Albiste eta informazio interesgarriak 2023ko uztailak 29

1.- 65 urtera igo da erretiroko benetako adinaren batez bestekoa
Jakinarazi berri da, erregistratutako informazioa dagoenetik lehen aldiz, erretiroa hartzeko batez besteko adina 65 urtera iritsi dela, 2018an 64,2 urte eta 2005ean 63,5 izan zirelarik. 2023an, erretiratzeko legezko adina 65 urtekoa da, gutxienez 37 urte eta 9 hilabete kotizatu dutenentzat soilik, eta 66 eta 4 hilabetekoa (2027an 67 urterekin izango da) kotizazio-aldi horretara iristen ez direnentzat.
Batez bestekoa 65 urteraino igotzea, alde batetik, aldez aurretik erretiratzen direnen kopurua murriztearen ondorioa da. Kasu askotan, gainera, enplegua galtzeak behartuta egin behar izan dute eta, pentsioaren koefiziente murriztaileak aplikatzeagatik, beren pentsioen zenbatekoaren gutxipena jaso dute. Bestalde, gora egin du (2023ko lehen sei hilabeteetan, % 8,5) erretiroa hartzeko adina beteta izan arren, erretiroa hartzea atzeratzen duten pertsonen ehunekoak, eta, horrela, pentsioa kalkulatzeko oinarriari aplikatu beharreko ehunekoa handitu zaie (% 4 atzerapen-urte bakoitzeko, edo behin bakarrik).
55 eta 64 urte bitarteko pertsonen arteko enplegu-tasan % 13,4ko genero-arrakala dagoen arren, emakumeek gainditu egiten dute gizonen benetako erretiro-adina. Hori gertatzeko hiru arrazoi nagusi daude: a) emakumeek aldez aurretik erretiratzeko aukera gutxiago dute, horretarako behar den kotizazio-aldia ez dutelako, oro har, zainketa-jardueretan denbora gehiago eman dutelako; b) arrazoi berberengatik, ezin dute 65 urterekin erretiroa hartu; eta c) generoko soldata-arrakalaren eta kotizazioen iraupen laburragoaren ondorioz duten erretiro-pentsioen batez besteko zenbateko txikiak, pentsioa hobetzeko lanean jarraitzera bultzatzen dituzte, baita beraien lana oso nekagarria izan arren ere.

Emakumeen egoerak okerrera egiten du erretiro-adina handitzearekin batera; izan ere, adin hori baino lehen enplegua galtzen dutenean, gutxienez 15 urtez kotizatu badute, oso zenbateko txikikoa den 52 urteko langabezia-subsidioa kobratuko dute (480 euro hilean). Eta gainera, zenbateko txiki hori ez da Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) bidez osatuko bizikidetza-unitatearen diru-sarrerek DSBEren zenbatekoa gainditzen badute, eta hori oso litekeena da ezkontideak soldata bat edo kotizazio peko pentsio bat jasotzen badu.
Estatu frantsesean erretiro-adina 62 urtetik 64ra igotzearen aurkako mobilizazio sozial itzelek erakutsi duten bezala, Estatu espainiarrean erretiro-adina murrizteko eskakizunak, pertsona guztientzako 65 urtera itzultzetik hasita, berebiziko garrantzia izan behar du sindikatuen eta pentsiodunen aldarrikapenetan.
Langileei behin eta berriz azaltzen diete honako “mantra”: erretiro-adina igotzea “ezinbestekoa” da, gizarte-zerbitzu publikoei eta gutxieneko pentsio publiko duinei eusteko. Lotsagabekeriarik handienaz ari dira gezurretan. Bost axola dizkiete lan egindako urte luzeek, jasandako lan-baldintzek, edota beraien ahaleginek sortutako errentagarritasun eta aberastasun gero eta handiagoek. Pentsioen eta behar sozialen gastuak murriztea baino ez zaie axola, elite kapitalistak probestu daitezen langileek emandako aberastasun horrek sortutako irabaziez.
2.- Eskuinak eta ultraeskuinak porrot egin dute U-23ko hauteskundeetan
Pentsioetan murrizketa gehiago eta eskubide sozialen eta askatasunen aitortzan atzerapausoak planteatzen dituztenek porrot egin dute U-23ko hauteskundeetan, are gehiago Diputatuen Kongresuaren gehiengo absolutua lortzeko eta Estatuko Gobernua eskuratzeko oso itxaropen handiak zituztenean.

Hala eta guztiz ere, azken lau urteetan ezagutu dugunaren jarraipena izango litzatekeen gobernu berri bat eratzeko aukerak, zailtasun batzuk ditu. Litekeena da denbora tarte bat behar izatea gaia argitzeko, gutxienez uda igaro arte.
Hauteskundeen aurre kanpaina eta kanpaina luzeek, eta gobernu berriak eratzeko behar diren denborek, gizarte-gaiei, besteak beste pentsioei, eragiten dieten neurriak edo erabakiak hartzen ez diren egoerak sortzen dituzte. Pentsiodunen mugimenduak oso argi du “gobernatzen duena edozein dela, pentsioak defendatzen ditugula” eta ezin garela gure aldarrikapenei erantzuteko mugarik gabe zain egon. Horregatik, Diputatuen Kongresu berria osatuko duten alderdi guztiei eta Kongresutik aterako den gobernuari, eratzen den bezain pronto, ahalik eta azkarren gure eskariei, bereziki 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aitortzeari erantzun diezaiotela eskatuko diegu.
3.- Osakidetzak handitu egin du udan itxi beharreko ohe kopurua
Ekainean Osasun sailburuak aurreratu zuen udan itxi beharreko oheak 770 zirela, batez ere abuztuan. Duela astebete pasatxo Gasteizko Legebiltzarrera bidalitako erantzunean adierazi zuen 855 izango direla, hau da, ekainean aurreratutakoak baino 85 gehiago.
Ohe-itxiera horrek eragina izango du, besteak beste, Gurutzetan (Barakaldo), 198 ohe itxita. Donostia Ospitalean, 142 oheren itxiarekin. Arabako Unibertsitate Ospitalean (AUO), 117 ohe itxita. Eta Basurtukoan, beste 113 ohe itxita.
Osasun Sailak Gasteizko Legebiltzarrari jakinarazi zion, halaber, EAEko 342 anbulatorioen % 73k “doikuntza” edo arreta-ordutegien murrizketa jasango zutela, eta 44 kontsultategik “noizean behin” ez zutela zerbitzurik emango, hau da, denbora batez itxita egongo zirela.

Behin eta berriz, Osasun Saila “muga” edo murrizketa horiek justifikatzen saiatzen da, udan osasun-arretaren beharrak murrizten direla argudiatuz, egiturazko eta ageriko premia bati uko eginez: osasun-arloko profesionalen plantilla handitu behar da, eta plangintza, kudeaketa eta antolaketa hobea egin behar da, plantillaren atsedenerako eskubidea eta herritarren osasun-arretaren beharrei behar bezalako arreta bermatzeko.
4.- Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuko egoeraren salaketa
ELA, CCOO, LAB, Satse, ESK, SME eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuko langileek, elkarretaratzea egin zuten hilaren 21ean Gasteizko Legebiltzarreko ateen aurrean, 300 langile inguruk pairatzen duten egoera defizitarioa salatzeko.
Herrialdeko Larrialdien ezinbesteko euskarria den Gipuzkoako zentro koordinatzaileko erizainak, Aroa Hermosok, baliabide handiagoak eskatu zizkion zuzendaritzari, herritarrei behar bezala erantzun eta kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko. Adierazi zuenez, “Larrialdietan urteko 365 egunetako 24 orduetan lan egiten dugun arren, duela hilabete batzuetatik ez dira ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzen. Langile gutxiegirekin ari gara lanean, pazienteei emandako arretaren kalitatea bermatu ahal izateko”.
Gainera, kezka agertu zuen Langraitz-en (Araba) Zaintza Intentsiboko Unitate (ZIU) mugikor berri bat sortzeagatik, “plaza gehiago sortu nahi baitira, baina langileen eskubideak prekarizatuz, lanegun-egutegi defizitarioen bidez”. Eta adierazi zuenez, Langileen Batzordeak “hilabeteak daramatza lanpostu berriak sortzeko errespetatu behar diren lan-eskubideen alde borrokan, baina Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak etengabe blokeatzen du negoziazioa eta, ondorioz, langileen lan-baldintzak erasotzen eta murrizten ditu”.
5.- Elizondoko (Nafarroa) egoitzaren Hobekuntza Plana
Uztailaren 19an, Elizondon dagoen Francisco Joaquín Uriarte adinekoen egoitzako Patronatuak aho batez erabaki zuen IDEA enpresak zuen kudeaketa-kontratua bertan behera uztea.
Foru Gobernuko Eskubide Sozialen Batzordeak bisita bat egina zuen 2021eko urrian, zaharkituta zegoen egoitzaren premiei heldu nahi zien erreforma-proiektua ezagutzeko. Azken birmoldaketa duela 40 urte baino gehiagokoa da, eta egungo baldintzak irisgarritasun- eta jasangarritasun-irizpideetatik urrun daude.

Orain, pertsonak ardatz dituen trantsizio-eredu baterako trantsizioa erraztuko duen erreforma egin behar da. Zentroak 155 plaza ditu gaur egun, eta eraberritze-lanak amaitu ondoren, 99 egoiliarrentzako plazak izango ditu, egoitzako instalazioak eta adineko horiei arreta ematekoak hobetuz.
Elizondoko Udalak lau milioi euro jasoko ditu egoitza eraberritzeko lehen faserako. Eta zeregin aktiboa izango du, erreforma-lanak egiten diren bitartean, egoiliarren lekualdaketa eta arreta errazteko.
Elizondoko Udalak, horrela, bere kezka eta konpromiso soziala adierazten du bere herriko egoitzan adinekoek dituzten baldintzak hobetzeko. Adierazi behar da 4 milioi euro horiek lortzeak zerikusia duela udala zuzentzen duen indar politikoarekin, hainbat gestio egin baititu eta Madrilgo Gobernuarekin akordio baten bidez diru hori lortu ahal izan baitu.
6.- Pentsiodunen mobilizazioak prestatzen irailetik aurrera
Udan astelehenetan elkarretaratzeak egiten jarraituko duten herri batzuetatik eta Aste Nagusiko astelehenean, abuztuaren 21ean, Bilbon egitekoa den manifestaziotik haratago, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak irailaren hasieratik aurrera bultzatuko dituen mobilizazioak prestatzeari ekin dio.
Irailaren 4an, astelehena, berriz hasiko dira elkarretaratzeak Hego Euskal Herriko lau herrietako herri askotan. Baina Estatuko gobernu berriaren eraketan ez bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan eta, ziurrenik, Nafarroakoan, zaila baita aurreikusten noiz gauzatuko den, irailetik aurrera parlamentuek eta gobernuek beren jarduera politiko normala berreskuratuko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko pentsiodunen mugimenduak (EAE) Eusko Legebiltzarreko Gizarte Gaietarako Batzordearekin interpelazio bat egitea aurreikusi dugu irailean, 1.080 euroko pentsioen osagarria eskatzeko ponentzia aurkezteko. Era berean, zain gaude Urkullu lehendakariak noiz hartuko gaituen, gai berari buruz hitz egiteko.
Nafarroan, gure langunak bilerak egiten ari dira sindikatuekin eta hainbat gizarte talderekin, gutxieneko pentsioaren 1.080 euroko osagarria defendatzeko akordio sozial zabala ahalbidetzeko, eratzen denean Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari aurkezteko.
Jakin badakigu, kasu egin diezaguten, gure kontzentrazioekin, manifestazioekin eta bestelako ekimen edo protesta-ekintzekin jarraitu behar dugula. Ildo horretan, hainbat ekimen prestatzen hasi dira, eta irailaren hasieran zehaztuko dira, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduko ordezkarien aurreikusitako bileran. Eta ekimen-egutegi horren barruan sartzen da Urriaren 1a ere, Adinekoen Nazioarteko Eguna. Data hori dela eta, berriz ere azpimarratuko dugu pentsio publiko duinen beharra, zerbitzu sanitario eta soziosanitario publiko eta kalitatezkoak, eta zainketa komunitarioko planak.
7.- Uribe Kostako (Bizkaia) Pentsiodunen Mugimenduaren argazkien erakusketa ibiltaria
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren V. Urteurrena dela eta, Uribe Kostako kideek panelen erakusketa antolatu dute joan den maiatzaren 8tik, mugimenduaren sorreratik izandako jarduera islatzen duten argazkiekin. Eskualdeko plazetan, erretiratuen zentroetan eta beste gizarte zentro askotan erakutsi dute. Maiatzean, Astrabuduan eta Altzagan egin zuten. Ekainean, Berangon, Leioan eta Sopelan. Uztailean Plentzian eta Larrabasterran. Eta irailetik aurrera erakusketarako espazio berriak planteatzen dira, adibidez, Sopelako Kurtzio Kultur Gela.

Jarduera horri esker, astelehenetako elkarretaratzeetan ohikoak ez diren pentsiodun askorekin harremanetan jarri eta hitz egin ahal izan dute, haiekin batera joateko aukera planteatzeko; izan ere, mobilizazioen hasieraren V. urteurrena ospatzeko erakusketaren sarrera gisa banatzen duten azalpen-testuak argitzen duenez: «Duintasun, irmotasun, irmotasun eta elkartasun lezioa erakutsi dugu eta eman dugu. Jarduera hori beste mugarri bat izan daiteke gure bidean. Guztiok har dezakegu parte bide horretan, eta mundu guztia gonbidatuta dago pentsio publiko, duin eta nahikoak lortzera”.
Uribe Kostako lankide pentsiodunak pozik daude esperientzia horrek eskualdean beren jarduera eta aintzatespena indartzeko balioko dielako.
