Albiste eta informazio interesgarriak             2023ko urtarrilaren 6

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- MPEH-EHPMren V. Urteurrenaren aurkezpena

Datorren ostegunean, hilak 12, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (MPEH-EHPM) publiko egingo du Bilboko Kafe Antzokian 2018ko urtarrilaren 15an Hego Euskal Herrian pentsiodunen mobilizazioen hasieraren V. urteurrena ospatzeko antolatutako jardueren aurkezpena.

Besteak beste, Modus Operandi taldeako Iñaki Ortiz de Villalbak, Amaia Zubiria, Ines Osinaga Gose taldeko abeslari ohia, eta Xabier Amurizaren letraren laguntzarekin, espresuki ekitaldi honetarako prestatutako abestia plazaratuko da. Era berean, iazko udan Euskal Herrian zehar ibili zen Bizikleta Martxa Pentsiodunari buruzko liburua, duela bost urte martxan jarri zenetik euskal pentsiodunen mugimenduak izan duen ibilbideari buruzko aldizkari erakargarria, V. urteurrena ospatzeko kartela eta egindako borroka, lortutako lorpenak, lortzeke dauden aldarrikapenak eta horiek lortu arte borrokan jarraitzeko prestasuna azpimarratuz kaleetan eta herrietan banatuko den dokumentu xume bat aurkeztuko dira.

V. Urteurrena ospatzeko Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 75 herritan egingo diren ekitaldien data nagusia urtarrilaren 16a izango da. Baina ez dira egun horretara mugatuko; aitzitik, aurreko egunetan eta ondorengo asteetan, beste ekimen batzuekin batera joango dira, eta horien berri emango dugu larunbatetan guztietan argitaratzen ditugun hurrengo buletinetan.

2.- Gure pentsioak eguneratu dituzte, baina pentsiodunok zuzeneko laguntza batzuetatik eta kenkari fiskal batzuetatik baztertuak

Kotizaziopeko pentsioak urtarrilaren 1ean eguneratuko dira, urte arteko batez besteko KPIari dagokion %8,5arekin, hain zuzen 2021eko abendutik 2022ko azarora bitartekoa. Kotizazio gabekoak %15. Espainiako Bankuak, CEOEk, PPk, Vox-ek… alderdi politikoek eta haien menpeko komunikabideek eskuak burura eroan dituzte, “tamainako igoeraz”. Ez zaie axola azken bi urteetan izan dugun diru galera inflazio handiagatik, ezta %8,5 horrekin ez ditugula galera horiek ere konponduko. Hori bai, azpimarratu egin dute pentsio gorenekoek zer kobratuko duten, baina ahaztu egiten zaie 65 urte edo gehiagoko hainbat milioi pentsiodunek kotizaziopeko pentsioak, 2023an, 783 euroko gutxieneko pentsioa baino ez dutela jasoko. Hau bakarrik bizi direnei dagokie; ezkontidearekin daudenei bere kargu 966 euro; eta ezkontidea kargura ez badago 743 euro.

Zinismo handiz esaten dute pentsiodunak “pribilegiatuak” garela, langile askok baino diru-sarrera handiagoak batez beste izango ditugulako, bereziki soldata baxuagoak dituzten gazteak, baita aurten beren hitzarmenak eguneratu dituztenek ere, inflazioaren erditik beherako soldata-igoerak izango dituztelako. Haiek guztiek zerikusirik ez balute bezala soldatak baxu horiek izatearekin!

Baina pentsiodunok, galera horiekin jarraitzeaz gain, baztertuak izan gara Gobernu zentralak erabaki duen 200 euroko zuzeneko laguntzatik, 27.000 euro urteko edo gutxiagoko diru-sarrera izan duten gainerako pertsonei emango zaiena. Bestalde, EAEn (Euskal Autonomia Erkidegoan) urtean 14.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrera duten pentsiodunek, (1.000 euro hilean), horien artean 205.000 emakumek, ezin izango dute baliatu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Lakuako Gobernuaren babesarekin, ezarritako PFEZ aitorpenaren 200 euroko kenkaria, urtean 30.000 baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten pertsonek bezala. Izan ere, supermerkatu kate batzuk salatu zituzten abenduko azken astean prezioak igotzeagatik, hainbat produkturen BEZaren murrizketa publiko egin bezain laster, gero BEZ berriaren aplikazioarekin jaisteko eta, horrela, murrizketa horren onurez jabetzeko. Atzera egin behar izan dute jokabide horregatik egindako salaketa sortaren aurrean.

Arrazoia oso sinplea da, 14.000 euroko edo gutxiagoko diru-sarrerarekin ez da zertan PFEZaren aitorpena egin behar, ez da zergarik ordaindu behar kontzeptu horregatik eta, beraz, ezin da kenkari hori erabili. Ez zaigu gaizki iruditzen neurri aringarri txiki hori PFEZaren aitorpenean, baina oso ulergaitza (edo ulertezina) da diru-sarrera gutxien dutenek konpentsatuta ez ikustea antzeko edo handiagoko kopuru batekin. Pentsiodunei ematen zaien tratu hori ezin justifika daiteke, Gobernuak gutxieneko pentsioak hobetzea atzerapen mugagabean duelako, eta baita ere ez duelako errespetatzen 2020ko Toledoko Itunaren Gomendioen edukia, horretarako behartzen zuen-eta.

3.- Abenduko KPIa %5,8ko eta BEZaren murrizketak

KPIa edo urte arteko inflazioa %5,8an kokatu da abenduan. Elektrizitatearen eta erregaien kostuaren murrizketa eta Gobernuak hartutako neurriekin batera, eragina izan du inflazioaren jaistean azken hilabeteetan. 

Hala ere, erosketa-saskiaren prezioen igoera %13 ingurukoa da. Oraindik goizegi da baloratzeko eta jakiteko Pedro Sánchezen Gobernuak hartutako BEZaren jaitsieraren ondorioak zein eragina izango duen eta kontsumo-prezioak kontrolatuko diren. Itxaron egin beharko da egiaztatzeko, baina zalantza handiak daude, garrantzitsuak edo esanguratsuak, are gehiago elikagaiak, edariak, arropa eta jantziak, bitartekariek, multinazional handiek-eta Merkatua kontrolatzen dutenek profitatu nahi dutenean BEZaren jaitsieraz.

BEZaren aplikazioa eta supermerkatu eta denda handiek ezartzen dizkiguten produktuen prezioen kontrolatzea ez da batere erraza. Eraginkorrena prezioak kontrolatzea eta mugak ezartzea da, batez ere oinarrizko produktuei, ezinbestekoak direnak familientzat; eta erakunde politikoek gauzatu beharko luketena. Bestalde, BEZa zerga zuzengabea da, batez ere oinarrizko produktuetan, zeren gauza bera ordaintzen duten pentsio edo soldata baxuak ditugunok eta diru-sarrerak oso altuak dituztenek.

4.- Sakanako Osasun Plataformak azalpen publikoa eskatu dio Nafarroako Gobernuari

Joan den abenduaren erdialdean argitaratutako manifestu batean, Sakanako Osasun Plataformak nabarmendu zuen azalpen publikoa behar zela Nafarroako Gobernuaren aldetik bere osasun-eremuko prekarietate-egoera luzearen aurrean: Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia.

Salatu egiten zuen “guztiz onartezina dela populazio-bolumenaren arabera dagokigunagatik. Hau da, pediatriako plaza eta erdi eta sei Lehen Mailako Atentzioan. Gaur egun batez bestekoa 2 eta 3 bitartekoa dugu Lehen Mailan eta 1 Pediatrian, gainera egun askotan egon gara azken hau gabe. Egoera hori denboran luzatzen ari da, plantillan lan-tentsioa sortuz eta osasun-zentroan erabiltzaileak nazkatuz. Hitzorduen atzerapena eta arreta falta, garrantzi handiko zerbait sortzen zaigunean ez dakigu nora jo eta Ospitaleko larrialdietan amaitzen dugu, 50 kilometroko distantziara”.

Eta zera gehitzen zuen  “Orain arte Nafarroako Gobernuaren eta osasun estamentu ezberdinen zuzendaritzaren erantzuna zera izan da: bere eskuetan ahal duten guztia egiten dutela, baina medikuntzako profesionalik aurkitzen ez dutela. Eskubidea dugu exijitzeko dagokiguna eta Osasun Zuzendaritzak gure eskarietarako egokia eta behin betikoa den irtenbide bat emateko betebeharra du; beraz, gure ustez, Nafarroako Gobernuak egoera tamalgarri horren azalpen publikoa emateko betebeharra du”.

Aitortzen dute narriadura hori ez dela sortu legegintzaldi honetan, ezta aurrekoan ere, baina zazpi urtean denbora izan dute egoera zuzentzeko. Amaitzeko baita berea egiten dute Sakanako gainerako herrien kexak ere, besteak beste, Ergoienea (Unanu, Dorrau eta Lizarraga), Bakaiku, Urdiain, Arbizu eta Lakuntza, pandemia aurreko egoera berreskuratu gabe daude-eta Lehen Mailako arretan.

5.- “Zaintza Babesten” Euskal Herriko Federazioa eratzea.

Abenduaren 29an, osteguna, Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza, adinekoak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintza-sistemaren senitartekoek eta erabiltzaileak ordezkatzen dituztenek, haien defentsan urte askotako esperientzia izanik, aurkezpen bat egin zuten Bilbon, eta bertan argitara eman zuten Euskal Herriko Federazioa: Zaintza Babesten, elkarte bakoitzaren autonomiatik abiatuta, bizitza duin eta errespetuzko baten aldeko borrokan indarrak batzeko helburuarekin, adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen eskubideen alde.

Uste dute zaintza-zerbitzua pertsonen eskubide unibertsal eta subjektiboa dela, ezin da negozio bat izan, eta administrazioek pertsonen arreta duina eta kalitatezkoa ziurtatu behar dutela Euskal Herriko zaintza-sistemaren barruan. Salatu zuten egoitza edo erresidentzia publikoak desagertzera kondenatuta daudela, EAJren eta PSEren politika zaintza-kudeaketa esku pribatuetan bideratua. Egoitza pribatuetan eta gaizki izendatutako “kontzertatuetan”, asistentziaren kalitatea gero eta okerragoa da. Gauza bera gertatzen da etxez etxeko laguntza zerbitzuan.

Azpimarratu zuten egungo ratioek ezin dutela kalitatezko zerbitzurik eskaini. Aldez aurretik abisatuta egiten dira ikuskapenak, eta ez dute jasotzen erabiltzaileek eta senideek duten informazioa. Kostuei dagokienez, prezioak oso altuak badira, igoerak are gehiago, pertsona egoiliar gehienek pentsio oso txikiak izanik. Amaitu zuten adierazten beharrezkoa dela federazio batean elkartzea, elkarrekin indartsuagoak izango garelako, orain arte egiten ari ginen lanarekin jarraitzeko. 

MPEHeko (Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua) ordezkaritza bat aurkezpenera gonbidatua izan zen. Babesa eta elkartasuna adierazteko agurra egin zien, lankidetza eskaini eta laguntza harremanak, aspaldian bezala. Bertaratutako guztiek atsegin handiz hartu zutena.

6.- Protestak Larrabetzun, medikurik ez dagoelako

Aspalditik ari dira protestan, askotan medikurik gabe egoten direlako. Abenduaren 30ean, MPEHren barruan dagoen herriko pentsiodunen taldearen ekimenez, beste elkarretaratze bat egin zuten. Beste behin ere kexatu ziren askotan medikurik gabe egoten direlako, beti zerbitzu hori izan dutenean, eta egoera horretan Larrabetzuko bizilagunek Galdakaora joateko beharra ikusten dute, batez ere pertsona zaharrenei sortzen dizkien arazoekin, eta horrek esan nahi du oinarrizko eskubideak murrizten zaizkiela, besteak beste, osasun arlokoak.

Ostiralean 84 pertsona bildu ziren eta hori garrantzitsua da Larrabetzu bezalako herri txiki batean. Asteazkenean, hilak 4, herri-batzarra egin zuten, eta agerian geratu zen herrian osasun-zerbitzurik ez dagoenez eta murrizketak egiten ari direnez, mobilizatzen jarraitu behar dela. Era berean, osasun publikoaren egiturazko arazoa dela uste dute, eta beste herri batzuekin batera koordinatu eta lan egin behar dutela, ahaleginak batu behar direlako. Urtarrilaren 18an beste herri-batzar bat egingo dute, pentsiodunek eta beste gizarte-eragile batzuek deituta, beste ekimen batzuk nola bultzatu zehazteko. Kartelen bidez, herriko jendea bertaratzera gonbidatuko dute, eta eskutitz bana emango diete herriko eragile sozialei, bat egin eta protestetan parte hartzera gonbidatuz.

7.- Bizkaiko etxeko laguntzako langileak greban

Astelehenean, Bizkaiko etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileek lau eguneko greba hasi zuten, soldata duinak eskatzeko. Salatu dutenez, zazpi urte daramatzate hitzarmenik gabe eta soldata izoztuta.

Oraingoan 1.500 langile inguru daude grebara deituta, eta gehienek lanaldi partzialak dituzte. Greba eta mobilizazio horiek abenduaren hasieran hasi zirenen jarraipena dira. Soldata hobeak eskatzen dituzte, horietako askok hilean 1.000 euro baino gutxiago kobratzen baitute lanaldi osoan lan egin arren.

Patronalak hitzarmen sektorialerako egiten dien eskaintza %3,6ko soldata-igoera da 2023-2025 aldirako. Sindikatuek eta langileek uste dute eskaintza hori ezin dela aurkeztu 7 urtez hitzarmenik gabe egon ondoren, eta soldaten erosteko ahalmena izugarri okertu dela, inflazio-tasa altuek gehituta, batez ere azken bi urteetan.

Langileek egindako manifestazioetako bat astelehenean amaitu zen, Bilboko udaletxeko eskaileren aurrean, pentsiodunen elkarretaratzea amaitu ondoren. Elkarri babesa eta elkartasuna adierazi zioten, bertaratutako guztien esker oneko txaloekin batera.

Views: 2
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude