasunetik haratago, mobilizazio horrek gizarteko sektore ahulenak goitik behera zeharkatzen dituzten beste arazo batzuk katalizatzen dituela: inflazioak eragindako bizitzaren kostuaren neurrigabeko igoeratik hasi eta azken hilabete hauetan mobilizatzen ari diren sektore horietako erabiltzaileei eta langileei eragiten dien gizarte-zerbitzuen etengabeko degradazioraino (garraioa, hezkuntza, osasuna –lehen mailako arreta eta ospitaleak–).

Eta horri guztiari gehitu behar zaio erreforma horrek ez duela inolako justifikaziorik, eta gobernua hasieratik galtzen ari zela: aurrez aurre gehiengo sozial bat du, zeinak zuzenki baztertzen baitu justifikaziorik gabeko erreforma bidegabea. Azkenik, mundu guztiak ulertu duen elementu bat da Macronen eta gobernuaren borondatea sutsua, kalean asko izanda bakarrik dela posible gobernuak duen jendearekiko harrokeriaz eta mespretxuaz amaitzea.

Baina horretarako ez da nahikoa egun bateko mobilizazio bakar bat egitea. Ostegun honetakoa abiapuntu bikaina izan da, baina ez da nahikoa izango. Macronek eta bere gobernuak erreforma hori inposatzeko duten borondatea handia da -martxoaren amaierarako egin nahi du Parlamentuan-, eta ezin izango da bertan behera utzi, baldin eta ez badago aurre egiteko borondate eta ahalmen handiagorik.

Gaur, hilak 21, mobilizazioak egingo dira gazte erakundeek eta alderdi politikoek deituta, kulturako pertsona ospetsuekin eta unibertsitateko irakasleekin batera. Eta sindikatuek mobilizazio orokor batera deitu dute berriro, hilaren 31rako. Bien bitartean, beste ekimen eta mobilizazio mota batzuk egingo dira modu deszentralizatuan, hexagono osoan zutik jarri diren talde unitarioek deituta.

8.- Ipar Euskal Herriko mobilizazioa eta EHPMren komunikatua

Hainbat sektoretan, besteak beste garraioan eta hezkuntzan, egindako lanuzteen ondoren, Baionan egindako manifestazioa jendetsua izan zen, azken urteotan egin den jendetsuenetako bat, eta 10.000 pertsona inguruk parte hartu zuten 50.000 biztanle baino gehixeago dituen hiri batean.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Hego Euskal Herrian Frantziako Estatuan pentsio publikoak defendatzeko mobilizazioen eta protesta sozialen garrantzia publikoki adierazteaz gain, Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatu osoan egindako mobilizazioei babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan zien, eta, horretarako, mobilizazioetarako deia egin zuten erakunde eta kolektibo guztiei idatzizko babesa zuzenean helarazi zien, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak inork ez bezala ulertzen du Frantziako Estatuko sindikatu eta pentsiodunen jarrera, murrizketen aurkako jarrera aktiboaz pozten da eta pentsio sistema publikoaren aldeko borrokan Europak bat egiten duen tokian urratsak ematera animatzen du.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *