Albiste eta informazio interesgarriak 2023ko uztailak 15

Interesgarritzat jotzen ditugulako zabaltzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Pentsiodunen manifestazioak eta hauteskunde eztabaidetan pentsioei arreta gutxi 

Gaur, uztailak 15, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) deitutako manifestazioak egingo dira. Gasteizen (12:00 Artium) eta Donostian (12:00 Alderdi Eder). Bilbon, datorren astelehenean ospatuko da, hilaren 17an, 12:00etan, Plaza Eliptikotik Udaletxera. 

Manifestazio horien helburua da kalean pentsiodunen eskaerak agerian jartzea, bereziki 1.080€ko gutxieneko pentsioa, eta alderdi politikoei eskatzea hurrengo Diputatuen Kongresuan pentsio publiko eta duinak defendatzeko konpromisoa, bidali dizkiegun proposamen edo eskaeretan zehaztutakoak. 

Hauteskunde-eztabaidetan pentsioen gaia presentzia txikia izaten ari da ‒bereziki hartu beharreko neurri zehatz eta positiboak‒ , nahiz eta milioika pertsonei eragin; kezka bereziaz Hego Euskal Herriko 220.000 lagunentzat eta Estatu osoan pentsioak jasotzen dituzten bost milioitik gorako espainiarrentzat, 1.080€ baino gutxiago -edo askoz gutxiago-, eta gutxieneko pentsio lortzea premia larriko eta bizi beharrizana da.

Astelehenean telebista-kate pribatu batean Estatuko hurrengo gobernua zuzentzeko bi hautagai nagusien artean egindako eztabaidan, apenas pentsioei buruzko aipamen orokorrak Pedro Sanchezen aldetik, bere gobernuaren izenean, egindako aurrerapenei buruz. Baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Estatuko gainerako herriek orain arte (jadanik 5 urte) egindako eskariei buruzko konpromiso zehatzik gabe. Feijóoren aldetik, jakina interes ekonomikoak eta politikoak kontuan hartuta, ezin genuen ezer onik edo positiborik espero. 

Euskal alderdi batek eta Estatuko gainerako alderdi subiranista eta ezkertiar batzuek izan ezik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa defendatu baitute beste neurri batzuen artean, gainerakoek ez diote garrantzirik eman gai horri. EAJk propaganda egin du Gizarte Segurantza EAEra transferitzea eskatzen duela adieraziz, baina kudeaketa soilik. Eskaera positiboa da, mugatua bada ere, baina badakigu bere eredua eta proiektua pentsio-funts pribatuak mantentzea eta bultzatzea dela, administrazioaren hainbat arlotan eta enpresa eta sektore jakin batzuetan. 

Pentsiodunen mugimenduaren eskaerak eta eskakizunak ez dira mugatzen hauteskundeen aurrean alderdiak bere alde azaltzea, baizik eta izaera iraunkorra izango dute, kalean protestak eta mobilizazioez babestuak, hurrengo Diputatuen Kongresua osatuko duten alderdiei, eta bereziki Gobernuari begira, bertatik irtengo dena. 

Telebista eta irrati batzuek begirunea izan dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko lankideekin, hauteskunde-eztabaida batzuetan ahalbidetzen elkarrizketa eta galdera laburrak, eta oso mugatuak izan dira eta ez datoz bat pentsio auziaren garrantzi sozialarekin.

2.- KPIa jaitsi egiten da, baina erosketa-saskiaren kostua oso altua mantentzen da 

Estatu espainiarreko KPIa %1,9 ingurukoa izan zen ekainean. Maiatzean %3,2. Horrela, azken hilabeteetan KPIaren moteltze prozesu baten aurrean gaude, Europar Batasuneko estatuen batez bestekoaren azpitik. 

Baina datu horiek ezin dute erosketa-saskia osatzen duten oinarrizko produktuen kostu handia ezkutatu, Estatuak, EAEak eta Nafarroak oso positibotzat jo arren. Maiatzean %12 handiagoa zen iazko hilabete berarekin konparatuz; eta ekainean iragarri dute %10ekoak izan direla, 2022koaz erkatuz. Igoera horiek oso handiak dira; gainera, adierazi behar da igoera hori iazko hilabete bereko prezioekin alderatuta kalkulatzen da, baina 2021arekin alderatuta, askoz handiagoak. 

Aurtengo otsailean Urkulluren Gobernuak lau ikuskatzaileren talde baten sorrera iragarri zuen elikagaien prezioa eta elikagaien banatzaileak zein handizkariak (saltzaile handiak) kontrolatzeko. Baina bere lanaren emaitzak ez dira ezagutzera eman; eta itxura guztien arabera bere funtzioa EAEko gobernuari egindako oharrak “jakinaraztera” baino ez da izango. 

Elikatze-kate guztiaren prezioak zehazten eta espekulatzen dituztenen onura  handiak kontrolatu gabe, prezio eta onura horiei mugak jartzeko neurririk hartu gabe, saskiaren prezioek neurrigabeak izaten jarraituko dute eta, mundu guztiak dakien bezala, pertsona gehienei eragiten diete: langileak, pentsiodunak, etab.

3.- EAEn 65 urtetik gorako 4 emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar 

Pentsiodun andre batek mintzaldia egin zuen eta zauria ukitu zuen astelehenean Bilboko elkarretaratzean, Euskal Autonomia Erkidegoan 65 urtetik gorako emakume askok jasandako indarkeria matxistaren gainean.

Emakundek egindako ikerlan baten arabera, 65 urtetik gorakoen artean lau emakumetik batek (%23,4) indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta gaur egun %5,1ek pairatzen du indarkeria matxista. Horrek esan nahi du ia 68.000 emakume izan direla indarkeria horren biktimak, eta gaur egun ere 16.500ek pairatzen jarraitzen dute. 

Eta errealitate ikusezina dela nabarmendu zuen. Edo, hobeto esanda, IKUSEZINARAZIA. Eta zergatik? 

Emakundek egindako txostenak adierazten duen bezala, emakume gazteetan jartzen da arreta, adineko emakumeak alde batera utzita. 

Onartu egiten da emakume horiek adinekoak izateagatik indarkeria jasaten dutela, indarkeria matxista denari ez ikusiarena eginez; eta horrek zaildu egiten du adineko gizonen indarkeriazko jokabideak nabarmentzea, eta gizon “hauskorrak” edo “jende ona dirudi”. 

Eta indarkeria matxistaren biktima den adineko emakumearen irudi bat eraiki delako, tutoretza-prozesu bat behar duen mendeko subjektu gisa, kontuan hartu barik bere aldaketa-ahalmena eta erabakiak hartzeko eskubidea. 

Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren fenomenoan berariazko ezaugarria dago hiru elementuek osatua: indarkeria mota, emakume izatea eta adina. Eta zahartzaroan kroniko egiten da, erretiroarekin eta eguneroko bizitzako jarduerak egiteko zainketen beharrarekin, funtsean indarkeria psikologikoan eta kontrol ekonomikoan bihurtua. 

Gauzak horrela, 65 urtetik gorako emakumeak, indarkeria matxistaren biktimak, berebiziko zaurgarritasun egoeran daude, honako arrisku-faktoreak daudenean: mendekotasun ekonomikoa, sinesmen zein estereotipo sozialak eta mendea ezabatzeko baliabideak. 

Bere mintzaldia amaitzeko, zera azpimarratu zuen: 

Norberaren baliabide ekonomikoak izatea indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko modu bat da. Halaber, 1.080€ko gutxieneko pentsioa aldarrikatzea borroka egiteko modua da, era berean, mendekotasun ekonomikoaren aurka zein 65 urtetik gorako emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurka. 

Ez dugu nahi ikerketa hau kutxa batean barruan geratzea. Bertan jasotako gomendioak, Eusko Jaurlaritzak edo Foru Aldundiek beren gain hartzeko eskatzen dugu, beren eskumenen arabera.

4.- Eusko Jaurlaritza egoitzetarako prestatzen ari den proiektu berriari kritika

EH Bilduk duela egun batzuk salatu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adinekoen egoitzek bete beharreko baldintzak eta betekizunak arautzeko Eusko Jaurlaritzaren proiektu berriak Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluaren Erabakian 2022an Estatuan ezarritako gutxieneko estandarren azpitik kokatzen ditu, eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Legebiltzarrean duten edukiari buruzko informazioa eman dezala eskatzen du.

Alderdi edo koalizio politiko horrek azaldu duenez, proiektu horren arabera, egoitza berriek 150 plaza izango dituzte gehienez, eta zentroak modulu bakoitzeko gehienez 25 plazarekin antolatuko dira. Eta horrek estatuko akordioan ezarritakoak baino baldintza edo muga okerragoak dakartza; izan ere, akordio horrek ez ditu aurreikusten 120 plaza baino gehiagoko egoitzak, 75 plaza baino gehiagokoak landa-eremuetan eta 90 plaza baino gehiagokoak dentsitate ertaineko eremuetan, ezta 15 plaza baino gehiagoko moduluak ere.

Era berean, nabarmendu du proiektu berriak 0,33ko ratioa ezartzen duela eta 6 urteko epea ematen duela egoitzek baldintza hori bete dezaten. Horrek esan nahi du 2029ra arte ez dagoela bermatuta ratio hori, hau da, egoitzako langile bakoitzak bere lanalditik egoiliar bakoitzari arreta zuzena eta pertsonalizatua emateko emango duen denbora. Hala ere, Lurralde Kontseiluaren akordioaren arabera, 2029an ratioak 0,49 izan behar du, hau da, langile bakoitzak denbora gehiago emango du egoiliar bakoitzari arreta ematen.

Halaber, kritikatu du proiektu berriak ez duela sendotzen arreta soziosanitarioa egoitza-zentroetan, telelaguntza eta laguntzaileek erizainen berezko zereginak beren gain hartzea aurreikusten baitu, edo terapeuta okupazional batek gizarte-langileei dagokien arreta estaltzea.

Kritikarako beste elementu batzuk honako hauek dira: proiektu berriak ez du aurreikusten parte hartzeko organorik. Eta azpimarratu du euskal gizartea munduko zaharrenetako bat dela eta zaintza-krisi batean murgilduta dagoela, eta, beraz, beharrezkoa dela trantsizio bat egitea zaintza-sistema publiko komunitario baterantz.

Eta ondorioztatu du beharrezkoa dela egoitzak kudeatzeko ereduari buruz eztabaidatzea, ezin delako zainketekin negozioa egiten utzi, eta beharrezkoa delako hitz egitea zentro horietako egunerokotasunean langileek, egoiliarrek eta haien senideek nola parte hartzen duten eta haien erabaki fisikoak nola hartzen diren.

Kezkagarria da Euskal Autonomia Erkidegorako izaera horretako egoitzen proiektu bat atzerakoia izatea Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluaren Akordioan jasotako Estatuko baldintza eta estandarrei dagokienez. Era berean, ezin da batzuen negozioarentzako sistema pribatu-itunduarekin jarraitu, baizik eta sistema publiko baterantz jo, ahalik eta eztabaida sozial eta parte-hartzaile zabalenarekin batera. Eskaera horiek, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko egoiliarren senideen elkarteek planteatzen dituzte, Zaintza Babesten taldean bilduta.

5.- Osakidetzako garbiketarako kontratetan  hitzarmen-akordioak eta Gorabideko (Desgaitasun intelektuala dutenen aldeko Bizkaiko elkartea) 

Asteazkenean eman zen itxitzat duela bi aste patronalak eta sektoreko gehiengo sindikalak (LAB, CCOO, UGT eta ESK) Osakidetzako kontratetako langileen hitzarmen-aurreakordioa, eta Euskal Osasun Zerbitzuak berretsi egin behar zuen patronalak eta sindikatuek adostutako neurriek ekarriko duten kostu ekonomikoa onartzeko.

Bi aste horietan, modu ulertezinean, Osakidetzak oztopoak jarri ditu, eta luzatu egin du Enplegu eta Lan Sailburuordetzaren bitartekaritza izan duen aurreakordio baten onarpena. Patronalei edo sindikatuei soilik eragiten dieten negoziazioak edo akordioak direla arrazoitzea ez da batere justifikatua, Osakidetzak hitzartzen baititu patronalekin garbiketa-kontratuak, eta horiek zehazten baitituzte gero sindikatuekin lor ditzaketen akordioak.

Oso borroka luzea eta zaila izan da. Ehun bat greba egun eta mobilizazio eta protesta ugari egin behar izan dituzte garbitzaileek akordio hori lortzeko. Akordio hori positiboa izan dela uste dute, eta pozik ospatu zuten akordioa sinatu zen atarian bertan bildu baitziren lankideek.

Duela egun batzuk itxi den hitzarmen positiboko beste akordio bat Gorabideko langileena izan da (Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkartea). Kasu honetan, akordioa sinatu duten sindikatuak LAB eta ESK dira.

Beste behin ere, nabarmendu behar da emakume langileen borrokak direla, eta ahalegin handiz lortzen dutela beren lan-baldintzak hobetzeko eta jasaten jarraitzen duten diskriminazioaren eta lan-desberdintasunaren aurrean beren eskubideak aitortzeko urratsak ematea.

6.- Ez dute barkatzen grebetan eta piketeetan parte hartzea

Duela bi urte pasatxo, 2020ko greba orokorrean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deituta eta pentsiodunen mugimenduaren babesarekin, Iruñean atxilotutako hiru gazte epaitu zituzten uztailaren 3an Nafarroako Auzitegian. Greba eta mobilizazioa, bizitza duinaren alde eta sistema aldaketaren alde, eredu kapitalista eta patriarkalarekin amaitzeko.

Hainbat ekintza eta istilu izan ziren Iruñean, eta polizia-indarrek hainbat karga egin zituzten; 30 gazte identifikatu zituzten, eta hamaika pertsona atxilotu.

Hiru urte geroago, uztailaren 3an, Fiskaltzak 18 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen hiru gazte horientzat. Akusazioa, beti bezala: autoritatearen aurkako erasoa eta desordena publikoak. Azkenean, hiru gazteek 2 urteko kartzela-zigorra (espetxean sartzea eragozten diena) eta 3 urteko zigorra onartu behar izan zuten.

Grebalariak bat plataformak deitua, ehun pertsona baino gehiagok elkarretaratzea egin zuten Nafarroako Auzitegiaren egoitzaren aurrean, babesa eta elkartasuna adierazteko.

Piketeetan eta kaleratzeen aurkako Tubacexeko greba luzean parte hartu zuten gazte eta langile horiek bezala, epaitzen ari dira, edo noiz izango zain. Langile horietako sei epaiketaren zain daude, hainbat urteko kartzela-zigorra eskatzeko.

Enpresaburuek eta haiek babesten eta defendatzen dituzten erakundeek ez dituzte barkatzen langileen erresistentzia-borrokak, kaleratzeen aurkako greba eta piketeekin, beren lanpostuen defentsan edo lan-baldintza zuzen eta duinen alde. Langileen eta gizartearen borrokak kriminalizatu nahi dituzte, beldurra sartu eta jendea ikaratu, mugi ez dadin eta inposatzen zaiena etsipenez onar dezaten. Ez dute erraza izango, Euskal Herrian behintzat.

Views: 4
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude